Iragarkia
152. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko lizentziadun izateko 4 lanpostu oposizio bidez betetzeko
Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2009ko azaroaren 10ean, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen arauak:
1.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honek Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko lizentziadun izateko 4 lanpostu oposizio bidez betetzea du xede. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera, lanpostuak txanda hauetan banatuta:
-2 lanpostu txanda irekian.
-2 lanpostu igoera txandan.
1.2. Deialdiko lanpostuak hauek dira:
-2 Udal Gerentzian, plantilla organikoan zenbaki hauek dituztenak: 100505-3 eta 100505-11.
-2, Gizarte Ongizate eta Kirol Alorrean, plantilla organikoan zenbaki hauek dituztenak: 1005054 eta 10050517.
Hala ere, lekualdatze lehiaketatik aterako dira deialdiaren 8. oinarrian aipatu ekitaldian eskainiko diren lanpostu hutsak.
1.3. Hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.
Era berean, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, gainditurik ere txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Gisa berean, txanda irekiko lanpostua aurreko paragrafoan adierazi bezala eskuratzeko aukera izanen dute, deialdiko 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.
1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiekin.
1.5. Lanpostuek A mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
1.6. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoan, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan kidetuko, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.
1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.
1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.9. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda osatu nahi da, deialdi honen 3, 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.
2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.
c) Zuzenbideko lizentziadunaren titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean hura lortzeko baldintza guztiak betetzea.
Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.
2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita, deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea.
2.3. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan.
3.-Eskabideak.
Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Karrika Nagusia, 2; Zapateria karrika, 40; San Saturnino karrika, 2; Iratxeko Monasterioa, 2; Eslava karrika, 1, eta Armada Etorbidea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi dute eskabidean adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 21,90 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo, bertzenaz, transferentzia eginda; betiere, Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:
Izangaiaren izen-deiturak.
NAN/IFZ.
Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.
Kontzeptua: oposizioak.
Deialdiaren xede den lanpostua.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
3.4. Deialdian igoera txandan parte hartzeko eskaera egiten duten izangaiek, Iruñeko Udalekoa ez den Nafarroako bertze administrazio publiko bateko langile finkoak badira, deialdi honetako 2.1. ataleko a), b) eta c) letretan jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.
3.5. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzeko eskaera egiten duten izangaiek, horretaz gain, deialdiko 2.1.c) atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.-Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
-Mahaiburua: Gonzalo Pérez Remondegui, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
-Ordezkoa: José María Jiménez Bolea, Iruñeko Udaleko kudeatzailea.
-Mahaikidea: Fernando Chueca Inchusta, Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
-Ordezkoa: Iruñerriko Mankomunitatearen aholkulari juridiko bat.
-Mahaikidea: Juan Luis Guijarro Salvador, Iruñeko Udaleko Togi Ogasuneko Alorreko legelaria.
-Ordezkoa: Rebeca Sánchez Ruiz, Iruñeko Udaleko Togi Ogasuneko Alorreko Zuzenbideko lizentziaduna.
-Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
-Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
-Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Cuesta Jorquera, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko Laguntzarako Organoko titularra.
-Ordezkoa: Begoña García Revuelto, Iruñeko Udaleko Hirigintza Alorreko Zuzenbideko lizentziaduna.
Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.-Oposizioaldia nola egin.
6.1. Oposizioa 2010eko maiatzean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
Horren ondotik, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, erregelamenduari jarraikiz.
6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
Lehen ariketa: teorikoa; gai zerrendako gaiei buruzko 90 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Okerrak zehatu eginen dira. Izangaiek 3 ordu izanen dituzte gehienez ariketa hori egiteko.
Bigarren ariketa: teorikoa; zozketa bidez aukeratuko diren 3 gai idatziz azaltzea, gehienez ere 5 orduz: bat gai zerrendaren I. atalekoa, bat II. atalekoa eta bat III. atalekoa.
Hirugarren ariketa: praktikoa, epaimahaiak oposizioko gaiekin lotuta zehazten dituen kasuei buruzko bi irizpen edo txosten juridiko idatzi beharko dituzte, bortz orduz gehienez.
6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 145 puntukoa izan daiteke, honela banatuta:
Lehen ariketa: gehienez 45 puntu. Epaimahaiak gehienez 0,5 puntu emanen dio galdera bakoitzari. Erantzun oker bakoitzak 0,25 puntu galaraziko du. Zuriz uzten diren erantzunek edo baliorik ez dutenek ez dute punturik ekarriko ezta galaraziko ere.
Bigarren ariketa: gehienez 60 puntu. Gai bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa emanen da.
Hirugarren ariketa: gehienez 50 puntu. Kasu praktiko bakoitzari 25 puntu emanen zaizkio gehienez.
6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira lehenbiziko eta bigarren ariketetan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak, bai eta hirugarren ariketan 20 puntutik beheiti lortzen dutenak ere. Bazterturik geldituko da, orobat, bigarren eta hirugarren ariketetako gai edo kasuren batean 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duena.
6.5. Bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.
6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.
6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
6.8. Hautaprobak egiteko, ezgaitasuna dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio probak puntuaziorik altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, zerrenda horrekin eta espediente osoarekin batera.
Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, gainerako ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.
7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritza Alorrari:
7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren bat.
b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia egiaztatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.
c) Iruñeko Udaleko osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.
e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.
f) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.
h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.
Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.
7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:
a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia egiaztatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.
b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko zuzenbideko lizentziadun izateko lanposturako izendatua izateko Lehendakaritza Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.
7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.
7.4. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea eta horrekin ere aitzineko ataletako prozedura bera erabiliko da.
8.-Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Aurreko oinarrian xedatutakoa betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute zein hautatzen duten eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik; bertzenaz, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnetatik, jakinaren gainean jarri ondotik.
8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aldean.
9.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, zuzenbideko lizentziadunen lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie ebazpen baten bidez.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan bertze administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.
9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:
-Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.
-Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrendak.
Probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin Lehendakaritza Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.
10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.
Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzak aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda osatuko du deialdi honetako lehen eta bigarren ariketak gainditu dituzten izangaiekin, eta deialdi honetako lehen ariketa gainditu duten izangaiekin.
11.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.
11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta gutienez ere deialdian ezarritako lehen ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:
-Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko maneran dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).
Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.
11.2. Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.
11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bururaturik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):
a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.
b) Aurreko zerrendakoak izan gabe, deialdiaren lehen ariketa gainditu dutenen zerrenda.
11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
12.-Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2009ko azaroaren 10ean.-Zinegotzia eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.
1. eranskina
Izena: .........................................., adinez nagusia, NANa/nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaioterria (udalerria, probintzia): ............., nazionalitatea: ...................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua): ............, posta kodea / herria: .........................................., telefonoa: ............, laneko telefonoa: ..................
ADIERAZTEN DU:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.
Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
? Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
? Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DU:
Iruñeko Udalaren zerbitzuko Zuzenbideko lizentziadun izateko ..... lanpostu ......... bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:
- Txanda irekia
- Igoera txanda*
- Minusbaliatuendako txanda murriztua*
(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik.
Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabili ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Karrika Nagusia, 2, 31001-Iruña).
Iruñean, 20..........(e)ko .....................aren ..............(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
I. atala. Zuzenbide Konstituzionala eta Europar Batasunekoa. Zuzenbide zibila eta merkataritzakoa.
1.-Espainiako Zuzenbide Publikoaren iturburuak: osatzen duten legeak, haien antolamendua eta printzipioak. Konstituzioa arau juridiko gisa.
2.-Legea. Kontzeptua eta motak. Lege erreserba. Lege dekretuak eta legegintzako dekretuak.
3.-Zuzenbide publikoaren bertze iturburu batzuk: nazioarteko itunak. Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Jurisprudentzia. Usadioa Zuzenbide Publikoan.
4.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: hura prestatzeko prozesua. Ezaugarriak. Egitura. Konstituzioaren erreforma.
5.-Konstituzioaren printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa: erranahia. Espainiako Konstituzioaren balio nagusiak eta 9. artikuluko printzipioak.
6.-Monarkia parlamentarioa. Koroa: erranahia eta eskudantziak. Berrespena.
7.-Espainiako hauteskunde sistema. Hauteskunde auzia. Zuzeneko demokraziaren instituzioak. Erdi-zuzeneko demokraziaren instituzioak: herri ekimena eta erreferenduma Espainiako Konstituzio Zuzenbidean. Azken bi figura horien azterketa Nafarroako Foru Zuzenbidean.
8.-Aniztasun politikoa. Alderdi politikoak. Aniztasun sindikala. Sindikatuak. Aniztasun soziala eta ekonomikoa Espainiako Konstituzioan onartzeko bertze modu batzuk.
9.-Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua: osaera eta eginkizunak.
10.-Gobernua. Eginkizunak eta ahalmenak Espainiako konstituzio sisteman. Gobernua eta gobernuburua osatzea, hautatzea eta kargutik kentzea. Gobernuaren eta Gorte Orokorren arteko harremanak.
11.-Estatuaren lurralde antolamendua: autonomia erkidegoak. Autonomia erkidegoen ekimena. Autonomia erkidegoak sortu, aldatu eta desegiteko modua.
12.-Autonomia estatutuak: izaera, ezaugarriak eta edukia. Horiek aldatzeko prozedura. Eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean. Estatuak autonomia erkidegoen gainean duen kontrola.
13.-Estatuaren eta autonomia erkidegoen legegintza ahalmena. Estatuko antolamenduaren eta antolamendu autonomikoaren arteko harreman sistemak. Lege Oinarrizkoak, lege markoak, transferentzia edo eskuordetze legeak eta harmonizazio legeak. Autonomia erkidegoen legeak.
14.-Konstituzio Auzitegia. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Eskumenak. Lege mailako arauen konstituzionaltasuna kontrolatzea: konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa eta konstituziokontrakotasuneko auzia. Nazioarteko itunen aldez aurreko kontrola.
15.-Konstituzio arloko gatazkak estatuko organoen artean. Eskumenaren gaineko gatazka konstituzionalak estatuko organo zentralen eta autonomia erkidegoen artean eta erkidegoen artean. Autonomia erkidegoen xedapen eta ebazpenak inpugnatzea. Tokiko autonomia defendatzeko gatazkak.
16.-Botere Judiziala. Funtzio judiziala 1978ko Konstituzioan. Botere eta funtzio judizialaren antolakuntza eta funtzionamendurako konstituzio printzipioak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Ministerio Fiskala.
17.-Kontuen Epaimahaia. Izaera. Osaera eta antolaketa. Fiskalizazio eginkizuna. Jurisdikzio eginkizuna.
18.-Herritarren eskubide eta betebeharrak Konstituzioan. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Espainiako Konstituzioan. Eskubide eta betebehar arruntak. Politika ekonomiko eta sozialaren printzipio gidariak.
19.-Eskubideen babesa Konstituzioan. Bide judiziala. ''Habeas corpus''-a. Konstituzioaren babes-errekurtsoa.
20.-Arartekoa. Eskumenak eta jarduteko modua.
21.-Europar Batasunaren prozesua. Batasuneko antolamenduaren aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Batasuneko hasierako zuzenbidea: itun eratzaileak. Batasuneko zuzenbide eratorria: erregelamenduak, zuzentarauak eta bertzelako iturriak.
22.-Europar Batasunaren antolaketa. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko bertze erakunde batzuk.
23.-Europar Batasuneko herritarren eskubide eta askatasunak. Europako hiritartasuna.
24.-Europar Batasunaren finantzabideak. Europar Batasunaren finantzabidea: Batasunaren aurrekontua. Estatuaren laguntzak eta haien kontrola Europar Batasunaren eskutik. Batasunaren funtsak: motak eta helburuak.
25.-Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria. Elaborazioa eta erreformatzeko prozedura. Nafarroako Zuzenbide zibilaren iturriak. Izaera zibil forala.
26.-Hiri Errentamenduei buruzko Legea: edukiaren azterketa.
27.-Jabetza Horizontalari buruzko Legea: edukiaren azterketa.
28.-Merkataritzako sozietatea, oro har. Merkataritzako sozietatearen legezko kontzeptua. Sozietate zibilarekiko aldeak. Motak. Sozietate irregularrak eta formaziokoak. Merkataritzako Erregistroa.
II. zatia. Administrazio Zuzenbide Orokorra, Tributu arlokoa eta Lan arlokoa
1.-Administrazio Publikoa Espainiako 1978ko Konstituzioan. Haren parte-hartzea botere exekutiboan. Konstituzioko printzipioak antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokienez.
2.-Administrazio Publikoa eta Zuzenbidea. Legezkotasunaren printzipioa. Araututako ahalmenak eta zuhurtziarakoak.
3.-Administrazio publikoa eta jurisdikzioa: autotutoretzaren printzipioa.
4.-Administrazio publikoaren erregelamendu ahalmena. Erregelamendua. Kontzeptua eta motak. Legearen eta erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamendu ahalmenaren mugak. Legez kanpoko erregelemanduen kontrako defentsa juridikoa: zigor bidea eta administrazioarekiko auziena eta salbuespen judiziala.
5.-Pertsona juridiko publikoak. Ente publikoen tipologia Espainiako antolamendu juridikoan. Ente publikoen ahalmena.
6.-Erlazio juridiko administratiboa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Erlazio juridiko administratiboen sorrera, aldaketa eta iraungipena. Erlazio juridiko administratiboaren elementuak.
7.-Egoera juridiko subjektiboak Administrazio Zuzenbidean. Egoera aktiboak, ahala, zuzenbide subjektiboa eta bidezko interesa. Egoera pasiboak eta mistoak.
8.-Administratua. Kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta horren aldaketaren zioak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Herritarren parte-hartzea administrazioan.
9.-Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintzen motak. Administrazio egintzaren elementuak.
10.-Administrazio prozedura. Kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea: aplikazio esparrua eta haren printzipioak. Interesdunak. Baldintzak eta epeak.
11.-Administrazio prozedura: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera.
12.-Administrazio prozedura bereziak: xedapen orokorrak prestatzeko prozedura. Ekintza zibilak eta lan ekintzak erabili aurreko erreklamazioak.
13.-Administrazio egintzen eraginkortasuna. Baliozkotasunaren ustea. Eraginkortasunerako baldintzak. Isiltasun administratiboa. Bete beharra eta etendura. Egintza administratiboak betetzea.
14.-Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza deusezak eta deuseztagarriak. Egintza administratiboa baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.
15.-Administrazio ekintzaren formak. Sustapena eta bere bitartekoak. Diru-laguntzen gaineko arauetan Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkionen zerrenda eta deskribapena, laburki.
16.-Mugapenaren jarduera administratiboa. Kontzeptuaren bilakaera. Haren oinarriak. Mugatzeko jardueraren adierazpideak. Baimenak. Kontzesioak.
17.-Administrazioaren zehapen ahalmena. Printzipio orokorrak. Zehapen prozedura.
18.-Espainiarren eskubideen gaineko administrazio baldintzak. Herritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa. Eskubideen etendura eta salbuespen egoerak.
19.-Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazio prestazioak.
20.-Zerbitzu publikoa kudeatzeko manerak. Zuzeneko kudeaketa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa mistoak.
21.-Jabari publikoa. Kontzeptua eta izaera. Elementuak. Araubide juridikoa.
22.-Administrazio publikoaren ondareko erantzukizuna. Bilakaera eta gaur egungo araubidea.
23.-Administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa. Berraztertzeko aparteko errekurtsoa.
24.-Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Bilakaera historikoa eta Espainiako araubide indarduna. Izaera. Hedapena eta mugak.
25.-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Alderdiak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren xedea. Administrazioarekiko auzien prozedura: lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean eta laburtua. Epaia eta horren betearaztea.
26.-Antolaketa administratiboa. Konstituzio printzipioak. Administrazio organoak: kontzeptua eta motak. Eskumenak eta haien eskualdaketa. Hierarkia. Deskontzentrazioa. Administrazioaren zentralizazioa eta deszentralizazioa. Koordinazioa eta kontrola.
27.-Administrazio publikoen arteko harremanak. Printzipio orokorrak. Administrazioen arteko erkarlana, lankidetza eta koordinazioa. Sektorekako konferentziak eta bertzelako lankidetza organoak. Lankidetza hitzarmenak eta baterako plan eta programak.
28.-Korporazioen administrazioa. Lanbideko elkargoak eta ganbera ofizialak Nafarroan. Erakundeen Administrazioa. Erakunde autonomoak. Enpresa-entitate publikoak. Nafarroako araubidearen aipamen berezia.
29.-Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea: aplikazio eremua; osoko bilkuraren antolaketa eta eskudantziak; alkatea eta alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarraren antolaketa eta eskudantziak, aholkularitza juridikoa.
30.-Udalbatzako kide egitea, izaera hori eten eta galtzea. Eskubideak eta eginbeharrak. Talde politikoak. Interesen erregistroa. Udalbatzaren agintaldia eratu, mantendu eta bukatzea.
31.-Datu pertsonalen babesa Europan eta Espainian. Datu pertsonalak babesteari buruzko lege organikoa.
32.-Administrazio elektronikoa: etorkia. Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea.
33.-Nahitaezko desjabetzea. Bilakaera historikoa. Kontzeptua. Izaera eta justifikazioa. Osagaiak: subjektuak, xedea, arrazoia eta edukia.
34.-Desjabetzeko prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.
35.-Estatuko Administrazio Orokorraren antolamendua. Organo gorenak. Gobernuko burua eta buruordea. Ministroen Kontseilua eta Gobernuaren Batzorde Delegatuak. Ministroak. Bertzelako organoen aipamena.
36.-Estatuko Administrazio Orokorraren lurralde organoak. Gobernuaren delegatuak autonomia erkidegoetan. Gobernuaren azpidelegatuak probintzietan.
37.-Aurrekontua: kontzeptua, izaera eta motak. Espainiako aurrekontua, haren antolamendu juridikoaren iturriak, edukia eta egituraren oinarrizko printzipioak.
38.-Gastu publikoa: gaiari buruzko printzipio konstituzionalak. Gastuetarako aurrekontu kredituen mugak. Gastu publikoaren exekuziorako prozedura.
39.-Diru-sarrera publikoak: sailkapena. Zor publikoa: kontzeptua, motak eta araubide juridikoa.
40.-Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergari buruzko azterlan berezia. Espainiako tributu arloko antolamendua: printzipio orokorrak.
41.-Tributuen kudeaketa, likidazioa, diru-bilketa eta ikuskapena. Tributu egintzen berrikuspena bide administratiboan. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak. Delitu fiskala.
42.-Lan arloko zuzenbidea. Izaera eta ezaugarriak. Lan harremana arautzen duten oinarrizko printzipioak.
43.-Lan arloko zuzenbidearen iturriak. Langileen Estatutua. Lan hitzarmen kolektiboak.
44.-Lan kontratua: kontzeptua, izaera eta motak. Lan kontratazioa administrazio publikoetan.
45.-Kontratua etetea eta amaitzea: arrazoiak. Lanetik bidaltzea.
46.-Gizarte Segurantza. Arau orokorrak eta aplikazio esparrua. Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak, ororendako zerbitzuak, entitate laguntzaileak eta erakunde autonomoak.
47.-Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aplikazio esparrua. Afiliazioa eta kotizazioa. Babes jarduna: babesten diren egoerak eta prestazioen araubidea.
III. zatia. Nafarroako Zuzenbide Publikoa
1.-Nafarroako Foru Araubidea. Bilakaera (1512-1982): Nafarroa, erresumatik foru komunitatera. Foruen Legeen aipamen berezia; batez ere, 1841eko Lege Itundua.
2.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta erranahia. Atariko titulua. Erreforma.
3.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera, antolaketa eta eginkizunak. Parlamentuak gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna.
4.-Legegintzako ekimena. Foru legeak. Izaera eta motak. Legegintzaren prozedura. Herriaren legegintzako ekimena. Udalen legegintzako ekimena.
5.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Haren hautapena. Kontseilariak. Foru Komunitateko Administrazioa. Foru dekretuak eta foru aginduak. Egintzak eta baliabideak.
6.-Nafarroako Justizia Administrazioa. Antolaketa. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia. Nafarroako Foru Komunitateak estatuarekin eta autonomia erkidegoekin dituen harremanak.
7.-Nafarroako Comptos Ganbera. Antolaketa eta eskumenak. Erresumako Kontuen Auzitegiarekin dituen harremanak.
8.-Euskararen Foru Legea eta haren erregelamenduak. Euskarak Nafarroako administrazio publikoetan duen erabilera. Iruñeko Udalean euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.
9.-Hitzarmen ekonomikoaren araubidea. Hitzarmen ekonomikoak: historia eta izaera juridikoa. Nafarroako zerga autonomiaren printzipioak. Egun estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen hitzarmen ekonomikoa.
10.-Nafarroako Kontseilua. Sorrera eta justifikazioa. Izaera eta ezaugarriak. Osaera. Antolakuntza. Eskumenak. Funtzionamendua.
11.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Sorrera eta justifikazioa. Erakundearen izaera. Hautatzea, kargu uztea eta ordezkatzea. Prerrogatibak eta bateraezintasunak. Eskumenak. Erakundearen funtzionamendua. Parlamentuarekin eta gorte nagusiek izendatutako arartekoarekin dituen harremanak.
12.-Nafarroako toki entitateen ondasunak (I): Kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea.
13.-Nafarroako toki entitateen ondasunak (II): Ondasunen inbentario eta erregistroa. Erabilera eta aprobetxamendua; bereziki, administrazio kontzesioak. Besterentzea eta karga ezartzea.
14.-Nafarroaren eskumenak. Haien antolamendua foruaren hobekuntzan: sailkapena eta printzipioak. Transferentzien Batzarra.
15.-Etxebizitzaren babes publikoa Nafarroan: babesaren kontzeptua, esparrua eta deskribapena, jarduera babestu motak. Babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridikoa. Etxebizitzen zaharberritzea.
16.-Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.
17.-Nafarroako Toki Administrazioa (I). Nafarroaren eskumenak hura arautzeko. Nafarroako Udalak: kontzeptua, elementuak, sinboloak, antolaketa eta eskumenak. Administrazioarteko harremanak.
18.-Nafarroako Toki Administrazioa (II). Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza.
19.-Nafarroako Toki Administrazioa (III). Esku-hartze administratiboa jarduera pribatuan. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Zerbitzu ekonomikoak. Partzuergoak. Ekintza sozioekonomikoa.
20.-Toki entitateen erregelamendu ahalmena: erregelamendu eta ordenantzak. Haiek prestatzeko prozedura. Erregelamendu organikoa. Bandoak.
21.-Nafarroako toki entitateen jarduketen prozedura eta araubide juridikoa. Toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia.
22.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak eta haien araubidea. Udal zergak. Nafarroako toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte hartzea.
23.-Nafarroako toki entitateen aurrekontuak: edukia eta onespena. Aurrekontuko kreditu eta aldaketak. Exekuzioa eta likidazioa. Kontrola eta fiskalizazioa.
24.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (I): Aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipena egin aurreko jarduketak.
25.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (II): Esleitzeko prozedurak eta irizpideak Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak. Publizitate arauak eta epeak. Esleipena, hobekuntza eta formalizazioa.
26.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (III): Kontratuak gauzatzea. Ordaintzea eta prezioak berrikustea. Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna. Erreklamazioak eta bertze kontrol neurri batzuk. Nafarroako toki entitateen kontratazioko espezialitateak.
27.-Udalaren hirigintzako planeamendua (I). Udal Plan Orokorraren kontzeptua eta konfigurazioa. Xedea, edukia eta tipologia. Prestatzeko eta onesteko prozedura. Udal Plan Orokorraren ondorioak, indarraldia eta aldaketa.
28.-Udalaren hirigintzako planeamendua (II). Hura garatzeko planeamendua. Edukia. Haren prestaketa. Aplikazioa eta ondorioak.
29.-Lurzoruaren hirigintzako araubidea. Lurzoruaren hirigintzako araubidearen printzipio orokorrak. Lurzoruaren jabetzaren legezko estatutua. Lur eta eraikinen jabeen hirigintzako betebehar orokorrak edozein lurzoru motatan: erabilera, kontserbazioa eta zaharberrikuntza. Lurzoruaren sailkapena. Hiri lurzoruaren, lurzoru urbanizagarriaren eta urbanizaezinaren araubidea: jabeen eskubide eta betebeharrak.
30.-Planeamendua gauzatzea (I). Hirigintza gauzatzeko aurrekontuak. Hirigintzaren gauzatzea. Hirigintza kudeatzeko proiektu teknikoa. Urbanizatzeko proiektua. Lurrak eskuratzea sistema orokorretarako, sistema lokaletarako eta udalez gaindiko dotazioetarako.
31.-Planeamendua gauzatzea (II). Jarduketa pribatuen sistemak. Ohar orokorrak. Konpentsazio sistema. Borondatezko birzatiketaren sistema. Eragile urbanizatzailearen sistema.
32.-Planeamendua gauzatzea (III). Jarduketa publikoaren sistemak. Lankidetza sistema. Nahitaezko betearazpenaren sistema. Nahitaezko desjabetzearen sistema.
33.-Esku-hartze publikoa eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan: Hirigintzako lizentziak. Betearazpen aginduak. Hondamen egoeraren deklarazioa. Hirigintzako legezkotasunaren babesa. Zehapenen araubidea.
34.-Esku-hartze publikoa lurzoruaren merkatuan. Lurzoruko ondare publikoak. Azalera eskubidea. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideak.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoan onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L0926658
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
