1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
530/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 11koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako ehiza esparruetan untxiak harrapatzeko baldintza orokorrak ezartzen dituena, untxiek eragiten dituzten kalteak kontrolatzeko metodo gisa, eta jarduketa protokoloa onesten duena.
Nafarroako toki batzuetan, untxien populazioaren dentsitatea oso handia izan daiteke, eta horrek landa-lurretan kalteak eragiteko arriskua dakar. Hori areagotzen da mugatu gabe dauden lur-eremuetan, izan ere, horietan, arau orokor gisa, debekatua dago ehizatzea, eta ez da inolako presio zinegetikorik egiten espeziearengan. Hori horrela, kasu horietan gomendagarria da ezohiko neurri zehatzak ezartzea untxien dentsitatea kontrolatzeko.
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 7. artikuluan xedatzen denez, Nafarroan ehizatu ahal izanen da horretarako mugatutako esparruetan edo ehiza kontrolatuko esparruetan. Alabaina, 44. artikuluak aukera ematen du fauna erabiltzeari buruzko debeku batzuk indarrik gabe uzteko, horren xedea osasunerako edo gizakien segurtasunerako, nekazaritzarako edo bestelako basa espezieentzako kalte handiak saihestea denean. Horretarako, xedapen orokorrak ezar daitezke animaliak harrapatzeko eta hiltzeko baldintzak eta bitartekoak arautzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Nafarroako ehiza esparruetan untxiak harrapatzeko baldintza orokorrak ezartzen dituzten arauak onestea, untxiek eragiten dituzten kalteak kontrolatzeko metodo gisa, eta jarduketa protokoloa onestea.
Lehenengoa.-a) Esparrua.
Baimen hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean untxiek eragindako kalteak jasan ditzaketen ehizarako nekazaritza lurretan.
b) Bitartekoak.
Untxien populazioak honelaxe kontrolatu ahalko dira:
b.1. Hudoa eta sareak.
b.2. Eskopeta: ehiza espezialitateko landazain partikular batek egin beharko du, untxien populazioa kontrolatuko den denboraldian. Landazainak laguntzaileak izan ahalko ditu, baina eskopeta bakarra eramanen da, eta landazainak bakarrik izanen du baimena tiro egiteko.
Bigarrena.-Prozedura:
a) Nekazaritza lurren titularrak, edo lur horiek lantzeko eskubidea duenak, beharrezkotzat jotzen dutenean untxien populazioa kontrolatzea horiek eragindako kalteak saiheste aldera, eskaera aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ehiza eta Arrantza Atalean. Bertan justifikatu beharko dituzte untxien populazioak murrizteko beharra eta horiek harrapatzeko aplikatu nahi den metodoa.
b) Eskaeran, adierazi beharko da zein poligonotan eta lurzatitan jardun nahi den kalteak prebenitu eta/edo saiheste aldera.
c) Eskatzaileak lur-eremuen jabe dela justifikatu beharko du, edo horiek lantzeko eskubidea duela.
d) Untxiak hudoarekin eta sareekin harrapatzeko eskaera egiten denean, eskatzaileak eskaerari atxiki beharko dio jarduera horretan parte hartuko duten pertsonen izena eta nortasun agiri nazionala jasotzen duen zerrenda.
e) Untxiak eskopetarekin harrapatzeko eskaera egiten denean, eskatzaileak frogatu beharko du bere eskura duela ehiza espezialitateko landazain partikular bat, kontrola egiten denerako. Horretarako, jarduera aurrera eraman baino lehen, eskatzaileak landazain horren lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko du Ehiza eta Arrantza Atalean.
f) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak emandako baimenak ondoko hauei buruzko baldintzak ezarriko ditu kasu bakoitzean: baimendutako metodoak, denborari eta lekuari dagozkion baldintzak eta harrapa daitezkeen untxi-aleen gehieneko kopurua.
g) Baimenak kasu zehatz bakoitzerako ezartzen dituen baldintzak igorriko zaizkie eskatzaileari, eremuko Basozaintzari, Foruzaingoaren Ingurumena Zaintzeko Dibisioari eta Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuari.
h) Basozaintzak baimen bakoitzaren jarraipena eginen du eta horren aplikazioa kontrolatuko du. Baldintzak beteko ez balira, jarduera geldiaraziko du.
i) Baimenaren arduradunak, baimenak indarra galtzen duenetik hilabete bateko epean, memoria bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Horretan, lortutako emaitzak eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira. Emaitzarik bidali ezean, hurrengo eskabideak bertan behera utziko dira.
Lehendabiziko xedapen gehigarria.-Argitaratzea.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko azaroaren 11n.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
Iragarkiaren kodea: F0927200