149. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2332/2009 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasun Zientzietako ikertzaileen sustapenerako doktorego aurreko bi laguntza (APPICS) 2010-2013 aldirako emateko deialdia onesten duena.

Ikerketa, zientzia eta berrikuntza Foru Komunitatearen aurrerakuntzarako elementuak diren aldetik, Nafarroako Gobernuak horiek garatzeko egiten dituen ekintzen artean, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposatu du ikerketa zientifikoa bultzatzea, Osasun Zientzietako ikertzaileen sustapenerako doktorego aurreko bi laguntza emateko deialdiaren bitartez.

Desiragarria da osasun arloko zentro eta zerbitzu publikoek garatu eta beren gain hartuko dituzten ikerketa lerro egonkorrak sustatzea. Horien bidez ikerketa proiektuak sustatu ahal izanen dira hala oinarrizko zientzietan (klinika aurrekoetan) nola ikerketa aplikatuan, kalitatezko translazio-ikerketaraino iristeko. Biomedikuntzako ikerketaren arloan trebatutako langileak behar dira horretarako, eta horixe da deialdi honen xedea.

Onuradunak Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen zentroei atxikiko zaizkie. Zentro horiek ikerketa lerro egonkorrak dituzte eta gai dira onuradunei prestakuntza emateko doktorego tesia egiten eta zentroetako taldeekin ikertzen ari diren bitartean.

Urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak, Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duenak, langile horien araubide juridiko orokorra eta entitate publiko nahiz pribatuekiko harremana ezartzen ditu. Doktorego ikasketekin loturik ikertzaileei prestakuntza ematea helburu duten laguntza-programak haren aplikazio eremukoak dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratu ahal izateko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 45/2005 Foru Dekretua aldatzen duen abenduaren 22ko 126/2008 Foru Dekretuak Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuaren esku uzten du biomedikuntzako ikerketaren arloko deialdien kudeaketa, baita irakaskuntza eta prestakuntza gaietako eskumena ere.

Ikusirik Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuak emandako txostena eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna, bidezkoa da Osasun Zientzietako ikertzaileen sustapenerako doktorego aurreko bi laguntza 2010-2013 aldirako emateko deialdiaren oinarriak onestea.

Laguntza hauek urte batzuetarako direla kontuan harturik, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluan xedaturikoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, 2009ko azaroaren 2ko bilkuran, urte batzuetarako finantzaketa baimendu zuen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun Zientzietako ikertzaileen sustapenerako doktorego aurreko bi laguntza (APPICS) 2010-2013 aldirako emateko deialdia onestea.

2. Guztira 90.474,00 euroko gastua baimentzea aurreko atalean aipatutako laguntzen %50 finantzatzeko, Miguel Servet fundazioarekin lankidetzan.

3. Baimendutako gastua honela banatuko da:

2010ean 16.020,00 euroko gastua, Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektuko "Ikertzaileen prestakuntzarako bekak" izeneko 512002 51340 4809 465100 kontu-sailaren kargura.

2011n, 2012an eta 2013an, hurrenez hurren, 16.501,00 euro, 21.974,00 euro eta 35.979,00 euro, urte horietako aurrekontuetako kontu-sail egokien kargura.

Betiere, ekitaldi bakoitzerako baimendutako gastua aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzura eta Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kudeatzeko Atalera, eta Miguel Servet fundaziora.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko azaroaren 17an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Martín Montaner.

OINARRIAK

1.-Laguntzen xedea.

Deialdiko laguntzen xedea Osasun Zientzietako ikertzaileen prestakuntza sustatzea da, aukera emanez doktorego tesia egiteko, biomedikuntzako ikerketaren arloan, Osasun Departamentuaren eta horren erakunde autonomoen mendeko zentroetan, ikerketa talde finkatuak zuzendari eta babesle dituztela.

2.-Eskatzaileak eta onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea izan behar da eta ondoko baldintzak bete behar dira:

2.1. Lizentziadun titulua izatea.

2.2. Lizentziatura 2006ko ekainean edo geroago amaitu izana; edo 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera lortu izana Medikuntzako (BAME) edo Farmaziako (BAFE) espezialitatearen titulu ofiziala, edo Biologiako (BABE), Kimikako (BAKE) edo Psikologiako (BAPE) edo Ospitaleko Erradiofisikako espezialitatearen ziurtagiri ofiziala.

2.3. Zentro publiko hartzailearen adostasuna izatea.

3.-Zentro edo zerbitzu hartzailea.

3.1. Osasun Departamentuaren eta horren erakunde autonomoen zentro eta zerbitzuak izanen dira zentro edo zerbitzu hartzaileak.

3.2. Zentro edo zerbitzu hartzaileak ikerketaren arloan ibilbide egiaztatua izan behar du, bere ikerketa taldeen emaitza zientifikoetan islatua.

3.3. Zentro edo zerbitzu hartzaileak irekita izan behar ditu ikerketa lerro finkatuak, egiaztatuak eta finantzabidez hornituak, deialdi lehiakor eta irekietan lortutako proiektuen bitartez; deialdi publiko nahiz pribatuak izan daitezke, edo Osasun Departamentuak onartutakoak.

3.4. Zentro edo zerbitzu hartzaile bakoitzak izangai bakar baten eskaera bermatu ahal izanen du ikerketa arlo bakoitzeko.

3.5. Zentro edo zerbitzu hartzaileak prestakuntzarako tutore bat izendatuko du bere kideen artetik, ikertzailearen prestakuntza eta ikerketa jarduera zuzentzeko.

3.6. Zentro edo zerbitzu hartzaileak hirugarrenentzako arrisku-estaldura izan behar du.

4.-Laguntzen baldintzak.

Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, laguntzek 48 hilabete iraunen dute, prestatzen ari diren ikertzaileak zentro edo zerbitzu hartzailean sartzen diren egunetik hasita, eta bi alditan egituratuko dira:

4.1. Lehen aldian, 24 hilabetez, beka-araubideko laguntza emanen da, eta bitarte horretan, prestatzen ari diren ikertzaileek Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu behar dute, apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuak araututako doktorego programen kasuan; edo, masterra eta doktoregoa biltzen dituen graduatu ondoko programa ofizialean, 60 kreditu gainditu izanaren ziurtagiri akademikoa nahiz master titulua lortu, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak araututako ikasketen kasuan; edo urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 18. artikuluan aipatzen den prestakuntza aldiko jarduerak gainditu behar dituzte.

Prestatzen ari den ikertzailea, nahiz eta Ikasketa Aurreratuen Diploma edo ziurtagiri akademikoa bi urteko aldia bukatu baino lehen lortu, ezin izanen da kontratu fasera iragan harik eta hogeita lau hilabeteko beka aldia bukatu arte.

4.2. Bigarren aldirako, hots, beka aldia amaitu ondoko 24 hilabeteetarako gehienez ere, 14. atalean zehazturiko entitate laguntzaileak praktikaldiko kontratua eginen dio prestatzen ari den ikertzaileari. Horretarako baldintza izanen da Ikasketa Aurreratuen Diploma edo ziurtagiri akademikoa lortzea. Salbuespenez, kontratua egin ahal izanen da Ikasketa Aurreratuen Diploma edo ziurtagiri akademikoa lortu baino lehen, baldin eta bi urteko beka aldia bete, eta ikertzailearen jarduera zientifikoari ebaluazio positiboa egiten badio Osasun Zientzietako ikertzaileen sustapenerako doktorego aurreko laguntzetako Ebaluazio Batzorde Teknikoak, deialdi honetako 9. atalean aipatuak.

Hona hemen laguntza hauetarako diru zuzkidura:

a) Beka aldian, hilean 1.335,00 euro gordin, bekaren zenbatekoa eta Gizarte Segurantzaren kostua barne.

Bigarren urtean zenbateko hori handitu eginen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileei aplikatzen zaien igoera portzentajea aplikatuz, aurrekontuan behar beste diru bada.

b) Beka aldia amaitutakoan 14 hilabeteko laguntza emanen da kontratu bakoitzerako: hilean 1.300,00 euroko soldata gehi urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuaren arabera enpresaburuari dagokion Gizarte Segurantzako kuota.

5.-Beka alditik kontratu aldira pasatzea.

5.1. Beka aldiko laguntzaren onuradunak praktikaldiko kontratura pasatzeko baldintzak bete eta berehala egin beharko da kontratua, jarduera eten gabe.

5.2. Beka aldiaren amaieran onuradunak praktikaldiko kontratua egiteko baldintzak betetzen ez baditu, gehienez sei hilabeteko epea izanen du baldintzak betetzen dituela frogatu ahal izateko, eta bitartean ez du laguntzarik jasoko.

5.3. Epe hori ezin izanen da kontratuaren aldian berreskuratu, eta hura amaitzen denean onuradunak ez badu frogatzen kontratua egiteko baldintzak betetzen dituela, laguntza jasotzen jarraitzeko eskubidea galduko du.

6.-Prestakuntza programa beste zentro batzuetan.

Kontratu aldian, prestakuntza programaren zati bat hasierako zentrotik kanpo egin ahal izanen da, Estatuko edo atzerriko beste zentro batean egonaldiak eginez. Baldintza hauek beteko dira:

6.1. Osasun Zuzendaritza Nagusiak baimendu egin beharko ditu egonaldiak, doktorego aurreko laguntzetarako Ebaluazio Batzorde Teknikoak proposaturik. Horretarako, interesdunek, gutxienez ere 45 egun lehenago, eskaera aurkeztuko diote Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuko Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kudeatzeko Atalari, tutoreak egindako aldeko txostenarekin batera. Eskabidean egonaldiaren iraupena, arrazoiak eta helburuko zentroaren egokitasuna azaldu behar dira. Eskabideari helburuko zentroaren adostasun agiria erantsi behar zaio.

6.2. Egonaldiak lehentasunez sei eta hamabi hilabete bitarte iraunen du.

6.3. Egonaldiak iraun bitartean, prestatzen ari diren ikertzaileek laguntza osagarria jasoko dute ostatu eta mantenu gastuetarako: hilean 600,00 euro Espainiako zentroetan eta hilean 900,00 euro atzerriko zentroetan.

Horrez gain, atzerriko zentroen kasuan, turista mailan edo parekoan joan-etorriko bidaia bat egiteko diru-laguntza emanen da.

6.4. Egonaldia amaitzen denetik hilabeteko epean, Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kudeatzeko Atalari egonaldiaren justifikazio-memoria igorriko zaio. Hasiera eta amaiera egunak ageri diren dokumentua erantsiko da, helburuko zentroak emana. Memoria horrekin batera, bidaiaren gastuak ordaintzeko baldintza gisa, bidai agentziaren faktura edo bidai txartelak aurkeztu behar dira, jatorrizkoak.

Egonaldia goian adierazitako moduan justifikatu ezik, egonaldiarengatik jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira.

7.-Eskaerak eta agiriak.

Agiri normalizatuak eskura egonen dira Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan eta Interneteko www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion orrialdean.

Eskaerak agiri normalizatu hauek bilduko ditu:

1. agiria: interesdunaren eskabidea.

2. agiria: eskatzailearen curriculum vitae-a, lortutako noten ziurtagiri akademikoarekin.

3. agiria: zentro edo zerbitzu hartzailearen ikerketa taldeak idatzi eta zentroko zuzendariak ikus-onetsitako memoria, ondoko hauek azalduko dituena:

-Zentro edo zerbitzu hartzailearen ezaugarriak.

-Azken bost urteetan egindako ikerketa jardueraren gaineko txostena (diruz lagundutako proiektuak, argitaratutako artikuluak, etab.); eta garatzen ari diren proiektuen nondik norakoaren deskripzioa.

-Prestatzen ari den ikertzailea zentro edo zerbitzu hartzailearen ikerketa programara biltzeko arrazoiak.

4. agiria: proposaturiko prestakuntza programa teoriko eta esperimentala, Ikasketa Aurreratuen Diploma lortzeko garatu beharreko proiektuaren behin-behineko memoria barne, prestakuntzako tutoreak sinaturik.

8.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1. Eskabideak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuan aurkeztuko dira (Nafarroako Ospitaleko Irakaskuntza Pabiloian), edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpena eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.-Doktorego aurreko laguntzetarako Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak batzorde tekniko bat izendatuko du, eskaerak ebaluatu ditzan eta laguntzak emateko proposamen loteslea egin dezan. Lau pertsonak osatuko dute, horietarik bi diru-laguntzaren kudeaketari lotuak eta besteak ikerketa arlokoak.

10.-Ebaluazioa.

Batzorde Teknikoak ondoko lehentasun, irizpide eta parametroen arabera ebaluatuko ditu eskaerak:

a) Eskatzailearen merezimenduen balorazioa: espedienteko batez besteko nota (gehienez 20 puntu); beste merezimendu batzuk (gehienez 10 puntu).

b) Zentro edo zerbitzu hartzaileak bermatzea ikertzailearen ikerketa jarduera eta prestakuntza programa burutuko direla.

-Ikerketa taldeak azken bost urteetan egindako argitalpenak (gehienez 30 puntu)

-Azken bost urteetan diru-laguntza jaso duten ikerketa taldearen proiektuak (gehienez 10 puntu)

c) Proposaturiko programa teoriko eta esperimentalaren interesa (gehienez 30 puntu), honako irizpide hauei jarraituz:

-Garatu beharreko proiektuaren helburuak bat etortzea Osasun Departamentuaren lehentasunezko ikerketa ildoekin.

-Prestakuntza programa egokia izatea ezarritako helburuetarako.

-Proposaturiko ikerketa proiektuaren bideragarritasuna.

11.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

11.1. Osasun Zuzendaritza Nagusiak eskaerak ebatzi eta laguntzak emanen ditu, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraituz.

11.2. Prozedurako instrukzio organoa Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kudeatzeko Atala izanen da. Honek, ofizioz, eskabideetako datuak egiaztatzeko eta eskaerak ebaluatzeko beharrezkoak diren jarduketak erabakiko ditu.

11.3. Ebazpena banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskabideetan adierazitako helbideetan, eta gainera ikusgai jarriko da Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuaren iragarki oholean eta Interneteko www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion orrialdean. Ebazpena argitaratzean, Europako Gizarte Funtsak laguntzen finantzaketan parte hartu duela adieraziko da.

12.-Prestatzen ari diren ikertzaileen betebeharrak.

12.1. Onuradunen betebehar orokorrak Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

12.2. Onuradunek, gainera, Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

12.3. Prestakuntza aldian argitaratzen dituzten lanetan, onuradunek aditzera eman behar dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren laguntzaz prestatzen ari diren ikertzaileak direla eta Europako Gizarte Funtsak laguntzen finantzaketan parte hartu duela.

13.-Onuradunen eskubideak.

13.1. Prestatzen ari diren ikertzaileen eskubideak Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

13.2. Beka aldian, prestatzen ari diren ikertzaileek hura aldi baterako eteteko eskubidea izanen dute honako kasuetan bakar-bakarrik, eta aplikatu beharreko araudiari jarraituz: aldi baterako ezintasuna (gaixotasuna edo istripua), haurdunaldiko arriskua, eta amatasun edo aitatasunagatiko atsedenaldia. Egoera horiek iraun bitartean, Osasun Departamentuak Gizarte Segurantzaren diru zuzkidura osatuko du hileko bekaren %100eraino. Halakoetan etenaldia berreskuratu ahalko da, gutxienez 30 eguneko aldietan, betiere aurrekontuan dirurik baldin badago.

13.3. Aurreko paragrafoan aipatzen diren Gizarte Segurantzaren estaldura barruko arrazoiak ez diren beste batzuengatik borondatezko etenaldia egin ahalko da Batzorde Teknikoak baimena ematen badu, interesdunak eskaturik. Dena den, etenaldiak ez du sei hilabete baino gehiago iraunen, bitarte horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak bertan behera geldituko dira eta ez da inolako zuzkidurarik ordainduko. Etenaldia ezin izanen da berreskuratu.

13.4. Kontratu aldian, Langileen Estatutuaren 45. eta 46. artikuluetan azaltzen diren arrazoiengatik kontratua eteteak ez du ekarriko laguntzaren iraupena luzatzerik.

14.-Entitate laguntzailea.

14.1. Laguntza programa honetan Miguel Servet fundazioa Osasun Departamentuarekin lankidetzan ariko da entitate laguntzaile gisa, eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

14.2. Miguel Servet fundazioak eta Osasun Departamentuak urriaren 27an sinatu zuten hitzarmenaren esparruan ezarriko da lankidetza hori.

15.-Laguntzak ordaintzea.

Urtero, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuak txostena eman ondoren, Osasun Departamentuak urteko diru kopurua igorriko dio Miguel Servet fundazioari.

16.-Jarraipena.

Urtero, azaroaren 30a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kudeatzeko Atalean:

16.1. Beka aldian:

a) Urteko memoria, ikerketan eta prestakuntzan egindako jardueren azalpenarekin.

b) Prestakuntzako tutorearen txostena, non azalduko baita zenbateraino bete den aurreikusitako jarduera, zein helburu bete diren eta zein helburu ezarri diren hurrengo urterako, eta norainokoak izan diren ikertzailearen dedikazioa, egokitzea eta lankidetza.

c) Gainera, bekaren bigarren urtea amaitzean, Ikasketa Aurreratuen Diploma aurkeztu beharko du, defendatutako ikerketa proiektuarekin batera, edo ziurtagiri akademiko egokia. Horrelakorik lortu ez bada, arrazoiak justifikatu beharko dira.

16.2. Kontratu aldian:

a) Urteko memoria, ikerketan eta prestakuntzan egindako jardueren azalpenarekin.

b) Prestakuntzako tutorearen txostena, non azalduko baita zenbateraino bete den aurreikusitako jarduera, zein helburu bete diren eta zein helburu ezarri diren hurrengo urterako, eta norainokoak izan diren ikertzailearen dedikazioa, egokitzea eta lankidetza.

16.3. Laguntza bukatu eta hiru hilabeteko epean, onuradunak egindako jardueren memoria orokorra aurkeztu beharko du, eta, horren barnean, doktorego tesiaren proiektuaren laburpena, tesiaren egoeraren azalpena eta tesia irakurriko duen unibertsitatearen onarpena. Onuradunak eta prestakuntzako tutoreak sinatu behar dute memoria.

17.-Bateraezintasunaren gaineko araubidea.

17.1. Laguntza hau bateraezina da antzeko beka eta laguntzekin eta, oro har, edozein soldatarekin.

17.2. Bestelako diru-hartukizunekin bateragarria izan daiteke, ordea, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuak baimena emanez gero. Horretarako, prestakuntzako tutoreak egin eta zentroko zuzendariak ikus-onetsitako aldeko txostena aurkeztu behar da. Txostenak adierazi behar du jarduera horrek ez diela eragiten laguntzaren helburu diren ikerketa eta prestakuntzari eta ez dela ordutegi berean egiten.

17.3. Laguntza hauek bateragarriak dira irakaskuntza eta ikerketa lanak egiteagatik dirua eskuratzearekin, lan horiek zuzeneko lotura badute garatutako jarduerarekin, kontraturik gabe egiten badira eta ohikoak ez badira.

18.-Itzulketa.

18.1. Prestakuntza programa gauzatu ezik edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, harturiko diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

18.2. Dirua itzultzeko prozedura aipatu den artikuluan xedaturikoaren araberakoa izanen da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

19.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

20.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileetan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

21.-Finantzaketa.

Deialdi honetan araututako laguntzen finantzaketaren %50 Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura izanen da eta %50 Miguel Servet fundazioaren kargura. Osasun Departamentuak eta Miguel Servet fundazioak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren arabera, fundazioak kostuaren %50 ordainduko du, hau da, 90.474,00 euro, Europako Gizarte Funtsak Nafarroako EGF 2007-2013 programa eragilerako emandako baliabideen bitartez.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura 90.474,00 euroko zatia finantzatuko da 2010-2013 aldian. Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektuko "Ikertzaileen prestakuntzarako bekak" izeneko 512002 51340 4809 465100 kontu-sailean jarritako diruarekin ordainduko da 2010. urteko diru kopurua, gehienez ere 16.020,00 euro.

2011n, 2012an eta 2013an laguntzak finantzatzeko, hurrenez hurren, gehienez ere 16.501,00 euro, 21.974,00 euro eta 35.979,00 euro jarriko dira, urte horietako aurrekontuetako kontu-sail egokien kargura.

22.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 115. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 57. artikuluan xedaturikoarekin bat.

23.-Emandako laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasunaren Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es orrialde ofizialean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna eta diru-laguntzaren xedea.

Iragarkiaren kodea: F0926714