149. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

337/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntza emateko 2010eko deialdia onesten duena, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Foru lege hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluarekin lotu behar da, hark ematen baitio Foru Komunitateari hirugarren adinekoen arloko eskumen esklusiboa, baita Espainiako Konstituzioaren 50. artikuluarekin ere, horren arabera, botere publikoek hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatuko baitute, haien berezko arazoei arreta emateko gizarte zerbitzuen sistema baten bidez.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. II. eranskinean, "Bermatu gabeko prestazioak" izenekoan, 17. puntuan, hirugarren adinekoendako gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak ezartzen ditu. Hirugarren adinekoen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauza daitezen bultzatzea dute xede, baita programa horiek garatzen dituzten entitateak elkarteetan biltzea ere.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, aurkeztutako eskabideak konparatuz ematen dira diru-laguntzak, oinarri arautzaileetan eta deialdian aldez aurretik finkaturiko irizpideei jarraituz lehentasun hurrenkera bat ezartzeko eta, dagoen diruaren arabera deialdian zehazten den mugarekin, irizpide horiei jarraituz balorazio handia lortzen dutenak esleitzeko. Salbuespen gisa, oinarri arautzaileetan hala aurreikusirik badago, proposamenak berarekin ekarriko du diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren zein oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Hirugarren adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, I. eranskinean jasoak, onestea, 2010ean autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren; orobat, diru-laguntzaren xedeko hainbat modalitateren oinarri berariazkoak onestea, foru agindu honen II. eta III. eranskinetan jaso baitira.

2. 400.000 euroko gastua baimentzea, "Erretirodunen elkarte eta kluben programetarako diru-laguntzak" izeneko 2010eko gastuen aurrekontuaren kontura, edo horren antzeko "Erretirodunen elkarte eta kluben programetarako diru-laguntzak" izeneko 2009ko 920005-91810-4819-231404 kontu-sailaren kargura, baldin ekitaldian gaitu eta krediturik badu.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 12an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

ARAUDI OROKORREKO OINARRIAK

Adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateen programei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2010erako

1.-Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

2010eko ekitaldirako diru-laguntzak emateko araubide bat sortzea du xede deialdi honek, adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateentzat, irabazi-asmorik ez badute eta Nafarroan kokaturik badaude, eta autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauzatzen badituzte.

Diru-laguntza hauen bidez entitate horien proiektuak bultzatu nahi dira, adinekoen eta zahartzaro aktiboaren behar berariazkoei erantzungo dieten ekintzak sustatzeko, baita pertsona horien bizitza independentea sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko ere.

1.2. Modalitateak.

a) Diru-laguntzak adinekoen klub eta elkarteen jardueretarako.

Klubak eta elkarteak dira adinekoek bakarrik eraturiko eta zuzenduriko erakundeak, zahartzaro aktiboa sustatzeko programak egiten dituztenak.

b) Diru-laguntzak adinekoen arloko "Bestelako entitateendako".

"Bestelako entitateak" dira adinekoen arloko berariazko programak gauzatzen dituztenak, baina ez nahitaez adinekoez soilik eratuta daudenak.

2.-Aurrekontuko dirua.

400.000 euro erabiliko dira helburu horietarako, 2010. urteko gastuen aurrekontuko "Diru-laguntzak, erretirodunen elkarte eta klublen programetarako" izeneko kontu-sailaren kontura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kontura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

3.-Betebeharrak

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik dagozkion bestelakoak.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori oinarri honetako a) atalean aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi asmorik ez izatea.

d) Erakundearen xedea adinekoendako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Helburuak lortu ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta esku hartzeko gaitasuna frogatzea.

f) Beste finantzabide bat edukitzea, funts berekietatik eta/edo bestelako diru-laguntza publiko edo pribatuetatik.

g) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalean, 7) eta erakunde beraren web gunean eskuratzen ahalko da.

2010. urteko urtarrilean aurkeztu beharko da eskaera, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinaturik, edo, deialdi hau urtarrilaren 1a baino geroago argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren erregistroan (González Tablas kalea, 7; 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, Posta Zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau agintzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileak modalitate guztietarako aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko diren erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta oinarri arautzaile hauen 12.2.a) atalean xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dauzkala frogatzen duena, gehienez ere hiru hilabeteko aldeaz eginikoa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

4.3. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa, edozein dela ere deialdiaren modalitatea.

a) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

b) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izaniko diru-sarrera eta gastuen balantzea.

c) Entitatearen proiektua, eskaeraren urtean garatu asmo dituen jarduera eta/edo programak laburki azaltzen dituena.

d) Entitateak kasuan kasuko urterako duen diru-sarrera eta gastuen orotariko aurrekontua.

Puntu honetan eskaturiko dokumentazioak urteko deialdi guztietarako balio du eta, hortaz, aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean (a) eta b) letrak) edo urte honetako aldez aurretiko beste deialdi batean aurkeztu bada, ez da berriro egin beharko. Kasu horretan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

4.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

5.-Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta jarraitzeko eginkizunak Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

6.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

7.-Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

7.1. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

Entitateek aurkezturiko programa bakoitzeko langile eta jardueren berariazko gastuen aurrekontua egiten ahalko dute.

Funtzionamenduaren eta langileen oinarrizko gastuak, "Elkartegintzaren sustapena" deialdian aipatzen direnak, ezin izanen dira aurkeztu.

7.2. Diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak.

a) Programa bakoitzari dagokion aurrekontu onartua ezartzeko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak goitituak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da prezio errealak erabiliz. Betiere, aurrekontu onartuak ez du programan aurreko urtean eginiko gastuaren %5eko areagotzerik ekarriko, salbu eta, salbuespen gisa, aipaturiko gehitze handiago baten beharra erabat justifikaturik gelditzen bada.

b) Sortu berriak diren edo aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zuten adinekoen klub eta elkarteak:

Gehieneko diru-laguntza 1.000 eurokoa izanen da.

c) Adinekoen arloko "beste entitateak" edo sortu berriak diren programak, aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez badute:

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

Aurreko lerroaldeetan aipatutakoaren ondorioetarako, antzinatasuna errespetatuko da entitateak bakar-bakarrik elkargo edo fundazioen forma juridiko gisa aldatu badira edo entitatearen izena aldatu bada, betiere gorabehera hori estatutuetan jasotzen baldin bada.

8.-Balorazioko arau orokorrak.

Modalitate bakoitza era independentean baloratu eta ebatziko da, dagokion eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz.

Balorazioa bi fasetan eginen da: lehen fasean entitatea diru-laguntzaren xedeko proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, gauzatzeko duen balizko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko programa bakoitza baloratuko da.

Bi faseak elkarrengandik bereizirik baloratuko dira. Hurrengo oinarrian eta eranskinetan aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliko dira. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek puntuazio hauek lortu beharko dituzte:

a) Adinekoen klub eta elkarteak: 40 puntu gutxienez.

b) Adinekoen arloko "Bestelako entitateak": 60 puntu gutxienez.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak puntuazio hauek lortu beharko ditu:

a) Adinekoen klub eta elkarteak: aurkeztutako proiektu bakoitzean, 40 puntu gutxienez.

b) Adinekoen arloko "Bestelako entitateak": aurkeztutako proiektu bakoitzean, 60 puntu gutxienez.

Diru-laguntza jasotzeko, programa bakoitzak bi faseen artean lortutako gutxieneko batuketa 80 puntukoa izanen da "Klub eta elkarteak" modalitaterako, eta 120 puntukoa "Bestelako entitateak" modalitaterako.

9.-Bi modalitateetarako balorazio irizpide komunak.

9.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa baloratzea.

a) Azpiegitura (25 puntu):

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Egitura, curriculuma, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak etab. aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

-Aretoen erabilera partekatzea eta entitateen elkartzea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

-Baloratuko dira baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko pertsonen beharren eta horiek asetzeko entitateak duen gaitasunaren arteko erlazioa, bazkide kopurua eta egiazko gaitasuna kontuan hartuz proiektuak aldatzeko entitatea prest egotea.

-Halaber, hasierako aurrekontuaren eta aurreko urteko azken balantzearen arteko koherentzia baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

-Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

-Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

9.2. Bigarren fasea: programen balorazioa.

Programak baloratzeko irizpideak modalitate bakoitzari dagozkion eranskinetan zehaztutakoak dira.

10.-Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa eman eta behin betiko balorazioa eginen da, aurreko oinarrian eta II. eta III. eranskinetan adierazi bezala.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, jakinarazten denetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak errespetatzen dituela.

Halaber, proiektu berreginaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta kudeaketa organoak onartutako aurrekontura doitzen bada.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzetarako.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7, Iruña). Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

11.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak xede bera duten beste edozein diru-laguntza edo laguntzekin bateragarriak dira. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.-Diru-laguntza ordaintzea.

12.1. Oro har, diru-laguntza ordainduko da aldez aurretiko ordainketa zatikatuen bitartez, eta entitate bakoitzari emandako zenbateko osoaren %25 aurreratuko da gehienez ere.

Lehen ordainketa zatikatua diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera eginen da.

Bigarren eta hurrengo ordainketak lehenago pagaturiko zenbatekoaren gastuak dagozkien kontzepturako justifikatu ondoren eginen dira.

Ordainketaren ondoren justifikatu gabeko zenbatekoak ezin izanen du inoiz emaniko zenbatekoaren %25 gainditu.

Salbuespenez, 5.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntzak ordainaldi bakarrean eginen dira.

Entitate onuradunak bankuaren abala edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztuz gero, emaniko diru-laguntzaren %25etik gorako aurrerakinak egiten ahalko dira, baldin eta diru-laguntza betetzeko funtsen beharra frogatzen bada. Kasu horretan, aurkezten den bermea aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa izanen da.

12.2. Aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

12.3. Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza ordainduko da Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatikatua, oinarri arautzaile hauen 13.2 atalean xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

13.-Justifikazioa.

13.1. Diru-laguntza zatika ordaintzeak gastu bakoitzaren hein bateko justifikazioa aurkeztea eskatuko du.

13.2. Justifikazio partzialetarako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei aurkeztu arte egozten zaizkien diru-sarrera eta gastuen zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako harturiko diru-laguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko diren. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

13.3. Azkeneko justifikazioa:

Diru-laguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren gauzatzeaz. Bertan honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, diru-laguntza eman zen urteko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen orotariko balantzea barne.

b) Diruz lagundutako programen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatuko dituena:

-Programaren izena.

-Jardueren ordutegia.

-Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu espezifikoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

-Eragina. Programak zein ondorio izan dituen adinekoen esparruan.

-Proiektuaren estrategiaren balorazioa. Proiektuan aurkitutako oztopo eta arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den.

-Onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea. Entitatearen eragin eremuko adinekoen kopuruaren, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren diru-sarreren zerrenda, non diru-sarrera guztiak zehaztuko baitira, berezko funtsak eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako udalek, autonomia erkidegoek, bestelako udalek, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak, Europar Batasunak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek emaniko baliabideak aipatuz. Zerrenda horrek gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

-Langileak.

-Jarduerak.

-Funtzionamendua.

d) Programa bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, oinarri honen 13.2 puntuan adierazi bezalaxe.

Atal honetan aipatzen den eginbeharra aurreko urtean justifikazio partzialen bidez justifikatzen ez den diru-laguntzaren zatiari dagokio.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo bilakaera onaren berri emateko.

13.4. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Gastuen zerrenda aurkeztuz frogatuko da hori. Nolanahi ere, azkeneko justifikazioan kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuz eginen da justifikazio hori.

13.5. Memoria teknikoa eta ekomikoa aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko agiriak eskura jarriko ditu eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren web orrian argitaratuko dira.

14.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) Eranskin honen 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kontura finantzatutako programa edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketek nahitaezkoa dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz-lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa betetzea.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Diru-laguntza jaso duen jardueraren frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

15.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan adierazitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jardueraren hein bateko gauzatzea. Onuradunak berak diru-laguntzaren xedeko jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %90era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak, gehienez ere. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

15.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000,00 eurotik gorakoa bada, ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko du.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

16.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Nafarroako Mendekotasun Agentziak onartuta egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

17.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

18.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

A) MODALITATEAREN BERARIAZKO OINARRIAK

Adinekoen klub eta elkarteetarako diru-laguntzak

Deialdi honen ondorioetarako, klubak eta elkarteak dira adinekoek bakarrik eraturiko eta zuzenduriko erakundeak, zahartzaro aktiboa sustatzeko programak egiten dituztenak.

1.-Xedea eta kontzeptuak.

1.1. Xedea.

Adinekoen klubak eta horien antzeko jarduerak gauzatzen dituzten adinekoen arloko elkarteak diruz laguntzea, adinekoen zahartzaro aktiboa eta autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gauzatzeko duten ahalmena sustatuz, gizarte zerbitzuen eremuan.

1.2. Kontzeptua.

Zahartzaro aktiboa sustatzeko programak, adinekoen klubek eta elkarteek gauzatuak.

1.3. Programen tipologia.

Aurkeztutako programak, gizarte zerbitzuen eremuan adinekoen zahartzaro aktiboa eta autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko dira eta jarduketa eremu hauetan kokatuko:

a) Prestakuntza eremua:

-Prestakuntza programa etengabea.

-Prestakuntza programa, noizean behinkakoa.

b) Bizitza aktiboaren eremua:

-Mantentze fisikorako programa.

-Mantentze kognitiborako programa.

-Aisia eta denbora libreko programa.

c) Bizitza produktiboaren eremua:

-Boluntarioen programa.

-Belaunaldien arteko parte-hartzearen programa.

-Gizarte balioko jardueretan parte hartzeko programa.

-Jarduera ludiko-okupazionalen programa.

2.-Betebeharrak.

a) Deialdiaren printzipio, helburu eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta deialdi honen I. eta II. eranskinen 1. oinarrian aipatutakoaren arabera.

b) Modalitate honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, entitateek deialdi honen I. eranskineko 3. oinarrian ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

c) Aurkeztutako programa bakoitzak beste finantzabide bat eduki beharko du, funts berekietatik eta/edo bestelako diru-laguntza publiko edo pribatuetatik.

d) Programa bakoitzean beretako eskaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko da.

3.-Diru-laguntza eskatzen duten programei buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Diru-laguntzaren xede izan daitekeen programa eta/edo jarduera bakoitzeko memoria tekniko eta ekonomikoa, aurreko urteari buruzkoa. Memoria hori I. eranskinaren 13.3 oinarrian ezarritakoarekin bat eginen da.

Dokumentazio honek urte osoko deialdietarako balio du. Ez da beharrezkoa aurkeztea aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu bada.

Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

b) Zein programatarako eskatzen den diru-laguntza, haien deskripzioa, hauxe zehazturik:

-Izena.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

-Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak, boluntarioak etab.).

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak).

-Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatutako zenbatekoa.

4.-Balorazioa.

Balorazioa bi fasetan eginen da: lehen fasean entitatea diru-laguntzaren xedeko proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, gauzatzeko duen balizko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko programa bakoitza baloratuko da.

Fase bakoitza bere aldetik baloratuko da. Fase bakoitzean, gehienez ere, 100 puntuko puntuazioa lortzen ahalko da.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 40 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak 40 puntu lortu beharko ditu. Diru-laguntza jasotzeko programa bakoitzeko gutxieneko batura 80 puntukoa izanen da, bi faseak kontuan harturik.

5.-Balorazio irizpideak.

5.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa baloratzea.

Irizpideak deialdi honetako I. eranskinaren 9. oinarriaren 1. puntuan daude zehazturik.

5.2. Bigarren fasea: programen balorazioa.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, espero diren emaitzak, ebaluazioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abarrak bat etortzea eta koherenteak izatea. Puntuazioa honela banatuko da:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Programaren bat etortzea (15 puntu).

Aurkezten den programaren eta eranskin honen 1.3 oinarrian aipatzen den programa tipologiaren arteko egokitasuna baloratuko da, baita zahartzaro aktiboarekin, autonomia pertsonalaren sustapenarekin, adinekoen mendekotasunari aurrea hartzearekin eta gizarte zerbitzuekin duen lotura ere.

c) Programaren izaera (15 puntu).

Foru Komunitatean adinekoen arloan egindako beste programen osagarria izatea eta haiekin integratzea hartuko dira kontuan, gauzatuko den jardueraren ezaugarriak, gizartean izanen duen eragina eta eskariaren jatorria eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko helburua lortzeko bideraturik egotea.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntza jaso nahi duten programetan (25 puntu).

Proiektu beraren edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko programaren benetako gastua eta kasuan kasuko urterako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Eragina lurraldean (5 puntu).

Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

6.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

6.1. Sortu berriak diren edo aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zuten adinekoen klub eta elkarteak:

Gehieneko diru-laguntza 1.000 eurokoa izanen da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, ezarritako gehieneko diru-laguntzatik abiatuta, portzentaje tarte hauek aplikatuz:

TARTEAK

ZENBATEKOA

80 puntu baino gutxiago

0

80tik 90era bitarte

500,00

90etik gora

1.000,00

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, antzinatasuna errespetatuko da entitateak bakar-bakarrik elkargo edo fundazioen forma juridiko gisa aldatu badira edo entitatearen izena aldatu bada, betiere gorabehera hori estatutuetan jasotzen baldin bada.

Dagokion diru-zenbatekoa behin betikoa izanen da eta eranskin honen 6.2 oinarriari dagozkion esleipenak egin aurretik kalkulatuko da.

6.2. Jarraipen programak.

Onartutako programa orotan diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena lortutako puntuazioaren eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera eginen da, entitateak aurkeztutako eta instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren gainean gehieneko diru-laguntza gisa portzentaje hauek ezarriz (Foru agindu honen I. eranskinaren 7. oinarrian ezarritako irizpideak):

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA
AURREKONTUAREKIKO (%)

80 baino gutxiago

%0

80tik 160ra bitarte

(Lortutako puntuazioa - 80) = aplikatu
beharreko portzentajea

160tik 200era bitarte

%80

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da modalitate honetako baremoa aplikatuta ateratzen diren kopuruen gainean.

III. ERANSKINA

B) MODALITATEAREN BERARIAZKO OINARRIAK

"Bestelako entitateendako" diru-laguntzak

Deialdi honen ondorioetarako, "Bestelako entitateak" dira adinekoen arloko berariazko programak gauzatzen dituztenak baina ez nahitaez adinekoez soilik eratuta daudenak.

1.-Xedea eta kontzeptua.

1.1. Xedea.

Adinekoen arloko beste entitateak, klubak ez direnak, diruz laguntzea, adinekoen autonomia sustatzeko eta mendetasunari aurrea hartzeko programak gauzatzeko duten gaitasuna sustatuz, gizarte zerbitzuen eremuan.

1.2. Kontzeptua.

Klubak ez diren adinekoen beste entitateteek autonomia sustatzeko eta mendetasunari aurrea hartzeko programak. Diruz lagun daitezkeen programak, gehienez ere, 5.

1.3. Programen tipologia.

Aurkeztutako programak, gizarte zerbitzuen eremuan adinekoen zahartzaro aktiboa eta autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko dira eta tipologia hauetan kokatuko:

-Adinekoei banakako laguntza ematea.

-Familiei bana-banako harrera ematea.

-Komunitatean integratzea eta komunitatearentzako laguntza.

-Autogestioa eta bizitza independentearen sustapena.

-Ezagutza eguneratzea (prestakuntza).

-Jarduera ludiko-okupazionalak.

-Aisia eta astialdia.

-Adinekoei egokitutako kirolaren sustapena.

2.-Betebeharrak.

a) Deialdiaren printzipioekin, helburuekin eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta deialdi honen I. eta III. eranskinen 1. oinarrian aipatutakoaren arabera.

b) Modalitate honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, entitateek deialdi honen I. eranskineko 3. oinarrian ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

c) Aurkeztutako programa bakoitzak beste finantzabide bat eduki beharko du, funts berekietatik eta/edo bestelako diru-laguntza publiko edo pribatuetatik.

d) Entitate bakoitzaren eskaera 5 programatan zatikatzen ahalko da, gehienez.

e) Programa bakoitzean beretako eskaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko da.

f) Nafarroako Mendekotasun Agentziari diru-laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen dioten entitateek eta aurreko urtean eskatu ez zutenek programa bakar baterako diru-laguntza eskatzen ahalko dute eta, eskaera aurkezturik ere, diru-laguntzarik hartu ez duten entitateek ere bai.

3.-Diru-laguntza eskatzen duten programei buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Diru-laguntzaren xede izan daitekeen programa bakoitzeko memoria tekniko eta ekonomikoa, aurreko urteari buruzkoa. Memoria hori I. eranskinaren 13.3 oinarrian ezarritakoarekin bat eginen da.

Dokumentazio honek urte osoko deialdietarako balio du. Ez da beharrezkoa aurkeztea aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu bada.

Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

b) Zein programatarako eskatzen den diru-laguntza, haien deskripzioa, hauxe zehazturik:

-Izena.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

-Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak, boluntarioak etab.).

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak).

-Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatutako zenbatekoa.

4.-Balorazioa.

Balorazioa bi fasetan eginen da: lehen fasean entitatea diru-laguntzaren xedeko proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, gauzatzeko duen balizko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko programa bakoitza baloratuko da.

Fase bakoitza bere aldetik baloratuko da. Fase bakoitzean, gehienez ere, 100 puntuko puntuazioa lortzen ahalko da.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Bigarren fasean, ontzat hartua izateko, programa bakoitzak 60 puntu lortu beharko ditu. Diru-laguntza jasotzeko programa bakoitzeko gutxieneko batura 120 puntukoa izanen da, bi faseak kontuan harturik.

5.-Balorazio irizpideak.

5.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa baloratzea.

Irizpideak deialdi honetako I. eranskineko 9. oinarriaren 1. puntuan daude zehazturik.

5.2. Bigarren fasea: programen balorazioa.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, espero diren emaitzak, ebaluazioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abarrak bat etortzea eta koherenteak izatea. Puntuazioa honela banatuko da:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Programaren bat etortzea (15 puntu).

Aurkezten den programaren eta eranskin honen 1.3 oinarrian aipatzen den programa tipologiaren arteko egokitasuna baloratuko da eta autonomia pertsonalaren sustapen, eta adinekoen mendekotasunari aurrea hartzearekin eta gizarte zerbitzuekin duen lotura ere bai.

c) Programaren izaera (15 puntu).

Kontuan hartuko dira Foru Komunitatean adinekoen arloan egindako beste programen osagarria izatea eta haiekin integratzea, gauzatuko den jardueraren ezaugarriak, gizartean izanen duen eragina eta eskariaren jatorria eta autonomia pertsonalaren sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko helburua lortzeko bideraturik egotea.

d) Programetako parte-hartzea (15 puntu).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen diru-sarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua diru-laguntza jaso nahi duten programetan (25 puntu).

Proiektu beraren edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko programaren benetako gastua eta kasuan kasuko urterako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Eragina lurraldean (5 puntu).

Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

6.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

6.1. Adinekoen arloko entitateak, aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zutenak, edo programa berriak edo aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zutenak.

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, ezarritako gehieneko diru-laguntzatik abiatuta, portzentaje tarte hauek aplikatuz:

TARTEAK

ZENBATEKOA

120 puntu baino gutxiago

0

120tik 125era bitarte

1.625,00

126tik 130era bitarte

3.250,00

131tik 135era bitarte

4.400,00

135etik gora

6.500,00

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, antzinatasuna errespetatuko da entitateak bakar-bakarrik elkargo edo fundazioen forma juridiko gisa aldatu badira edo entitatearen izena aldatu bada, betiere gorabehera hori estatutuetan jasotzen baldin bada.

Dagokion diru-zenbatekoa behin betikoa izanen da eta eranskin honen 6.2 oinarriari dagozkion esleipenak egin aurretik kalkulatuko da.

6.2. Jarraipen programak.

Onartutako programa orotan diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena lortutako puntuazioaren eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera eginen da, entitateak aurkeztutako eta instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren gainean gehieneko diru-laguntza gisa portzentaje hauek ezarriz (Foru agindu honen I. eranskinaren 7. oinarrian ezarritako irizpideak):

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA
AURREKONTUAREKIKO (%)

120 baino gutxiago

%0

120tik 179ra bitarte

(Lortutako puntuazioa - 100) = aplikatu
beharreko portzentajea

180tik 200era bitarte

%80

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da modalitate honetako baremoa aplikatuta ateratzen diren kopuruen gainean.

Iragarkiaren kodea: F0926480