149. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Ordenantza, ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko
txartelak ematea arautzen duena. Onespena

Mendigorriko Udalak, 2009ko apirilaren 3an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2009ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Mendigorrian, 2009ko azaroaren 10ean.-Alkatea, Javier Osés Zúñiga.

ORDENANTZA, EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI
APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin beharrik gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatzeko txartelaren eskubidea izateko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea.

2.1. Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

2.1.1. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2.1.2. Mugikortasuna murrizten dion elbarritasuna izatea, eta alderdi hauek egiaztatu:

-%33tik goitiko elbarritasunak jota egotearen ziurtagiria, non garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasuna aipatuko baita eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunen baremoko puntuazioa zazpi puntukoa dela, gutxienez ere.

2.2. Behin betiko baliaezintasuna dutenen ahaide bizikideak edo zaindariak:

2.2.1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2.2.2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen ahaidetasuna frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

2.2.3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hau egiaztatu beharko da:

-%33tik goitiko elbarritasunak jota egotearen ziurtagiria, non garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasuna aipatuko baita eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunen baremoko puntuazioa zazpi puntukoa dela, gutxienez ere.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak Udalaren bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehaztutako ziurtagiriak erantsiko zaizkio, indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak, baita karnet tamainako bi argazki ere, koloretan.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta Udaletxera eraman beharko da, berritu beharrik badu.

c) Txartela daraman ibilgailua elbarrientzat erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatu ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Aparkatzeko debekua seinale bidez adierazten den tokietan, eta berariazko baimena duten bertzelakoetan.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babesean: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoen pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten tokietan. Garraio publikoarentzat erreserbatutako lerroetan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartela eskuratu zen herritik kanpo aparkatzen denean, herri horretan ezarritako arauak beteko dira.

g) Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

h) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

5.1. Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bertzelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

5.2. Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo bertze baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, ebazpena eman aurretik, beti emanen zaie entzunaldia interesdunei. Espedientea zehapen ahalmenaren erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

Xedapen iragankorra

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak betetzen direla frogatu beharko da.

Iragarkiaren kodea: L0926457