146. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1304/2009 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Agilar Kodesko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2007ko ekainaren 22an, Agilar Kodesko Hirigintzako Udal Plana ikusirik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak txosten bat egin zuen, Ingurumen ondorioen azterlanean osatu beharreko ingurumeneko alderdiei buruz.

Hirigintzako Udal Planaren tramitatzeak bi hasierako onespen izan ditu, eta biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira (2006ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa, eta 2009ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 2koa). Azkeneko argitaratzean Ingurumen ondorioen azterlana sartu zen. Jendaurreko epea bukaturik, ez da ingurumen arloko alegaziorik aurkeztu.

Agilar Kodesko Hirigintzako Udal Planeko proposamenek udal mugape guztiari (18,3 km²) eragiten diote: iparraldean eta hegoaldean Arabarekin egiten du muga, ekialdean Azuelorekin eta mendebaldean Marañonekin eta Cabredorekin. Agilar Kodesko Hirigintzako Udal Plan Orokorraren helburu funtsezkoa da Agilar Kodesko hiriguneko bizitegi eremuan esku hartzea (hiriguneko periferiako leku hondatuak berreskuratuz), bideen lotura hobetzea hirigune barnean, etxebizitzen zaharberritzea erraztea eta gune publikoen bidez hirigunea antolatzea. Lurzoru urbanizaezinerako, lehentasuntzat hartzen da nekazaritzako, kulturako eta paisaiako balioak babestea eta gordetzea, baita urak hartzen ahal dituen azpiegiturak eta eremuak babestea ere.

Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriaren ezaugarri geografikoak eta ekologia- eta paisaia-balioak deskribatzen ditu laburki. Hona hemen udalerriko balio ekologiko garrantzitsuenak: karraskadiak (Batasunaren intereseko habitata, 9340), udalerriko hegoaldean, Kodes mendilerroa BILean (ES2200029) sartuak; larre mediterraneoak (6220. habitata) eta sasi mediterraneoak (4090. habitata), mosaikoan ezarririk Las LLanas-Alto de Astray mendilerrotxoan; eta karraska, erkametz eta larizio pinua hegoaldeko hegaletan.

Eskualdea antolatzen duten bi isurialdeetako ura hartzen da Agilar Kodesen, Kodes mendilerrokoa eta hegoaldeko mendi txikietakoa. Nabarmentzekoak dira Linares ibaia eta Pedrera, Banival eta Salinas haren ibaiadarrak.

Udal mugapeko orografiak eta herria muino batean egoteak, ibarraren erdian, bere paisaia-balioak indartzen eta handitzen ditu.

Bermaturik dago eskualdeko balio garrantzitsuenak zainduko direla, izan ere, Babestu Beharreko Lur Urbanizaezinean sartu baitira: ingurumen balioarengatik, oihan-lurzorua, Kodes mendilerroko BILa eta onura publikoko mendiak (212 eta 213); kultura balioarengatik, harresi zaharraren inguruko Interes Kulturaleko Ondasuneko eremua, hirigunearen hegoaldeko hegalean; eta, arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa, ibaibideen bazter guztiak, alde banatan 5 metroko babes zerrenda utziz. Gorde Beharreko Lurzoru Urbanizaezinaren kategorian sartu da ustiapen naturalerako balioa duen lurzorua; lehorreko zerealari, mahastiei eta fruta-arbolei dagokie. Paisaia aldetik duen balioarengatik, hirigunearen iparraldeko hegala mugatu da, eta, kultura aldetik duen balioarengatik, San Bartolomé ermitaren eta aztarnategi arkeologikoen ingurua.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du Agilar Kodesko Udal Plan Orokorrean ingurumeneko baldintzak sartu diren moduari buruz. Ondorioztatzen du ez dela aurreikusten udal plan orokorrak eragin txarrik izanen duenik lurraldean, eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Agilar Kodesko Udal Plana onesteari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumen aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Agilar Kodesko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 10ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0926752