2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DEIERRI
Lehen aldaketa, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
2009ko abuztuaren 7an osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez hasiera batean onetsi zen lehen aldaketa Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak arautzen dituen ordenantzan. Hura 2009ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 9an, baita Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholean ere.
Jendaurrean egon bitartean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta bidezko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, indarra har dezan.
Lehen aldaketa, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak arautzen dituen ordenantzan.
Aldaketaren xedea da Deierriko udal mugapean etxeko animaliak arautzea, nagusiki zakurrak.
Ordenantzaren izenburua aldatuko da eta erantsi "zakurrak".
Ordenantza berrantolatu da I. kapituluari dagokionez, "Arriskugarriak izan daitezkeen animaliak edukitzea" izenburua baitu, eta 1.etik 6.era bitarteko artikuluak sarturik. II. kapitulua erantsi da, " Zakurrak edukitzea", 7.etik 11.era bitarteko artikuluekin, eta III. kapitulua, "Arau-hausteak eta zehapenak", 12.etik 13.era bitarteko artikuluekin.
7, 8 eta 9. artikuluak kendu dira eta, aldiz, xedapen gehigarri bat erantsi.
Xedapen iragankorra aldatu da eta bertze paragrafo bat erantsi.
Ordenantzaren gainerakoa bere horretan utzi da.
II. KAPITULUA
Zakurrak edukitzea
7. artikulua. Zakurrei ere aplikatuko zaizkie animalia guztiei aplikatzen zaizkien arau orokorrak eta, zehazkiago, lagun egiteko animalien gainekoak.
8. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugapean bizi diren zakur guztiak Udalak ezarritako animalien erroldan inskribatzea; hartan, zakurrak eta arriskugarriak izan daitezkeenak sartuko dira.
Titulartasunaren edo helbidearen gaineko edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, gehienez ere 8 eguneko epean.
9. artikulua. Ospakizunak, kontzentrazioak edo gisakoak direnean baizik ez da emanen eremu publikoan zakurrak ibiltzeko baimena, jendearen etorri handiko lekuetan. Halakoetan animaliek identifikaturik eta txertatuak egon beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten zakurrak atzeman eta atxikiko dira, eta horren berri emanen zaio jabeari, 72 orduko epea izanen baitu animalia erreklamatzeko.
Erreklamatzen ez direnak, animaliak babesteko elkarte baten eskuetan utziko ditu Udalak.
Zakurrek jarduketa horiengatik eragiten dituzten gastuak jabearen bizkar izanen dira.
10. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka eta pixa egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.
Zakurrak kaka eginez gero, gidariak jaso, kendu eta bildurik bota beharko du, bere ardura izanen baita inguru horren garbitasuna.
11. artikulua. Zakurrei modu subsidiarioan aplikatuko zaie ordenantza honetan eta 50/1999 Legean arriskugarri gerta daitezkeen animaliendako xedatzen dena.
II. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
10. artikulua. Arau-hausteak.
1. Arriskugarri gerta daitekeen animaliatzat hartzen dena lotu gabe eta/edo muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
2. Uztea, eginez nahiz egin ezaz, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edo kalte, bertzenaz, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean eta/edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3. Deierriko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.
4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako bertze arau-haustetzat.
11. artikulua. Zehapenak.
50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30,05 eurotik (5.000 pezeta) 150,25 euro (25.000 pezeta) bitarteko isunekin zehatuko dira.
Arau-hauste arinak 30,05 eurotik (5.000 pezeta) 42,07 euro (7.000 pezeta) bitarteko isunekin zehatuko dira.
Arau-hauste larriak, 42,08 eurotik (7.001 pezeta) 90,15 euro (15.000 pezeta) bitarteko isunekin.
Arau-hauste oso larriak, 90,16 eurotik (15.001 pezeta) 150,25 euro (25.000 pezeta) bitarteko isunekin.
Arau-haustearen erantzuletzat hartuko da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, eginez nahiz egin ezaz arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
Xedapen gehigarri bakarra.-Datu pertsonalen babesa.
Ordenantza honek indarra hartzean, Udalak zakurrei zabalduko die arruskigarri gerta daitezkeen animalien erregistroa; haien kudeaketa eta erabilera Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren mendean egonen dira.
Haren xedea izanen da Deierriko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien betebeharrak. Fitxategia Deierriko Udalak baizik ez du erabiliko.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
Xedapen iragankorra.-Ondoko lerroalde hau erantsi da:
Zakurren jabe direnek urtebeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, Animalien udal erregistroan inskribatzeko baldintzak betetzeko.
Aritzalan, 2009ko urriaren 6an.-Alkatea, Carlos Remírez de Ganuza.
Iragarkiaren kodea: L0926058