2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Behin betiko onetsirik antolamendu xehakatuko determinazioetako aldaketa: Eraikuntzako ordenantzaren 8., 11., 16.,
19 bis eta 65. artikuluak, eta Urbanizazioko
ordenantzaren 76. eta 84 bis artikuluak
Tafallako Udalak, 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Tafallako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko antolamendu xehakatuko determinazioetan (Eraikuntzako ordenantzaren 8., 11., 16., 19 bis eta 65. artikuluak, eta Urbanizazioko ordenantzaren 76. y 84 bis artikuluak).
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, onetsitako aldaketa jendaurrean jarri zen hilabeterako, iragarkia argitaratuz 2009ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 17koan, bai eta Foru Komunitateko egunkarietan eta Udalaren iragarki oholean ere.
Jendaurreko epean ez da aldaketari buruzko alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Udalak 2009ko irailaren 29an egindako osoko bilkura arruntean behin betiko onetsi zen aldaketa. Horrenbestez, testu aldatua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan:
Aldaketaren testua
Apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuak, uztailaren 4ko 10/1994 LAHFL garatzeko Erregelamendua onesten duenak (1995eko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa) VII. kapituluko 52. artikuluan ("Planeamenduko aldaketa puntualak") ezarritakoari jarraituz, behin justifikaturik Tafallako gaur egungo HAPOko Eraikuntza eta Urbanizazio ordenantzetan artikulu batzuen edukia aldatu beharra sortu duten arrazoi tekniko eta hirigintzakoak, ondotik zehazten dira ukitutako artikulu horien testuari erantsi beharreko paragrafoak, bai eta artikulu berrien testua ere.
Eraikuntzari buruzko ordenantza
2. kapitulua
Definizioak
8. artikulua. Definizioak.
-Eraikigarritasuna.
2. paragrafo berria erantsiko da.
"Ez dira eraikigarritasunerako kontatuko lehendik dauden eraikinen fatxadei gerora atxiki zaizkien bolumenak, hegalkin izan edo ez, baldin eta igogailu dorreak instalatu ahal izateko egin badira, Eraikuntzari eta urbanizazioari buruzko ordenantza honetan gai hori jorratzen den artikuluan aipatzen diren kasuetan. Ez dira kontatuko, halaber, familia bakarreko etxebizitza bakartu edo atxiki edo etxebizitza kolektibo finkatuetan itxitako balkoiak eta terrazak, hegalkinak izan edo ez".
-Igogailu dorreak.
Definitu beharreko kontzeptu berria; eraikuntzaren atzeraemangunearen eta hegalkinen artean sartu beharreko testua.
"Lehendik dagoen eraikin baten fatxadari atxikitako eraikuntza, zeinean sartzen ahal baitira, makineriak behar duen tokiaz eta igogailuaren kabina gora eta behera mugitzen deneko barrunbe edo hutsune bertikalaz gainera, igogailuan sartzeko eta handik irteteko plataformak, bai eta plataforma horien, eraikineko komunikazio gune bertikalaren eta kanpoaldearen arteko komunikazio gune osagarriak ere, horiek ezinbestekoak baldin badira. Igogailu dorreak ez dira kontuan hartuko eraikigarritasuna, bolumena edo okupazioa neurtzeko. Ez dute eraikineko fatxadaren kanpo lerrokadura nahitaezkoari jarraitu beharrik, eta barneko lerrokaduraren gehieneko sakonera gainditzen ahal dute, bai eta goiko solairuetan hegalkinetarako onartutako gehieneko hegala ere. Eraikinen kanpoaldeari atxikita igogailu dorreak eraiki ahal izateko, dela erabilera libreko espazio pribatu edo publikoan dela eremu publikoan, lizentzia lortu behar da. Horretarako aurretiazko kontsulta eginen da, eta xehetasun azterlana tramitatuko da, erabilera libreko espazio pribatua bada, edo plan berezia, erabilera publikoko espazioa edo eremu publikoa bada".
III. KAPITULUA
Eraikuntzaren baldintzak
1. atala
Bolumenari eta eraikuntzari buruzko baldintza orokorrak
11 bis artikulua. Atariko gela, erabilera komunekoa.
-Paragrafo berria testuaren azkenean.
"Erabilera komuneko gela, etxebizitza kolektibotarako eraikinetako atarietan, indarra duen Eraikuntzaren Kode Teknikoko DB-HS 2 agirian eskatzen den erreserbako gunearekin batu daiteke edo horren barnean sartu. EKTak erreserbako gune horretarako azalera gordetzeko eskatzen du, egunen batean herrian hondakin motaren bat atez ate biltzeko sistema ezartzen denean edukiontzien biltegirako tokia egon dadin".
2. atala
Irisgarritasuna
16. artikulua. Irisgarritasun baldintzak eraikin berrietan eta lehendik dauden eraikinetan.
-Testu aldatua:
"Nahitaez bete behar dira Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, hori garatzen duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua eta gai horri buruz nahitaez bete beharreko beste araudi indardun guztiak, eraikin berrietan. Lehendik dauden eraikinetan oztopo arkitektonikoak kendu ahal izateko, onartzen da igogailu dorreak egitea:
-Eraikinaren kanpoaldeko fatxadari atxikita lehen solairutik gora, eremu publikoa okupatu behar bada, edo beheko solairutik gora, igogailu dorrea erabilera pribatuko espazio librean edo erabilera eta jabari publikoko espazioan kokatzen bada.
-Barnealdeko patioko fatxadari atxikita sototik, beheko solairutik edo lehen solairutik gora, kasuaren arabera, erabilera pribatuko espazio librea okupatuz.
Igogailu dorreen bolumena, goiko solairuetan, Eraikuntzari buruzko ordenantzaren 11. artikuluan ("Eraikuntzatik kanpora irteten diren gorputz eta elementuak") ezarritakoa baino handiagoa izatea onartzen da. Fatxadaren nahitaezko lerrokadura edo barneko gehieneko sakonera aldatu beharko dira, ordea, eta horretarako xehetasun azterlana edo plan berezia tramitatuko da. Aldez aurretik hirigintzako kontsulta eginen zaie Udaleko zerbitzu teknikoei, honako baldintza hauek betetzen diren azter dezaten:
-Ezinezkoa izatea eraikinaren barnealdean indarreko arau eta legeek ezarritako parametroak betetzea, eta horien ordez teknikoki egokia den bestelako neurririk ere hartu ezin izatea eraikineko elementu komunetan. Soluzio hau onartu ahal izanen da, halaber, teknikoki egokiak diren ordezko neurriak bideragarriak izan arren, horien ondorioz eraikineko etxebizitzek lehendik dituzten biziegokitasun baldintzak galtzen badira edo okerrera egiten badute.
-Igogailu dorreak okupatuko duen espazioa hondarrekoa izatea, alegia, igogailu dorreak inguruko ibilbideetan eta ekipamendu publikoetan trabarik ez egitea, erabilera publikoko espazioan badago, edo ukipenik ez sortzea, espazio libre pribatuan badago.
-Hondarreko espazioaren neurriak eta azalera egokiak izatea igogailu dorrearen bolumenak eragiten duen oinplanoko okupaziorako, espazio horretara jotzen duten etxebizitzen biziegokitasun baldintzek okerrera egin gabe eta geroko berrurbanizazioa zaildu gabe.
-Ezarpen modu posibleen artean, etxebizitza guztietarako irisgarritasun ahalik eta handiena dakarrena proposatuko da. Salbuespenez, bizitegi kolektibotarako eraikinetako beheko solairuko etxebizitzei eskakizun hori kendu ahal izanen zaie.
-Igogailu dorreak oztopo arkitektonikorik gabeko sarbidea bermatuko du etxebizitzetaraino, eta eraikinaren baldintzak nabarmen hobetuko ditu.
-Dorreak oinplanoan okupatuko duen eremuan edo inguruetan ezkutaturik gera litekeen azpiegitura edo zerbitzurik ez egotea. Halakoren bat badago, instalazioaren onuradunek lekuz aldatu beharko dute beren kargura eta toki egokian kokatu beharko dute, ezarpenerako aurreikusitako eremutik kanpo.
Hirigintzako kontsultaren ebazpenean aurreko baldintza horietakoren bat betetzen ez dela adieraziz gero, ezin izanen da tramitatu igogailu dorrea ezartzeko behar den xehetasun azterlana edo plan berezia.
3. atala
Baldintza estetikoak
-Ordenantzaren atal honi 19 bis artikulu berria gehituko zaio, honela idatzita:
"19 bis artikulua. Hegalkinak eta terrazak ixtea bizitegitarako eraikin finkatuetan.
Baimentzen da balkoiak eta terrazak (hegalkinak izan edo ez) beiraz ixtea, familia bakarreko etxebizitza bakartu edo atxiki edo etxebizitza kolektibo finkatuetan, betiere obrako elementurik egiten ez bada. Horretarako, proposatu nahi den soluzioaren agiri teknikoak aurkeztu beharko dira. Soluzio bakarra izanen da eraikineko itxitura guztietarako; beraz, jabeen erkidegoak sinatu beharko ditu agiriok. Proposaturiko itxiturak eraikinaren konposizioa, materialak eta eraikuntza sistemak errespetatu beharko ditu, aldeko txostena eta lizentzia lortu ahal izateko."
6. kapitulua
Eraikuntzako baldintzak
65. artikulua. Tximiniak eta sutegiak.
-Hirugarren paragrafoari testu hau gehituko zaio:
"Etxeetako galdaretako gasa kanporatzeari dagokionez, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan xedaturikoa beteko da, eta gasa beti aterako da estalkiraino, ez fatxadaraino".
-Seigarren eta azken paragrafo berria:
"Beheko solairuko eta sotoko lokaletatik eraikinaren estalkiraino kea edo/eta gasa atera ahal izateko eta lokal horiek aireberritu ahal izateko, eraikuntza proiektuetan erauzpen edo/eta aireztapen zutabeak aurreikusiko dira, Eraikuntzaren Kode Teknikoan eta Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan ezarritako baldintzen arabera. Gainera, kontuan hartuko da etorkizunean beharrezkoa izan litekeela lokaletan kea eta gasa ateratzea estalkiraino, hodi bertikaletatik. Beraz, erabilera horretarako hodi bat eginen da lokalaren 100 m²-ko.
Estalkian tokia gorde beharko da beheko solairuko eta sotoko klimatizazio sistemari lotutako instalazioak etorkizunean kokatu ahal izateko."
Urbanizazioari buruzko ordenantzak
I. kapitulua
Obrak eremu publikoan
76. artikulua. Definizioak eta baldintza orokorrak.
-1. paragrafoaren testu aldatua:
"Eremu publikoko obrak dira bertan instalaturiko zerbitzuak eraiki, berritu, hobetu edo konpontzeko egin beharrekoak, bai eta oztopo arkitektonikoak kentzekoak ere, adibidez, igogailu dorreak ezartzekoak".
-6. paragrafoaren testu aldatua:
"Eskatzailearen kontura izanen dira obren ondorioz egin beharreko gastuak: Udalaren zaintza, zangak betetzea, lurra trinkotzea, hiri hornigarriak eta azpiegiturak lekuz aldatzea, zoladura lehengoratzea, berrurbanizazioa, eta abar.
-Ordenantzari artikulu berri bat erantsiko zaio, 84 bis artikulua. Hona hemen:
"84 bis artikulua. Irisgarritasunerako obrak eremu publikoan.
Eremu publikoan obrak egiteko udal lizentzia eman dadin, ezinbesteko baldintza hauek bete beharko dira:
-Frogatu behar da proiektaturiko obraren helburua dela lehendik dauden eraikinetara sartu ahal izatea oztopo arkitektonikorik gabe, indarra duen legeriak agintzen duen bezala, eta ezinezkoa dela obra egitea eremu publikoa ukitu gabe.
-Obrak zehatz-mehatz errespetatuko ditu udal zerbitzu teknikoen jarraibideak, bai kokapenari buruzkoak, bai erabili beharreko materialei buruzkoak eta gainerako guztiak. Kokapena zehazteko irizpide nagusia hauxe izanen da: hartu behar den eremu publikoaren egokitzapenak ez du trabarik sortu behar lehendik dauden ekipamendu publikoetan eta oinezko nahiz ibilgailuen ibilbideetan.
-Eraikin bakoitzaren hiri inguruneari egokitu beharra lehentasunezko irizpidea izanen da; hala, udal zerbitzu teknikoek beharrezkotzat jotzen badute, banakako jarduketek bat eginen dute indarreko legeriari ahalik ongien lotuko zaion proposamen orokor batean.
-Eraikuntza-soluzio zehatzaren diseinua eraikinaren ezaugarri arkitektonikoei eta hiri inguruneari egokituko zaie, ahalik eta ongien bermatuz haren integrazioa, bai eraikinean bertan bai inguruko hiri espazioan.
-Obrak ukitutako eremu publikoan, ez da ezein azpiegitura geldituko ezkutuan, mantentze, zaharberritze edo konponketa lanetarako irispiderik gabe. Beste aukerarik ezean, azpiegituraren trazadura aldatu beharko da, aurreikusitako jarduketa eremutik kanpora eramateko.
-Obrak eremu publikoa lehengoratu beharra sortzen baldin badu, arazo tekniko handirik gabeko lehengoratzea izanen da.
-Halaber, obren exekuzioa eta seinalizazioa, zoladuraren berritzea eta Udalaren kontrola direla-eta, honelako obrak kapitulu honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira, aplikatzen ahal zaien heinean.
Tafallan, 2009ko urriaren 8an.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.
Iragarkiaren kodea: L0924497