146. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AGOITZ

Deialdia, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Udal honek deialdia egin du, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, baldintza hauei jarraikiz:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragarri da, Agoizko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat igoera txanda murriztuan betetzeko, Udal bereko D mailako lan-kontratudun finkoen artean.

1.2. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko C mailari dagozkion oinarrizko lansariak izanen ditu.

1.3. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun, sari-ordainketa eta gainerako eskubideen araubidea ere. Hala ere, lanaldia noiznahi alda dezakete administrazio organo eskudunek; betiere, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Izendatuak deialdiko mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketei dagozkien lan eta eginkizun administratiboak betez eginen du zerbitzua, ekimen eta erantzukizun murriztuan eta bere mendean langileak izanik nahiz halakorik gabe. Aurreikusten da lan eta eginkizun horien artean idazteko makinak, kalkulagailuak eta ordenagailuak erabiltzea izanen dela. Orokorrean, mota guztietako administrazio lanak egin beharko ditu, baita Agoizko Udalak berariaz manatzen dizkionak ere.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, Gizarte Segurantzan kidetuko da eta bertan alta emanen zaio.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Agoizko Udaleko lan-kontratudun finkoa izatea eta D mailakoa izatea.

b) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

c) Adinez nagusia izatea.

d) Eskatutako titulazioa edukitzea, hau da, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako 2. gradua edo parekoa, eta D mailan bortz urtez egiazki ari izana frogatzea. Titulazioaren baldintza bete ezean, horren ordain izan daiteke frogatzea zortzi urtez ari izana talde horretan, Nafarroako administrazio publikoetan edo haien erakunde autonomoetan zerbitzu egiten.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

g) Hautapen probak gainditzea.

3.-Eskaerak.

3.1. Eskabideak Udalaren Erregistroan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu beharko zaizkio, eta haietan, eskabideak aurkezteko eman den epea bukatzen denerako, eskatzen zaizkien baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

3.2. Izangaiek deialdi honetako 2.1 puntuan ezarri diren beharkizunak betetzen dituztela frogatzen duten jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak aurkeztu behar dituzte eskabidearekin batera.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Agoizko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta behin haiek ebatzita direla, Agoizko Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta probak hasteko datarekin batera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Francisco José Enguita Moros, Agoizko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Angel García Ardanaz, Agoizko Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: Jesús María Mangado Beroiz.

Ordezkoa: María Eugenia Evalino Aranaz.

Mahaikidea: Juan Ignacio Zubiaur Carreño.

Ordezkoa: Paloma Muruzábal Sanz.

Mahaikidea: Pedro Machicot Aznar, sindikatuen ordezkaria.

Ordezkoa: María Isabel Rípodas Reclusa.

Mahaikide idazkaria: Francisco Javier Beaumont Larequi.

Ordezkoa: Carlos Echarte Urtasun.

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen erabateko gehiengoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzearekin batera finkatuko da oposizioko lehen ariketa egiteko eguna.

6.3. Ondotik, epaimahaiak eregelamenduaren arabera emanen ditu argitara gainerako proben egunak, Agoizko Herriko Etxeko iragarki oholean.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak ondotik ematen den baremoari jarraikiz baloratuko ditu merezimenduak. Horiek, eskabideak aurkeztearekin alegatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala egiaztatuak aurkeztu beharko dira, bertzenaz ez baitira kontuan hartuko.

7.2. Merezimenduak.

a) Eskatzen dena baino gehiagoko titulazio akademikoak: gehienez 5 puntu.

b) Prestakuntza ikastaroak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute: gehienez 20 puntu.

c) Euskaraz jakitea, ziurtagirien bidez edo, horiek gabe, maila zehazteko proba baten bidez frogatuta: gehienez 5 puntu.

7.2 atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa
izanen da.

7.3. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, horietako bakoitzak lehiaketaldian erdietsi dituen puntuekin.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa. Deialdiaren II. eranskineko gaien artetik zozketaz hautatzen diren biri buruz idatzi beharko da, gehienez ere 3 orduz. 0 puntutik 30era bitarteko balorazioa eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 15 puntu erdiesten ez dituztenak.

b) Bigarren ariketa. Zenbait kasu praktiko argitu beharko dira, administrari-ofizial batek egin beharreko berezko lanarekin lotuak. 0 puntutik 30era bitarteko balorazioa eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 15 puntu erdiesten ez dituztenak.

c) Hirugarren ariketa. Buruz buruzko elkarrizketa epaimahaikoekin. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu.

Oposizioko ariketa guztiak baztergarriak izanen dira, buruz buruko elkarrizketa salbu.

8.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak hamar eguneko epean ikusgai jarriko ditu, Agoizko Udaletxeko iragaki oholean, lortutako puntuazioak eta hurrengo ariketa egiteko eguna eta lekua.

8.3. Deialdi bakarra izanen da probetarako, eta haietara izangaiek nortasun agiri nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Agoizko Herriko Etxeko bulegoetan jendaurrean jarriko du, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko ere, probak gainditzen dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, lehiaketan eta oposizioan izangai bakoitzak ateratako puntuazioak batu ondotik. Izendapen proposamena ere eginen du.

9.2. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eta hartan adierazi ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo eskubide-gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik.

9.3. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta bere egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

9.4. 9.3. atalean aurreikusitako kasuan, Udalak 9.1. oinarrian aipatzen den zerrendako izangaiekin beteko du hutsunea.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozesua bukaturik, proposatutako izangaia Agoizko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko da.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horren barrenean eta ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Agoizko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.

11.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta egintzen aurka Nafarroako Toki Entitateentzat indarra duen legediak ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Agoitzen, 2009ko azaroaren 7an.-Alkatea, Francisco José Enguita Moros.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN zenbakia: .............; sorteguna: ............; sorterria: ............. (........), helbidea: ................, zenbakia: ................, posta kodea: ..........., herria: ....................., telefonoa: .....

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Eskatzen duela onartua izatea Agoizko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat igoera txanda murriztuan eta Udal bereko D mailako lan-kontratudun finkoen artean betetzeko deialdian.

Karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut eskabide hau onar dezazun eta horrenbertzez onar nazazun Agoizko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat igoera txanda murriztuan eta Udal bereko D mailako lan-kontratudun finkoen artean betetzeko deialdian.

(Eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak. Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera. Aipamen laburra.

2.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1983 Lege Organikoa. Izaera eta erranahia. Nafarroako Foru Erakundeen aipamen laburra.

3.-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Aipamen laburra.

4.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

5.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea.

6.-4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa.

7.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu publikoei buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L0926068