146. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLEXOA

Ordenantza, Olexoako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat, osorik ematen da argitara Olexoako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, Olexoako herritarren batzarrak onetsi baitzuen 2009ko ekainaren 17an egin bilkuran.

Behar ziren iragarkiak iragarki oholean argitaratu dira, baita 2009ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, uztailaren 27an. Inork ez du haren kontrako erreklamaziorik aurkeztu legezko epean, beraz, eta arestian aipatutako udal erabakiarekin bat etorriz, delako ordenantza behin betikoz onetsitzat hartu da.

Olexoan, 2009ko urriaren 30ean.-Alkate udalburua, Santiago Jesús Crespo Ganuza.

Ordenantza, Herrilurretako
aprobetxamenduak arautzen dituena

I. titulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Olexoako udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurretako ondasunen ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatua deusetan ukatu gabe.

II. titulua

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Olexoako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri ondasunen inguruan Olexoako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Olexoako Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Olexoako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. titulua

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Olexoako Udalak herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu.

8. artikulua. Olexoako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aitzinetik idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herrilurretako ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, ezaugarri hori adierazi beharko da.

9. artikulua. Olexoako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Olexoako Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Olexuako Udala ezin da herrilurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demandetan etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Udalbatzak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopururaren erabateko gehiengoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aitzinetik.

11. artikulua. Olexoako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da. Betiere, maizterrak administrazio bidetik botatzeko prozeduraren gaineko arauei jarraitu beharko zaie.

12. artikulua. Olexoako Herritarren Batzarrak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Olexoako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 26. artikuluak zehazten duen maneran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Olexoako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. titulua

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Zura eta egurra emateko aprobetxamenduak.

d) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Olexoako Udala ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

16. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Olexoan urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutienez, bizitzea.

d) Olexoako Udalarekin zerga betebeharrak eguneraturik izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Olexoako Herritarren Batzarrak argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. 1. Herrilurretako aprobetxamenduen enkanteetan esleitu gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, tasazioaren hasierako prezioa ehuneko hamar eta hogei merkeago jarrita, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierakoa baino merkeagoa izanen.

2. Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabortz egun natural lehenagotik gutienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herrilurren edo herrilarreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki entitatearen iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bortz egun lehenago, gutienez.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

18. artikulua. Laborantzarako herrilurretako aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Olexoako Udalaren zuzeneko ustiapena.

Olexoako Udalak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko prozesua.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

19. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, landalurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik dagokion zerga oinarria, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

20. artikulua. 1. Ereduko loteak ondoko azalera izanen du esleipen mota honetan:

-Lehorreko lurra: 50 erregu.

2. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, hau da, lehorreko 50 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, lehorreko 100 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, lehorreko 150 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea, hau da lehorreko 200 erregu.

21. artikulua. 1. Olexoako Udalak, kontuan harturik herrilurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaltzen ahalko ditu aitzineko hiru artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Olexoako Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutienez, banaketa mota honetarako.

22. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea gutienez ere 8 urtekoa izanen da. Hainbat urtetarako laborantzak badira, Olexoako Udalak baimendu ondotik, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

23. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo kanon hauek ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurrak: 7 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIren arabera. Nolanahi ere, kanonak Olexoako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutienez ere.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Olexoako Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Olexoako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Olexoako Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Olexoako Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Olexoako Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Olexoako Udalak ezintasun fisikorik edo bertzelakoren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurra kentze horretarako, aurretik Olexoako Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emanen zaio.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak udal diruzaintzan sartu beharko dituzte.

27. artikulua. Olexoako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztaketak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez denean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Olexoako Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

28. artikulua. 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Zuzenean esleitzen diren loteen azalera Olexoako Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, familia unitate bakoitzak dituen diru-sarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, esleipen hartzaileak nekazariak izanez gero.

30. artikulua. Esleipenaren epea 22. artikuluan adierazitako ber-
bera da.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurrak: 9 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako K.P.I. aplikatuz.

32. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen hartzaileak. Horretarako, 24, 25, 26 eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Olexoako Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

Toki entitateak behin-behinekoz esleitzen ahalko ditu aitzineko lerroaldean aipatzen diren erreserbako lurrak, baina esleipen horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen bertze onuradun berriren bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da dagokion baldintza suntsiarazlea.

34. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

Olexoako Udalak zozketaz ematen ahalko die 400 metro karratuko lurzatia hala nahi duten familia unitateen titularrei, familia baratzetako edo gisako aprobetxamendutako, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskatzailea ez da ureztalurren jabe izaten ahal.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 25, 24, 26 eta 27. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena 8 urterako izanen da.

d) Kanona 0,025 euro/lurzatia izanen da. Proposatzen den kanon hori urtero egokituko da, gehienez ere nekazaritzako KPIren arabera.

Olexoako Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Udal edo Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

36. artikulua. Olexoako Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Olexoako Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleipen bidea

37. artikulua. Olexoako Udalak erabakia hartu ondotik, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Olexoako Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoan. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

38. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, bertzeak bertze honako hauen gainekoa:

a) Herriko bizilaguna dela, gutienez urtebeteko antzinatasuna izanik eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizi dela.

b) Udal/Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Familia unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai Olexoako Udal honetan bai bertzetan, eta lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak ote diren zehaztuz.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugape honetakoak bai bertzeetakoak, familia unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua eta espeziea adieraziz.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Olexoako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

39. artikulua. Herritarren batzarrak proposaturik, esleipen modu bakoitzera -lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa- onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

40. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Olexoako Udalaren iragarki oholean paratuko dira 10 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

41. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Herritarren Batzarrak, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

42. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak esleituko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 20. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Olexoako Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 29. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunetan, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Olexoako Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

43. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

44. artikulua. Olexoako Udalaren herrilarreek ustiapen unitatea osatzen dute bertze finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, eta bazkatoki hauetan banatzen da:

a) Mendiko bazkalekua, 200 hektareakoa, nonbait hor.

b) Uztondoko bazkalekua, 250 hektareakoa, nonbait hor.

45. artikulua. Olexoako Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako esleipen zuzenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan esleituz.

46. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Olexoako Udalaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

47. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

48. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

49. artikulua. Olexoako Udalak honela jotzen du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua:

a) Mendiko bazkalekua, 300 behi buru.

b) Uztondoko bazkalekua, 1000 ardi buru.

Honi dagokionez, Olexoako Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:

Behor buru 1 da 6 ardi buru adina.

Behi buru 1 da 6 ardi buru adina.

50. artikulua. Kontuan hartuz zenbat azienda hartzen ahal duen, baita larreen aberastasuna,eta eskortarik dagoen ala ez, Olexoako Udalak esleipen prozedura hastean finkatuko du kanona, kontuan harturik larreen balio errealaren %80tik %90era bitartekoa izan behar dela.

51. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herrilarre hauek probesten dituzten azienda motendako.

52. artikulua. Urte bakoitzari dagokion saria bi epetan ordainduko da:

-Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

-Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

53. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 10 eguneko epean esleipenaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %10 utzi beharko du fidantzatako.

54. artikulua. Olexoako Udalak larre guztien bortzena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen badira ere.

55. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herrilurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion Foru Legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

56. artikulua. Nekazari eta abeltzainei kalterik ez egiteko, Olexoako Udalak finkatuko ditu herriko usadio eta ohiturek kontu hauen gainean ezartzen dituzten baldintzak: euriondoak, uzta bildu ondoan aziendak sartzeko epea, luzerna, orburu, arto, mahasti eta abarretan sartzea, uztondoak goldatzeko epea, eskortak garbitu eta zaintzea, simaurraren jabetza, bazkaleku bakoitzari aziendek edateko dagokion idoia etab.

57. artikulua. Prozedura. Olexoako Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipen zuzena eska dezaten, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki entitatearen iragarki oholean.

58. artikulua. Olexoako Udalak behin-behinekoz esleituko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Guztira irabazpide urrien dituzten familia unitateek izanen dute lehentasuna.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkatoki esleitzen ahal zaizkio, betiere abelburu aski baditu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

59. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

60. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

V. KAPITULUA

Zura eta egurra emateko aprobetxamenduak

61. artikulua. Herri-mendietako aprobetxamenduak oihanen arloan foru araudiak ezarritako baldintzen eta baimenen arabera eginen dira. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan oihanen arloko eskumena duen departamentuak, toki entitateak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruzko txostena emanen du. Balorazioa orientabide modura eginen da eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki entitateak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, betiere salmenta inola ere onartu gabe.

62. artikulua. Olexoako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hau, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

63. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira.

64. artikulua. Toki entitateak, Foru Komunitateko Administrazioak baimendu ondoren, oihan loteen aprobetxamenduak ematen ahalko ditu, bertako usadio eta ohituren arabera. Ordenantza honen 16. artikuluan aipatu baldintzez gain, honako hauek ere eskatuko dira:

a) Onuradunak izan daitezke familia unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutieneko soldataren %30etik beheti jasotzen duten bizilagunak edo familia unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.

Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

b) OInarrizko lotearen bolumena izanen da bortz metro kubiko etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak oinarrizko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

-Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

-Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 1,5 koefizientea.

-Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

-Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 2,5 koefizientea.

-Lote guztiek ez dute inolaz ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

c) Toki entitateak, bere herri ondasunen ezaugarriak eta udalerriko baldintza sozialak kontuan hartuta, proportzionalki eta justifikatuta beheititu ahal izanen dute a) eta b) letretan ezarritakoa, baina ez goititu.

d) Oihaneko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu, toki entitateek batera ustiatu beharko baitituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoan.

65. artikulua. 1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, 17. artikuluan eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoarekin bat, azpiatal honetan ezarritako berezitasunei jarraikiz.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, bigarren enkantea eta, beharrezkoa bada, hirugarrena ere egin ahal izanen dira; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta % 30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, Olexoako Udalak eskaintza berri bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio oihan administrazioari. Halakoetan, toki entitateak ordenantza honen 75. artikuluan xedatuari jarraikiz besterentzen ahalko ditu zur eta egurretako aprobetxamenduak.

66. artikulua. 1. Olexoako Udalak eskatuta, zur eta egurretako oihan aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Zenbait toki entitateren zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean bildu ahal izanen dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, salmenta-zentralak erabili ahal izanen dira, kontratu publikoei buruzko foru legeriak eta Foru Lege honek salmenta-zentraletarako xedatutakoari jarraikiz.

67. artikulua. 1. Olexoako Udalak esparru-akordioak egin ahal izanen ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretako produktuen aprobetxamenduari dagokionez. Esparru-akordioetan gutienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamenduz garatuko da.

Osagarri moduan, eta zur eta egurretako produktuak saltzearen ondorioetarako, kontratu publikoei buruzko foru legeriak xedatutakoari erreparatuko zaio.

68. artikulua. 1. Olexoako Udalak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu, enkantearen tramitea egin gabe, kasu hauetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herrilanetarako edo frogatutako urgentzia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

c) Oihaneko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

d) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166.3 artikuluan edo ordenantza honen 72.3 artikuluan jasotzen diren kasuetan.

2. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) eta c) letretan aurreikusten diren kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan oihanen arloko eskumena duen departamentuak txostena egin beharko du eta loteslea izanen da.

69. artikulua. Zur eta egur aprobetxamenduarengatik ordaindu beharrekoa urtero finkatuko du Olexoako Udalak bere aurrekontu arruntean.

70. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko/Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

VI. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

71. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

72. artikulua. Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri gogo den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Olexoako Udalak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, aldez aurretik gutienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea beharrezkoa izanen da.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

73. artikulua. 1. Olexoako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Osoko Bilkuraren erabakia, edo toki entitateko gobernu eta administrazio organo gorenarena, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Olexoako Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aitzinetik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. titulua

Arau-hausteak eta zehapenak

74. artikulua. Olexoako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

75. artikulua. Esleipen hartzaileari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea ezertan ukatu gabe, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruiturik.

76. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

77. artikulua. Administrazio arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Aprobetxamenduen kanonak Olexoako Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

b) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

c) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

d) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

e) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak etab.) udal baimenik gabe egitea.

f) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Bertze lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.

i) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

j) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bertzelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herrilurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

k) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez paratzea, kasua denean.

l) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako bertze edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

c) Esleitutako larreak lagatzea edo errentan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

e) Asmo gaiztoz, Olexoako Udalari ez ematea esleipen baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

f) Abereek edateko idoietatik ura hartzea ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

g) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

78. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteak egiteagatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

79. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko ditu:

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, esleipena kendu eta bertze bi esleipen alditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

80. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

81. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

82. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Larre eta belarren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, Udalak 1987ko apirilaren 23an egin bilkuran onetsi zuena.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.-Olexoako Udalak ordenantza hau eta honen babesean emandako esleipenak interpretatuko ditu, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L0925995