138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

486/2009 EBAZPENA, urriaren 26koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta zuzendaria izendatzeko jarraibideak onesten dituena.

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluetako kideak eta zuzendaria berritzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onets dadin.

Alderdi horiek Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikulutik 59.era bitartekoetan araututa daude.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak Eskola Kontseilua eratu beharko duela eta zuzendaria izendatu. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du Eskola Kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Gainera, martxoaren 31ko 89/1998 Foru Aginduak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntzako itun berezi partzialen araubidea 1998-99 ikasturtetik aurrera aplikatzeko arauak ematen dituenak, bere seigarren puntuko 4. atalean ezartzen du ezen "itundutako ikastetxearen titularra beharturik dagoela uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluak eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 26.ak aipatzen dituzten gobernu organoak edukitzera. Gobernu organo horiek indarra duen araudiari jarraikiz eratu eta berrituko dira eta halaberean erabiliko dituzte beren eskumenak".

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko arauak zehaztea, bai eta agintaldia orain bukatzen duten ikastetxe horietako zuzendariak berritzeko prozedurarako arauak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta, hala behar izanez gero, zuzendaria izendatzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I.-Aplikazio eremua:

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

-Beren Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

-Beren Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delako.

-Zuzendaria berritzea, haren agintaldia bukatzeagatik.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.-Hautapen prozesua prestatzea:

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Erroldak datu hauek bildu beharko ditu: bozkatzeko eskubidea duten pertsonen izena, deiturak eta NANa edo agiri baliokidea. Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxeko ikasleen aitak eta amak daukatela edo, halakorik izanez gero, legezko ordezkariak.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.-Hauteskunde Batzordea:

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 11tik aitzina. Hauteskunde Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

-Irakasle bat.

-Ikasle baten aita, ama edo legezko ordezkari bat.

-Ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.

-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

-Ikastetxeko titularra edo bere ordezkaria.

Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

2. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

3. Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea. Hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar da gutxienez.

f) Boto paperen ereduak onestea, egokia izanez gero.

g) Hauteskunde mahaien eraketa bultzatzea.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza Departamentura igortzea.

IV.-Hauteskunde mahaiak:

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira.

Hauteskunde mahaiek bozketa arautu, hauteskundearen garbitasuna zaindu eta botoak kontatuko dituzte.

2. Irakasleen hauteskunde mahaia ikastetxeko zuzendariak, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean urte gehien egin dituen irakasleak eta urte gutxien egin dituenak osatuko dute. Azken horrek idazkari lana eginen du. Antzinatasun bereko irakasle batzuk baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Haietatik gazteenak idazkari lana eginen du.

4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta zozketaz aukeratutako bi ikasle (DBHko 1. mailatik aurrera) izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta, langileen artetik, ikastetxean antzinatasun handiena daukana eta antzinatasun txikiena daukana izanen dira. Azken horrek idazkari lana eginen du. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.-Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak:

1. Sektore bateko kide guztiek hautesle eta hautagai izateko eskubidea dute. Hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izaten ahalko da, baina bietarako hautatzen badute bakar baten ordezkaritza hartu beharko du.

2. Ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak honako kide hauek osatuko dituzte:

-Zuzendaria.

-Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

-Ikastetxea dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat.

-Irakasleen lau ordezkari.

-Ikasleen gurasoen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta kide gehien dituen guraso elkarteko ordezkari bat ere.

-Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailatik hasita.

-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetan edo ikasleen %25 gutxienez Berariazko Lanbide Heziketako ikasketetan ari den ikastetxeetan, ikastetxearen jarduketa eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat lotzen ahalko zaio Eskola Kontseiluari, hitza duela baina botorik ez.

4. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, Eskola Kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

5. Eskola Kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza (horietan ez dira sartzen ikastetxean kide gehien dituen guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa, Udaleko zinegotzia edo ordezkaria eta ikastetxearen jardun eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeko ordezkaria), zati bat berritzeari begira, ebazpen honen eranskinean azaltzen den moduan eratuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

-Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.

-Irakasleen bi ordezkari.

-Gurasoen ordezkari bat.

-Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada.

-Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.

b) Bigarren erdia:

-Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.

-Irakasleen bi ordezkari.

-Gurasoen bi ordezkari.

-Ikasleen ordezkari bat, halakorik bada.

-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

6. Lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, ebazpen honen aurreko atalean erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osaketaren arabera.

7. Hautagaien zerrenda modu formalean aurkeztu behar da. Horretarako idazki bat igorri behar zaio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikirik.

8. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

9. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.-Hauteskunde prozesua:

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2009ko azaroaren 23tik abenduaren 16ra bitarte, biak barne, eginen dira.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte hartze handienari begira paratuko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan kasu, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira.

4. Gurasoek eta irakasleek hiru izen jarriko dituzte gehienez beren boto paperean bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

Ikasleek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta hezkuntza-arreta osagarriko langileek izen bakarra jarriko dute beren boto paperean.

5. Ikasleen gurasoek botoa posta bidez eman dezakete. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, ikastetxeko Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren edo agiri baliokide baten fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal frankeatu bat igortzen ahalko dute edo gutun-azal bikoitza Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartu. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta ordu hori iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

6. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria Eskola Kontseiluko lehen erdiko parte izanen da eta bere kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.-Postu hutsak betetzea:

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren hutsuneak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Hutsuneak esleitzerakoan, agintaldia beranduen bukatzekoa duen kide ordeztuaren hutsunea esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatzen diren ordezkariek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiei berritzen den erdiko postuak esleituko zaizkie eta hurrengoek beste erdiko hutsuneak beteko dituzte. Azken ordezkari hauek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.

VIII.-Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea:

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondo eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen direnek ez dute baliorik izanen.

Botoak ekitaldi publikoan kontatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagaien zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeburua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopia igorri beharko du Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren eta Tituluen Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta bi eskola eguneko epean.

IX.-Kide izendatuak:

1. Hauteskunde Batzordeak Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezatela eskatuko die ikastetxea dagoen herriko Udalari, ikastetxean kide gehien dituen guraso elkarteari eta, hala denean, ikastetxearen jardun eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeari.

2. Udaleko zinegotzi edo ordezkariaren kargua bi urterako izanen da, hau da, Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean berrituko da. Udalak erabakiz gero, ordezkari horrek kargua utziko du.

3. Gurasoen elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hauteskunde erroldan agertu beharko du. Horren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

4. Ikasleen gurasoen elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du toki hori, Eskola Kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.

5. Kasuan kasuko irakaskuntza itunduetan guraso gehien afiliaturik dituen elkartea izanen da ordezkari gehieneko guraso elkartea.

6. Ikastetxearen jardun eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari horrek kargua utzi beharko du izendatzen duen enpresaburuen erakundeak edo ikastetxeko titularrak horixe erabakitzen badu.

X.-Eskola Kontseilua eratzea:

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko sei egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako dei eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek -sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik- ordezkariak hautatu gabe izan.

XI.-Hezkuntza-arreta osagarriko langileak:

Hezkuntza bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluko kide.

XII.-Zuzendaria izendatzea:

1. Eskola Kontseilua eratu ondoren eta, betiere, 2010eko otsailaren 10a baino lehen, zuzendaria hautatuko da, kide bakarreko organo hori, kargualdia iraganik, berritu beharra duten ikastetxeetan.

2. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz izendatuko da zuzendaria, eta hiru urteko kargualdia izanen du.

3. Zuzendaria izendatzeko erabakia Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, izendapena egin eta 10 eguneko epean. Erabaki horretan zuzendari berriaren izen-deiturak agertuko dira.

XIII.-Prozesua bateratzea:

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan Eskola Kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XIV.-Prozesuaren bermea:

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta Hauteskunde Batzordeak hautapen prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanez.

2. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Eskola Kontseiluak eratu eta ikastetxe itunduetako zuzendariak hautatu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio, ebazpen honetan ezartzen diren epeetan.

Bigarrena.-Ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.-Ebazpen hau eta eranskinak Ikasketak Antolatzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Antolamenduaren eta Tituluen Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.-Ebazpen honek eta eranskinek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2009ko urriaren 26an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea, ikastetxe itunduetan. (2009-2010)

1.-IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK:

Izena: ..........................................................................................................................................................

Herria: .........................................................................................................................................................

Helb. elek.: ..................................................................................................................................................

Telefonoa: ..............................................................................

Faxa: ......................................................................................

Eskaintzen duten irakaskuntza:

? Haur Hezkuntza.

? Lehen Hezkuntza.

? Bigarren Hezkuntza.

? Lanbide Heziketa.

? Batxilergoa.

? Hezkuntza Berezia.

2.-ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA:

? * Kontseiluaren lehenbiziko hautaketa.

* Kontseiluaren zati bat berritzea:

? 1. erdia (2 irakasle, aita/ama 1 eta ikasle 11, HAOL 1).

? 2. erdia (2 irakasle, 2 aita/ama, ikasle 11 eta AZL 1).

(1) DBHko 1. mailatik hasita.

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete).

? Irakasleen sektorea.

? Gurasoen sektorea.

? Ikasleen sektorea.

? Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

3.-AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua):

Irakasleak

Gurasoak

MOTA2

IZENA

BOTOAK

MOTA2

IZENA

BOTOAK

Ikasleak

AZL / HAOL

MOTA2

IZENA

BOTOAK

MOTA2

AZL / HAOL

IZENA

BOTOAK

(2) RE: Berritu behar den erdirako hautatutako ordezkaria; CV: Sektoreak osatzeko hautagaia; CS: Ordezkoen zerrendarako hautagaia.

4.-HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK:

Irakasleak

Gurasoak

Ikasleak

AZL

HAOL

Errolda osoa:

Boto emaileak (Kopurua eta %):

Erdi bakoitzerako aurten hautatutako izangaien kopurua:

1. erdia

2. erdia

1. erdia

2. erdia

1. erdia

2. erdia

2. erdia

1. erdia

5.-ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA:

5. a) Eskola Kontseiluko kide ez-hautetsiak:

Kontseiluburua: ................................................................................................................................................................................................................................................

Ikastetxeko titularraren ordezkariak3:

1.- ....................................................................................................................................................................................................................................................................

2.- ....................................................................................................................................................................................................................................................................

3.- ....................................................................................................................................................................................................................................................................

Kide gehieneko guraso elkartearen ordezkaria4 5: ...........................................................................................................................................................................................

Udaleko zinegotzi edo ordezkaria5: .................................................................................................................................................................................................................

Enpresaburuen erakundearen ordezkaria5 6: ...................................................................................................................................................................................................

(3) Lehenbiziko bi ordezkariak 1. erdikoak izanen dira eta hirugarrena 2. erdikoa.

(4) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du hutsunea.

(5) Bi urtetik behin berritzen da.

(6) 300 ikasle baino gehiago dituzten eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetarako, edo ikasleen %25 gutxienez lanbide heziketako ikasketetan ari den ikastetxeetarako.

5. b) Eskola Kontseiluko kide hautetsiak:

1. erdiko kideak

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

HAOL

2. erdiko kideak

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

AZL

6.-ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua):

Irakasleak

Gurasoak

Ikasleak

AZL

HAOL

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

7.-HAUTESKUNDE MAHAIAK:

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

.........(e)n, 2009ko ......aren ....(e)an

Ikastetxeko zuzendaria

F0925154

Iragarkiaren kodea: F0925154