138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1759/2009 EBAZPENA, urriaren 22koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Cordovillako (Galar) eta Iruñeko mugapeetan, PD-8 eta PT-2 lurzatietan, etxebizitza babestuen bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onesten duena. Sustatzaileak Avanco, S.A. de Gestión Inmobiliaria eta Construcciones Sanzol, S.A. dira.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak abuztuaren 17an emandako 1319/2009 Ebazpenaren bidez, Cordovillako (Galar) eta Iruñeko mugapeetan, PD-8 eta PT-2 lurzatietan, etxebizitza babestuen bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera eman zitzaion. Sustatzaileak Avanco, S.A. de Gestión Inmobiliaria eta Construcciones Sanzol, S.A. dira. Ebazpen hori eman zen Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluak ezarritakoarekin bat, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeari buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legeak ezarritako testu berriaren arabera. Artikulu horrek ezartzen du Udalez gaindiko Plan Sektorialen determinazio xehakatuen aldaketak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onetsi beharko dituela, hilabetez jendaurrean egon ondoren eta ukitutako udalei entzunaldia eman ondoren.

UPSa aldatzearen helburua da PD-8 lurzatia (hezkuntzarako erabilera pribatukoa) handitzea, hirugarren sektorerako den PT-2 lurzatiaren kaltetan, izan ere, egun duen azalera ez da nahikoa hezkuntza ziklo guztiak biltzen dituen hezkuntza programa bat aurrera eramateko. Aldaketa eginda ere, ez da aldatuko ukitutako bide-sare publikoaren eremua, eta erabilera koefizienteen arabera lurzati horiei esleitutako guztirako aprobetxamendu bateratuak ere berdin segituko du. Hortaz, ez da eredu-aprobetxamendua aldatuko, ez eta UPSaren beste ezein egiturazko determinazio ere.

Aipatu den ebazpena 2009ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 28an, eta espedientea jendaurrean egon den denboran ez da alegaziorik jaso.

Bestalde, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2009ko urriaren 16ko txostenean adierazi du proposatu den aldaketak ez duela gorabehera garrantzizkorik sortuko Ingurumen ondorioen adierazpenean (aldekoan) jada kontuan hartu diren ingurumen alderdietan. Adierazpen agiri hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 390/2009 Ebazpenaren bidez eman zen.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Cordovillako (Galar) eta Iruñeko mugapeetan, PD-8 eta PT-2 lurzatietan, etxebizitza babestuen bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onestea. Sustatzaileak Avanco, S.A. de Gestión Inmobiliaria eta Construcciones Sanzol, S.A. dira.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Galarko eta Iruñeko udalei eta espedientearen sustatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urriaren 22an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F0925062