138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Udal ordenantza, Aurizko polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duena. Behin betiko onespena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da eta, beraz, argitara ematen da Polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantza, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko abuztuaren 6ko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, abuztuaren 28an, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Auritzen, 2009ko urriaren 20an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

UDAL ORDENANTZA, POLIZIA ADMINISTRATIBOAREN
ARLOKO ZEHAPEN PROZEDURA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Aurizko Udaleko sustapenaren eta polizia administratiboaren gaineko udal ordenantzen eta bandoen aurkako arau-hausteetan ezarritako prozedurak, zehapen ahalmenaren ondoriozkoak, arautzea du xede ordenantza honek, prozedura espresik eta berariazkorik ez badute.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Udal ordenantza hau zehapen prozedura berariazkorik ez duten udal ordenantza guztietan aplikatuko da.

Orobat izanen da aplikatzekoa Auritzen zehapen araubide berariazkorik ez duten ordenantzetan edo ordenantza honen edukiarekin bateragarria den araubidea duten ordenantzetan.

3. artikulua. Arau-hausteak.

Aipatu udal ordenantzetan zehaztutako jokabide guztiak arau-hauste arin, larri edo oso larriak izanen dira.

4. artikulua. Zehapenak.

Honela zehatuko dira polizia administratiboaren gaineko ordenantzen aurkako arau-hausteak:

-Arinak, 399,99 euro bitarteko isunarekin.

-Larriak, 1199,99 euro bitarteko isunarekin.

-Oso larriak, 3.000 euro bitarteko isunarekin.

Auritzen zehapen araubide berariazkorik ez duten ordenantzen aurkako edo ordenantza honen edukiarekin bateragarria den araubidea duten ordenantzen aurkako zehapenek, artikulu honetan zehazten diren kopuruak izanen dituzte.

Orobat, jarduera aldi baterako edo betiko bertan behera uzten ahal da nahiz baimena aldi baterako edo betiko kendu, baita hainbat ordenantzatan zehaztutako neurriak hartu ere, ordenantza honen 2. artikuluan jaso bezala.

5. artikulua. Zehapenen graduazioa.

1.-Zehapenak ezartzeko, isunen zenbatekoa graduatzerakoan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Egindako arau-hausteek gizartean zer eragin eta kalte duten.

b) Arau-haustea noraino den nahita egina.

c) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

d) Lortu den onuraren zenbatekoa.

2.-Aurretik, polizia administratiboaren arloko arau-hauste larriago bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi egiteagatik, erantzuleari zehapen irmoa ezarri bazaio bide administratiboan eta zehapena preskribatutzat jotzeko epea iragan ez bada, arau-haustea errepikatutzat hartuko da.

3.-Aurretik, tankera bereko arau-hauste bat edo gehiago egiteagatik, erantzuleari zehapen irmoa ezarri bazaio bide administratiboan eta zehapena preskribatutzat jotzeko epea iragan ez bada, arau-haustea berriro egindakotzat hartuko da.

4.-Ordenantza honek aurreikusitako edozein zehapen ezartzeagatik ez da erantzukizun zibila baztertzen, ezta zehatuak kalte-galerengatik ordaindu beharko lukeena ere.

6. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste arinek 6 hilabeteren buruan preskribatzen dute, larriek urtebetean eta oso larriek bi urteren buruan. Arau-hauste arinengatiko zehapenek urtebetean preskribatzen dute, larriek bi urteren buruan eta oso larriek hiru urteren buruan, irmo bihurtzen direnetik hasita.

7. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 72 eta 136. artikuluetan agindutakoari jarraituz, zehapen prozedura hasten ahal duen organo eskudunak edozein unetan hartzen ahal ditu beharrezko behin-behineko neurriak ebazpena eraginkorra izan dadin, prozedura behar bezala buka dadin eta interes orokorrak defenda daitezen; orobat, arau-haustearen ondorioak galarazteko behar direnak eta, betiere, legezkotasuna betetzen dela bermatzeko.

Behin-behineko neurri horiek aiseago har daitezen, agintaritzako agenteek organo eskudunaren esku uzten ahal dituzte arau-hausleak aldean daramatzan ondasunak edo fidantza, horrek helbide ezagunik ez badu udalerrian.

8. artikulua. Zehapena murriztea borondatez ordainduta.

Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurzkezten bada.

Deskontuz ordainduz gero, prozedura bukatutzat joko da, ebazpen espresik eman beharrik gabe.

9. artikulua. Zehapen prozedura hastea.

Beti, Udaleko organo eskudunak hasiko du prozedura, ofizioz edo salaketa bidez egindako jarduketen ondorioz.

Espedientea hasten duen ebazpenean honako hauek agertuko dira, gutxienez ere:

a) Ustez erantzuleak direnen identifikazioa.

b) Prozedura irekitzera eraman duten gertaerak, laburki azalduak, eta izan ditzaketen kalifikazioa eta zehapenak, instrukziotik atera daitekeena galarazi gabe.

c) Espedientearen instruktorea, errefusatzeko araubidea espres adierazita.

d) Zein den espedientea ebazteko organo eskuduna eta zein arauk ematen dion eskumen hori, ustezko erantzuleak erantzukizuna bere borondatez aitortzeko duen aukera adierazita, ordenantza honen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

e) Organo eskudunak, edo instruktoreak, prozedura hasteko hartzen ahal dituen behin-behineko neurriak.

f) Alegazioak egiteko eskubidea, baita frogabidea proposatzekoa eta hartarako epeak ere.

g) Aurreikusitako epean, prozedura hasieraren edukiari buruz alegaziorik egiten ez bada, hasiera hori ebazpen proposamentzat hartzen ahal dela ohartaraziko zaio ustezko erantzuleari jakinarazpenean, eta abuztuaren 4ko 1389/1993 Errege Dekretuaren 18 eta 19. artikuluetan jasotako ondorioak izanen dituela.

10. artikulua. Frogabidea.

Arau-haustea eratzen duten gertaerak eta izan daitezkeen erantzukizunak zehazteko egokitzat jotzen diren froga guztiak eginen dira ofizioz, edo interesdunak proposatuta onartuko dira. Gertaerekin duten lotura dela eta, azken ebazpena ustezko erantzulearen aldera eraman ezin dutenak bidegabeak direla deklaratzen ahal da.

11. artikulua. Ebazteko proposamena eta entzunaldia.

Frogabidea bukaturik, espedientearen instruktoreak ebazpen proposamena eginen du; hartan, gertaerak arrazoituta agertuko dira, zein ematen diren frogatutzat eta zein kalifikazio juridiko duten zehaztuko da, zein arau-hauste dagokien argituko da, baita nor diren erantzuleak ere, eta proposatzen den zehapena adieraziko da; bertzenaz, arau-hauste edo erantzukizunik ez bada, espedientea artxibatzeko proposatuko da.

Interesdunei ebazpen proposamena jakinaraziko zaie, eta prozedura ikusgai dutela adieraziko. Prozeduran baliatutako dokumentuen zerrenda erantsiko zaio jakinarazpenari, interesdunek egokitzat jotzen dituztenen kopia eskuratu dezaten, eta hamabortz eguneko epea emanen zaie alegazioak egiteko.

Entzunaldirik gabe utz daiteke, interesdunak aurkeztutako gertaera, alegazio eta frogak baino ez daudenean prozeduran, edo horiek bakarrik hartzen badira kontuan.

12. artikulua. Ebazpena emateko epea.

Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.

Zigor jurisdikzioak gertaeren berri izanda prozedura bertan behera uzten bada, eten eginen da iraungitzeko epea, eta berriro abiatuko da urtebetea egiteko behar duen denbora arte, irmo bihurtu eta ebazpen judiziala organo eskudunari jakinarazi ondoren.

13. artikulua. Ebazpena.

Organo eskudunak ebazpena emanen du; arrazoituta egon beharko du eta espedientean planteatutako gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du prozeduran aztertu ez den gertaerarik onartuko, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

14. artikulua. Ebazpenaren ondorioak.

Bide administratiboa bukatzen duten ebazpenak betearazleak izanen dira berehala.

Zehapena hilabetean ordaindu beharko da, gehienez ere, bide administratiboan irmo bihurtu eta biharamunetik aitzina.

15. artikulua. Ordaina ematea eta kalte ordainketa.

Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Aurizko Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

16. artikulua. Prozedura erraztua.

Arintzat jotako arau-hausteen kasuan zehapen ahalmena erabiltzeko, ondoko artikuluan araututako prozedura erraztua tramitatuko da.

17. artikulua. Tramitazioa.

1. Agintaritzako agenteen akta edo salaketa ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta ohartaraziko, hamar eguneko epean alegatzen ahal duela komenigarritzat jotzen duena, baita egokiak iruditzen zaizkion frogak proposatu ere.

2. Interesdunaren alegazioak aztertu eta hark eskatutako frogak eginik, nahiz zehapena ezartzeko organo eskudunaren ustez beharrezkotzat jotzen direnak, bidezko ebazpena emanen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira udal ordenantza hau ukatu edo haren aurka diren sustapenaren eta polizia administratiboaren gaineko udal ordenantza guztietako artikuluak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau ez zaie aplikatuko hark indarra hartu aurretik hasitako zehapen prozedurei, aurreko araudiari jarraituz bideratuko baitira.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L0925147