138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SARTAGUDA

Deialdia, Sartagudako Udalerako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Oinarriak

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako langile izateko lanpostu bat lan-kontratu finkoarekin betetzea oposizio-lehiaketaren bidez, Sartagudako Udaleko plantilla organikoan sar dadin.

1.2. Deialdi honen ondorioz hautatua gertatzen dena Sartagudako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua izanen da, D mailakoa, karguaz jabetzen den egunetik hasita.

1.3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean ezarritako D mailari dagozkion lansariak izanen ditu eta plantilla organikoan esleitzen zaizkion lansari osagarriak jasoko ditu, hala behar badu.

1.4. Sei hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, baldin eta denbora horretan Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.5. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko.

1.6. Lanaldia osoa izanen da eta araudi aplikagarrian ezarria dagoenari lotuko zaio, baita opor, jaiegun eta gainerako eskubideei dagokienez ere. Hala ere, lanaldia noiznahi alda dezakete administrazio organo eskudunek; betiere, zerbitzuaren beharren arabera.

2.-Eginkizunak:

2.1 Udal eraikinetako iturgintza eta berokuntza lanak, eta orobat hornidura sarekoak, saneamenduaren eta euri uren sarekoak, ur biltzontziarieta ura biltzeko putzuari dagozkionak, Udalaren ardura badira, eta kontsumorako ura egunero kontrolatzea, baita kontsumorako uraren biltontziaren maila kontrolatzea eta uraren kontagailuaren irakurketa.

2.2. Udal lantaldearen lan berariazkoak, igeltserotzako lan tikiak, Udalaren eraikin, instalazio eta ondasunetako mantentze, zaintze eta garbitze lanak, berdeguneei dagozkienak etab.

2.3. Hilerriko mantentze lanak, eta eri direnean edo oporretan daudenean, ehorzlearen eta hilerriko arduradunaren ordez aritzea.

2.4. Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatuei dagokiena.

c) Eskola ziurtagiriaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.

f) B1 motako gidabaimena izatea.

3.2. Aipatu baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute izangaiek, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan hautapen prozesuak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Sartagudako Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar (30) egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Hura Sartagudako Herriko Etxean egonen da eskura. Horietan, izangaiek adierazi beharko dute probetan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

4.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia egiaztatua.

b) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri jatorrizkoak, edo, horrela egiaztatzea ezinezkoa denean, baloratzea nahi diren titulu, frogagiri eta bertzelakoen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatu ahal izateko jatorrizko agiriarekin batera aurkeztu beharko da).

4.3. Eskabideak eta agairiak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bururaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idatzia aurkezturik Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duena, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da. Gainerako proben iragarkiei dagokienez, aitzineko proba non egin den, toki hartaxeko eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da hurrengo probaren iragarkia, gutienez ere 48 ordu lehenagotik argitaratu ere, hasitako proba baten segida denean izan ezik, halakoetan gutienez ere 24 ordu lehenagotik iragarri beharko baita.

6.-Epaimahaia.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: José Ramón Martínez Benito, Sartagudako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María Teresa Cordón Urbiola, Sartagudako Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Ángel Albéniz Zapata, Sartagudako Udaleko ofiziala eta Sartagudako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Julio Sádaba Martínez, Sartagudako Udaleko kultur koordinatzailea eta liburutegiaren arduraduna eta Sartagudako Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikidea: Isidoro Muneta González, Udaleko arkitekto aholkularia.

Ordezkoa: Santiago Díaz de Rada, arkitektoa.

Mahaikidea: Andrés Sáenz Ochandorena, zerbitzuetakoa, iturgina.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: José Ricardo Coll Capelle, nekazaritzako ingeniaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Idazkaria, hizpidea duena baina botorik gabe: Sartagudako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Lodosako Udaleko idazkaria.

6.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

6.3. Epaimahaia ez da eratzen ahal, ezta jardun ere, gutienez bere kideen gehiengo osoa agertzen ez bada. Errefusatze, abstentzio edo bertzelako arrazoiak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak izendatuko ditu kide berriak eta behar diren ordezkoak.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari. Orobat, laguntzaileak izaten ahalko ditu, zainketa, kontrol eta gisako lanetarako.

7.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehaztu bezala.

7.2. Lehiaketaldian 30 puntu lortu ahalko dira gehienez eta ez da baztergarria izanen.

7.2.1. Laneko esperientzia (10 puntu gehienez).

a) Eskarmentua iturgintza eta berokuntzako lanpostuetan, gutienez ere urtebetean, sektore horietako enpresetan, urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 5 puntu. Kasuan kasuko enpresaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

b) Eskarmentua Administrazio Publikoetan, deialdi honetako lanpostuarekin ikusteko duten lanetan, gutienez ere urtebetean, urte bakoitzeko 5 puntu eta gehienez ere 5 puntu. Kasuan kasuko administrazio publikoak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

7.2.2. Egindako ikastaroak lanpostuari dagozkion hainbat alderdiren gainean, hala nola sareetako materialen, soldaduraren eta abarren gainean, ikasturte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 5 puntu.

7.2.3. Iturgintzako, berokuntzako eta ur bero sanitarioko paratzaile baimenduaren txartela izateagatik: 10 puntu.

7.2.4. Jasomakinaren gidabaimena, 5 puntu.

7.2.5. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

Epaimahaiak, bere iritzia arrazoituz, baloratuko ditu kasuan-kasuan bidezkotzat jotzen dituen merezimenduak, aitzineko ataleei dagozkienak, eta behin ere ezin izanen du onartu alegatu edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik.

7.2.6. Lehiaketaldia bururaturik, izangai bakoitzak eskuratu duen puntuazioa jarriko da jendaurrean Sartagudako Herriko Etxeko iragarki oholean. Interneten bidez ere eman daiteke.

7.3.-Oposizio faseak 70 puntu izanen ditu, gehienez.

7.3.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7.3.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehen ariketa: proba teorikoa, idatziz erantzun beharko dira hainbat galdera, honelako gaien gainean:

a) Iturgintza, berokuntza eta lorezaintza arloko ezagutzak, eta hainbat eginkizun lanpostuaren gainean; hamar galdera izanen dira.

b) Aritmetikako bortz problema argitzea. Ez da kalkulagailurik erabiltzen ahalko.

c) Diktaketa, 100 bat hitzekoa.

Probak 60 minutu iraunen du, 20 minututan banaturik atal bakoitzean. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu.

a) puntuak gehienez ere 6 puntu izanen ditu, honela emanak: puntu 1 bortz erantzun zuzenetik, eta puntu 1 gehiago zuzen erantzundako gainerako galderengatik, guztira 6 puntu egiteraino.

b) puntuak gehienez ere 2 puntu izanen ditu, honela emanak: 0,4 puntu erantzun zuzen bakoitzeko.

c) puntuak gehienez ere 2 puntu izanen ditu; 0,1 kenduko da puntuazio akats bakoitzeko eta 0,2 ortografía akats bakoitzeko.

Bazterturik geldituko dira hiru probetan puntuazio osoaren %50 eskuratzen ez duten izangaiak

Bigarren ariketa: praktikoa, deialdiaren 2. oinarrian adierazten diren zenbait eginkizun edo zerbitzurekin ikusteko duten proba praktikoak egin beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Puntuazioa, gehienez ere: 40 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

Izangaiek proba praktikoren bat egiten ez badute, edo haien punruazioa 0 bada, bazterturik geldituko dira.

Hirugarren ariketa: Proba psikoteknikoak: pertsona lanposturako egokia den ikusteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko langileek eginen dituzte. Gehienez ere, 10 puntu. Bazterturik geldituko da 5 puntu ateratzen ez dituena.

Laugarren ariketa: buruz buruko elkarrizketa epaimahaiarekin. Epaimahaiak behar duen aholkularitza teknikoa izaten ahalko du horretarako. Sartagudako udalerriari eta bete beharreko lanpostuari buruzkoa izanen da. Ez da baztergarria izanen. Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

7.3.3. Proba bakoitzerako planteamendua, epaimahaiak erabakiko du, hau da, idatziz, ahoz edo bietara egin behar ote diren.

7.3.4. Proba bakoitzaren emaitza argitaratzeko, zer hurrenkeratan egin diren, harexeri jarraituko zaio; ez dira puntuatuko lehenagoko proba batean bazterturik gelditu diren izangaien probak. Epaimahaiak ikusgai jarriko ditu, Herriko Etxeko iragarki oholean, izangaien zerrendak, proba bakoitzean eskuratutako kalifikazioekin batean. Interneten bidez ere ematen ahalko dira argitara.

7.3.5. Oposizioaldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere, nortasuna frogatzeko jatorrizko agiririk gabe, alegia: nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea. Halaber, beren bolaluma izan beharko dute, tinta urdinekoa, probak egiteko.

7.4. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak batuko dira.

8.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimaiahak aditzera emanen du Sartagudako Herriko Etxeko iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du. Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

9.-Agirien aurkezpena.

9.1. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udaleko Erregistro Orokorrean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Deialdiaren 3.1.c) oinarrian eskatutako tituluak egiaztatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena izangaiak badituela lanpostuko betebeharrak egiteko gaitasun fisiko eta psikiko egokiak, eta ez duela karguan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

e) B-1 motako gidabaimenaren jatorrizko agiria, edo haren kopia konpultsatua.

9.2. Interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu ezarritako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbertzekoetan salbu, ezin izanen da izendatu eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskaeran egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna baztertu gabe.

9.3. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatzen bada, Udalak 8. oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu diren izangaiekin betetzen ahalko du lanpostua, hurrenez hurren.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Alkatetzak Sartagudako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu, lan-kontratu finkoarekin, izendatuko du proposatu den izangaia, baldin eta 10.1 oinarrian xedatua bete badu, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

10.2. Kontratazioa.

Izendatuak hilabeteko epean sinatu beharko du kontratua, izendapena jakinarazten zaionetik aitzina, eta berehala hasiko da lanean.

Hala egiten ez badu, epe berean ezinbertzekoren bat frogatu ezean, izendapenaren eskubide guztiak galduko ditu, eta 9.3 oinarrian xedatu bezala jokatuko da.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Sartagudan, 2009ko urriaren 21ean.-Alkatea, José Ramón Martínez Benito.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

SARTAGUDAKO UDALARI

Izena: ........................................, adinez nagusi; NAN zenbakia: ........; jaioteguna: .............; jaioterria: .......... (........); bizitokia: ................................, karrika: ..........................., zenbakia: ........., solairua: ..........., posta kodea: .........., telefonoa: ........., posta elektronikoa: ..................

AZALTZEN DUT:

Sartagudako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Honekin batera Nortasun Agiriaren kopia konpultsatua aurkeztu dudala.

Halaber, lehikateldian baloratzeko merezimenduen gaineko frogagiriak aurkezten ditudala.

ESKATZEN DUT:

Eskabide hau eta dokumentazio atxikia tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izateko Sartagudako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketan.

............................(e)n, 2009ko ..........aren .................... (e)an
(tokia, data eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0924978