134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2316/2009 EBAZPENA, urriaren 7koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Biurrun-Olkozko eta Tiebas-Muru Artederretako udal mugapeetan Biurrungo BTAren eta Biurrun-Puente linearen 21.09 euskarriaren arteko lotura egiten duen 13,2 kV-eko aireko linea elektriko berrirako administrazio baimena eman, proiektua onetsi eta onura publikoa deklaratu da.

2007ko ekainaren 13an, Iberdrola D.E.S.A.U.k Biurrungo BTAren eta Biurrun-Puente linearen 21.09 euskarriaren arteko lotura egiten duen 13,2 kV-eko aireko linearen tramitazio administratiboa eskatu zuen. Riegos de Navarrak Añorbeko udal mugapeko El Cerrado alderdian sustatzen duen ponpaketako azpiestazio berriaren argindar hornidura emateko proiektu egokia aurkeztu zuen.

Iberdrola D.E.S.A.U.ren eskaria jendaurrean jarri zen. Horretarako, 2007ko azaroaren 30eko Diario de Navarra egunkarian eta 2007ko abenduaren 12ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hogei eguneko epea ezarri zen egokitzat jotzen ziren erreklamazioak egiteko; era berean, eraginpean zeuden Organismo eta Udalek txostena egin zezatela eskatu zen.

Tiebas-Muru Artederretako eta Biurrun-Olkozko Udalek eskatu dute hornidurarako beste alternatiba batzuk kontuan har daitezela aipatutako udal mugapeari eragin gabe. Horretarako bi alternatiba eskaini dituzte, bata hornidura Derna-ren San Estebango azpiestaziotik egitea eta bestea 66 kV-eko hornidura egitea Cordovilla-Recajo linearen bidez.

Iberdrola enpresak adierazi zuenez, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak linea onetsi zuen abuztuaren 14ko 293/2009 Ebazpenaren bidez, eta 2 hilabeteko legezko epean -aipatutako ebazpenaren 3. puntuan azaldu bezala- ez zen administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu Nafarroako Auzitegi Nagusian.

Udalek planteatzen dituzten bi alternatibak 66 kV-ekoak dira, eta hori 13,2 kV-eko linea horretarako eskatutakoaz bestelako tentsioa da. Beraz, askoz konponbide garestiagoa da. Gainera, linea horrek hasieran Riegos de Navarra-ren eskaria beteko badu ere, geroago inguruan sortzen ahal diren eskariak bete ahal izateko balio izanen du. Hornidura Derna-ren San Estebango azpiestaziotik egitearen proposamenari buruz, berriz, hori ezin da gauzatu, parke eolikoen ebakuaziorako azpiestazioa delako, eta horrenbestez, ez da enpresa banatzaile baten mendekoa; Cordovilla-Recajo linearen bidez 66 kV-eko hornidura egitearen proposamenari buruz, hori ere ez da bideragarria, linea saturatuta dagoelako eta hornidura gehiago egiteko ahalmenik ez duelako.

Ondorioz, ez da bidezkoa Tiebas-Muru Artederretako eta Biurrun-Olkozko Udalek egindako alegazioak onestea. Hortaz, proposamen horiek ukatu egin dira.

Enagas-ek 2007ko abenduaren 29an aldeko txostena egin zuen, eta Iberdrola enpresak Enagas-en zein Red Eléctrica de España-ren baldintzak onartu ditu.

Jendaurreko aldian honako alegazio hauek aurkeztu dira:

1. zenbakidun alegazioa, Miguel Zulet Pagola jaunarena, Biurrun-Olkozko 3. poligonoko 261. (3) eta 256. lurzatietan dagoen finkaren jabea den aldetik. 25. zenbakidun euskarria 256. lurzatiaren eta hilerriaren arteko mugan jar dadila eskatu du, aurreikusitako lerrokadura aldatu gabe.

Iberdrola D.E.S.A.U. enpresak erantzun duenez, proposatutako aldaketa ezin da onartu, trazadura aldatuz gero aldaketa horren eraginpeko linea zatiaren luzeraren %10 baino gehiago aldatuko litzatekeelako; hori dela-eta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 161. artikuluan zehaztuta dagoena beteko litzateke.

Ondorioz, ez da bidezkoa egindako alegazioa onestea, eta horrenbestez proposamena ukatu egin da.

2. zenbakidun alegazioa, José Luis Goñi Osácar jaunarena, Biurrun-Olkozko 3. poligonoko 198. lurzatian dagoen finkaren jabea den aldetik. 7. zenbakidun euskarritik 9. euskarriarekin lot dadila eskatu du, aurreikusitako lerrokadura aldatuta, eta beste lurzati batzuei eraginda.

Iberdrola D.E.S.A.U. enpresak erantzun duenez, eskatutakoa ezin du onartu, proposatutako trazadurak eragin handiagoa izanen lukeelako Biurrun-Olkozko udal mugapeko 3. poligonoko 200. lurzatian.

Ondorioz, ez da bidezkoa egindako alegazioa onestea, eta horrenbestez proposamena ukatu egin da.

3. zenbakidun alegazioa, Laureano Loitegui Erdozain jaunarena, Biurrungo 2. poligonoko 337. lurzatian dagoen finkaren jabea den aldetik. 9. euskarria herrilurrera eraman dadila eskatu du.

Iberdrola D.E.S.A.U. enpresak erantzun duenez, eskatutakoa onartzen du, eta horrenbestez, 09. euskarria Biurrungo kontzejuaren herrilurra den 2. poligonoko 326. lurzatira eramanen du, Biurrun-Olkozko udal mugapearen barnean.

4. zenbakidun alegazioa, Juan José López Cuenca jaunarena, Contena Recuperación, S.L.ren ordezkaria den aldetik. Adierazi duenez, Biurrun-Olkozko 2. poligonoko 292. eta 294. lurzatien jabeekin kontratua sinatuta dauka eraikuntzako gai inerteen hondakindegia instalatzeko. Horren ondorioz lurzoruaren sestra igo eginen da, eta aurreikusitako lineari eraginen dio. Horregatik, trazadura zati batean alda dadila eskatu du, zehazki 3., 4., 5. eta 6. euskarrietan, Camino de la Ventaren mugatik Camino Sotoarekiko bidegurutzeraino.

Iberdrola D.E.S.A.U. enpresak erantzun duenez, eraikuntzako gai inerteen hondakindegia instalatzea dela-eta Juan José López Cuencak Contena Recuperación, S.L.ren ordezkari gisa aurkeztutako proposamena, Biurrun-Olkozko 2. poligonoko 292. eta 294. lurzatietan trazadura aldatzea, alegia, onartu egin du. Horren ondorioz, 3. eta 6. euskarriak lekuz aldatuko dira eta 261, 265, 259, 294, 292, 289, 293, 288. lurzatien zortasunak aldatuko dira. Biurrun-Olkozko 2. poligonoko 296. eta 553. lurzatiak desafektatuta geratuko dira.

Eragindako lurzatien jabeei jakinarazi zaie, eta legez ezarritako epean batek ere ez du alegaziorik aurkeztu.

5. zenbakidun alegazioa, Luis Otazu Loitegui jaunarena, Biurrungo kontzejuko 2. poligonoko 330. eta 334. lurzatietan dauden finken jabeen ordezkari gisa. Dagozkion euskarriak finkatik kanpoko herrilurrean jar daitezela eskatu du. Horrek aurreikusitako lerrokadura aldatzea dakar. Gainera, azaldu duenez, Tiebas-Muru Artederretako 3. poligonoko 264. lurzatiko finkaren jabea ez da Jesús Otazu Iribarren jauna.

Iberdrola D.E.S.A.U. enpresak erantzun duenez, 00.08. euskarria ez dago aurreikusita 330. eta 334. lurzatien artean, alegatzaileak adierazi duenez, baizik eta 334. eta 335. lurzatien artean. Bertan oso malda handia dago, eta horrek arriskua dakar euskarriaren segurtasunari eta egonkortasunari dagokienez. Hala ere, bere iritziz, aipatutako euskarria Biurrungo kontzejuko herrilurretako 335. lurzatira eramaten ahal da, Biurrun-Olkozko udal mugapean. 00.11. euskarria ezin da erretenera hurbildu, indarreko legediaren arabera 4 m-ko zortasun eremua dagoelako. 00.12. euskarria REE-ren 220 kV-eko linearen trazadurarekin gurutzatzen den tartean dago, eta horregatik, indarreko legediak gurutzaguneetarako ezartzen dituen ezaugarri berezien arabera, euskarria ezin da lekuz aldatu.

Ondorioz, proposatutako euskarri guztiak ezin direnez aldatu, ez da bidezkoa aurkeztutako alegazioa onestea, eta proposamena ukatu egin da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1.-Biurrun-Olkozko eta Tiebas-Muru Artederretako udal mugapeetan Biurrungo BTAren eta Biurrun-Puente linearen 21.09 euskarriaren arteko lotura egiten duen 13,2 kV-eko aireko linea elektriko berria ezartzeko baimena ematea, onetsitako aldaketekin.

2.-Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 52., 53. eta 54. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako.

3.-Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua onestea, Francisco Javier Juárez Gay industria ingeniariak sinatua. 12 hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4.-Iberdrola D.E.S.A.U. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5.-Ebazpen hau Iberdrola D.E.S.A.U.ri (helbidea: Landabengo industrialdea, C kalea, E ataria, 31012 Iruña) eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea, administrazio bidea amaitzen ez duenez, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera.

6.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko urriaren 7an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0924160