134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

776/2009 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Berbintzanako udal mugapeko "Altos del Cascajo" alderdian legarra ateratzeko proiekturako, gero Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko IV-1 sektoreko lurzatiak ureztalur bihurtzeko. Proiektua Riegos del Canal ABEEk sustatu du.

2009ko ekainaren 10ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen Berbintzanako udal mugapeko "Altos del Cascajo" alderdian legarra ateratzeko proiektua egiteko eta gero Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko IV-1 sektoreko lurzatiak ureztalur bihurtzeko baimena lortzeko eskaera. Proiektua Riegos del Canal ABEEk sustatu du.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Hau proposatzen da: Berbintzanako katastroko 4. poligonoko 895. lurzatiaren zati bat hondeatzea, bertan dauden legarrak Nafarroako Ubideko IV-1 sektorearen obretarako ateratzeko. Lurzati hori ureztalurretarako proiektu horren lurralde eremutik kanpo dago, urruti samar. Burutzeko epea obra nagusiaren araberakoa izanen da, eta ustiapena gehienez 2010eko apirilean amaitu beharko da.

Aukeratutako lurzatia meseta txikia da; horregatik, erauzketaren ondorioz meseta horren altuera 5 m murriztuko da batez beste, eta gehienez lurzatiaren azalera osoaren 108.195 m²-etatik 36.000 m² okupatuko dira. Xedea 100.000 m³ eta 160.000 m³ bitarteko kopurua lortzea da; hori dela eta, baliteke legar hobiaren okupazioa proposatutako gehienekoa baino txikiagoa izatea.

Nolanahi ere, lurzati horretan ezponda ertaina sortuko da, 2 H:1V malda eta 6 m inguruko gehieneko altuera izanen dituena, eta gainera, erauzketa gunearen eta lurzati mugakideen arteko ertzetan, terraza horren mendi mazeletan, malda berbera eta altuera diferentea dituzten ezpondak sortuko dira. Ezponda horiek gutxienez 2 m-ko altuera izanen dute erauzketa gunearen hego-ekialdean Cascajo bidetik hurbil sortzen den ezpondan.

Obrako ibilgailuak La Bajada bidetik sartuko dira iparraldean eta El Cascajo bidetik aterako dira zamatuta hegoaldean; mendiko bideetatik ibili beharko dira Lerin-Berbintzana NA-6120 errepideraino, eta Berbintzanako hirigunea zeharkatu eta Arga ibaiaren gaineko zubitik igaro ondoren, errepide beretik sartu beharko dira obren gunera, hau da, Nafarroako Ubideko IV-1 sektorera.

Azken lehengoratzea hau izanen da: legar hobiko plazan nekazaritza erabilera lehengoratzea eta plazaren kanpoalderantz sortzen diren malda handiko ezpondetan ereite hidraulikoa egitea.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, baita kokaleku alternatiboei buruzko azterlan erraza eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, jendaurrean jarri da, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 16ko 475/2009 Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2009ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 10ean. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Espedientearen barnean Berbintzanako Udalaren 2009ko uztailaren 13ko aldeko txostena agertzen da. Txosten horretan, eraikuntzaz kanpoko jarduera baimengarria dela adierazten da, nekazaritza edo abeltzaintza produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezinean dagoelako.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Espedientea osaturik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Berbintzanako udal mugapeko "Altos del Cascajo" alderdian legarra ateratzeko proiektua egiteko eta gero Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko IV-1 sektoreko lurzatiak ureztalur bihurtzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Proiektua Riegos del Canal ABEEk sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Aurkeztu den Ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa eginen da.

-Trafikoaren kontrol egokia ezarriko da, seinaleen, ordutegi mugatuen, eta abarren bitartez, mendiko bideetan eta NA-6210 errepidean bertan kamioiak ibiltzearen ondorioz bizilagunei eragozpenik ez sortzeko edo ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, eta inor harrapatzeko edo istripuak izateko arriskuak saihesteko edo arrisku horiek murrizteko.

-Era berean, errepide horretatik erabili beharreko mendiko bideetara sartzeko bideak egokitu beharko dira eta, ahal dela, hautsaren ondoriozko eragozpenak saihestuko dira herrian zein errepide horretan.

-Legar hobiko plaza ez da modu nabarmenean istilduko, ez ustiapenak iraun bitartean, ezta -bereziki- lehengoratu ondoren ere. Horregatik, urak Cascajo biderantz isurtzeko irteera funtzionala definituko da; irteera hori diseinatzean eta egitean kontuan hartuko da urak bideratzeagatik gainerakoei ez zaiela kalterik eragin behar; bereziki, kontuz ibili beharko da Cascajo bidea bera ez hondatzeko.

-Nafarroako Ubideko IV-1 sektoreko obrak amaitu ondoren, kamioiek erabili dituzten mendiko bideek egoera onean egon beharko dute.

-Nafarroako Ubideko IV-1 sektorearen obrak amaitu ondoren, legar hobia ustiatzen jarraitu eta, behar izanez gero, okupazioa edo exekuzio epea handitu nahi bada, beste eskaera bat aurkeztu beharko da dagokion dokumentazio teknikoarekin eta ingurumen arloko dokumentazioarekin, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera. Litekeena da tramitazio horrek jarduera sailkatu batekin zerikusia izatea, eta jardueraren norainokoa kontuan hartuta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin beharko da.

-Sustatzaileak ez du material geldorik, hondakinik eta zaborrik zuloan utziko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.332 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea sustatzaileari, Aguacanali, Riegos de Navarra, S.A.ri, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Baso eta Ingurumen Zaintzari eta Berbintzanako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0924098