134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

451/2009 FORU AGINDUA, irailaren 9koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren eta bere Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua aldatzen duena.

"Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren araudia Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendietako kontseilariak onetsi zuen 1987ko otsailaren 16an emandako foru aginduaren bitartez, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak berretsi 1987ko maiatzaren 8ko aginduaren bitartez.

Aipatutako deitura Babestutako Jatorrizko Deitura bezala erregistratu zen Jatorrizko Deitura eta Adierazle Geografiko Babestuen Europar Batasuneko erregistroan, orduan indarrean zegoen Kontseiluaren 2081/92 Erregelamenduaren (EEE) 17. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera. Jatorrizko deiturak eta adierazle geografikoak Batzordearen ekainaren 12ko 1107/1996 Erregelamenduak (EE) babesten ditu.

"Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseilu Arauemaileak eskaturik, Erregelamendua aldatu zen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 20ko 511/2007 Foru Aginduaren bidez, pikillo piperra zatitan edo zerrendetan aurkeztutako kontserbetara zabaltzeko jatorrizko deitura.

Kontseilu Arauemaileak pikillo piperra zatitan edo zerrendetan aurkeztea berraztertu du eta eskatu du horrela aurkeztutakoak ken daitezela "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituratik.

Aldaketa egiteko eskaerak ez du eraginik Europako Batzordera erregistro eskaerarekin batera igorritako baldintza-agirian; beraz, ez da beharrezkoa agiri horren aldaketa-eskaera tramitatzea. Tramitazioa Kontseiluaren 2006ko martxoaren 20ko 510/2006 Erregelamenduaren (EE) 9. artikuluan ezarri zen. Erregelamendu horrek finkatzen du nola babestu adierazle geografikoak eta jatorrizko deiturak nekazaritza eta elikagai produktuetan.

Ikusirik Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuaren aldeko txostena.

Hori horrela, Nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-"Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren eta bere Kontseilu Arauemailearen erregelamenduaren 9.2. artikulua aldatzea. Hemendik aurrera honela agertuko da idatzita:

"9.2. Jatorrizko Deituraren baitan honako kontserba hauek sartuko dira soilik: pikillo piper osoak, estra eta lehen kategorietakoak".

Xedapen indargabetzailea.-Indargabetzen da azaroaren 20ko 511/2007 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren eta bere Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua aldatzen duena.

Azken xedapenetan lehenbizikoa.-Foru agindu hau aurkeztea Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Elikagaien Kalitate Berezituaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Zuzendariordetza Nagusira, honen berri izan eta berrets dezan, Estatuko Administrazioak Espainian eta atzerrian sustatu eta defendatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.-Foru agindu hau jakinaraztea "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseilu Arauemaileari.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko irailaren 9an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0924146