134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297/2009 FORU AGINDUA, irailaren 15ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimentzako diru-laguntzen araubidea ezartzen duena.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuari jarraikiz, baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak jasoko dituzte ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek. Foru dekretu haren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen.

Foru agindu honen bidez, indarreko babes neurriak dituzten genero-indarkeriaren biktimei bizirauteko gutxieneko baliabideak edukitzeko aukera ematen zaie, erasotzailearengandik independizatu ahal daitezen eta lanean hasteko zailtasunak gainditzeko denbora eta baliabideak eskura ditzaten.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. 2. artikuluak dioenez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean aipatu eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan bermatutzat jotzen diren prestazio ekonomikoak, pertsona fisikoen edo familien bizi premiak asetzeko xedea dutenak, ez dira diru-laguntzatzat hartuko.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, laguntzak ematea egokia eta onura publikokoa dela, eta honako arau hau legezkoa.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. artikulua. Aitortza eta bateragarritasuna.

Laguntza hau bateraezina da genero-indarkeriaren biktima izateagatik ematen ahal den beste edozein laguntzarekin, Espainiako edo Europar Batasuneko administrazio edo entitate publiko edo pribatu batena izan ala nazioarteko erakunde batena izan; salbuespena dira Indarkeria delituen biktimei eta sexu askatasunaren kontrako biktimei laguntzeko abenduaren 11ko 35/1995 Legean ezarritako laguntzak, bai eta Gizarte Zerbitzuen Zorroko genero-indarkeriaren biktimentzako gizarte larrialdietarakoak ere.

Babes aginduak, zigor sententziak edo fiskaltzaren txostenak, gertaera eragile berari buruzkoak, geroago erdisteak ez du eskubiderik emanen beste laguntzarik jasotzeko.

3. artikulua. Onuradunak.

Foru agindu honetako laguntzak eskatzen ahalko dituzte eskaera egiteko unean honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) Genero-indarkeriaren biktima izatea.

b) Erasotzailearekin ez bizitzea.

c) Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Errentaren indarreko zenbatekoa gainditzen duen errentarik ez izatea, aparteko bi pagei dagokien zatia kenduta, hilean.

d) Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

e) Espainiako nazionalitaterik ez bada, enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea enpleguko zerbitzu publikoetan eta enplegu agentzietan, atzerritarrak Espainian bizi eta lan egiteko indarreko araudiari jarraikiz.

f) Lana erdiesteko zailtasun bereziak izatea.

4. artikulua. Baldintzak frogatzea.

a) Genero-indarkeriaren biktima izatea honako modu hauetakoren baten bidez frogatuko da:

1. Biktima babesteko indarreko agindua.

2. Epai behin betiko eta irmoa, genero-indarkeriako gertaerengatik zigortzekoa, gehienez ere laguntza eskatu baino bost urte lehenago emana.

3. Eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean.

4. Horretarako egindako txosten teknikoa, eskatzaileak genero-indarkeriaren biktima izaera duela azaltzen duen irizpen profesionala biltzen duena, bai eta egindako jarduketak ere. Nahitaezko baldintza izanen da esku-hartzea azken bost urteotan eta eskatzaileak genero-indarkeriaren biktima izaera edukitzearen ondorioz gertatzea; halaxe jasoko da txostenean.

Honako hauek egiten ahalko dute txostena: Oinarrizko Osasun Laguntzako gizarte eta osasun zerbitzuek, adimen osasuneko zentroek, emakumeari laguntzeko udal zerbitzu berariazkoek, Foru Komunitateko genero-indarkeriako biktimak hartzeko baliabideek eta genero-indarkeriako biktimentzako oinarrizko laguntzako lantaldeek.

b) Aurreko lerroaldean aipatzen den agirietako bat indarrean den artean biktima eta erasotzailea ez direla elkarrekin bizi ulertuko da, aurkakoa frogatzen ez bada.

c) Errenta maila zehazteko, instrukzio organoak interesdunari beharrezko agiriak eskatzen ahalko dizkio. Eskabidean interesdunak aldez aurreko baimena emanda, instrukzio organoak edozein administrazio publikori eskatzen ahalko dizkio eskatzailearen zein haren kargura dauden ahaideen gaineko beharrezko argibide guztiak.

d) Nafarroako Foru Komunitatean bizi dela frogatzeko, Nafarroako udalerriren bateko erroldatze-agiria aurkeztu beharko da.

e) Lana erdiesteko zailtasun bereziak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren txosten baten bidez frogatuko dira edo, bestela, genero-indarkeriaren biktimarekin esku hartzen ari den genero-indarkeriaren biktimentzako gizarteratze eta laneratze lantaldearena, edo oinarrizko laguntzakoarena. Txostenaren bidez adierazi beharko da laguntza eskatzen duena langabezian dagoela eta, duen adinagatik, prestakuntza orokor edo berezirik ezagatik eta inguruabar sozialengatik, lan munduan sartzeko ezarritako programa berariazkoetan parte hartuta ere, ez duela modu nabarmenean hobetuko lana egiteko aukera.

5. artikulua. Errentak zehaztea.

Errentarik eza zehazteko, laguntza eskatzen duen pertsonak dituen edo izan ditzakeen errentak edo diru-sarrerak baizik ez dira kontuan hartuko; ondorio horietarako ez dira aintzat hartuko biktimarekin bizi diren familia unitateko gainerako kideen errentak edo diru-sarrerak.

Laguntzaren eskatzaileak familiaren gaineko erantzukizunik badu, errentarik eza duela ulertuko da familia unitatearen hileko errenta familia unitateko kideen kopuruarekin zatituz gero Nafarroako Foru Komunitatean indarrean den oinarrizko errenta gainditzen ez badu.

Errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko dira eskatzaileak dituen ondasun, eskubide edo errendimendu guztiak, bai lanaren, higigarrien edo higiezinen kapitalaren eta jarduera ekonomikoen ondoriozkoak, bai prestazio izaerakoak ere. Ez dira halakotzat joko Gizarte Segurantzak seme-alaba edo nork bere kargura hartutako adin txikiko bakoitzeko ematen dituen diru-kopuruak.

Lanaren ondorio ez diren eta hilabetetik gorako maiztasunarekin jasotzen diren errentak hilero proportzionalki banatuz zenbatuko dira.

Diru-sarrera konputagarrietatik deskontatuko da eskatzaileek ohiko ostatu gastutzat adierazten duten zenbatekoa (600 euro gehienez). Gastu arruntak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako. Egindako gastua agiri bidez frogatu beharko da.

6. artikulua. Familiako erantzukizunak.

Familiako erantzukizunak egonen dira onuradunak bere kargura duenean gutxienez ere berekin bizi den ahaide bat, bigarren gradura arteko odolkidetasuna edo afinitatea duena. Ez da ulertuko onuradunaren kargura dagoela aparteko bi pagei dagokien zatia kenduz gero, lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen duen edozein errenta mota duen ahaiderik.

Familiako erantzukizunak eskaera egiten denean izan behar dira, salbu eta hurrengo hirurehun egunen barruan jaiotzen diren seme-alaben kasuan. Halakoetan, jasotako laguntzaren zenbatekoa berrikusiko da, erantzukizun horiek eskaera egitean gertatu izanez gero zegokiokeen zenbatekora egokitu ahal izateko.

Dena dela, bizikidetza dagoela ulertuko da genero-indarkeriaren ondorioz hura etenda dagoenean ere.

Ez da bizikidetza baldintza bete beharrik izanen elikagaien betebeharra ezartzen duen hitzarmen edo ebazpen judiziala dagoenean.

7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa, oro har, langabezi sariaren sei hileko adinakoa izanen da.

Genero-indarkeriaren biktimak familiako erantzukizunak baditu, laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Langabezi sariaren hamabi hileko adinakoa, biktimak bere kargura ahaide bat edo etxean hartutako adingabe bat badu.

b) Langabezi sariaren hemezortzi hileko adinakoa, biktimak bere kargura bi ahaide edo etxean hartutako bi adingabe edo gehiago baditu, edo ahaide bat eta etxean hartutako adingabe bat baditu.

Genero-indarkeriaren biktimak %33ko edo hortik goitiko minusbalioa aitorturik badu, laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Langabezi sariaren hamabi hileko adinakoa, biktimak familiako erantzukizunik ez badu.

b) Langabezi sariaren hemezortzi hileko adinakoa, biktimak bere kargura ahaide bat edo etxean hartutako adingabe bat badu.

c) Langabezi sariaren hogeita lau hileko adinakoa, biktimak bere kargura bi ahaide edo etxean hartutako bi adingabe edo gehiago baditu, edo ahaide bat eta etxean hartutako adingabe bat baditu.

Genero-indarkeriaren biktimak %33ko edo hortik goitiko minusbalio aitortua duen ahaide bat edo etxean hartutako adingabea badu bere kargura, laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Langabezi sariaren hemezortzi hileko adinakoa, biktimak bere kargura ahaide bat edo etxean hartutako adingabe bat badu.

b) Langabezi sariaren hogeita lau hileko adinakoa, biktimak bere kargura bi ahaide edo etxean hartutako bi adingabe edo gehiago baditu, edo ahaide bat eta etxean hartutako adingabe bat baditu.

Familiako erantzukizunak dituen genero-indarkeriaren biktimak edo berarekin etxean hartutako adingabeak edo ahaideak %65eko edo hortik goitiko minusbalio aitortua badu, laguntzaren zenbatekoa langabezi sariaren hogeita lau hileko adinakoa izanen da.

Genero-indarkeriaren biktimak eta berarekin etxean hartutako adingabeak edo ahaideak %33ko edo hortik goitiko minusbalio aitortua badute, laguntzaren zenbatekoa langabezi sariaren hogeita lau hileko adinakoa izanen da.

8. artikulua. Eskabidea eta agiriak.

Diru-laguntzak eskatzeko, I. eranskinean den eredua bete beharko da eta Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten pertsonek, haren ordez, pasaportearen, egoitza-baimenaren eta lan-baimenaren fotokopiak aurkeztu beharko dituzte.

b) Genero-indarkeriaren biktima izaera duela frogatzen duen agiria, foru agindu honen 4. artikuluan adierazi bezala.

c) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaria.

d) Erroldaren ziurtagiria, eskaera egin baino gehienez ere hilabete lehenago luzatua.

e) Eskatzaileak familiako erantzukizunak dituela adierazten badu:

1. Bere kargura dituen ahaideen edo etxean hartutako adingabeen nortasun agiri nazionalaren fotokopia, nortasun agiria eduki behar badute, edo pasaportearen fotokopia, nazionalitate espainiarra ez badute.

2. Familia Liburuaren fotokopia.

3. Kargura dituen ahaideekin bizi bada, etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak sartu beharko dira erroldaren ziurtagirian.

4. Kargura dituen ahaideekin bizi ez bada, elikagaien betebeharra ezartzen duen hitzarmenaren edo ebazpen judizialaren fotokopia.

5. Eskatzaileak bere kargura etxean hartutako adingabeak baditu, harrera judizialaren edo administratiboaren agiria.

f) Eskatzaileak berak edo kargura dituen ahaide baten batek edo etxean hartutako adingabeetako batek minusbalioa duela adierazten badu, hori frogatzen duen agiri ofiziala.

g) Ohiko etxebizitzako gastuak adieraziz gero: azken hilabetean egindako ordainketaren agiria.

Agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

9. artikulua. Eskaeren aurkezpena.

Eskaerak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan.

Laguntza eskatzen ahalko da babes-agindua, Fiskaltzaren txostena edo, kasua bada, zigortzeko epaian biktima babesteko ezarritako neurriak indarrean diren artean, foru agindu honen 4.a) artikuluan adierazi bezala.

Eskaerak betetzen ez baditu eskatutako baldintzak, edo aurkeztutako dokumentazioan gabeziak, akatsak edo kontraesanak atzematen badira, eskatzaileari 15 eguneko epean hori zuzen dezala eskatuko zaio, eta adieraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela, ebazpena eman ondotik.

10. artikulua. Baldintzak aldatzea.

Prozedura tramitatu bitartean laguntza emateko baldintzak aldatzen badira, eskatzaileak aldaketa horien berri eman beharko dio instrukzioa egin duen organoari eta behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar hori bete ezean, eskatutako laguntza kendu eginen da.

6. artikuluaren bigarren idatz-zatian aipatutako inguruabarra gertatzen bada, interesdunak ebazpena berrikusteko eskatzen ahalko du; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Eskatzailearen seme-alaben jaiotza-agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Laguntza eman ondotik jaiotako seme-alabetakoren batek ezgaitasuna badu, adierazitako ezgaitasunak frogatzen dituzten egiaztagiri ofizialen fotokopia konpultsatua.

11. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko Oinarrizko Laguntzaren Atala izanen da.

Instrukzio organoak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dizkio aurkeztutako eskaerak, 3. artikuluaren a)-e) letretako baldintzak betetzen dituztenak, eta genero-indarkeriaren biktimei zuzenean zitazioa egiteko eskatuko dio, foru agindu honen 4.e) artikuluan aipatutako txostena prestatzeko jarduketak egiteko. Ez da tramite horren beharrik izanen, interesdunarekin esku hartzen ari den genero-indarkeriaren biktimentzako gizarteratze eta laneratze lantaldearen edo oinarrizko laguntzakoaren txostena -4.e) artikuluan aipatutakoa- aurkezten bada eskabidearekin batera.

12. artikulua. Prozedura ebaztea.

Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen eskaerak banan-banan ebaluatuko dira. Eskaerak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira espedienteak.

Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendariak, instrukzio organoak aurkeztutako proposamena ikusirik, erabakiko du laguntza eman eta pagatzeaz.

Ebazpen espresa eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Aurreko ataleko epea igarotzen bada ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskatzaileak ondorioztatzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsi dela.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenak ez du administrazio bidea amaituko, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

13. artikulua. Laguntzaren ordainketa.

Eskatzaileak eskaerarekin batera adierazi beharreko banku-kontuan ordainduko da emandako laguntza, diru-sarrera bakar batean. Kontuak eskatzailearen izenean egon behar du.

14. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Jasotako diru-kopuru osoa itzuli beharko da laguntza emateko baldintzak bete gabe edo gertaerak edo datuak aldatuz edo ezkutatuz jaso denean, horrelakorik egin ezean laguntza ukatuko baitzitzaiokeen.

Laguntza ematen duen organo bera izanen da itzultzeko prozedura ebazteko organo eskuduna.

Xedapen iragankorra.

2009ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu diren eta foru agindu honek indarra hartzean ebatzi gabe dauden eskaerak foru agindu honen xedapenei jarraikiz ebatziko dira.

Azken xedapena.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko irailaren 15ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimentzako diru-laguntza eskabidea

1. Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak:

NAN/AIZ:

Jaioteguna:

Helbidea:

Udalerria:

Posta kodea:

Probintzia:

Harremanetarako telefonoa:

2. Norberaren inguruabarrak:

Diru-sarrera garbiak hilero:

%33ko edo hortik goitiko minusbalioa, ofizialki aitortua:

? BAI ? EZ

Ofizialki aitortutako minusbalio maila:

3. Familiako erantzukizunak:

AHAIDETASUNA

IFZ/AIZ

IZEN-DEITURAK

EGUNA

URTEA

MINUSBALIOTASUN MAILA

DIRU-SARRERAK HILERO

Eskatzaileak,

Bere erantzukizunpean adierazten du eskatutako laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta eskabide honetan adierazitako datuak egiazkoak direla.

Aitortutako datuei buruzko kontsultak egiteko eta horiek beste administrazio publiko batzuei emateko baimena ematen du, laguntzaren kudeaketa kontrolatzeko.

Agiri hauek aurkeztu ditu (X bat jarri):

OHARRA: ez da Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren mende dauden agiriak aurkeztu beharrik izanen.

  • Nortasun agiri nazionalaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten pertsonek, haren ordez, pasaportearen, egoitza-baimenaren eta lan-baimenaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte.
  • Genero-indarkeriaren biktima izaera duela frogatzen duen agiria, foru aginduaren 4.a) artikuluan adierazi bezala.
  • Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
  • Erroldaren ziurtagiria, eskaera egin baino gehienez ere hilabete lehenago egina.

Eskatzaileak familiako erantzukizunak dituela adierazten badu:

  • Bere kargura dituen ahaideen nortasun agiri nazionalaren fotokopia, nortasun agiria eduki behar badute, edo pasaportearen fotokopia, nazionalitate espainiarra ez badute.
  • Familia Liburuaren fotokopia.
  • Kargura dituen ahaideekin bizi bada, etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak sartu beharko dira erroldaren ziurtagirian.
  • Kargura dituen ahaideekin bizi ez bada, elikagaien betebeharra ezartzen duen hitzarmenaren edo ebazpen judizialaren fotokopia.
  • Eskatzaileak bere kargura etxean hartutako adingabeak baditu, harrera judizialaren edo administratiboaren agiria.
  • Eskatzaileak berak edo kargura dituen ahaide baten batek minusbalioa duela adierazten badu, hori frogatzen duten agiri ofizialen fotokopia.
  • Ohiko etxebizitzak sorrarazitako gastuak dituela adieraziz gero, azken hilabeteko ordainagiria.

Zera eskatzen du: baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimei norberaren eta familiaren inguruabarren araberako diru-laguntzak ematea.

...................................... ..........(e)an, ............ko ..............aren ....(e)an.
Sin.:

5/1999 Lege Organikoaren 5. artikulua betetzeko, aditzera ematen da eskabide honetan azaltzen ahal diren datu pertsonalak datu pertsonalen fitxategi batean sartu, eta Nafarroako Gobernuak tratatuko dituela, eskatutako laguntza kudeatze aldera.

Emandako datu pertsonalak hirugarrenei ematen ahalko zaizkie, hala behar izanez gero eskatutako laguntzaren kudeaketa garatu, bete edo kontrolatzeko.

Nork bere datu pertsonalak kontsultatu, zuzendu edo, kasua bada, deuseztatzen ahalko ditu, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan (fitxategiaz arduratzen den organoa).

Eskaeran eskatzailea ez beste pertsona fisiko bati buruzko datu pertsonalak sartu behar izanez gero, halaxe jakinaraziko zaie lehenik.

TOKI ENTITATEENTZAKO KOORDINAZIO ETA LANKIDETZA ZERBITZUA.

Iragarkiaren kodea: F0923368