134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

2008/2009 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, San Adriango Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. San Adriango Udalak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2005eko abenduaren 1ean, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, San Adriango lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, udal plana prestatzean ingurumen arloan kontuan hartu beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

San Adriango Udalak 2007ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 14koan, eta 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 15ekoan, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen udal plana. Aurkeztutako dokumentazioan ez zen agertzen ingurumen ondorioen azterlanik.

2009ko martxoaren 23an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan Ingurumen ondorioen azterlana sartu zen, eta, 2009ko ekainaren 11n, San Adriango Udal Plan Orokorraren eranskina, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenari erantzuteko. Uztailaren 2ko 521/2009 Ebazpenaren bitartez jendaurrean jarri zen 45 egunez. Ez da jaso ingurumen arloko alegaziorik.

San Adriango Udal Plan Orokorraren funtsezko helburuak hauek dira: udalerriaren etorkizuneko egoitza, ekonomia eta produkzio garapena biltzen ahalko duen lurzorua edukitzeko moduko lurralde eredua proposatzea, horrela San Adrian industriaren eta eskualdearen gunea izanen delakoan; hiri kalitatea hobetzea espazio publikoak eta berdeguneak sortuz; eta horniduretarako eta ekipamenduetarako lurzorua erreserbatzea udalerria eskualdeko buru sendoagoa izan dadin. Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, helburua lurzoru urbanizaezinaren kategoriak eta lurzoru horren babes araubidea udalerriaren ingurumen, baso eta nekazaritza arloko balioetara egokitzea da.

Era berean, indarreko planeamendua eguneratu eta egokitzen da, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera, hirigintza arloko legediari eta, bereziki, lurzoru urbanizaezinari buruz xedatuta dagoenera egokitzeko.

San Adrian udalerria Erriberiagoiena eskualdean dago, Nafarroako erdialdearen ekialdean. 5.793 biztanle ditu, eta bere populazioa azken urteotan handitu egin da. Udalerriaren azalera 83 km²-koa da.

San Adriango udal mugapearen lurralde okupaziorako ereduan, egoitza erabilerak hirigunea ekialdetik inguratzen duen saihesbideraino handitu eta garatzea eta saihesbide horren inguruan espazio libreen zerrenda mantentzea planteatzen da. Hirigunearen iparraldean industria lurzorua handitu da, eta Sansandeko goi ordokian handitze eremuak daude. Andosillako saihesbidearen trazadura txertatu da hirigunearen ipar-ekialdean.

Udal mugapearen ingurumenari buruzko diagnostikoa ez da egin ingurumen unitateen definizioa kontuan hartuta (ingurumen unitateak jarduketa jakin baten aurrean berdin erantzuten duten lurralde zatiak dira), baina lurraldearen erabilera eta balioen azterketan oinarritu da.

Eremurik garrantzitsuenak Cabizgordo, laderas del Monte eta Planilla alderdietako larre mediterraneoak (6220* lehentasunezko habitata), Ebro ibaiko sahasti eta makaldi mediterraneoak (92AO habitata), Ebro eta Ega ibaiek osatzen duten sare hidrografikoa eta ur bazterreko landaredia dira. Ebro ibaian zein Ega ibaian ur bazterreko landaredi naturalaren kontserbazio egoera txarra da, eta produkziorako makaldiek, larreek, ibarbaso natural edo naturalizatu txikiek eta ibarbaso lehengoratuek osatutako mosaikoa da agertzen den landaredi bakarra.

Lurzorua sailkatuko denez, San Adriango ingurumen balioen kontserbazioa bermatuta dago. Babeserako lurzoruen kategorian, azpikategoria hauek bereizten dira:

-Ingurumen balioa: Ebro eta Ega ibaien ibilguak eta zortasun eremua.

-Kultur balioa: aztarnategi arkeologikoak (La Cantera, La Cañada 2, La Magdalena, La Pinilla, La Planilla eta Vista del Bergal).

-Udalerrian identifikatuta dauden abelbideak, Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea, Tuteratik San Adrianera doan Los Portillos altxonbidea, La Cañada adarra, La Balsa de la Canal de la Sierra adarra eta Milagrotik Aezkoara doan altxonbidea eta La Balsa del Canal de la Sierra adarra lotzeko adarra, mugatuta daudenak azpiegituretarako babestu beharreko lurzoru gisa agertzen dira, eta mugatu gabe daudenak lurralde garapeneko eredua zaintzeko lurzoru gisa; bide horiek kultura, historia eta abeltzaintza arloetan duten interesaz gain, pasabide ekologiko gisa garrantzi handia izaten ahal dutela adierazten da.

-Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio ahalmena iraunarazi eta hobetzeko, ureztalur tradizionalak eta Nafarroako Ureztate Planeko ureztalurrak txertatu dira, ustiapen naturalerako duten balioagatik.

-Arriskuei aurrea hartzea: 25 urteko birgertatzealdia duten uholde eremuak Ega ibaian eta Ebro ibaiaren ezkerraldean, 2003ko ur etorririk handienak hartu zituen azalerak.

Gorde beharreko lurzoruaren kategorian hauek txertatu dira:

-Paisaiaren balioa: Ega ibaiko labarrak, tolestura tektoniko ugaridun igeltsozko harkaitz labarrek osatutako paisaia berezia.

-Ingurumen balioa: Ebro eta Ega ibaietako ibarbasoak eta ur bazterreko landaredia, zuhaitzak dituzten oihan eremuak, besteak beste basoberritzeetan landatutako aleppo pinuak (Pinus halepensis), eta zuhaitzik gabeko oihan eremuak, esate baterako larre eta sastrakak eta "El Ontinar" alderdiko idoia.

-Natura aldetik ustiatzeko balioa: makaldiak eta nekazaritza eta abeltzaintza eremuak.

Eskura dauden uholde arriskuari buruzko azterlanak oinarri hartuta (Egaren arroko ibaien urak hartzen ahal dituen zonen mugapenaren azterketa, Nafarroako Gobernua, 2001, eta Ebro ibaiko uholde eremuen mugak, Ebroko Ur Konfederazioa, 2004), hirigunearen ekialdean eta hegoaldean dauden finkatu gabeko hiri lurzoruak edo hiri lurzoru urbanizagarriak urak har ditzakeen eremuak dira. Zehazki, hegoaldean dauden lurzoruak urak har ditzake 10 urteroko uholdea kontuan hartuta. Urak har ditzakeen sektoreen garapena egiteko azterlan hidraulikoa egin beharko da, azterlan horren bidez antolamendu xehakatua ezartzen ahal baita.

Dauden komunikazio bideetako eta urbanizatu beharreko eremu berrietako ingurune zarataren ebaluazioak 8. sektorean (AR2A, AR2B, URI 5 eta URM 10), 9. sektorean (AR3), 10. sektorean (AR4 eta AR5) eta 11. sektorean (AR6) egoitza erabilerak ezartzea baldintzatzen du; ebaluazio hori egiteko zaratari buruzko azterlana egin beharko da eta horri buruzko neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira.

Herriaren ur hornidurarako 3.000 m³-ko ko biltegia dago, 5.000 m³-ko batez besteko kontsumoarekin. Hala ere, hornidurari dagokionez ez da gorabeherarik antzeman, edateko uren araztegiak puntako kontsumoetan behar bezala funtzionatzen duelako eta biltegia erregulatzeko ahalmena berrezarri delako. Hirigintzako Planak biztanleriari buruz egiten dituen aurreikuspenak kontuan hartuta, 3. poligonoko 1792. lurzatia erreserbatu da gaur egungo biltegiaren ordez aurreikusitako hazkunderako neurri egokiak dituen beste biltegi bat jartzeko. Euri urei dagokionez, udalerriak euri urak bereizteko sarea du, eta euri ur horiek azkenean ibaira isurtzen dira.

Saneamendu sareari dagokionez, araztegia lekuz aldatzea aurreikusi da, egoitza erabilerarekin elkarreragin negatiboa duelako.

Azken ondorioa hau da: Hirigintzako Udal Planaren proposamenek neurrizkoak eta bateragarriak diren ondorioak izanen dituzte, interes ekologikoko espazioak beren kontserbazioa bermatzen duten kategorietan sartu direlako.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta nola gehitu zaizkion ingurumen baldintzak San Adriango Udal Planari. Planarekin ados agertu da.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,&

EBATZI DUT:

1. San Adriango Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau honako hauek kontuan hartuta egin da: San Adriango Udal Plan Orokorra eta 2009ko maiatzeko eranskinean aurkeztutako lurzoru urbanizaezinaren kategoriei buruzko kartografia. Dena dela, Cabizgordo alderdian jarduera berezien kategoria aldatu behar izanen da, eta kategoria hori barazkien eraldaketa industrien hondakinak kudeatzeko instalazioaren eremura mugatuta egonen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta San Adriango Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urriaren 6an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0924144