134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIBAR

Egiturazko aldaketaren testu arauemailea Olaibarko Udal Planeko Olabeko 3. poligonoko 372. lurzatian

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako ekainaren 30eko 106 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi da Olaibarko Udal Plana aldatzeko espedientea, Olabeko 3. polignoko 372. lurzatiari dagokiona, Hotalia Alojamientos, S.L. enpresak sustatua. 2009ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 14an.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, haren testu arauemailea argitaratuko da.

Aldaketaren deskribapena

Proposatutako antolamenduaren xedeak ondoko hauek dira:

-Egungo sailkapena lurzoru urbanizaezinetik hiri-lurzorura aldatzea.

-Lurzatiari emandako erabilpena aldatzea.

-Egungo eraikuntzaren bolumetria handitzea.

Arrazoiak

Lurzoruaren sailkapena aldatzea.

372. lurzatiaren hegoaldeko erdiak lurzoru urbanizaezineko sailkapena eta nekazaritzako produktibitate ertaineko kategoria dauzka. Iparraldeko erdiak, berriz, lurzoru urbazinaezineko sailkapena eta lurzoru generikoko kategoria dauzka. 360. lurzatia, bere aldetik, ibaiaren ibilgutzat jotzen da sailkapenean.

Egungo Arau Subsidiarioetan hiri lurzoruaren muga herrigune tradizionalen eraikuntza finkatuen perimetroan dago ezarrita, antolamendu berriko eraikuntzarekin lotutako lurzatiek osatua, beharrezkoa baita bi helburu betetzeko: dagoen bilbea bukatzea eta aurreikusitako garapena bereganatzea. Orobat hiri lurzorutzat hartzen dira eraiki berriak diren zenbait eta herriguneen ondoan dauden bigarren bizitetxeak, haiekin bat egiteko arazoak baitzeuzkaten eta hiri zerbitzurik gabe baitzeuden. Eraikin horietako batzuk hainbat hirigintza operaziotan finkatu ziren, antza denez, edozein planeamendutik kanpo. Hala jokatu da dagoeneko burutu den fenomenoa finkatzeko eta murrizteko, antolamendu orekatua eta hazteko prozesu arrazoizkoagoa erabiliz.

"Bigarren bizitetxeak" deiturikoekin egin den hori, ez da eginen, ordea, denboran zehar finkatu den errealitatea kontuan hartu gabe, beste eraikuntza mota batzuekin, hala nola Olabeko gasolindegiaren ondoko instalazioekin, zeren, herrigunetik kanpo egon eta nekazaritzako edo abeltzaintzako erabilpenik ez eduki arren, ez baitira antolamendutik kanpokotzat hartzen, eta lurzoru urbazinaezinaren barruan sartu dira, lurzoru generikoko sailkapena emanda. Beste alde batetik, Udal Planean ez da aurreikusi inolako industria lurzorurik edo hirugarren sektorerakorik, Ibarrak dituen lurreko eta ekonomiako inguruabarrak aintzat hartuta.

Lurzatia herrigunetik urrun badago ere, hiri lurzoruko sailkapena izateko baldintzak betetzen ditu, 35/2002 Foru Legearen 92, 93 eta 94. artikuluetan zehaztuarekin bat:

-Haren urbanizazioak baditu ibilgailuendako sarbidea, ur hornidura, hondakin uren hustubideak, argindarraren hornidura eta orube izateko zerbitzu guztiak.

-Eraikuntza finkatua dauka, behar adinako mailakoa.

-Ez dago babes bereziko ezein araubideren barruan bere paisaia, natura, ingurumen, nekazaritza, historia, arte, zientzia edo kulturaren inguruko baloreengatik.

-Arrisku naturalen mehatxupean ez dago. Lurzatia ibaitik hurbil badago ere, ibaiaren ibilgutzat ez da hartzen. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduak eskaini dituen datuen arabera (memoria honekin batera doan dokumentazioetan erantsita), lurzatiaren zati txiki-txiki bat, ?1era iristen ez dena, 500 urtean behin da uholdeak pairatzekoa.

-Lurzatiaren hegoaldeko erdia nekazaritzako produktibitate ertaineko kategoriakoa den arren, kategoria hori ez dator bat, inolaz ere, lurzatiaren errealitate fisikoarekin, azken urte hauetan lurzatiaren zati hori hotelak erabili baitu jarduera osagarritarako. Izan ere, lehenago aipatu den bezala, haren tenis-pistak bertan daude.

Beste alde batetik, gaineratzen ahal da ezen industria finkatua duen ondoko lurzatia (377. lurzatia), Udal Planean lurzoru urbanizaezineko sailkapena eta ibaiaren ibilguko eta lurzoru generikoko kategoria dituena, industriako erabilpeneko hiri lurzorura iragan zela 2001eko maiatzean, 607/2001 Foru Aginduan proposatu eta behin betiko onetsi zen aldaketari jarraikiz.

Hori guztia oinarri hartuta, proposatzen da lurzatiaren lurzoruaren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezinetik lurzoru finkatuko kategoriako hiri-lurzorura iragan dadin. Ez da lagapenik aurreikusten, lurzoru finkatua delako.

Aldaketa erabilpenean.

"Hirugarren adinekoak laguntzeko zerbitzuak" delako erabilpena proposatzen da ondoriozko lurzatian. Udal Planaren 22. artikuluan xedatuarekin bat (erabilpen egokiak), ekipamendurako erabilpen pribatua zerbitzuekin parekatuko da.

Aldaketa bolumetrian.

Nafarroan azken urteetan zahar etxe pribatuak eraikitzearen eskarmentuak erakutsi du, denboran zehar bidegarritasun ekonomikoa izan dezaten, plaza kopuru nahikoa eduki behar dutela, gutxienez 120 hain zuzen ere egindako kalkuluen arabera.

Zentro geriatrikoak bideragarriak izan daitezen, orekatuta egon behar dute beharrezko instalazioek eta zerbitzuguneek eta plaza kopuruak. Plaza kopurua murrizteak ez dakar berarekin beharrezko zerbitzuguneen azalera neurri berean murriztea, zeren, edozein zentro geriatrikok plaza gutxi edukiagatik, zerbitzuen eta laguntzako langileen arloetan gutxieneko batzuei eutsi behar baitio. Hortaz, plaza kopurua murriztu ahala plaza bakoitzeko gastuak handitzen dira. Beste alde batetik, plaza kopurua gehiegi handitzen bada, beharrezko zerbitzugune eta laguntzako langileen kopurua ere nabarmen hazten da. Horrela ere, beraz, plaza bakoitzeko gastuak ez dira murrizten.

Bete beharreko araudian ezarritako baldintzak eta kalitatearen gaineko eskakizunak nahiz berriki aztertu ditugun zahar etxeetatik lortutako eskarmentua oinarri hartuta, kalkula daiteke egoitza mota horien funtzionamendua ahalik eta egokiena izan dadin gutxienez 40 metro koadro eraikiak behar direla plaza bakoitzeko. Orobat, aipatu beharra dago funtzionamendua ahalik eta egokiena izan dadin ezarritako gutxieneko azalera hori kalkulatu dela egoitzaren titulartasuna pribatua balitz bezala. Izan ere, egoitza edo zentro pribatu batek ezin dio eutsi plaza bakoitzeko Nafarroako Gobernuak kudeatutako egoitzetan dauden instalazio eta metro koadro ugariri, alegia gizarte zerbitzuetako teknikariek zehaztu eta gomendatutako kalitatezko ereduei. Horrenbestez, gure irudikoz 120 plazako egoitza batek gutxienez 4.800 metro koadro eraikiak behar ditu.

Halaber, kontuan hartu behar da egungo eraikina beste erabilpen baterako (ostatua izateko) egin zutela eta eraikuntzari eta suteen kontrako babesari buruzko araudiak desberdinak zirela, egun indarrean dagoena askoz zorrotzagoa baita. Eraikuntza finkatuari eman nahi zaion erabilpena aintzat hartuta, beharrezkoa eta ezinbestekoa da hura funtsean aldatzea egun indarrean dagoen araudian zehaztutako betekizunekin bat egin dezan, bizigarritasuna, erabiltzeko segurtasuna eta, batik bat, suteen kontrako babesa gisako funtsezko gaiei dagokienez bederen. Kontuan harturik dagoeneko zutik dagoen eraikina egokitu beharra dagoela, zuhurtzat jo dugu azalera hori gutxi gorabehera %20 handitzea, eta hortaz, eraikitzeko bolumen osoa 5.800 m²koa izanen litzateke. Egungo eraikinaren azalera eraikia, guztira, kanpoko eskailerak eta terraza barne, 3.600 m²koa da gutxi gorabehera. Beraz, handitu beharko da egun indarrean dagoen araudira egokitzeko eta eman nahi zaion erabilpena emateko.

Egungo azalera eraikiak ondoko hauek dira, atalez atal:

? Azalera eraikia erdisotoko solairuan: 1.212,72 m².

? Azalera eraikia beheko solairuan: 927,12 m².

? Azalera eraikia lehenengo solairuan: 731,45 m².

? Azalera eraikia estalkipean: 428,76 m².

? Azalera eraikia beheko solairuko kanpoaldean (%50): 234,41 m².

? Azalera eraikia lehenengo solairuko kanpoaldean (%50): 69,28 m².

? Azalera eraikia sestra gainean, guztira: 2.391,02 m².

? Azalera eraikia, guztira: 3.603,74 m².

Handitzeko proposamenean ondoko bolumetriak aurreikusten dira:

? Azalera eraikia erdisotoko solairuan: 1.740,00 m².

? Azalera eraikia beheko solairuan: 1.740,00 m².

? Azalera eraikia lehenengo solairuan: 1.740,00 m².

? Azalera eraikia estalkipean: 430,00 m².

? Azalera eraikia erdisotoko solairuko kanpoaldean (%50): 90 m².

? Azalera eraikia beheko solairuko kanpoaldean (%50): 30,00 m².

? Azalera eraikia lehenengo solairuko kanpoaldean (%50): 30,00 m².

? Azalera eraikia sestra gainean, guztira: 3.970,00 m².

? Azalera eraikia, guztira: 5.800,00 m².

Olaibarko Hirigintza Orokorrari buruzko araudiaren 26. artikuluari jarraikiz, dauden eraikinak handituz hiri lurzoruaren araubidea aldatuz gero, sestraren gainetik eraikitako 0,5 metro koadroren koefizientea aplikatuko da lurzatiaren metro koadroko.

Lurzatiaren azalera 9.367,03 m²koa da, 360. lurzatitik eskuratutako zatia barne, nahiz eta oraindik hori islatu ez den, eskatutako katastroaren zuzenketaren esperoan. Hortaz, sestraren gainetik, gehienez, 4.383,51 m² eraikitzen ahal dira.

Proposaturiko handitze horren azalera sestraren gainetik 3.970,00 m²koa denez gero, artikulu horretan zehaztua bete egiten da.

Aldatuko diren agiriak

Ondoko planoak aldatuko dira:

8.4 planoa-Zoru urbanizaezinaren antolamendua. Kategorien esleipena.

Olaibarren, 2009ko urriaren 16an.-Alkatea, María Carmen Lizoain Osinaga.

Iragarkiaren kodea: L0924620