131. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1465/2009 EBAZPENA, urriaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketak arautzen dituzten arauak" aldatzen dituena. Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartutako erabakiaren bidez onetsi zuen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2009ko urriaren 6an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketak arautzen dituzten arauak" onetsi ziren, eta hona hemen hitzez hitz:

Gobernu kontseiluaren erabakia, "nafarroako unibertsitate publikoko gradu ikasketak arautzen dituzten arauak" aldatzen dituena

Gobernu Kontseiluak uztailaren 1ean egindako bileran onetsi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu ikasketak arautzen dituzten arauak.

Arau horiek indarra hartu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2009ko abuztuaren 17an argitaratu eta gero.

Gizarte Kontseiluak 2009ko ekainaren 12an egindako bileran onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketetako iraupen arauen proposamena. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 46.3 artikuluarekin bat etorriz, proposamen horrek Unibertsitateen Kontseiluaren aldeko txostena jaso du, eta Gizarte Kontseiluaren behin betiko onespenaren zain dago.

Aipatu iraupen arauetako 2. artikulua- Deialdia aztertu eta gero, atzematen da artikulu hori eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketak arautzen dituzten arauetako 45. artikulua -Deialdi kopurua kontraesanean daudela.

Bi artikulu horietan araututako edukiak ikaslearen iraupena Unibertsitatean baldintzatzen duenez, gradu arauetako 45. artikulua- Deialdi kopurua aldatu behar da, artikulu hori bat etor dadin Gizarte Kontseiluak onetsi behar dituen iraupen arauen proposamenean ezarritako aurreikuspenekin.

Beraz, ondoko hau da Gobernu Kontseiluak, 2009ko urriaren 6ko bileran, Irakaskuntzako errektoreordeak hala proposaturik, hartu duen.

ERABAKIA:

Lehenengoa.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketak arautzen dituzten arauetako 45. artikuluaren aldaketa onestea. Honela geratuko da:

"45. artikulua. Deialdi kopurua.

1. Ikasleak sei deialditarako eskubidea du, irakasgai bakoitza gainditzeko.

2. Edozein irakasgaitan matrikulatzeak deialdi bat ekarriko du, ebaluazioa egiteko, matrikula zein seihilekotan egiten den, seihileko horretan.

3. Irakasgai baten lehen eta bigarren matrikulan, deialdia ez da kontuan hartuko irakasgaiaren aktan "Ez aurkeztua" kalifikazioa azaltzen denean.

4. Irakasgai baten hirugarren eta hurrengo matrikuletan, deialdia erabili dela ulertuko da irakasgaiaren aktan "Ez aurkeztua" kalifikazioa azaltzen denean."

Bigarrena.-Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzari, Ikastegietako zuzendariei eta Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuari erabaki honen berri ematea.

Hirugarrena.-Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean."

Iruñean, 2009ko urriaren 7an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F0924253