131. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

2009ko diru-laguntzetarako deialdi publikoaren oinarriak garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko

Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko urriaren 6an egin bilkura arruntean, erabaki hau hartu zen, besteak beste:

Tafallako Udalak, diru-laguntzak direla medio, nazioarteko lankidetzako programen finantzaketan parte hartzeko nahia agertu duelarik, programa horiek "garapen bidean diren herrialdeetan" gauzatzeko, hango komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatu eta bultzatzearren, eta horretarako, propio 72.000 euroko kontu-saila ezarri duelarik.

Ikusirik garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2009. urteko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarriak.

Ikusirik behar adina kreditu badagoela, diru-laguntzak ematetik sortzen diren betebehar ekonomikoei aurre egiteko; kontuan izanik espedientearen fiskalizazioa eta bertan diren gainerako agiriak; Gobernu Batzorde honek, Jarraipen eta Kontrol Batzordeak data honetan eman duen irizpena ikusi ondoren, honako hau erabaki du:

Lehena.-Garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2009. urteko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarriak onestea. Zenbatekoa, osotara, 72.000 euro da.

Bigarrena.-Garapenerako lankidetza programei dagokien gastua onestea: 72.000 euro; Udalaren egungo aurrekontuko 0.4620.48204 kontu-sailaren kontura.

Hirugarrena.-Aipatutako diru-laguntza emateko prozedura abiaraztea, eta deialdia eta oinarri erregulatzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.-Erabaki hau Kontabilitate Zerbitzuei eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei igortzea.

Tafallan, 2009ko urriaren 6an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

2009KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO

1.-Hitzaurrea.

Tafallako Udalak aurrekontuko kontu-sail bat du nazioarteko lankidetza programendako diru-laguntzak emateko, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzearren. 2009. urterako, udal ordezkariek 72.000 euro lotu dituzte, Nazio Batuek -herriak garatzeko nazioarteko lankidetza bultzatzeko- eman dituzten aholkuekin bat.

2.-Deialdiaren xedea.

Hauxe da deialdi honen xedea:

Diru-laguntzak emanda, garapen bidean diren herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatzea. Proiektu horien helburua izanen da tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa eta azpiegiturak herrietako edo hirietako komunitateendako, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean eta, orobat, arreta berezia ematen dietelarik ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera iraunkorrari.

Orobat, lankidetza proiektu horiekin batera hiritarrak sentikor bihurrarazteko programa bat abiatuko da, komunitatearen parte-hartzea bultzatu eta Iparraldea eta Hegoaldearen arteko hartu-emanen inguruan jarrera kritikoak eta gogoetak sustatzen dituena.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira deialdi honetan:

Nazio Batuen Erakundearen irizpideen arabera, giza garapeneko indizerik txikiena duten herrialdeetan soilik paratuko da arreta, baita laguntza jasoko duen eremu edo eskualdearen ezaugarri sozio-ekonomikoetan ere.

Lehentasunez jarduteko sektoreak:

-Ura eta saneamendua: urez hornitzeko sistemak eta oinarrizko saneamenduaren azpiegiturak.

-Hezkuntza: lehen mailako hezkuntza den-denei zabaltzea, hezkuntzaren azpiegiturak hobetzea, helduak alfabetatzea eta hezitzaileak trebatzea.

-Osasuna: osasuna bere osotasunean hartzen duten ekimenak; haurren heriotza tasa murrizteko programak; sexu eta ugaltze osasuna hobetzeko programak. Bai aurrea hartzeko fasean bai eritasunak artatzerakoan.

2009. urteko zenbatekoa jarduera hauetarako 72.000 eurokoa izanen da.

3.-Entitate eskatzaileak.

Deialdi honetako diru-laguntzak jaso nahi dituzten erakunde, entitate edo elkarteek, ondoko baldintza hauek beteko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraziko da, berariaz, haren helburua dela garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Hori frogatzeko, azken urtean egindako jardueren dokumentazioa aurkeztuko dute.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Foru Ogasunari ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Irabazteko asmoa duten enpresak nahiz bestelako entitateak.

b) Tafallako Udalaren aurreko deialdietan diru-laguntza lortu zuten GGKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badituzte jarraipen txostenak aurkeztu (deialdi honetan proiektuak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta) eta ez badute behar bezala jakinarazi eta arrazoitu.

c) Azken 12 hilabeteetan Nafarroan jardunik izan ez duten GGKE edo elkarteak (deialdi honetan diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta). Hau da, epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez dira jarduntzat hartzen hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.

4.-Proiektuak eta balorazio irizpideak.

Diru-laguntza eskatzeko, proiektuek edo jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honetan adierazitako printzipioekin eta lehentasunekin bat etortzea.

b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz informazioa nahikoa ematea.

c) Proiektua gauzatzeko ardura duen entitatearen helburuen eta lan esperientziaren berri ematea; behar adina informazio.

d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, lagundutako egintzaren jarraipena egiteko.

e) Aurreikuspenen arabera, lagundutako egintzak 12 hilabete baino gehiago ez irautea.

f) Proiektua egin nahi den tokian bertako lankide bat izatea. Lankide hori GGKE bat izaten ahalko da; GGKE eskatzaileak delako herrialdean delegazioa edukitzea nahikoa izanen da.

g) Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan.

h) Orobat, herritarrak sentsibilizatzeko zenbait jarduera aurkeztu beharko ditu GKE eskatzaileak, Tafallako biztanle mota guztiei zuzenduta. Sentsibilizazio jarduera horiek gogoeta, kritika eta portaeren aldaketa bultzatu beharko dituzte herrien arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoaren gainean, jendearen bizi baldintzetan dituen ondorio larriak kontuan hartuta.

i) Sendagaiak dohaintzan ematearekin edo jendearen eskura jartzearekin zerikusia duten jarduerak dituzten proiektuak, Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak dohaintzan emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaizkio.

Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko 2 eskabide aurkezten ahalko ditu, gehienez ere. Proiektu bat baino gehiagorako laguntza eskatuz gero, finantzatzerakoan lehentasuna zeinek duen adieraziko da.

Hona hemen deialdian sartzen diren proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

.Proiektuaren kalitate teknikoarekin zerikusia dutenak: 28 puntu

-Garatu nahi den proiektuaren inguruko informazioa, testuingurua eta proiektu horrek ukituko duen sektorearen egoera (testuingurua, baliabideak, azpiegiturak...).

-Egintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.

-Egintzaren bideragarritasun teknikoa; atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan.

-Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen, diruz lagundutako egintza bukatutakoan.

. Egile edo jarduleen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 21 puntu

-Herrialdeko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duten harremana.

-Pertsona onuradunek parte hartzea, proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan.

-GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna, eta, bereziki, aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna.

. Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 20 puntu

-Bizi baldintzak hobetzea eta tokian tokiko sektore bereziki ahulei laguntza ematea: haurrak, emakumeak, indigenak, ezgaitasunak dituztenak, errefuxiatuak, etab.

-Genero ikuspuntua proiektuan eranstea, emakumeek gizartean nahiz politikan ordezkaritza handiagoa lortzea helburu duten ekimen positiboak bultzatzea, ekonomia arloan emakumeen aukerak hobetzea eta herritarrak balore horietan sentsibilizatzea.

-Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea.

. Ezarritako xede eta lehentasunekin bat egiten dutenak: 14 puntu

. Aurrekontuarekin zerikusia duena: 6 puntos

-Kofinantzazio baldintzei eta ezarritako mugei egokitzea.

-Proposatutako jarduerei egokitzea.

. Herritarrak sentsibilizatzearekin zerikusia dutenak: 8 puntu

. Erakunde eskatzaileak Tafallan jardutea. 3 puntu

Proiektuek 60 puntu eskuratu beharko dituzte aintzat hartzeko. Balioetsi ondoan, diru-laguntza nori esleitu dion proposamen arrazoitua luzatuko dio ebaluazio-batzordeak Tokiko Gobernu Batzarrari.

5.-Finantzaketa.

. Esleitutako diru-laguntzez baliatuta materialak, hornidurak, ekipoak eta ekoizpenerako bestelako aktiboak eskuratzea eta garraiatzea ordaintzen ahalko dira, betiere proiektua garatuko den herrialde edo eskualde berean eginez gero.

. Salbuespen gisa, lurrak edo ondasun higiezinak erosteko erabiltzen ahalko da diru-laguntza; baina, betiere, legezko egoeraren berri ematen duten eta benetan erosten ahal direla frogatzen duten agiriak aurkeztea izanen da baldintza. Gainera, ondasun horien titulartasuna behar du izan proiektua zein tokitan egiten den bertako jendea ordezkatzen duen erakunde batena. Azken baldintza hori aplikatzekoa da eraikin berriak altxatzeko proiektuen kasuan ere.

. Finantzaketaren gutxienez %10 beharko da izan entitatearen beraren funts edo fondoetatik etorria, edo beste administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

. Administrazio eta kudeaketa gastuetarako diru-laguntza lortzen bada, horiek ez dute aurrekontuaren %7 gainditu behar.

. Sentsibilizazio jarduerekin lotutako gastuak, gehienez diru-laguntzaren %3ra arte, ordainduko dituzte diru-laguntzek.

. Dena den, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko -beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta- egin beharreko proiektuaren kostua.

6.-Eskaerak aurkeztea.

Diru-laguntzen eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira -edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan-, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, 30 egun naturaleko epean.

Ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

. Eskabide eredua, 1. eranskinean dagoena.

. Memoria, proiektua aurkezteko inprimakiaren arabera, 2. eranskinean baitago.

. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa eta entitatearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

-Estatutuak.

-Elkarteak dagokion Elkarteen Erregistroan izena emana duela erakusten duen ziurtagiria.

-Identifikazio Fiskaleko Txartela.

-Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren aitorpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

. GGKE eskatzaileak Nafarroan azken urtean honako esparru hauetan egindako jardueren frogagiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza.

. Tokian tokiko lankidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

-Estatutuak.

-Legezko eraketaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

-Legezko helbide osoa.

-Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

. Diru-laguntza zer banku entitatetan sartu behar den, entitate haren ziurtagiria; han adieraziko dira kontuaren zenbakia eta titularra. Ziurtagiriak data eguneratua izanen du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

. Betiere, gastuen eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko da, sailkakoa eta eurotan emana; halaber, adieraziko da proiekturako zer baliabide dauden herrialde hartan eta zer baliabide jarriko dituen entitateak, eta beste erakunde edo entitate batzuei zer diru-laguntza eskatu zaien edo haiengandik jada zer laguntza lortu den.

. Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

. Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

. Tafallako Udalak egiaztatuko du, ofizioz, entitate eskatzaileak bete dituela Udalarekiko dituen tributu betebeharrak eta, zorrak egonez gero, horiek konpentsatuko ditu.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa, oinarri honetan esandakoa, Tafallako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko; hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak gibelera egin duela ulertuko da.

7.-Diru-laguntzen ematea.

Gizarte Ongizateko zinegotzia buru duen batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proiektuak. Hona hemen batzorde horretako kideak:

-Mahaiburua: Ángel Arbona Jiménez.

-Idazkaria: M.ª Asunción Nieto Zabala

-1. mahaikidea: Celina Sola Remón (Berdintasunerako zinegotzia)

-2. mahaikidea: José Carlos Lerga (Udaleko zinegotzia)

-3. mahaikidea: Santiago Lanas Olleta (Udaleko zinegotzia)

-4. mahaikidea: Xabier Flamarique Catalá (Udaleko zinegotzia)

-5. mahaikidea: Maiorga Ramírez Erro (Udaleko zinegotzia)

-6. mahaikidea: Aurora Beroiz Zaratiegui (Eragile soziokulturala)

-7. mahaikidea: Imelda Mañeru Viguria (Berdintasunerako teknikaria)

-8. mahaikidea: Iñaki Arregui Flamarique (proiektuak baloratzerakoan ohiko laguntzailea)

Batzorde horrek proposamen txosten bat prestatuko du eta erabakia hartzeko eskumena duen organoari igorriko dio.

Organo eskudunak bi hilabeteko epea izanen du -proiektuak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina- dagokion erabakia hartzeko.

Aldez aurretik emanen da diru-laguntza, ordainketa bakar batean. Ordainketa hori bi hilabeteko epean eginen da, gehienez ere, organo eskudunak ebazpena ematen duenetik aitzina.

8.-Proiektua gauzatzea eta kontrola.

Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko ardura duten GGKEek proiektuaren garapenari buruzko txostenak emanen dituzte, lanak deskribatzeko eta finantza egoera azaltzeko; Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, sei hilabetean behin; eta beste txosten bat, proiektuaren bukaerari buruzkoa, urtea igarotakoan (3. eranskinean dago eredua); salbu eta aurkeztea galarazten duen arrazoi justifikatua badago. Kasu horretan ezintasun hori idatziz jakinaraziko zaio Tafallako Udalari eta honek baloratu eta onartu egin beharko du. Lehen txostena sei hilabete igarotakoan aurkeztuko da, diru-laguntza ordaintzen denetik aitzina kontatuta.

Gizarte Ongizateko Zinegotzigoak GGKE bakoitzari deitzen ahalko dio proiektuen gauzatzearen berri eman dezan, deusetan ukatu gabe 9. A) 3 oinarrian erakunde onuradunei ezartzen zaien eginbeharra.

Txostenetan, agiri hauek egonen dira:

a) Diru-laguntza tokian tokiko kontraparteari bidali zaiola erakusten duen agiria.

b) Tokian tokiko lankide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, diru-laguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko txosten teknikoa (3. eranskinean datorren ereduaren arabera).

Diru-laguntza lortutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko da, haiek gauzatzeko edozein fasetan, eta proiektuen ardura duten erakundeek eman eginen dizkiote Tafallako Udalari, hark eskatutako informazio eta agiri guztiak.

Informazio hori jaso ondoan, Udalak -Gizarte Ongizateko Zinegotzigoa dela medio- laburpen txostena prestatuko du, proiektuak gauzatzeari buruz eta horiei diru-laguntzak emateari buruz.

9.-Diru-laguntza ematen duen administrazioaren eta erakunde onuradunen arteko harreman juridikoaren edukia.

A) GKE onuradunaren betebeharrak:

1.-Eskabidean adierazi bezala gauzatzea proiektua. Diru-laguntza jaso ondorengo hiru hilabeteetan hasiko da proiektua, ez beranduago, ezinezkoa ez bada, behintzat, arrazoi bereziak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira.

2.-8. oinarrian seinalatutako erdi bideko txostenak eta bukaerakoak aurkeztea diru-laguntza eman duen entitateari.

3.-Entitate emaileak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4.-Tafallako Udalari baimena ematea eta laguntzea proiektuaren garapenaren berri ematen, jendea garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan sentsibilizatzeko.

5.-Tafallako Udalaren logotipoa ikusteko moduan paratzea proiektuaren agiri eta publizitate guztietan, eta tokian tokiko lankide edo kontraparteari jakinaraztea nondik etorri den diru-laguntza.

6.-Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Tafallako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Tafallako Udalak berariaz emandako baimena beharko da, aldez aurretik, proiektuan funtsezko aldaketarik egiteko; alegia, honako elementu hauek ukitzen baditu:

-Helburuak.

-Onuradunak.

-Proiektua gauzatzen deneko lekua.

-Aurreikusitako kontu-sailetan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoituko dira, eta aldaketa horiek ekarri dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira.

Tafallako Udalari adierazi eginen zaio, baldin eta GGKE eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketak gertatzen badira proiektua garatu bitartean: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

7.-Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak beteak izatea.

B) Jasotako zenbatekoak itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

1.-Justifikatu beharra ez betetzea.

2.-Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

3.-Diru-laguntza kobratzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirua edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak, eta zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak atxikitzea erabakitzen ahal dute.

Harturiko dirua hein batean itzuli eta dagokion berandutza interesa ordaindu beharra izanen da, baldin eta diru-laguntza izan duten gastuak ez badira justifikatzen edo proiektua gauzatzean izandako diru-sarrerak (edonolakoak) gastuak baino handiagoak badira.

C) Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, Administrazioaren esparruko ez betetzeak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

Diru-laguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

Diru-laguntza lortzearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea, entitate onuradunari edo, bestela, zuzenbidezko edo egitezko administrazioaren erantzule gisa aritu denari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

Ez betetzeen erantzule zuzena izanen da dirua eskuratu eta oinarri hauetako betebeharrak betetzen ez dituen GGKEa.

Itzuli beharraren eta -halakorik badago- zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak saihestu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo beren mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.

Gainera, haien egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak izanen dira subsidiarioki erantzule, betiere, beren jardunak oro utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta zehapenenenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta entitate interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatzen denaren arabera tramitatuko da espediente hori.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

. Bost urte arteko epe batean diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

. Bost urteko epean Estatuarekin eta beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

Diruzko isunak ez du loturarik aurreko artikuluan aipatzen den dirua itzuli beharrarekin.

Artikulu horretako arau-hausteen zehapenak mailaz mailakoak izanen dira, alderdi hauek kontuan hartzen direla:

. Pertsona edo entitateen fede ona ala txarra.

. Diru-laguntzen eta laguntzen arloan arau-hausteak behin eta berriz egitea.

. Administrazioaren ikerketa lanari edo araudi aplikagarrian xedatzen diren finantza kontroleko lanei aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

. Bost urtetan Tafallako Udalaren diru-laguntzak jasotzeko aukera kenduko da gastuak frogatzeko gezurrezko fakturak erabiliz gero.

Diru-laguntza ematen duen organoak hartuko du erabakia eta ezarriko ditu zehapenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

D) Diru-laguntza hauen arauak.

Garapen bidean diren herrialdeekin egiteko lankidetza proiektuak direla-eta, diru-laguntzak emateko irizpideak bat etorriko dira honako arau hauetan gai horri buruz xedatuarekin:

. Toki Administrazioari buruzko Foru Legea.

. Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

. Dagokion ekitaldi ekonomikoko aurrekontua betearazteko oinarriak.

. Diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den araudia.

E) Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L0924099