131. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

304/2009 EBAZPENA, urriaren 22koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, langabezian dauden tituludunei prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu onets eta argitara dadila langabezian dauden tituludunei prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia. Txosten horretan azaltzen denez, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak zenbait eginkizun uzten ditu unibertsitatearen esku, besteak beste, prestakuntza ematea ezagutza eta metodo zientifikoak aplikatzea eskatzen duten jarduera profesionaletan aritzeko, bai eta bizi osoan jaso beharreko prestakuntza eskaintzea ere. Gaur egungo egoera ekonomikoan garbi agertzen da langileen prestakuntza hobetu egin behar dela, lan merkatuan errazago sar daitezen. Langabetuak dira administrazioaren laguntza handiena behar dutenak, ez baitira egoera ekonomiko onean bizi. Horiek horrela, eta graduondoko ikasketen helburu behinena unibertsitateko tituludunei prestakuntza aurreratu espezializatua edo diziplina anitzekoa ematea baita, deialdi honen helburua da ikasketa horiek egiteko erraztasunak ematea; hala, matrikulako eskubideak ordaintzetik salbuetsiko dira unibertsitateko titulu bat izanik Nafarroako unibertsitate publiko batean graduondoko ikasketak egiten dituzten 25 urtetik 40ra bitarteko ikasleak.

Neurri honekin, Nafarroako unibertsitateek langabeziaren kontrako borrokan laguntzen dute eta, aldi berean, unibertsitateko ikasketa berriak bultzatzen dituzte.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Langabezian dauden tituludunei prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia onestea. Ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da.

2. 262.478 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako Planeko laguntzak" izeneko 431000-43100-4812-322304 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuetako zuzendariei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko urriaren 22an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKIN BAKARRA

LANGABEZIAN DAUDEN TITULUDUNEI PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA

1. artikulua.-Helburua, xedeak eta hartzaileak.

1. Nafarroako unibertsitate publikoetako master ofizialetan eta titulu berekietan matrikulatzearen ondoriozko gastuak finantzatzen laguntzeko deialdia egin da. Langabeziako legezko egoeran dauden unibertsitateko tituludunek eskatzen ahal dituzte laguntzak, kasuan kasuko diru prestazioa jasotzeko eskubidea onartua badute.

2. Laguntzen xedea da kualifikazio akademikoak hobetzea, hartzaileen prestakuntza mailak osatu eta eguneratzea eta aldi batez lanik gabe dauden unibertsitateko tituludunei lan merkatuan sartzen laguntzea.

2. artikulua.-Laguntzen zenbatekoa eta finantziazioa.

Laguntza hauek 2009ko "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planeko Laguntzak" izeneko 43100-431000-4812-322304 kontu-sailaren kargura emanen dira, aurrekontuan dagoen diru kopuruaren arabera.

Deialdi honetan 262.478 euroko gastua aurreikusi da gehienez.

3. artikulua.-Laguntzaren zenbatekoa.

1. Unibertsitateko titulu bat eskuratzeko bide diren zerbitzu akademikoetarako ezarritako prezio publiko ofiziala izanen da matrikularako laguntzaren zenbatekoa, ikasketa planean ezarritako urte kopuruan.

2. Laguntza gauzatuko da ikaslea dagokion zenbatekoa ordaintzetik salbuetsiz eta unibertsitateak konpentsatuz, ebazpen honen 12. artikuluan ezarritako moduan.

4. artikulua.-Betebeharrak.

Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 1969ko urtarrilaren 1aren 1983ko abenduaren 31aren artean jaioa izatea.

c) Unibertsitateko titulu ofizial bat izatea.

d) Langabeziako legezko egoeran egotea.

e) Langabeziako prestazioa edo sorospena jasotzeko eskubidea onartua izatea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta prestazio edo sorospen hori jasotzeko eskubide aldia bukatuta ez egotea.

f) 2009-2010 ikasturtean master ofizial edo titulu bereki bateko kurtso oso batean matrikulatuta egotea, kasuan kasuko ikasketa planarekin bat, Nafarroako unibertsitate publiko batean. Deialdi honi begira halakotzat joko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta UHUNeko Iruñeko eta Tuterako ikastetxe elkartuak.

5. artikulua.-Laguntzak esleitzeko irizpidea.

1. Eskaerak jaso eta gero, aurreko artikuluan eskatutako betebeharrak betetzen dituztenei emanen zaizkie laguntzak, harik eta aurrekontuko dirua agortu arte.

2. Aurrekontuan behar beste diru ez egoteagatik ezin bazaie laguntza eskaera guztiei eman, lehentasuna izanen dute Nafarroarentzat interes estrategikoa duten masterrak edo ikasketa berekiak egiteko aurkezten diren eskaerek, balorazio batzordeak ezarritakoaren arabera.

3. Beharrezkoa bada laguntzak esleitzeko beste irizpide bat gehitzea, kontuan hartuko da eskaerak aurkezteko epea bukatzean langabeziako legezko egoeran zein eskatzailek egin duen denbora gehien.

6. artikulua.-Laguntzen egiaztapen eta kontrola.

Laguntza itzultzeko arrazoi izanen dira eta, beraz, ordaintzeari utzitako prezio publikoen zenbatekoa itzuli beharra ekarriko dute, legezko interesarekin batera, honako kasu hauek:

a) Matrikula deuseztatzea.

b) Ikasketak uztea, halakotzat joz, halaber, matrikulatutako kredituen heren bateko azterketak, gutxienez, egin ez izana, dela deialdi arruntean dela berezian, horren arrazoia lana lortu izana ez bada behintzat, behar bezala frogatuz gero betiere.

7. artikulua.-Emandako laguntzak egiaztatzea eta itzultzea.

Laguntzak esleitzeko prozedura bukatutakoan, unibertsitateek emandako laguntzen %3 gutxienez egiaztatuko dute, eta, behar denean, laguntzak itzultzeko eskatuko dute.

8. artikulua.-Eskaerak aurkeztea.

1. 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten interesdunek, ebazpen honetan azaltzen diren laguntzetako bat lortu nahi badute, eranskineko eskaera eredua osorik bete beharko dute eta eskatzaileek sinatuta aurkeztu ikasketak eginen dituzten unibertsitatean.

2. Eskaera orriarekin batera ondokoa aurkeztu beharko du ikasleak:

a) Langabeziako legezko egoera frogatzeko agiria.

b) Langabeziako prestazioa edo sorospena ematen duen ebazpena.

9. artikulua.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2009ko urriaren 31n, hori barne, amaituko da.

10. artikulua.-Eskaeren tramitazioa.

1. Unibertsitate bakoitzeko organo eskudunak interesdunei eskatuko die akatsak, halakorik bada, zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta adieraziko die hori egin ezean eskaerari uko egiten diotela ulertuko dela. Halakoetan eskaera artxibatu eginen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan ezarritako moduan emanen den ebazpenaren ondoren.

2. 2009ko azaroaren 15a baino lehen, unibertsitateek aurkeztu diren laguntza eskaerak igorriko dituzte, egin beharreko zuzenketak eginda, eta, horiekin batera, txosten bat, eskatzaileek deialdiko betebeharrak betetzen dituztela dioena, bai eta laguntzen gutxi gorabeherako zenbatekoa ere, baldin eta ematen badira.

11. artikulua.-Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Prozedura hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2. Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz ezarriko ditu eskaeren datuak eta ebaluazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, instrukzio jarduketetan sartuko da beharrezkoak diren txostenak eskatzea, ebazpen hau aplikatzean sortzen diren arazoak konpontzea eta ebazpena garatu eta betetzeko jarraibideak prestatzea.

3. Eskaera guztiei laguntza emateko behar beste diru ez badago aurrekontuan, Balorazio Batzorde bat sortuko da, eskatzaileek egin nahi dituzten ikasketek Foru Komunitatearentzat interes estrategikoa baduten zehazteko. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

Batzordekideak:

-Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

-Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua.

-Laguntzen kudeaketari lotutako teknikari bat, idazkari lana eginen duena.

Batzordeak aholkua eskatzen ahal die gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei. Batzordearen erabakiak lotesleak izanen dira.

4. Eskaerak jaso eta gehienez ere hamar eguneko epean, laguntzak emateko behin-behineko proposamena argitaratuko da. Proposamen hori Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholetan eta web gunean eta unibertsitateen iragarki oholetan jarriko da ikusgai, onuraduren eta horiek atxikita daudeneko ikastetxeen izen zerrenda hain zuzen ere, eta gutxienez ere hamar egun naturaleko epea emanen da interesdunek alegazioak egiteko.

Epe horretan, laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatu diren interesdunek idazki bat aurkeztu beharko dute laguntza onartzen dutela adierazteko, bai eta xede bererako bekei edo laguntzei eta beren lan egoerari buruzko erantzukizuneko aitorpen eguneratua ere.

Epe horretan erantzuten ez badute, interesdunei jakinaraziko zaie bost egun naturaleko epe luzaezina izanen dutela aipatu agiriak aurkezteko, eta hala ere erantzunik ematen ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da, ebazpen administratiboa eman ondoren.

5. Interesdunek aurkeztutako alegazioak edo behin-behineko zerrenda ukitzen duten beste inguruabar batzuk ikusirik, instrukzio organoak eman eta ukatutako laguntzen behin betiko proposamena igorriko du.

6. Deialdia Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. 2009ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko da ebazpena. Epe horretan ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahal da. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Hezkuntza Departamentuko iragaki oholetan eta web gunean eta unibertsitate interesdunen iragarki oholetan argitaratuko da, eta interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, datatik hasita hamar eguneko epean.

12. artikulua.-Zerbitzu akademikoen prezio publikoak ordaintzetik salbuesteko eta unibertsitateei ordaina emateko modua.

1. Laguntza eskatzen dutenek zerbitzu akademikoen prezio publikoak ordaindu gabe egiten ahalko dute matrikula.

2. Hori hala izanik ere, unibertsitateko idazkaritzek prezio publiko horiek ordaintzeko eskatzen ahal diete, kautelazko neurri gisa, deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenei.

3. Ebazpen honetan ezarritakoaren arabera, matrikularen barrenean onuradunek ordaintzen ez dituzten zerbitzu akademikoengatiko prezioen zenbatekoa unibertsitateei konpentsatu eginen zaie, laguntzak emateko ebazpenaren beraren bitartez.

13. artikulua.-Laguntzen bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek ezin dira batu beste edozein entitatek edo pertsona publiko nahiz pribatuk xede bererako ematen dituenekin.

2. Laguntza bateraezin bat jasotzen bada aldi berean, itzuli beharra sortuko da.

14. artikulua.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua.

15. artikulua.-Ikasturte batetik gorako ikasketak.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu hurrengo kurtsoetan matrikula salbuetsiko dela bermatzeko, urtebetetik gorakoak diren masterretan. Hurrengo kurtsoetan laguntza berritzeko eskubidea izateko, 2009-2010 ikasturteko onuradunek kurtsoko kredituen %80a gainditu beharko dute.

LANGABEZIAKO LEGEZKO EGOERAN DAUDEN UNIBERTSITATEKO TITULUDUNEI PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZAK
EMATEKO DEIALDIA

Eskabide orria

1.-Norberaren datuak:

IZEN-DEITURAK:

DEIALDIA:

NANA:

2009/2010

JAIOTZA:

TELEFONOAK:

Eguna: Probintzia:

Herria:

HELBIDEA (KALEA, PLAZA, ZENBAKIA,

SOLAIRUA, LETRA):

P. K.:

HERRIA:

PROBINTZIA:

HELBIDE ELEKTRONIKOA:

2.-Lan egoera:

LANGABEZIAKO LEGEZKO EGOERA:

BAI ? EZ ?

Hasiera eguna:

LANGABEZIAKO PRESTAZIOA EDO SOROSPENA JASOTZEN DU:

BAI ? EZ ?

Prestazioaren hasiera eguna:

Prestazioaren bukaera eguna:

3.-Datu akademikoak:

3.1. Unibertsitateko tituluak:

IKASKETETARAKO BIDEA EMATEN DUEN UNIBERTSITATEKO TITULUA:

TITULU LORTU ZENEKO EGUNA:

3.2. Eginen den masterraren edo titulu berekiaren programa

PROGRAMAREN IZENA:

2009-2010 IKASTURTEAN ZENBAT KREDITUTAN MATRIKULATUTA:

AURREKO IKASTURTEETAN GAINDITUTAKO KREDITUAK:

UNIBERTSITATEA:

HERRIA:

FAKULTATEA:

DEPARTAMENTUA:

XEDE BERERAKO BESTE LAGUNTZA BATZUK ESKATU EDO JASO DITU:

BAI ? EZ ? (Baiezkoa bada, frogagiriak aurkeztu)

Deialdia egin duen entitatea:

Deialdiaren izena:

Laguntza emateko ebazpena edo agiria:

Behean sinatzen duenak programa honetako arauak ezagutzen eta onartzen ditu; emandako datuak benetakoak direla adierazi du; eskatutako agiri guztiak aurkeztu ditu; Nafarroako Foru Komunitateko Diru-laguntzei buruzko Legearen 13. artikuan ezarritakoa betetzen du; baimena eman dio Hezkuntza Departamentuari, laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean egiazta dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela; eta laguntza eman dakiola eskatu du.

Iruñean, 2009ko .............aren ............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

HEZKUNTZAKO KONTSEILARI JAUNA.

Aipatutako agiriak erantsi zaizkio eskabide honi (laukitxoan x bat jarriz adierazi eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak zeintzuk diren).

Agiriak:

? NANaren fotokopia edo beste agiri ofizial batena, nortasuna eta jaioterria frogatzeko.

? Egin nahi diren masterreko edo titulu berekiko ikasketetarako bidea ematen duen unibertsitateko titulua.

? Langabeziako legezko egoera frogatzeko agiria.

? Langabeziako prestazioa edo sorospena ematen duen ebazpena.

Iragarkiaren kodea: F0924322