131. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

474/2009 FORU AGINDUA, irailaren 28koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, abuztuaren 7ko 393/2008 Foru Agindua aldatu eta 2009ko deialdia onesten duena. Hartan, laguntzak emateko arauak ezartzen dira nekazaritzako laboreak plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika bultzatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 393/2009 Foru Aginduak laguntzak emateko arauak ezartzen ditu, nekazaritzako laboreak plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika bultzatzeko, eta 2009ko deialdia onesten du.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA210/2009 zenbakiarekin.

Foru aginduak, laguntzak eskuratzeko baldintzen artean, lur-estalkiaren teknika erabiltzen den ustiategiaren azalera guztian plastiko biodegradagarria erabiltzea ezartzen du, 2 eta 3. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Dena dela, ustiategi batean aldi berean daudenez plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkia ongi hartzen duten laboreak eta gaizki hartzen duten beste batzuk, komenigarri da laborearen arabera erabiltzea eta ez ustiategi guztian; hortaz, ustiategiko labore jakin baten lurzati guztietan erabili beharko da plastiko biodegradagarria eta ez ustiategiko lurzati guztietan, zein den laborea kontuan izan gabe.

Bestetik, foru aginduak indarra hartzen duenerako lur-estalkiaren teknika erabilita dago labore askotan. Gainera, plastiko biodegradagarria erabiltzea gainkostu oso handiko teknika denez eta nekazari frankok ez dutenez horrelako plastikorik erabili labore guztietan, batzuetan baizik, laguntzetarako aukera murriztua gelditu da 2009an.

Horrenbestez, laguntza eraginkorra izatea nahi bada, aldaketa bat egin behar da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 393/2009 Foru Aginduan, laguntzak emateko arauak ezarri eta 2009ko deialdia onesten duen horretan, nekazaritzako laboreak plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika bultzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak abuztuaren 7an emandako 393/2009 Foru Aginduko aldaketa.

Hurrengo aldaketa egiten da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 393/2009 Foru Aginduan, laguntzak emateko arauak ezarri eta 2009ko deialdia onesten duen horretan, nekazaritzako laboreak plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika bultzatzeko:

1. 3. atala erantsi zaio lehen xedapen gehigarriari. 2009ko laguntzetarako deialdia honela idatzita gelditu da:

"3. 2009an diruz laguntzen ahal dira plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika erabiltzen duten ustiategiko azalerak, azalera hori laboreak ustiategian duen guztia izan edo ez."

2. Foru aginduaren eranskineko 2. artikuluko 1. ataleko c) letra aldatzen da, honela idatzita uzteko:

"c) Plastiko biodegradagarria erabiltzea ustiategiko laboreen azalera guztian, haietan lur-estalkiaren teknika erabili bada eta laguntza eskatu, 3. artikuluan ezarritakoaren arabera."

3. Foru aginduaren eranskineko 3. artikuluko 1. atala aldatzen da, honela idatzita uzteko:

"1. Plastiko biodegradagarrien erabilera sustatzearren, diruz laguntzen ahal dira plastiko biodegradagarriaren bidezko lur-estalkiaren teknika erabiltzeagatik sortutako gainkostuak, haientzat laguntza eskatuz gero; horretarako, kilogramo hauek plastiko erabili beharko dira, gutxienez ere, eta frogatu:

i) 150 kilogramo plastiko hektarea bakoitzeko, laguntzaren xedeko laborean erabili den lur-estalkiaren zabalera 1,20 metrokoa edo handiagoa denean.

ii) 120 kilogramo plastiko hektarea bakoitzeko, laguntzaren xedeko laborean erabili den lur-estalkiaren zabalera 1,20 metrokoa baino txikiagoa denean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko irailaren 28an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0923598