125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko irailaren 28an hartua, Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordea sortzen duena.

Elikagaien segurtasun eta kalitateko Europako politikaren helburua Europako kontsumitzaileen osasuna eta segurtasuna hobetzea da. Horretarako, Europar Batasunaren lurraldea barnean hartzen duen merkatu bakarrean kontsumitzen dituzten elikagaiak askatasunez aukeratzeko beharrezkoa den informazioa ematen die. Hain zuzen ere, merkatu horretan elikagaien segurtasuneko maila baliokidea ziurtatu behar da.

Esparru horretan, Nafarroako Gobernuak, 2004ko apirilaren 19ko bilkuran, Elikagaien Segurtasun eta Kalitaterako Departamentu arteko Batzordea sortu zuen, elikagaien segurtasun eta kontrolaren arloko administrazio publiko eskudunak koordinatzeko, eta Nafarroako Gobernuari nahiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko gainerako departamentu eta erakundeei informazioa eta aholkua emateko, elikagaien segurtasun eta kalitatearen inguruko ekintza, ekimen eta iradokizunei buruz.

Gerora, elikagaien segurtasun eta kalitatearen arloko Europako araudi berria, "Europako Higiene Paketea" izenekoa, onetsi zen. Araudi horrek zehaztu zuenez, elikakate osoan elikagaien segurtasunari buruzko planteamendu integratua egin behar da, eta hori esaldi honen bidez adierazi zen: "elikagaien segurtasuna landatik mahaira". Eskakizun horrek koordinazio mekanismoak ezartzera behartzen du, planteatutako helburuen lorpenaren arloan kontrol ofiziala modu koordinatu eta eraginkorrean egin ahal izateko.

Pentsuen eta elikagaien esparruko legedia eta elikakatearen etapa guztietan animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla egiaztatzeko egindako kontrol ofizialei buruzko apirilaren 29ko 882/2004/EE Erregelamenduaren 4. artikuluak hainbat jarraibide ezarri zituen, kontrol ofiziala egiteko; zehazki, "agintaritza eskudunaren barruan kontrol ofizialak egiteko eskumena duen hainbat unitate egonez gero, unitate horien artean koordinazio eta lankidetza eraginkor eta eragingarria bermatuko da".

Erregelamendu horrek berak eskatzen duenez, agintaritza eskudunak egindako kontrol ofizial hori urte anitzeko plan baten arabera egin behar da. Plan hori elikagaien segurtasun eta kalitatearen arloko eskumena duen agintaritza bakoitzak onetsi behar du bere jarduerak egiteko esparru gisa; halaber, plan horren barruan integratu eta koordinatu behar dira kontrol ofizial horrekin zerikusia duten unitate guztiak.

Elikagaien segurtasunaren kontrol ofiziala nahiz kontrol hori egiteko beharrezkoa den koordinazioa hobetzeko, aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen jarraibideak beteta, beharrezkotzat jo da Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzorde berria sortzea, Elikagaien Segurtasun eta Kalitaterako Departamentu arteko Batzordea ordezteko. Koordinazio organo berriaren osaeraren bitartez, organo hori arlo honetako arazoen konponbide teknikoei dagokienez eragingarriagoa eta hurbilagoa izan dadila lortu nahi da. Halaber, Nafarroan araudiak emandako eskumenak baliatzeko zerbitzu berekiak dituzten Udaletako ordezkariak sartu dira Batzordean.

Zalantzarik gabe, Nafarroako elikagai industriak garrantzi handia du eta, horregatik, komenigarria da proposatutako koordinazioan gure Foru Komunitatean produzitzen eta merkaturatzen diren elikagaien kalitateari buruzko alderdiak ere kontuan hartzea.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordea sortzea. Batzorde horren zereginak, elikagaiei buruzko segurtasunaren, elikagaien kalitatearen eta kontsumitzaileen babesaren arloan, hauek izanen dira: eztabaida, aholkularitza, proposamena eta jarraipena. Batzordeak Osasun Departamentuaren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren jarduerak koordinatuko ditu.

2. Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordea Osasun Departamentuari atxikitzea.

3. Nafarroako Gobernuaren 2004ko apirilaren 19ko Erabakiaren bidez sortu zen Elikagaien Segurtasun eta Kalitaterako Departamentu arteko Batzordea deuseztatzea.

4. Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordearen zereginak honako hauek izanen dira:

a) Elikakatearen Kontrol Ofizialeko Urte Anitzeko Foru Plana egin eta hurrenez hurren berrikus dadila sustatu eta koordinatzea. Plan horren oinarria arriskuen ebaluazioa da eta, beraz, elikagaien segurtasunari eta kalitateari lehentasuna ematea eta segurtasuna nahiz kalitatea kudeatzea. Hori guztia bat dator Elikagaien Segurtasunerako Plan Nazionalarekin eta Foru Komunitateko Osasun Planaren helburuekin.

b) PFCOCA gauzatzearen ondoriozko jarduketak koordinatzea eta plan horren helburuak betetzearen ebaluazioa eta jarraipena egitea.

c) Toki entitateek, kontsumitzaileen elkarteek, sektore ekonomiko eta profesionalek eta oro har herritarrek parte har dezatela bideratu eta sustatzea, zeinek bere eskumenen barruko arloetan.

d) Informazioaren elkartrukea bideratzea eta koordinaziorako mekanismoak ezartzea, Nafarroako Gobernuko Departamentuen eta elikakatearen kontrol ofizialean erantzule eta partaide diren Udalen artean.

e) Elikagaien, pentsuen eta animalien osasun eta ongizatearen arloko legedia betetzen dela egiaztatzeko kontrol ofizialei buruzko oinarrizko jarraibideak egin eta bete daitezela eta jarraibide horien azterketa independentea egin dadila bermatzea, Nafarroako Gobernuko Departamentu batzuek zein besteek beren kontrol ofizialeko eremuan egindako auditoretzetan betetzen dituzten prozedurak berrikusiz.

f) Estatuko Administrazioak elikagaien segurtasuna eta kalitatea koordinatzeko eta elikagaien kontsumitzaileak babesteko zereginen barruan eskatzen dituen txostenak egin eta bidal daitezela koordinatzea, legediak zeregin horiek eman dizkion aldetik, edo Europako Erkidegoko organoek egindako agindeiei erantzuteko, agindei horien ondorioz Nafarroako Gobernuko departamentu baten baino gehiagoren edo toki entitateen eskumenak erabili behar direnean.

g) Bere eskumeneko arloetan foru arauetarako proposamenei buruzko txostenak egitea, hala eskatzen zaionean.

h) Elikagaien arloko jardueren sektorearentzako eta oro har jendearentzako informazioa eta gidak egiteko eta hedatzeko lana koordinatzea.

i) Aurrekoen antzeko beste helburu eta jarduera batzuk, baldin eta elikakatearen kontrol ofizialarekin zerikusia badute.

5. Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordearen osaera honako hau izanen da:

-Batzordeburua: Osasun Publikoaren Institutuko zuzendaria.

Batzordekideak:

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia eta Landa Garapenerako zuzendari nagusia. Haietariko bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Lehen Batzordeburuorde izendatuko du.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Bigarren Batzordeburuorde gisa arituko dena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako bi batzordekide.

Batzordekide bat Osasun Publikoaren Institutuaren izenean.

Batzordekide bat Iruñeko Udalaren izenean.

Batzordekide bat Tuterako Udalaren izenean.

-Batzordekide Idazkaria: Osasun Publikoaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko burua.

Batzordeko kideak ordezkatzen duten Departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez edo ordezkatzen duten Udaleko Alkatetzaren ebazpen bidez izendatuko dira, baita kargutik kenduko ere, aurreko idatz-zatian osaerari buruz azaltzen diren irizpideen arabera.

Eztabaidatu beharreko gaien edukiaren arabera, Batzordeburuak gonbidatuta, Foru Komunitateko Administrazioaren beste unitate batzuetako edo beste erakunde publiko batzuetako titularrak sartzen ahalko dira Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordean.

Batzordeak ahokulari tekniko bat izendatzen ahalko du, Idazkaritzari laguntza tekniko eta administratiboa emateko.

6. Elikagaien Segurtasun eta Kalitatearen Koordinaziorako Batzordeak gutxienez urtean birritan eginen ditu ohiko bilerak, eta egokitzat jotzen duen bestetan, Batzordeburuak proposatzen badu.

7. Batzordeak lantalde teknikoak sortzen ahalko ditu bere eskumenen esparruan agintzen dizkioten zeregin guztiak betetzeko.

8. Erabaki honetan ezarritako berezitasunak galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuei buruz ezarritako arauek zuzenduko dute Batzordea, funtzionamenduari dagokionez.

9. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko irailaren 28an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0923290