125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

496/2009 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, irakaskuntzako erdi eta goi mailetarako 2008-2009 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorra behin betiko ebazten duena.

Uztailaren 1eko 234/2008 Ebazpenaren bidez irakaskuntzako erdi eta goi mailetarako 2008-2009 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorra onetsi zen. Deialdia 2009ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 27an.

Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak martxoaren 26an emandako 158/2009 Ebazpenaren bidez (2009ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 8koa) behin-behinekoz ebatzi zen deialdi hura. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak behar diren kudeaketak egin ditu beka eta laguntzen ordainketa aginduak emateko.

Behin-behineko ebazpena berrikusteko eskaerak aurkezteko interesdunei eman zitzaien epea 2009ko apirilaren 9an bukatu zen.

Aipatu deialdiko 15.3, 15.4 eta 15.5 arauak betez, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposamena egin du aldaketen gaineko behin betiko ebazpena eman dadin, 2009ko ekainaren 30ean bildu zen Beken Batzordeari kontsulta egin ondoren.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2008-2009 ikasturtean erdi eta goi mailetako ikasketak egiteko, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 152/2009 Ebazpenaren bidez behin-behinekoz eman eta ukatu ziren beka eta laguntzak behin betikotzat hartzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan, hurrenez hurren, eman eta ukatutako beka eta laguntzei dagokienez ageri diren salbuespenak izan ezik, horiek aldatu egiten baitituzte aipatu behin-behineko ebazpen hartan heldu zirenak.

2. Era berean, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan ageri diren zerrendak, eman eta ukatu diren laguntzenak, behin betikoak dira. Eranskinak ikusgai egonen dira honako bulego hauetako iragarki oholetan:

-Nafarroako Gobernuko Jendearendako Argibide Bulegoa, Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari baimena ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuan behar diren kudeaketak egin ditzan eta onuradunei dagokien dirua ordaintzeko aginduak eman ditzan.

5. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzea Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren txostena jaso ondoren behar diren ordainketa aginduak eman ditzala, 2009. urteko gastuen aurrekontuko "Irakaskuntzako erdi eta goi mailetarako beka eta laguntzak" izeneko 410002-41150-4800-323100 kontu-sailaren kargura.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

7. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Beka Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

Iruñean, 2009ko irailaren 10ean.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.

Iragarkiaren kodea: F0923010