123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Aldaketa, hilerriko nitxoak alokatzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2009ko ekainaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hilerrian nitxoak alokatzeko tasa arautzen duen ordenantzako aldaketa.

Aldaketa hori 2009ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an.

Argitaratu zenetik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan denez inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu da, aldaketa eta guzti, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Jarraian, aldatu den testua argitaratzen da.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

ORDENANTZA FISKALA, HILERRIKO NITXOAK ALOKATZEKO TASA ARAUTZEN DUENA.

Oinarria.

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Udalak bere hilerrian egiten dituen jarduerak ordaintzeko ezarri dira ordenantza honetan araututako tasa eta eskubideak: nitxoak alokatzeko.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Udalaren hilerriko edozein nitxo alokatzea eskatzen duten pertsona fisikoak zein juridikoak, elkarteak, sozietateak, jaraunspen jasogabeak eta bestelako figura juridikoak dira ordainarazpen honen subjektu pasiboak.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Hainbat epetarako adieraziko diren kopuru finkoak dira karga-oinarriak, nitxoak alokatzeko eskubide gisa.

Tarifak

5. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Hurrengo ekitaldietarako, tarifak urtero finkatuko dira aurrekontu arruntetan. Urtea hasirik, aurrekontu arrunta onetsi gabe badago, aurreko urteko abenduaren 31ko tarifak luzatutzat emanen dira.

Dena dela, Udalak ekitaldi barrenean aldatzen ahal ditu tarifak, ondorio ekonomikoak hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera izateko, ordenantza fiskalak onetsi eta aldatzeko egungo legerian ezarritako prozedurari jarraituz.

Tributu-kuota

6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

Sorrarazpena

7. artikulua. Zerbitzua emateko eskatzen den unean sorraraziko da tasa.

Zerbitzuak eman baino lehen ordainaraziko da tasa, premia larrietan edo jaiegunetan izan ezik.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Nitxoak alokatu nahi dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek Udalari eginen diote horren eskea, eta bertan emanen zaie baimenaren agiria, eskubideak ordaindu eta heriotzari buruzko medikuaren ziurtagiria aurkeztu ondotik. Premia larrietan, edo udal bulegoek jaieguna dutenetan, Udaleko ehorzleak eginen du esleipena. Berehala eman beharko da horren berri Udalaren bulegoetan, eta bost egun balioduneko epean ordainduko dira eskubideak, Udaleko ehorzleak esleitu eta biharamunetik hasita.

Ez da premia larritzat hartuko ez bada nitxoa okupatzen udal bulegoen balio gabeko aldian.

Diru-bilketa

9. artikulua. Zerbitzua eman aurretik ordainduko da nitxoak alokatzeko tasa, ordenantza honen 8. artikuluan jasotako salbuespenetan izan ezik.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Bigarrena.-Ordenantza honek zerbait aurreikusten ez badu, ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea aplikatuko dira, baita aplikagarri diren gainontzeko legezko zein arauzko xedapenak ere.

Hirugarrena.-Udalak badu gaitasuna ordenantza honetan aipatu gabeko gorabeherak interpretatzeko; alabaina, aurreikusitakoan edozein aldaketa egiteko, behin betiko onesteko jarraitu beharreko tramite berak bete beharko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira, ez baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau betetzeko kontra dauden edo traba diren udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

I. ERANSKINA

I. EPIGRAFEA

Nitxo arrunta alokatzea (20 urte) (tapaki gabe), 2005aren aurretik eraikia.

420,00

Nitxoa eta tapakia alokatzea (20 urte)

700,00

Nitxo txikia alokatzea (20 urte)

275,00

Panteoia alokatzea (50 urte)

3.000,00

Kuboaren alde bat osorik alokatzea (3 nitxo 50 urterako)

4.200,00

Vianan, 2009ko irailaren 7an.-Alkate udalburua, Gregorio Galilea Arazuri.

Iragarkiaren kodea: L0922721