123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko bizilagunei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2009. urtean euskarazko ikastaroak barnetegietan egiteagatik

Deialdi honen helburua 2009. urtean euskarazko ikastaroak barnetegietan egiteagatik Iruñeko bizilagunei laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an onetsi ostean 2006ko otsailaren 17ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.-Aurrekontua.

Deialdi honi 2.800 euro esleituko zaio, gehienez ere, indarra duen Udalaren Aurrekontuko 50 45140 480000 kontusailaren kargura esleitu ere.

Diru-laguntza hauetarako izendatu den gehienezko zenbatekoa ezarritako baldintzak bete eta deialdian onuradun suertatu direnen artean hainbanatuko da, baldin eta diru-laguntzek deialdiari esleitu zaion diru-kopurua baino gehiago jotzen badute.

2.-Diru-laguntzen xedea eta helburua, eta jarduera honetarako baldintzak.

Deialdi honen helburua Iruñeko bizilagunei diru-laguntzak ematea da, 2009. urtean euskarazko ikastaro trinkoak barnetegietan egiteagatik, betiere horretarako behar diren eskakizunak betetzen badituzte.

Halaber, 2008. urtean hasi eta 2009. urtean egiten segitu diren ikastaroak ere izan daitezke deialdi honen xede, baldin eta ez bazuten jaso, 2008. urteko deialdian, aldi horri zegokion partea.

Ikastaroek, gutxienez, lau aste iraun behar dute, baina iraupen laburragoko ikastaroak metatzen ahal dira, baldin eta horien artean lau aste baino gehiago iragan ez badira.

3.-Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak bete eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren bakar batek ere ukitzen ez dituen Iruñeko bizilagunek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Iruñean erroldatuak izatea, gutxienez, diru-laguntza zer ikastarotarako eskatu eta hori hasi baino sei hilabete lehenagotik. Agiri hau bere kabuz eskuratuko dute Udalaren Administrazio zerbitzuek.

a) Ikastaroa egitea, gutxienez eskola guztietatik %90ean parte harturik eta ikastaroan nahikoa aprobetxamendu ona aterata.

b) Tributu-betebeharrak egunean izatea, bai eta Gizarte Segurantzarekikoak ere, eta zordun ez izatea, behin diru-itzulketa bidezkoa dela ebatzita. Udalak bere kabuz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela Udalarekiko zerga-betebeharrak.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 8. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4.-Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Kultura Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Kultura Zinegotzi Delegatuari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Ebazpen-proposamena instrukzio-organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

-Epaimahaiburua: Kultura Alorreko Zuzendaria.

-Epaimahaikideak: Udaleko euskara koordinatzailea.

Kultur jardueretako teknikaria.

Kultura Alorreko Zuzendaritza-idazkaria.

-Idazkaria: Kultura Alorreko administrari euskaldun bat.

5.-Zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Diru-laguntzak ikastaroaren kostuaren %50 hartuko du, eta, edonola ere, inork ezin izanen du jaso 492 euro baino gehiagoko diru-laguntzarik euskarazko ikastaro trinkoak barnetegietan egiteagatik; muga hori zehaztean, kontuan hartuko dira Iruñeko Udalak deialdi honen beraren baitan gaur egun arte eman dituen diru-laguntzak oro.

Beka hauetarako izendatu diren diru-laguntzek deialdiari esleitu zaion diru-kopurua baino gehiago jotzen badute, Oinarri hauen 1. klausularen 2. lerroaldean ezarritakoa aplikatuko da.

6.-Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Eskaerak 2009ko azaroaren 12ra bitarte egiten ahalko dira, behin deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina. Eskabidearekin batera, Oinarri hauen 8. klausulak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9), edo, bestela, erregistro osagarrietan: Kultura Alorra -Descalzos kalea, 72-2. solairua-; Garapen Iraunkorreko Alorra -San Saturnino kalea, 2-beheko solairua-; Herritarren Segurtasuneko Alorra -Iratxeko monasterioaren kalea, 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitza Alorra -Armada etorbidea, 2-5. solairua-; eta Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak -Zapateria kalea, 40-beheko solairua-. Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan ere aurkez daitezke.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Diru-laguntza eman eta ordainketa agintzeko ebazpena emateko epea 2009ko abenduaren 31n amaituko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

8.-Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria, eredu ofizialarekin bat.

b) Ikastaroa antolatu duen entitateak sinatu agiria, non argi azalduko baitira ikastaroak noiztik noizera iraun duen, haren maila eta kostua, dirutan; halaber, agiri berean ziurtatuko da eskatzaileak hala jarrera ona erakutsi duela eta aprobetxamendu normala atera diela emandako irakaspenei nola ikastaroak zenbat iraun eta horren %90ean baino proportzio handiagoan ikastarora joan eta bertan parte hartu duela. Agiri hori sinatuko duen pertsonak modu argian identifikatu beharko du bere burua, ikastaroa antolatu duen entitatearen arduradun gisara identifikatu ere.

c) Ikastaroaren kostua ordaindu izanaren egiaztagiria.

d) Diru-laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzeko agiria.

e) Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, kasuan kasuko eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatze aldera.

f) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko.

9.-Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza eskuratzen dutenek onuraduntzat hartuak izateko baldintzak bete beharko dituzte, eta men egin beharko diote, halaber, jasotako diru-laguntzen inguruan organo eskudunek egiten ahal duten egiaztapen orori.

10.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

11.-Ordainketa.

Diru-laguntza ordaintzeko, Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatuak diru-laguntza ematea baimentzeko eman beharreko ebazpenean aginduko da, gehienez ere 2009ko abenduaren 31n amaituko den epean.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie onuradunei ordaindu baldin eta tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez badituzte, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.

Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

12.-Ebazpena eta errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2009ko irailaren 15ean.-Kultura zinegotzia, Paz Prieto Sáez de Tejada.

Iragarkiaren kodea: L0922830