123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDEKO MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, peoi-gidari izateko bortz lanpostu lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalerako

Mairagako Mankomunitateko buruak, 2009ko irailaren 7ko 57. ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zuen peoi-gidari izateko bortz lanpostu lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalerako. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da peoi-gidari izateko bortz lanpostu barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketaren bidez betetzea, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalerako.

1.2. Lanpostuak oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluak aurreikusi bezala. Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko plantillako langileek parte hartzen ahalko dute, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

1.3. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, Mairagako Mankomunitatearen plantilla organikoan aurreikusi bezala.

1.4. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du, behin ere, langileak barne igoera baino lehen zuen lan araubidea aldaraziko. Langileak, halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorreko afiliazio berari eutsiko dio.

1.5. Lanpostuak betetzen dituztenek eginkizun berak izanen dituzte. Gainera, maila berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkie.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko E mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan egiazki bortz urtez zerbitzuak egin izana frogatzea.

e) C motako gidabaimena edukitzea.

Deialdiko b) ataleko titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitateko Erregistroan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, 30 egun naturaleko epearen barrenean. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian baloratu beharrreko merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

3.3. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea buruturik, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Behin-behineko zerrendaren aurka inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikoa bilakatuko da eta ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean halakotzat berriz argitaratzea.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: María Teresa Mañu Echaide, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Javier Gárriz Gabari, Mairagako Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: Luis Angel Autor Guembe, Tafallako Udaleko kontu hartzailea.

2. mahaikidea: D. José María Campo Pascual, Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko Hondakin Ataleko arduraduna.

Ordezkoa: Javier Ardanaz Otamendi, Izarbeibarko Mankomunitateko Hondakin Ataleko arduraduna.

3. mahaikidea: Juan Antonio Lizarraga Zulet, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Ataleko peoi-gidaria eta Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Laura Alvarez Vares, ingeniari teknikoa eta Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Asunción Nieto Zabala, Tafallako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitateetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazio Publikoetan, peoi lanpostuan egin urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 30 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

-15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

-15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu 1.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

7.3. Lehiaketan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

7.4. Lehiaketaldia buruturik, izangai bakoitzaren puntuazioa jakinaraziko da Mairagako Ur Mankomunitateko iragarki oholean.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldia 2010eko urtarrilean eginen da ziur aski, eta bi ariketa izanen ditu:

Lehen ariketa. Matematika. Matematikako hiru ariketa egin beharko dira, deialdian eskatutako titulazioarekin bat heldu direnak. Atal honetan, gehienez ere, 15 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Bigarren ariketa: Idatziz argitu beharko da kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk edo erantzun galdera laburrak, lanpostuaren eginkizunez eta/edo mekanikaz, kamioietako mantentze lanez eta bide hezkuntzaz, Mairagako Mankomunitatean une hauetan indarra duten estatutuez eta Hiri hondakin solidoak arautzen dituen haren ordenantzaz.

Atal honetan, gehienez ere, 15 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Hirugarren ariketa: Mairagako Mankomunitateak zabor bilketa zerbitzua egiteko erabiltzen dituenen gisako ezaugarriak edo ezaugarri berdintsuak dituen kamioia egiazki gidatzea; tartea eta baldintzak epaimahaiak ezarriko ditu.

Atal honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 20 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Oposizioaldian 60 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, jendaurrean jarriko dira, Mairagako Ur Mankomunitateko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako dei bakar bat eginen da eta Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du.

9.2. Epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio puntuazio altuena lortu duten izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena.

10. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarriak aipatzen duen hautapenaldia bukatuta, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du proposatutako izangaiak Mairagako Mankomunitateko peoi-gidari izendatzeko, eta izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko zein administratiboak sorraraziko ditu, eta egun horren ondokoa kargua hartzeko unetzat joko da, ondorio guztietarako, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Tafallan, 2009ko irailaren 7an.-Mankomunitateko burua, María Teresa Mañú Echaide.

I. ERANSKINA

Izena: ......................................................, adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ..........., jaioteguna: ...................., jaioterria: ....................... (............), bizilekua: ........................ (.............), karrika: ................, zenbakia: .......... posta kodea: ......................; telefonoa: .............

Honako hau azaltzen dut:

Mairagako Mankomunitateko funtzionarioa edo lan-kontratatudun finkoa naizela.

Deialdiko eta oinarrietako baldintza guztiak betetzen ditudala, tenorez eta moduz, peoi-gidari izateko bortz lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bitartez betetzeko, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalerako.

Horrenbertzez:

Eskatzen dut eskabide hau onartzeko eta, beraz, ni onartzeko peoi-gidari izateko bortz lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bitartez betetzeko deialdian, Mairagako Mankomunitateko Hondakin Atalerako.

.......(e)n, 2009ko ............aren ......(e)an

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA

Iragarkiaren kodea: L0922898