123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2148/2009 EBAZPENA, irailaren 16koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, gas naturaleko instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta proiektu honen onura publikoa onartzen duena: "APA adarra, Larraga, Berbintzana eta Miranda Argako (Nafarroa) udalerriak gas naturalez hornitzeko".

Gas Navarra, S.A. enpresak 2009ko apirilaren 29an administrazio baimena eskatu zuen honako proiektu honen instalazioak eraikitzeko: "APA adarra, Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga gas naturalez hornitzeko". Halaber, instalazioen onura publikoa onar zedila eskatu zuen. Udalerri ukituak Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga dira.

Administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean jarri da, iragarkia paratuz 2009ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3koan, eta "Diario de Navarra" eta "Diario de Noticias" egunkarietan, 2009ko maiatzaren 20koetan, bai eta Larraga, Berbintzana eta Miranda Argako udaletxeetako iragarki oholetan ere. Jendaurreko aldi horretan alegazio batzuk jaso dira eta erantzuna eman die enpresa eskatzaileak.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

adarraren hasiera Gas Natural Distribución SDG, S.A.ren Tafalla-Allo-Lizarra gasbideko EM-E04-1 kokalekuan izanen da, Larragako udalerriaren hegoaldean. Puntu horretatik bi adar ateratzen dira: 1. adarra hegoalderantz eta 2. adarra iparralderantz.

1. adarra aipatu den kokalekuan hasi eta NA-6130 errepidearen parean joanen da eta 500en bat metro aurrerago Berbintzanako udal mugapean sartuko da; Berbintzanako hirigunea ekialdean utzi eta La Calera sakana eta La Vaqueriza sakana gurutzatuko ditu, gero San Pedro alderdia, hegoalderantz segituko du Boquera del Molinar sakanaren parean, NA-6120 errepidea gurutzatuko du 5,2 k.p.an, hego-mendebalderantz eginen du Arga ibaiaren parean eta Santa Eufemia sakana zeharkatuko du. Ipar-mendebaldetik Miranda Argako udal mugapean sartu, Valdevellaco sakana gurutzatu eta Miranda Argako hirigunera iritsiko da. Puentico del Palo alderdira iritsi baino lehen APA/MPA erregulazio armairu bat jarriko da, eta handik aterako da hirigune hori hornitzeko egitekoa den sarea.

Berbintzanarako hargunearen trazadura adar horren V-NA-015 erpinetik abiatuko da, San Pedro alderdian, eta NA-6120 errepidearen hasierara iritsiko da, non, Arga ibaiaren ezkerraldeko ertzetik hurbil, APA/MPA erregulazio armairu bat jarriko den. Handik aterako da hirigune hori hornitzeko egitekoa den sarea.

2. adarra aipatu den kokalekutik abiatuko da eta iparrerantz eginen du, NA-6130 errepidearen parean. Cascayuelo alderdira iritsita, ipar-mendebalderantz eginen du, Larragatik Berbintzanarako bide zaharrerantz, eta El Rigo sakanera iritsi baino lehen mendebalderantz joko du; gero Mirabuenasko alorrak gurutzatu, ipar-mendebalderantz jo eta El Salobral alderdia gurutzatuko du, Fuente Urníako biderantz, eta horrek NA-601 errepidearekin duen gurutzagunean APA/MPA erregulazio armairu bat jarriko da. Handik aterako da Larragako hirigune hori hornitzeko egitekoa den sarea.

Proiektuko sareen luzera, guztira, 10.368 m-koa da, gutxi gorabehera, horietatik 3.583 Larragako udal mugapekoak, 3.445 Berbintzanakoak eta 3.340 Miranda Argakoak. Erabili beharreko materiala 6"-ko altzairua da, Gr. L245 kalitatekoa.

Zerbitzuaren gehieneko presioa 16 bar da, diseinuko tenperatura
15 ºC, eta aurreikusitako gehieneko emaria 1.445 Nm3/h.

Aurrekontua milioi bat zazpirehun eta hirurogeita zazpi mila laurehun eta zazpi euro eta hogeita sei zentimokoa da (1.767.407,26 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Proiektu hau onestea: "APA adarra, Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga gas naturalez hornitzeko" izeneko proiektua, eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.

3. Gas Navarra, S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 34.928,14 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean ezarritakoa bete beharko du une oro, eta baita berau garatzeko gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuan jasotzen diren xedapen eta araudiak ere.

Laugarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak nola egin diren eta, horiek bukatutakoan eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria, eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bosgarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

5. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko irailaren 16an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0922873