123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1853/2009 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Buñuelgo udal mugapean tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Sustatzailea Ibertissue S.L.U. da.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak uztailaren 4an emandako 1431/2005 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Buñuelgo udal mugapean tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko jarduera baterako, Sofidel S.P.A.k sustatua (sustatzaileak eskatuta, gero Ibertissue, S.L.U. izena hartu zuen).

Ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak azaroaren 27an emandako 438/2006 Foru Aginduaren bidez instalazio horren Ingurumen baimen integratua aldatu zen.

2007ko azaroaren 23an eta 2008ko irailaren 23an, titularrak bi aldaketa egitea eskatu zuen, produktu kimikoentzako biltegi bat eta ordezko piezentzako biltegi bat eraikitzeko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, erabaki zuen aldaketa horiek ez zirela funtsezkoak eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa batzuk ekarriko dituelako, bereziki suteei aurrea hartzeko instalazioan, eta horregatik oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Beraz, baimena aldatu behar da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ibertissue, S.L.U. enpresak Buñuelgo udal mugapean tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko jarduerarako jasotako Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2007ko azaroaren 23an eta 2008ko irailaren 23an eskatutako aldaketen ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Baimen integratua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 0438/2006 Foru Aginduaren bidez eman zitzaion.

2. Baimena aldatzearekin batera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak instalazio horri Ingurumen baimen integratua emateko azaroaren 27an eman zuen 438/2007 Foru Aginduaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; hain zuzen, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren puntuak erantsi beharko dira, horietan ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia (2013ko uztailaren 5era arte). Baimena berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, beranduenez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Ibertissue, S.L.U.ri, Buñuelgo Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 11n.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0922654