123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1851/2009 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena "Los Apóstoles" izeneko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubidearen eraikuntzaren lehenbiziko faserako (7B, 8., 9. eta 10 A tarteak), Tafallako (Nafarroa) udal mugapean. Tafalla Canal ABEEak sustatu du.

2009ko ekainaren 29an, Tafalla Canal ABEEak ebazpen honen idazpuruan azaldu den espedientearen dokumentazioa aurkeztu du.

Mailegua Valgorrako mendilerro txikiaren hegaleko behe aldean proiektatu da, Nafarroako Ubidearen 7 B tartearen (7+400 k.p.tik 7+600k.p.ra gutxi gorabehera) eta NA-132 errepidearen artean. Kokapena Tafallako 3. poligonoko 240., 242., 245., 252. eta 459. lurzatiei dagokie, Carravieja eremuan.

Mailegurako aurreikusi den bolumena 254.500 m³-koa da eta, nagusiki, 7 B tartea bera eraikitzeko erabiliko da. Lanak eta materialen mailegua ustiatzeko egutegia obra nagusiari egokituko zaizkio eta lehengoratzea bukatzeko gehieneko epea 2010eko maiatza izanen da.

Hona hemen proiektuaren ezaugarri teknikoak: bi urte baino gutxiago iraunen du, erauzketa bolumena 200.000 m³ urteko baino handiagoa, errepidetik ikusiko da, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3 B eranskinean dago sartuta (foru dekretu horren bidez garatu zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua). Hortaz, martxoaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatu da.

Maileguaren ustiapenak hegal horretako 62.600 m² okupatuko du. Bertan lehorreko alorrak, lugorriak eta berezko landareak dituzten mugak, larre-sasiak (erromeroa, elorri-triska eta albitz-belarra) eta landaretza mota horretako zapaldak daude, bai eta abaritzak, ipuruak, hesilarrak eta txorbeltzak ere. Osotara, 7.000 m² inguru erromero eta elorri-triska eremu, landaretza nitrofilo eta espartzu zerbait galduko dira, bai eta sastrakadi mediterraneoko zapaldei dagozkien ehun metro karratu baino gehiago. Ezponda bat eratuko da NA-132 errepidetik ikusiko dena, 24 metroko altuera eta 400 metroko luzera izan ditzakeena, 2H:1 V maldakoa, Nafarroako Ubideko 7 B tarteko lubeta bera jarraituko duena. Erauzketaren zati handi batek laborantzarako zelai bat utziko du errepide ondoan.

Erauzketa eremu barruan bertako interes etnografikoa duen elementu bat dago, hots, lorategia duen atseden area bat, Tafallatik Uxuerako erromeriarako. Bertatik Uxueko santutegia ikusten da eta harrizko mahai soil batez eta, inguruetan, apostoluak irudikatzen dituzten zenbait harrizko tailuz horniturik dago.

Aurkeztutako dokumentazioak eranskin bat dauka. Bertan, 7 B, 8, 9 eta 10 A tarteen jatorrizko proiektuaren arabera, 3.500.000 m³ baino gehiagoko maileguaren beharra ezartzen da eta adierazten du, hainbat aldaketa proposatu ondoren, okupazioa areagotu gabe, 1.100.000 m³ baino zerbait gehiagora murrizten ahal direla, 8 eta 9 tarteak elkar konpentsatuko bailukete. 7 B tarteak 630.000 m³ beharko lituzke.

Dokumentazioak azaltzen du tarte honetako maileguetarako zenbait kokapen baloratu direla eta hiru kokapen hautatu direla, elkarrekin 7 B tartearen beharrak aseko lituzketenak. Haien artean, ebazpen honen xede den mailegua dago.

Ingurumen ondorioen azterlanak egoki aztertzen ditu proiektuak sortutako ukipen garrantzitsuenak, eta neurri zehatzak ezartzen ditu, bermatzeko ez direla ingurumenean eragin esanguratsurik izanen. Ukitutako lekuko erabilerak (laborantza) berreskuratzeko proposamenak dira garrantzitsuenak, hots, Tafallako erromesentzako atseden area eta ustiapenaren aurrealdean geldituko den ezpondaren baso-berritzea.

Ezponda hori lehengoratzeko 0,4 m-ko landare lurra zabalduko da, gero lantzeko eta hidroereintza bertako belar eta zuhaixkekin egiteko eta azaleraren %10 taldeka landatzeko, proiektuaren lekuaren ondoko berezko sasietako zuhaixka espezieekin.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 519/2009 Ebazpenaren bidez (2009ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 29an), jendaurrean jarri ziren Ingurumen eraginaren azterlana eta maileguaren proiektua, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako, eta 30 egun baliodunean izan ziren eskuragarri Tafallako Udaletxean eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan (Armada etorbidea, 2, Iruña).

Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osorik dagoela iritzita, eta bat datorrela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin (haren bidez Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ahalmenak esleitu ziren),

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da, aldekoa, "Los Apóstoles" izeneko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubidearen eraikuntzaren lehenbiziko faserako (7B, 8., 9. eta 10 A tarteak), Tafallako (Nafarroa) udal mugapean. Tafalla Canal ABEEak sustatu du.

2. Goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete behar dira jarduera horretan, baita baldintza hauek ere:

  • Obra nagusian egiten ari den jarraipen arkeologikoaren barnean txertatuko da maileguko sasi garbiketa.
  • Lehengoratze topografikoa egitean, mailegua lur emankorreko 40 cm-ko geruzarekin estaliko da leku lauetan, eta gutxienez 30 cm-koarekin ustiapenaren aurrealdeko ezpondan. Beraz, obrak behar baino landare lur gutxiago baldin badu, kanpoko landare lurra ekarri beharko da, batez ere ezpondaren begi-inpaktua txikitzeko.
  • Proposatutako lehengoratzearen landaketak egin baino lehen, lehengoratutako ezpondan erabili beharko mulu-espezieak berrikusiko dira, tamaina handi samarra duten espezieak sartuz.

3. Mailegua lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Horien arabera, banku-abala aurkeztuko da, edo eskudiruzko fidantza, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 34.797 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbateko bera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan ezarritakoa betez.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 11n.-Ingurumenaren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0922643