123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

575/2009 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Alesbesko udal mugapean, 8. poligonoko 3. lurzatian eguzki-parke fotovoltaiko bat 10 ha handitzeko (guztirako azalera 10 hektareakoa izanen da, horietatik 3,5 goi tentsioko linea baten bide-zorrari dagozkionak), Parques Solares de Navarra, S.L.k sustaturik. Eguzki parke hori Alesbesko 8. poligonoko 4. lurzatian dagoen eguzki-parkeari erantsita eginen da.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

2009ko apirilaren 30ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Alesbesko 8. poligonoko 4. lurzatian dagoen eguzki parkea abian jarri zenetik zenbait hilabete igaro direlarik, Parques Solares de Navarra, S.L. ohartu da kontzentrazio handiko dorreen produkzioa aurreikusitakotik beherakoa dela. Horren arrazoia zera da: produkzioaren zenbatespena ez zen behar besteko zehaztasunarekin egin, sistema hori orain dela gutxi garatzen hasi delako.

Hori dela kausa, eguzkia hartzeko dorreen kopurua handitzea proposatu da, errendimendu errala Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baimendutako errendimendua adinakoa izan dadin, potentzia nominala handitu gabe.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 5ean emandako 301/2009 Ebazpenaren bidez, Alesbesko 8. poligonoko 3. lurzatiko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko espedientea, Parques Solares de Navarra, S.L.k sustatua, jendaurrean jarri zen.

Jendaurrean egoteko epean, alegazio bat jaso da, Alesbesko eguzki plaken jabeen elkarteak aurkeztua. Alegazio horretan ukitutako alderdi gisa jarduten du elkarteak, bazkideak parkearen handitzean erabiliko diren azpiegituren jabeak direlako. Proiektuari baimena ukatzeko eskatzen dute, kontsultarik egin ez dietelako eta baimenik eskatu ez dietelako.

Alegazio horri erantzunez, adierazten da Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea eskatzeko arrazoiak ez direla ingurumen edo hirigintza arloetakoak. Hortaz, ezin dira aintzat hartu ebazpen hau idazteko orduan.

Orain tramitatzen ari den eremuak, instalazioak duen eremuari erantsita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak otsailaren 9an emandako 197/2007 Ebazpenean ezarritako gehieneko tamaina gaindituko du. Ebazpen horren bidez, Nafarroako 2005-2010 urteetarako Energia Planari dagokion ingurumen ondorioen adierazpena egin zen, eta bertan ezarri zen eguzki-parke fotovoltaikoak ez direla 50 hektareatik gorakoak izanen. Hala ere, kontuan harturik planteatutako arazoari konponbide tekniko egoki bat ematea ezinezkoa dela orain dagoen eguzki-parkea ireki zenetik legediari egindako aldaketengatik, teknologia aitzindaria erabiliko dela eta handitzeak hartuko dituen lurrek ez dutela ingurumen balio nabarmenik, ingurumen aldetik bideragarritzat hartu da.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuaren espedientean adierazten da handitze horrek betetzen duela Lurraldearen Antolamenduari buruzko abenduaren 28ko 35/2002 Foru Legean eta Alesbesko Arau Subsidiarioetan ezarritakoa, baita Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak ezartzeko arauak ematen dituen apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Alesbesko udal mugapean, 8. poligonoko 3. lurzatian, eguzki-parke fotovoltaiko bat 10 ha handitzeko (guztirako azalera 10 hektareakoa izanen da, horietatik 3,5 goi tentsioko linea baten bide-zorrari dagozkionak), Parques Solares de Navarra, S.L.k sustaturik. Eguzki parke hori Alesbesko 8. poligonoko 4. lurzatian dagoen eguzki parkeari erantsita eginen da.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-Inguruko itxitura ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (20 zentimetro inguru).

-Landare tratamendu egokia eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko, eta obrak ukitzen dituen eremu guztiak landaretuko dira.

-Sortzen den energia egun dagoen eguzki-parke fotovoltaikoaren azpiegituren bidez aterako da.

-Konpentsazio neurri gisa, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalarekin eremu bat zehaztuko da Alesbesko 8. poligonoko 3. lurzatiaren inguruan landareak berez hazteko.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Alesbesko Udalari, alegazio egileari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 3an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0922656