122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DESOIO

Ordenantza, Eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentzia arautzen duena. Behin betiko onespena

2009ko ekainaren 4ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentzia arautzen duenordenantza. Iragarkia argitaratu zen Udalbatzaren iragarki oholean eta, uztailaren 15ean, 2009ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta horren ondoan espedientea jendaurrean eduki da hogeita hamar egunean. Inork erreklamaziorik, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsi da ondotik ematen den testuari jarraikiz, uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan xedatzen denari jarraikiz:

DESOIOKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1.-Ordenantza honek etxebizitzak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.-Ordenantza honi dagokionez, eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak, salbu eta eraikuntza txikiak, oin bakarrekoak, eraikuntzaren nola teknikaren aldetik munta gutxikoak, etxebizitzarako edo erabilera publikorako ez direnak.

b) Dauden eraikinen egiturak handitu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

c) Dauden eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak egitea edo lehenagokoen banaketa funtsean aldatzea.

2. artikulua. Xedea.

1.-Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Zutituriko eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1.-Aplikazio eremua Desoioko udal mugape osoa da.

II. KAPITULUA

Baimenen araubidea

4. artikulua. Eskaera.

1.-Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Desoioko Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2.-Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Obrak eta, hala bada, urbanizazioa, onetsitako proiektu teknikoaren eta obren lizentziaren arabera burutu direla dioen ziurtagiria, teknikari eskudunak egina, zeinetan adierazi beharko baita higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela.

b) Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

c) Hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioan kidetzea eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasaren ordainagiria.

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena.

1.-Lizentzia emateko eskumena alkateak eta/edo, bertzenaz, Hirigintza alorreko zinegotzi delegatuak izanen dute.

6. artikulua. Tramitazioa.

1.-Interesdunak eskaturik prozedura hasita, Alkatetzak edo Hirigintzako arduradunak EEZOri edo bertzelako udal teknikariei txostena eskatuko zaie, kontu hauen inguruan:

a) Zutitu den eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintzako lizentziaren baldintzen arabera egin ote diren.

b) Eraikiak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen ote dituen.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan ote daitekeen.

d) Eraikitzaileak edo sustatzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu ote dituen.

e) Arau-hausterik egin ote den eta hura legeztatzeko biderik dagoen.

f) Txostena lizentzia ematearen aldekoa ote den.

7. artikulua. Ebazpena.

1.-Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2.-Txostenak eta irizpenak onartzea ebazpenerako arrazoitzat hartuko da, ebazpenaren testuari gehitu edo eransten zaizkionean.

3.-Ebazteko epea agortzen bada, alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

8. artikulua. Eraikinaren titularren eta argindarra, ura eta gasa banatzen dituzten enpresen betebeharrak.

1.-Eraikinaren titularrek debeku dute eraikina okupatzea lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aitzin.

2.-Eraikinaren zati bat besterentzean edo osorik besterentzean, hartzaileei modu fede-emailean adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

3.-Hauek dira lehen okupazioko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

4.-Udalbatzak osoko bilkuran onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea. 2009. urterako I. eranskinean agertzen direnak dira. Urtero goitituko dira, Nafarroako KPIaren arabera.

5.-Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

6.-Hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, obretarako ur-hornidura geldituko da zerbitzu publikoaren enpresa hornitzaile titularraren esku, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen bitartean bakarrik.

7.-Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesdunei hamar egun lehenago jakinaraziko.

8.-Debeku da obretarako emandako ur-hornidura bertzelako jardueretan erabiltzea, etxean, batez ere.

9.-Uraren enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

10.-Uraren enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

III. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.-Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 221. artikuluari eta Hirigintzako Diziplinaren 1978ko ekainaren 23ko Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

a) Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere mila eta bortzehun euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

b) 10.1 puntuan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren %5etik 10era bitarteko isuna, eta gehienez ere milioi bat pezeta, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

10. artikulua. Hirigintzako ordena.

1.-Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

11. artikulua. Erantzuleak.

1.-Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

12. artikulua. Zehapenak ezartzeko organo eskuduna eta ahalmena.

1.-Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat; betiere, hark hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

2.-Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

13. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak:

Hirigintza Zerbitzuak fakturatzen dituenak kobratuko dira.

Desoion, 2009ko irailaren 8an.-Alkate udalburua, Luis Mendiano Mendiano.

Iragarkiaren kodea: L0922113