122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamendua.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2009ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamendua (2009ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2009ko irailaren 9an.-Jarduneko alkatea, José Manuel Urroz Barásoain.

BURLATAKO UDAL LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Zerbitzu publikoaren kontzeptua ez da estatikoa, eta Administrazioak ere ezin du izan; izan ere, Konstituzioaren aginduz, administrazio publikoek aldaketa sozialaren benetako motorrak izan behar dute, eta gizartearen aitzindari. Horregatik, dela dozena bat urte planteatzen ez ziren zerbitzuek indarra hartu dute gure gizartearen errealitatean eta, hortaz, ezarri, eman eta arautu behar dira.

Josteta da haurrak gero beharko dituen trebetasun sozialak eskuratzeko faktoreetako bat eta, horrenbestez, haurrek bizipen ludikoak izan ditzaten diseinatu da, nahita, ludoteka.

Haurrak jostatzeko tokia da ludoteka, eta helburua haurren parte hartzea bultzatzea da, aisia eta astialdiko aukerak ematea, haurren garapen integralean lagunduko duten balore, jarrera eta portaerak jostetaren bidez bultzatzea eta hainbat lantegi eta jarduera egitea.

Haurrak dira, beraz, ludotekaren erabiltzaileak, haientzat sortu baita.

Horregatik sortu da zerbitzua, eta arau honen bidez erregulatzen da Udalaren prestazioa.

1. artikulua. Xedea.

Burlatako udal ludotekaren funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek.

2. artikulua. Zerbitzuaren helburua.

Dituen baliabideak haurren garapen integrala laguntzeko balio izatea da udal ludotekaren lehen helburua. Garapen integral hori bilatuko du ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeak, eta helburu partikular hauei jarraituko die bere hezkuntza jardueran:

-Haurren josteta bultzatu eta indartzea.

-Haurrei aukera berriak eskaintzea josteta eta hezkuntza aldetik eta aisialdirako.

-Topaleku bat eskaintzea haurrei, josteta lagunekin elkartzeko.

-Garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala bultzatzea, inguru ludiko batean, ahalik eta modurik osasungarrienean.

-Jostetaz gain, komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako errespetua bultzatzea.

-Haurren autonomia sustatzea, hautatu, erabaki eta erantzukizuna hartzeko aukera emanez.

-Portatzeko ohitura eta jarraibideak indartzea hainbat arloren inguruan: higienea, errespetua, ordena eta bizikidetza, arau eta ohitura sozialak eskura ditzaten lagunduz (lagunekiko, hezkuntza taldearekiko eta materialeekiko errespetua).

-Haur guztiei aukera berak eskaintzea jostatzeko, sexu, arraza, maila ekonomiko, ezintasun eta abarrengatik inor ez dadin baztertu.

-Gizarte integrazioa, elkartasuna eta dibertsitatearen aldeko begirunea sustatzea.

-Generoen berdintasuna lantzea, bai jostetan, bai ludotekan burutzen den hezkuntza jardueran, neskek zein mutikoek era guztietako jostailuak erabil ditzaten bultzatuz.

-Imajinazioa eta sormena bultzatzea jostetaren bidez.

-Naturaren eta ingurumenaren aldeko begirunea bultzatzea.

-Euskararen eta gaztelaniaren arteko bizikidetza bultzatzea elkarrenganako errespetuaren giroan.

-Jokabide desegokiak goiz atzematea, haiek bideratzeko eta behar bezala aldatzeko estrategiak garatzea.

-Gurasoak orientatzea, pedagogia eta hezkuntza arloetan dituzten eskaeren aurrean.

3. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

Udal ludotekaren titulartasuna Burlatako Udalarena da; hortaz, berak kudeatzen ahal du zuzenean edo administrazio publikoen kontratuen gaineko legerian bildutako prozedurak baliatuz.

4. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Aitak, amak edo tutoreak ordezkatuta, 3 eta 12 urte arteko haurrek erabiltzen ahal dute udal ludotekaren zerbitzua, baldin Burlatako erroldan badaude edo herrian erroldatutako lehen eta bigarren mailako ahaide odolkiderik badute.

Eskaera zerbitzuaren gaitasuna baino handiagoa izatera, udalerrian erroldatuta daudenek izanen dute lehentasuna hura erabiltzeko, eta horien artean, Gizarte Zerbitzuen txostenaren gomendioa dutenek.

5. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko araubidea.

5.1. Ludotekaren zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileen aitak, amak edo tutoreak ludotekan berean eskuratuko duen inskripzio fitxa bete beharko du zerbitzua erabiltzea eskatzen duen lehen aldian. Fitxa horretan adingabearen datu guztiak agertuko dira, baita bi pertsonaren datuak ere, edozein gorabehera dela eta, haiekin berehala harremanetan jartzeko. Orobat, haurrak hartzeko baimena zeinek duen, haren datuak agertuko dira eta zerbitzua erabiltzeko baldintzen onarpena. Horien inprimakiak ludotekaren funtzionamenduari buruzko gainerako informazioarekin batean eskuratuko ditu erabiltzaileak.

5.2. Haur eriak, eskolara joan badira edo ez, ez dira ludotekan sartuko. Bizkarroiak edo eritasun kutsakorrak dituzten haurrak ere ez dira sartuko.

5.3. Haurren guraso edo tutoreak ez dira ludotekaren barrutian egonen ohiko saioetan. Haurrak ludotekan egon beharreko denbora bukatuta, pertsona baimenduak, horretarako dokumentuan ageri denak, hartuko du adingabea. Ordutegia bukatutakoan, ludotekako langileak ez dira haurrez arduratuko.

5.4. Haurrek ez dute gauzarik (jostailua, kartera etab.) ekarriko ludotekara, ezta janaririk ere (gosaria edo askaria) eta ludotekako portaera arauak beteko dituzte. Betiere, ez Udalak, ez ludotekako hezkuntza taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.

5.5. Ludoteka jostetarako gunea denez, hezkuntza ez formalaren esparrukoa, haur guztiek beren borondatez etorriko dira jostatzera. Inoiz alde egin nahi dutela adieraziz gero, talde pedagogikoak aitari, amari edo tutoteari deituko dio, beharrezkoa iruditzen bazaio.

5.5. Ludotekak 50 neska-mutikoendako edukiera du, gehienez ere.

5.6. Ez Udalak, ez ludotekako hezkuntza taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek izan ditzaketen istripuetan, instalazioen akatsen ondoriozkoetan izan ezik.

5.7. Ludotekan bada erreklamazio liburua aita, ama edo tutoreen eskura, eta haren bitartez bideratuko dira sortzen diren aferak.

6. artikulua. Zerbitzua emateko ordutegia.

Ludoteka 17:00etatik 20:00etara irekiko da ikasturtean, astelehenetik ostiralera. Eskolako oporraldietan, zerbitzua 10:00etatik 13:30 arte irekiko da. Burlatako Udalak ordutegi hori aldatzen ahal du zerbitzuaren beharretarako egokitzeko ongi iruditzen bazaio, erabiltzaileei aldez aurretik abisu emanda.

Ludotekak jarduera bereziren bat antolatzen duenean, bertan behera utziko da ohiko dinamika. Horren berri ere emanen zaie erabiltzaileei, aldez aurretik.

7. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

7.1. Udal ludotekako ondasun eta zerbitzuak erabiltzea araudi honetan jasotako baldintzen arabera.

7.2. Ludotekan egiten diren jarduera eta lantegietan parte hartzea eta bertan eskura dauden instalazio eta materialak erabiltzea.

7.3. Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea, zerbitzuko gainontzeko erabiltzaileen baldintza beretan.

7.4. Ludotekan egiten diren programa eta jardueren gaineko informazioa eskatzea.

7.5. Zerbitzua gaztelaniaz zein euskaraz hartzea.

7.6. Zerbitzua kudeatzeko ematen diren arau edo jarraibideen ale bat beti eskura edukitzea.

7.7. Iradokizun eta erreklamazioak egitea aita, ama edo tutoreen bidez, erregelamendu honen 5.7 artikuluan ezarritako erreklamazio liburua baliatuz.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

8.1. Errespetua agertu beharko die gainontzeko erabiltzaileei eta zerbitzuaz arduratzen den hezkuntza taldeari, eta behar bezala erabiliko ditu jostatzeko materialak eta altzariak, honda ez daitezen. (Betebehar hau behin eta berriro saihestuz gero, dagokion zehapena aplikatuko du Udalak).

8.3. Denen eskura dauden materialak biltzen hartu beharko du parte, bere gaitasunaren barrenean.

8.4. Zerbitzua erabiltzen dutenek ludotekako hezkuntza taldearen oharrei eginen diete kasu.

8.5. Erabiltzaileek udal ludotekaren erregelamendua beteko dute; bestetik, aita, ama eta tutoreek erregelamendu honetan jasotako arauak onartuko dituzte, eta behartuta daude talde pedagogikoaren oharrei kasu egitera; bereziki, ezarritako ordutegia betetzen ahaleginduko dira.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

-Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Instalazioak eta materiala behar adinako arretaz ez erabiltzea.

b) Zerbitzuko arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

d) Aita, ama edo tutoreak berandu agertzea zerbitzua erabiltzen duten haurrak hartzera.

-Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

b) Jokabide bortitz eta erasokorrak izatea behin eta berriro gainontzeko lagunekin edo hezkuntza taldearekin.

c) Istiluak izatea gainontzeko erabiltzaileekin, zor zaien errespetua agertu gabe.

d) Ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeari zor zaion errespetua ez agertzea.

e) Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

d) Sei hilabetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

-Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

b) Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

d) Sei hilabetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

10. artikulua. Erantzuleak.

Beti dira adingabeen aita, ama edo tutoreak arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak.

11. artikulua. Zehapenak.

Ludotekatik hiru egunerako kanporatuz zehatuko dira arau-hauste arinak.

Ludotekatik bi asterako kanporatuz zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, egindako kaltearen adinako isuna jarrita.

Ludotekatik behin betiko kanporatuta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haietako kaltearen kostua halako biko isuna jarrita.

Iragarkiaren kodea: L0922321