122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Berriozarko Udalaren ''Francisco Casanova'' Musika Eskolan musika ikasketak egiteko laguntzen deialdia. 2009/2010 ikasturtea

2009ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 31n argitaratu zen Udalaren "Francisco Casanova" Musika Eskolan ikasteko laguntzen deialdiko oinarrien hasierako onespena, eta jendaurreko epean alegaziorik egin ez denez gero, behin betiko onetsi eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Berriozarren, 2009ko irailaren 8an.-Alkate udalburua, Xabier Lasa Gorraiz.

Oinarri arauemaileak

I.-Deialdian sartutako ikasketak.

1. oinarria.-Berriozarko ikasleek edo parekatuek laguntza hauek hartzen ahalko dituzte, baldin eta Udalaren ''Francisco Casanova'' Musika Eskolan ibili badira 2009/2010 ikasturtean ondotik aipatzen diren musika ikasketak egiten:

-L.O.G.S.E.ko 39.5 artikuluan ezarritako musika ikasketa arautu gabeak.

-Erdi Mailan sartzeko musika ikasketak, Berriozarko Udalaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren arteko hitzarmenaren arabera.

II.-Ematen diren laguntza motak.

2. oinarria.-Familiei neurri batean sostengua ematea dute xede laguntzek, gisa honetako ikasketen gastuak finantzatu ditzaten.

Laguntza hau irakaskuntzarako propio eskatzen da.

III.-Eskatzaileak bete behar dituen baldintza orokorrak.

3.1. oinarria.-Hona hemen laguntzen eskatzaile eta onuradun izan daitezkeenak:

-Aita, ama edo legezko tutorea, beraiek egin dituzten ikasketengatik, edo haiekin eta haien kargu bizi diren 30 urte baino gutxiagoko seme-alabek edo pertsonek egindakoengatik, horiek beste familia unitaterik osatu ez badute.

-Beren izenean, aurreko lerroaldean sartzen ez direnak.

3.2 oinarria.-Laguntza honetarako, familia unitatean sartzen dira laguntza eskatzen duen ikaslearekin bizi diren aita eta/edo ama; bestela, ikasle adingabearen zaintza eta babesaz arduratzen den tutorea edo pertsona, eta 2008ko errenta aitorpenean familiaren gutxienekoagatik murrizketa duten pertsona guztiak (aurreko eta ondorengo ahaideak ...).

Ikaslea ezkondua bada edo, antzeko harremana dela medio, bikotekidearekin bizi bada, bikoteak osatuko du familia unitatea, baita aurreko lerroaldean aipatu diren adin eta bizikidetasun baldintza berberak betetzen dituzten pertsonek ere.

3.3. oinarria.-Laguntza jasoko duen ikaslearen aita edo ama dira eskatzaileak; bestela, ikasle adingabearen zaintza eta babesaz arduratzen den tutorea edo pertsona, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Berriozarko erroldan egotea eta herrian bizitzea, 2008ko urriaren 1etik gutxienez ere.

-Ikaslea deialdi honetako 1. oinarrian zehazten diren ikasketak egiten aritzea.

IV.-Ikasketek bete beharreko baldintzak.

4. oinarria.-Udalaren "Francisco Casanova" Musika Eskolako zuzendariak 2009/2010 ikasturteko eskola aprobetxamenduaren gaineko txosten positiboa eginez gero emanen da laguntza. Txosten hori negatiboa bada, emandako laguntza bertan behera utzi eta kendu eginen da.

V.-Baldintza ekonomikoak.

5. oinarria.-Familiaren 2008. urteko per capita errenta 9.300 eurotik gorakoa ez izatea.

Familiaren per capita errenta kalkulatzeko, zatiketa eginen da 2008ko P.F.E.Z.ren aitorpeneko zerga-oinarriaren eta familia unitateko kide kopuruaren artean (deialdi honetako 3. oinarriko 2. puntuan zehaztua).

P.F.E.Z. aitortu beharra, oinarri likidagarriak, zerga-oinarria, salbuetsitako errentak... direla eta, legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

Errenta iturriren bat ezkutatzen bada, eskatutako laguntza ukatuko da edo, emana baldin badago, baliogabetuko.

Laguntza lortzeko aitorpenetan iruzurra saihestuko duen kontrola areagotzearren, Berriozarko Udalak edozein frogabidez erabakitzen ahal du aurreko atalean aipatzen den iturri ezkutaketa badagoela.

VI.-Beka eta laguntzen zenbatekoa eta haiek jasotzea.

6. oinarria.-Hauek dira laguntza emateko aplikatuko diren errenta tarteak familiaren diru-sarreretan, kide bakoitzeko:

> 3.300 euro: %75. Gehieneko laguntza.

3.300 - 5.300: %65. Gehieneko laguntza.

5.300 - 6.600: %40. Gehieneko laguntza.

6.600 - 7.900: %30. Gehieneko laguntza.

7.900 - 9.300: %20. Gehieneko laguntza.

9.300 baino gehiago: %0. Gehieneko laguntza.

Per capita errentaren tarte bakoitzeko aipatu den laguntzaren portzentajea da, hain zuzen, gehienez eman daitekeena. Zehazki jakiteko, aurrekontuan dagoen dirua eta zenbat eskabide dauden hartuko dira kontuan.

Eskatzaileak dira laguntzak hartuko dituztenak.

VII.-Eskaerak aurkeztea.

7. oinarria.-Interesdunek beren eskabidea eta aipatzen diren gainerako agiriak Berriozarko Udalaren bulegoetan aurkeztuko dituzte 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza jasotzeko:

-Berriozarko Udaletxean eskuratuko den eredu ofizialaren araberako eskabidea, makinaz nahiz moldiztegiko letraz idatzia.

-2008ko PFEZren aitorpen bateratuaren fotokopia osoa, edo bi ezkontideena, edo dagokion administrazioaren ziurtagiria, PFEZ aitorpena egitera beharturik ez daudenen kasuan.

-Familia unitateak, beharturik ez dagoelako, P.F.E.Z.ren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondoko hau erantsiko zaio:

-Ogasunaren ziurtagiria edo dokumentua, familia unitatea osatzen duten pertsona guztien 2008ko datu fiskalei dagokiena, edo P.F.E.Z. aitorpenaren zirriborroa.

-Familia unitateko kideak zehazteko behar diren agiri guztiak.

-Eskatzailearen izenean dagoen banku edo aurrezki kutxako libretaren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

VIII.-Laguntza ematea eta ukatzea.

8.1. oinarria.-Berriozarko Udalaren Gobernu Batzordeak emanen du deialdiari buruzko ebazpena.

8.2. oinarria.-Legezko ondorio guztietarako, laguntza eskatzailearentzat izanen da.

8.3. oinarria.-Berriozarko Udalak noiznahi ikuskatzen ahal ditu eskaerako espedienteak, haietan ezarritako datuak, laguntza emateko oinarritzat hartzen baitira, benetakoak diren ala ez egiaztatzeko.

8.4. oinarria.-Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egin edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez duten onuradun edo eskatzaileek, besterik gabe, onuradun edo eskatzaile izateari utziko diote, eta jasotako laguntza itzuli egin beharko dute.

8.5. oinarria.-Datu ekonomikoak eta/edo inguruabarrak ezkutatu edo faltsutzearen ondorioz, laguntza bertan behera geldituko da eta jasotakoa itzuli egin beharko da.

8.6. oinarria.-Deialdi hau aplikatuta ematen diren laguntzak ordaintzeko, 4230 48000 kontu-saila erabiliko da (Musika Eskolako Bekak), Berriozarko Udalak indarrean duen gastuen aurrekontutik. Gehienez ere, 5.600 euro dira.

IX.-Interpretazioa.

9. oinarria.-1 eta 3.3 oinarrietan ezarritako ondorioetarako, beste udal batzuetako ikasleak Berriozarko ikasletzat edo Berriozarren erroldatutzat hartuko dira, baldin udal horiek hitzarmena sinatua badute Berriozarko Udalarekin Musika Eskola 2009/2010 ikasturtean finantzatzeko.

10. oinarria.-Berriozarko Udalaren Gobernu Batzordeari dagokio oinarri hauen interpretazioa.

Iragarkiaren kodea: L0922303