122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak abuztuaren 31n emandako 2347/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Zuzenbideko lizentziadunen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa aldi baterako kontratatu edo izendatzeko administrazio araubideari jarraikiz.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak abuztuaren 31n emandako 347/2009 Ebazpenaren bidez, zuzenbideko lizentziadunen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia onetsi da, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa aldi baterako kontratatu edo izendatzeko administrazio araubideari jarraikiz.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1193 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duen urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretua, hura garatzen duten gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da Zuzenbideko lizentziadunen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia onestea, sortzen diren beharren arabera, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa aldi baterako kontratatu edo izendatzeko administrazio araubideari jarraikiz. Hona hemen deialdiaren.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdia egiten da Zuzenbideko lizentziadunen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, gero Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa aldi baterako kontratatu edo izendatzeko administrazio araubideari jarraikiz, ondoko hauetan xedatutakoarekin bat: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1193 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duen urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretua, hura garatzen duten gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen postuak administrazio araubideko aldi baterako kontratazio bidez beteko dira. Hala ere, lanpostua aldi baterako bete behar duen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioa bada, A mailako lanpostu batean behin betiko aritzeko izendatua izan bada eta horretan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun titulua besterik ez bazaio eskatu, bitarteko gisa izendatuko da, indarreko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Sortzen diren beharren arabera kontratatu edo izendatzen diren izangaiek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen eginkizunak beteko dituzte.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Zuzenbideko lizentziadun titulua izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdietan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera baliabide telematikoak erabiliz aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web atarian dago (www.navarra.es). Halakoetan, parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko formatuetako edozeinetan eransten ahalko dira.

3.2. Eskabideak I. eranskineko ereduarekin bat etorriko dira. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Baldintza horiek hautapen prozesuak bukatu bitarte eta bitarteko izendapenak edo kontratazioak iraun bitarte mantendu beharko dira.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo beren nortasun datuak eta nazionalitatea frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute bakarrik.

Titulazioari dagozkion frogagiriak Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide gisa aritzeko deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko izendapena edo kontratua formalizatzen denean.

3.3. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Izangaien onarpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko du izangai onartu eta baztertuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta hortxe adieraziko du proba noiz eta non hasiko den.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Roberto Rubio Torrano jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justiziako zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

-Mahaikidea: Gabriel Casajús Gavari jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

-Ordezkoa: María Asunción Erice Echegaray andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Ataleko burua.

-Mahaikidea: Carlos Arroyo Izarra jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Ataleko burua.

-Ordezkoa: María Jesús Moreno Garrido andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

-Mahaikide idazkaria: Miguel José Izu Belloso jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

-Ordezkoa: Jon Ander Pérez-Ilzarbe Saragüeta jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.-Hautaketa prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

7.1. Proba praktiko-teoriko honen bidez eginen da hautaketa:

Epaimahaiak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideei dagozkien gaien eta eginkizunen gainean, planteatuko duen kasu praktiko bat edo bi ebaztea idatziz. Ariketa hau egiteko, izangaiek legezko testuak kontsulta ditzakete.

Plika sistemaren bidez eginen da ariketa.

Ariketa egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin.

7.2. Proba 30 puntuz baloratuko da, gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.3. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak baztertuko dira.

7.4. Hautaproba egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.-Gainditzen duten izangaien zerrenda.

Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa") eta ariketa egin den tokian, proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberakoa, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari hura helaraziko dio, bai eta espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketak zozketa bidez ebatziko ditu epaimahaiak. Ukitutako izangaiei ekitaldi horretara joateko deia eginen zaie.

9.-Behin betiko zerrendak eta deia.

9.1.-Hautapen prozesuko espediente osoa jasorik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izangaien behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

9.2.-Oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei lortzen duten puntuazioaren arabera deituko zaie.

Deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute eskaerak aurkezteko azkeneko egunean deialdian eskatutako titulazioaren betebeharra betetzen zutela eta Zuzenbideko lizentziadun tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 31n.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

NAFARROAKO GOBERNUA.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

ESKABIDE EREDUA

Eskaera, ............................ lanetan aritzeko aldi baterako kontratatuak izateko deialdian parte hartzeko. Deialdia ..........(e)ko ......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .............aren ......................(e)an

1) Datu pertsonalak.

Izen-deiturak:

NAN zenbakia:

Nazionalitatea:

Jaioteguna:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Telefonoak (3 gehienez):

Helbide elektronikoa:

2) Ezgaitasuna egiaztatzea (bidezko denean bakarrik).

  • Ezgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren egiaztagiria aurkeztu dut.
  • Ezgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

3) Euskarazko lanpostuak (deialdian agertzen badira bakarrik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut eta horretarako zera adierazten dut:

  • Badudala Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).
  • Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu ditudala (1. jakite maila).
  • Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

4) Halaber, hau adierazten dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, .........(e)ko ....................aren ..............(e)an.
(Sinadura)

OHARRAK:

-Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0921858