122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

711/2009 EBAZPENA, irailaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Martzillako 8. poligonoko 46-A eta 48. lurzatietan legarra ustiatzeko proiekturako Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena. Sustatzailea Excavaciones Muñoz, S.A. da.

2009ko apirilaren 22an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedientea. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren xedea da Martzillako 8. poligonoko 46-A eta 48. lurzatietan legarra ateratzea. Legarra "Arau Subsidiarioetako 7 sektoreko s7.1 exekuzio unitatearen urbanizazioa" egiteko obretan betelanetarako beharrak asetzeko erabiliko da. Obrak Martzillako Udalak sustatu ditu eta Excavaciones Muñoz, S.A.ri esleitu zaizkio.

Ukitutako Lurzatien azalera, guztira, 13.833 m²-koa da. Guztira 37.470 m³ legar inguru aterako da. Horietarik 2.766 m³ landare lurra dira. Perimetroko ezpondek 2H:1V malda izanen dute gehienez.

Lehenik, landare lurra kenduko da 30cm-ko lodieran eta metatuko da. Ondoren, materiala atera, kargatu eta eraman eginen da, lehen aipatutako ezponden geometriari jarraituz.

Lehengoratzeak lurraren berdintzea, kendutako landare lurraren geruza berriro jartzea eta lurzatiak nekazaritzako erabilerarako berreskuratzea aurreikusten ditu.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, baita ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Martzillako 8. poligonoko 46-A eta 48. lurzatietan legarra ustiatzeko proiekturako Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, hainbat baldintzarekin. Sustatzailea Excavaciones Muñoz, S.A. da.

2. Baimena izateko, proiektuan jaso diren neurri zuzentzaileak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:

-Gehienez ere 34.700 m³ legar aterako dira, Martzillako 8. poligonoko 46-A eta 48. lurzatietan, gehienez ere 4 hilabetez. Epe honen barruan lurzatiak lehengoratuko dira.

-Erauzketaren gehieneko sakonera 3 metrokoa izanen da eta bukaerako ezpondek gehienez ere 2H/1V-ko malda izanen dute.

-Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 40 cm-ko geruza bat landare lur kenduko da. Gorde eginen da eta osorik erabiliko da lurzatia lehengoratzeko.

-Legartegia lehengoratzeko, lurraren profila lehengoratuko da, inguruko lurzatien mugen ondoan ahalik eta gehien leunduz, landare-lurra berriz jarriko da eta lurzatiak nekazaritzako erabilerarako berreskuratuko dira.

-Erauzketak ukitzen dituen lurzatiekin muga egiten duten zuhaitzak osorik errespetatu behar dira.

-Ondare Arkeologikoaren prebentzio eta babes neurri hauek beteko dira, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2009ko martxoaren 13an emandako txostenean eskatuak baitira:

-Legarren maila geologikoetara heldu arte landare-lurra, laborantza lurra edo azalekoa kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egonen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean, landare-lurra mugitzen den bitartean. Azaleko lurra kentzen denean, aztarna edo maila arkeologikoak azaleratu arte sakonduko da, betiere jarraipenaren ardura duen arkeologoaren jarraibideak eta aginduak kontuan hartuz. Aztarna arkeologikoak agertzen badira, proiektu honen sustatzaileak, hala agintzen bazaio, gomazko gurpilak dituen atzerakako hondeamakina erabiliko du belar-sastrakak garbitzeko, hortzik gabeko garbiketa-ontziarekin, lurpeko egitura edo maila arkeologikoetan kalterik ez egiteko.

-Lanaren hasierako fase horretan azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira, kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Belar-sastrakak kendu ondoren hondakinak garbitu eta definituko dira, agertu diren egituren geoerreferentziak kokatu ahal izateko inguruko plano topografikoan. Makina astunen joan-etorria eremu zedarrituetan eta aztarna arkeologikorik gabekoetan eginen da, eta debekatu eginen da aztarna horiek azaleratzen diren sasiz garbitutako lurretatik igarotzea. Aurkikuntza arkeologikoak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari jakinaraziko zaizkio berehala, behar diren zuzenketa neurriak ezarri ahal izateko, besteak beste, ukitutako guneetan lanak aldi baterako geldiarazi, indusketa sistematikoa egin eta azterketa zientifikoa egiteko (analisi arkeometrikoak eta memoria barne). Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain geratuko da obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legearen 62. artikuluari jarraituz. Azaleratutako egitura arkeologikoak Interes kulturaleko ondasun edo Ondasun inbentariatu izatera iristen badira, aurreikusitako ustiapena bertan behera utziko da eta aldatutako errealitate fisikoa hasierako egoerara itzuliko. Sustatzaileak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen.

-Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek gauzatuko ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio, eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.455 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu hori konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Martzillako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 8an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0922244