122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 21/2009 Dekretua, irailaren 7koa

Gaurko egunez, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondoko dekretua eman du:

"Zinegotzi delegatuen araubidea Udalaren Erregelamendu Organikoaren 23 (4, 5 eta 6. puntuak), 34, 35 eta 36. artikuluetan dago, eta eskuordetzaren bidez ematen zaizkien eskudantziak erabiltzeko araubide orokorra, berriz, 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan.

23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren jardueraren alor jakinetan aritzeko eskuordetza orokorrak ematen ahal dizkie Tokiko Gobernu Batzordeko kideei, eta edozein zinegotziri eskuordetza berezia ematen ahal dio alor horien barneko gai jakinak zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta Gobernu Batzarreko kide ez izan.

Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaz onetsitako Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduaren 43.4 artikuluan, eta Udalaren Erregelamendu Organikoak, 23.6 b) artikuluan, ezartzen denez, zerbitzu jakin baterako izan daitezke eskuordetzak, eta delegatzen diren ahalmenetan zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa sartzen dira, baina ez hirugarrenei eragiten dieten administrazio egintzak agintzekoa, hori alkatearen edo, behar denean, alorreko zinegotzi delegatuaren ardura izanen baita, Udalaren Erregelamendu Organikoaren aipatu artikuluan ezartzen den bezala.

Tuterako Udaleko Antolaketa Administratiboaren Erregelamenduan ezartzen da Udalaren administrazio zerbitzuen antolamendua alorren eta gainerako administrazio unitateen mailetarako.

Orobat, Udalak, 2009ko maiatzaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen onestea Castel Ruiz enpresa entitate publikoaren estatutuak. Haietan aurreikusten zenez, kultur arloaren bulkada eta kudeaketa Udaleko zein alorren edo zinegotzigoren eskutan uzten diren, harexeri atxikirik egonen da.

Alkatetzaren ekainaren 19ko 10/2007 dekretuaren ondorioz, Mercedes San Pedro López zinegotziaren esku dago Castel Ruiz Kultur Etxeko Gobernu Batzarreko burutza. Erakunde autonomo hori entitate berriak ordezkatuko duenez, komenigarria da zinegotzi horri behar den eskuordetza egitea kultura arloan, aipatu egoera kontuan hartzeko.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita,

Dekretatu dut:

Lehenbizikoa.-Mercedes San Pedro Lópezen esku uztea Kulturari dagozkion gaien barne zuzendaritza eta kudeaketa, hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboen bidez ebazteko ahalmena kanpo delarik.

Bigarrena.-Eskuordetza berezia duen zinegotziak aitzinetik txostena emanen du Alkatetzak Kulturaren eskumeneko gaiez eman behar dituen ebazpenetarako.

Hirugarrena.-Eskurantzen eskuordetzak, dekretu honen bidez formalizatuko baita, ondorioak sortuko ditu dekretu honen dataren biharamunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere.

Orobat, eragina izateko, zinegotziaren onarpena izan beharko du. Eskuordetza onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik ez duela, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetza.

Laugarrena.-Dekretu honen berri ematea Udaleko osoko bilkurari; ukitutako zinegotziari jakinaraztea; eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta horrek ez duen eragozten sinatu ondoko egunetik aitzina dekretua indarrean egotea.

Tuteran, 2009ko irailaren 7an.-Alkatea, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L0922398