122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 14/2009 Dekretua, irailaren 7koa

Datako egunarekin, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondokoa eman du:

Udal honek, 2009ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, Tuterako Udalaren antolaketa administratiboaren Erregelamendua onetsi zuen, 2009ko martxoaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zena.

Erabaki horretan Alkatetza honen esku geratu zen arian-arian egitura berria ezartzeko ardura, ongi funtzionatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak egokitu ahala, batik bat zerbitzuen mendekotasun organikoetan edo funtzionaletan aldaketak egonez gero.

Alde horretatik, 2009ko abuztuaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren plantilla organikoaren behin betiko onespena, aplikatzeko azken tramitea. Haien egitura egokiturik dago aipatutako erregelamenduan agertzen denera.

Horrenbertzez, bidezkoa da bere garaian Alkatetza honek egindako eskuordetza orokorrak eta bereziak egokitzea xedapen horiek onestetik datorren egoera berrira.

Aipatu Erregelamendu Organikoaren 23. artikuluaren arabera, arlo edo gai bati edo gehiagori buruzko eskuordetza generikoak egin ditzake alkateak Tokiko Gobernu Batzordeko kideen alde. Ekainaren 19ko 9/2007 dekretuaren bidez, María Victoria Castillo zinegotziaren esku utzi ziren hainbat eskudantzia, Hiri Antolamendu eta Ekonomia Alorrekoak.

Horrenbertzez, ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita, dekretatu dut:

Lehenbizikoa.-Lehen alkateorde eta Gobernu Batzordeko kide den María Victoria Castillo Floristánen esku uztea, modu generikoan, Lurraldearen Antolamendu Alorreko eskurantza hauen erabilera, Alkatetzarenak baitira:

-Atxiki zaion alorrak berezko dituen arloetako obra, zerbitzu eta jarduketak nahiz egiteko edo betetzeko erabakitzen direnak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, behar diren aholku teknikoak bilatuz.

-Salmenta, errentamendu, obra, zerbitzu eta horniduretarako enkante eta lehiaketetan buru izatea, eta haiek behin betiko esleitzea, legeei jarraituz, eskuordeturik dituen eskumenen arabera.

-15.000 eurotik goitikoak ez diren obra, zerbitzu, hornidura eta laguntza teknikoen kontratazioa eta kontzesioa.

-Gastuak baimendu eta xedatzea aurreko atalean ezarritako mugaren barrenean, eta aurrekontua betearazteko oinarrietan aurreikusten direnak.

-Udal Ordenantzak eta Erregelamenduak betearaztea eta horien eta aplikazio araudiaren aurkako arau-hausteak zehatzea, bere eskuordetzaren barnean, zehapen hori 6.010,12 eurotik goitikoa ez bada eta ahalmen hori bertze organo batzuen esku dagoenean salbu.

-Bere eskumeneko udal erabakiak argitaratu, bete eta betearaztea.

Bigarrena.-Eskuordetza hori alorreko zerbitzuak zuzentzeko izanen da, baita haiek orokorrean kudeatzeko ere, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne izanik. Gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostena egiteko ere izanen da.

Hirugarrena.-Arlo osoko eskuordetza generikoa duen zinegotziak ahalmena izanen du eskuordetza bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratu eta koordinatzeko.

Hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena arloan eskuordetza generikoa duen zinegotziaren esku dagoenez, eskuordetza bereziko zinegotziek haren eskumen esparrua ukitzen duten ebazpenak eman ditzan proposatuko diote.

Halaber, Alkatetzari proposatuko diote ebazpenak eman ditzan inoren esku utzi ez diren eskumenak direnean.

Eskuordetza bereziko zinegotziek tramitatu eta proposatuko dituzte Tokiko Gobernu Batzarrean aurkezten diren txostenak, haren eskumeneko gaietan erabakia hartu behar denean.

Laugarrena.-Alkatetzaren eskudantzien eskuordetzeak ondorioak sortuko ditu dekretu honen dataren biharamunetik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere.

Orobat, eragina izateko, zinegotziaren onarpena izan beharko du. Eskuordetza onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik ez duela, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetza.

Borzgarrena.-Dekretu honen berri eman bekio Udalaren Osoko Bilkurari; jakinaraz bekie ukitutako udalkideari eta Lurraldearen Antolamendu Alorrari; eta argitara bedi Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Dekretu honen sinaduraren biharamunetik indarra hartuko badu ere.

Tuteran, 2009ko irailaren 7an. -Alkatea, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L0922347