122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Castel Ruiz enpresa entitate publikoaren estatutuak.
Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2009ko maiatzaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Castel Ruiz enpresa entitate publikoaren estatutuak, baita horiek jendaurrean jartzea ere.

Delako estatutu horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2009ko 71. :bon.ean, ekainaren 10ean, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Dena dela, ordenantzak bidezko ondorio juridikoak izan ditzan, argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Tuteran, 2009ko irailaren 9an.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

"CASTEL-RUIZ"
ENPRESA ENTITATE PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.-Izana eta izena.

1. Castel Ruiz Tuterako Udalaren toki mailako enpresa entitate publikoa da, toki araubidea arautzen duen legeriarekin bat.

2. Entitateak berezko nortasun juridikoa du, obratzeko gaitasun juridiko osoa eta kudeaketarako autonomia, bere xedeak erdiesteko

3. Horren ondorioz, mota guztietako administrazio eta xedapen egintzak egiten ahalko ditu, bere eginkizunak bete beharrez; horiek zein diren hurrengo artikuluan aipatzen da.

4. Orobat, eskumen esparru beraren barnean, bere xedeak erdiesteko estatutu hauetan ezartzen diren administrazio ahalmenak izanen ditu.

2. artikulua.-Atxikipen organikoa, ordezkaritza eta gatazkak.

Kultur arloaren bulkada eta kudeaketa Udaleko zein alorren edo zinegotzigoren eskutan uzten diren, harexeri atxikirik egonen da, uneoro, entitatea; harexeri egokituko zaio entitatearen jarduketaren kontrola eta segimendua, indarra duen legeriak eta estatutu hauek ezartzen dituzten baldintzetan.

Entitatearen ordezkaritza haren lehendakariari dagokio lehen-lehenik. Hura kanpoan bada, ordezkaritza entitatearen organoei egokituko zaie, estatutu hauen eskudantziari jarraikiz.

Eskudantziak direla-eta entitate honek gatazkarik badu Udalarekin edo haren meneko entitateekin, alkateak trenkatuko ditu.

3. artikulua.-Helbidea.

Entitatearen egoitza Mercadal plazako 7an izanen da, hirian bertze ordezkaritza batzuk ezartzen ahal baditu ere. Administrazio Kontseiluak helbidea aldatzeko erabakitzen ahalko du, betiere Tuterako udal mugapean.

4. artikulua.-Iraupena.

Entitatea denbora mugagaberako eratu da, eta Tuterako Udalari dagokio haren ondorengotza, deseginez gero.

Haren estatutuak argitaratzen diren egunean hasiko da lanean.

5. artikulua.-Araubide juridikoa.

Entitatearen araubidea zuzenbide pribatua da, salbu eta bere organoen borondatearen eraketaz, egotzi zaizkion administrazio ahalmenen erabilpenaz eta toki administrazioari buruz indarra duen legerian eta aplikatzen ahal den legeria juridiko-publikoan berariaz arautzen diren alderdiez den bezainbatean.

II. KAPITULUA

Eginkizunak eta ahalmenak

6. artikulua.-Eginkizunak.

1. Entitatearen xedea da modu zuzen eta deszentralizatuan garatzea Udalak kultur arloan dituen eskumenak. Horrenbertzez, bere eskuetan izanen ditu Tuterako Udalaren eskumeneko kultur esparrua planifikatu eta kudeatzeko ahalmenak.

2. Zehatzago, entitateak xede hauek ditu bere gain:

a) Tuterako herritarren kultur beharrei erantzuna ematea, bereziki bertako kulturaren berezko agerpen eta ezaugarriak zainduta. Horretarako, arreta berezia jarriko dio bertako kulturari, bere adierazpen guztietan, hala hura garatu eta sendotzeko nola ikertu eta zabaltzeko.

b) Herritarren ekimenari bidea ematea.

c) Irabazi asmorik gabe kultur sektoreen jarduerak bulkatzea eta disziplinen arteko elkarrizketa indartzea.

d) Hiria garatzen duten kultur jarduerak sustatzea.

e) Kultur sormen edo ekoizpenari sostengu ematea.

f) Kultur prestakuntzari sostengu ematea.

g) Arte, zientzia, teknologia, natura eta agiri ondarea sortu, kudeatu eta mantentzea.

h) Pizgarriak ematea kultur esparruko enpresak edo kulturan erabiltzeko ekipamenduetakoak hirian egon daitezen.

i) Bertze administrazio batzuen titulartasuneko azpiegiturak edo udalerrian titulartasun partekatua dutenak bulkatzeko lanetan parte hartzea.

j) Gizarte kohesioa errazten duten kultur egintzak sustatzea.

k) Kulturaren kontzeptu sortzaile, ireki, anitz eta tolerantea indartzea.

l) Jendaurreko ikuskizunak eta kultur aisia bulkatzea.

7. artikulua.-Zerbitzuak eta jarduerak.

1. Aipatu helburuak lortzeko, entitateak bere gain hartuko du zerbitzu eta jarduera hauek kudeatu eta egitea:

a) Zerbitzu, museo, jokaespazio, auditorio, liburutegi eta bertze kulturguneen jarduera, egitura eta administrazioaren plangintza eta kudeaketa, baita horien ondoriozko kultur ondasunen ustiapena ere.

b) Kultura, historia, zientzia eta arte arloko ondasunak zaindu, ikertu, erakutsi eta zabaltzea, berezko jardueren bidez, eta herritarren eskura jartzea.

c) Bertze kulturgune, fundazio edo erakunde publiko edo pribatuetan parte hartzen duenean, haien bulkada, sustapena, koordinazioa eta segimendua.

d) Hiriko kultur bizitzan eragiten duten zerbitzu, entitate eta enpresa guztien jarduketak bulkatzea eta haiekin koordinatzea.

e) Kulturaren kontzeptu bat garatzea gizartearen ikuspuntutik onuragarria hiriaren garapen ekonomikorako eta aberastasuna eta enplegua sortzeko.

f) Lurraldeak berezko duen kultura eta hirian ekoizten diren bertzelako kultur ondasunen nazioarteko zabalkuntza bulkatzea.

g) Kultur arloko enpresei sostengu ematea, jarduera eta hazkuntza ekonomikoetan duten parte hartzea indartu eta sendotzeko estrategia gisa.

h) Kultur arloan ariko diren enpresa berrien sorrerari laguntza ematea.

i) Kultur arloko enpresa ekimenarentzat egokiak izanen diren baliabide finantzarioei laguntza ematea.

j) Kulturaren eta unibertsitate munduaren arteko harremanak sendotzea eta, hartara, unibertsitate munduaren eta kultur bizitzaren arteko eragin-trukerako loturak sustatzea.

k) Kultur turismoa sustatzea, hiria eta haren kultur bizitza sustatzeko bide gisa.

l) Hirian ari diren entitate guztien kultur kudeaketaren kalitateari on egiten dioten ekimenak bulkatzea, bai haien kudeatzaileen gaitasun teknikoa hobetuz, bai ondasun eta zerbitzuak erostean eskalako ekonomietatik onura ateratzeko aukera emanen duten lotura zeharkakoak sortuz.

m) Kultura zientifikoaren sustapena, zientziaren ulermen publikoari bidea emanen dioten programa bereziak sustatuz.

n) Kultura digitalaren bulkada.

ñ) Kulturarako kontsumitzaile berriak erakartzea eta hirian kultur kontsumoa handitzea.

o) Kultur ekipamendu eta azpiegiturak sortu eta eraikitzea.

p) Kultur zerbitzuak garatzea bertze administrazio publiko eta pertsona juridikoendako, mendeko merkataritza sozietateak barne.

q) Bertze edozein zerbitzu edo jarduera, aitzinekoekin eta Udalak haren eskuetan jartzen ahal dituenekin ikustekorik badute.

r) Entitatearen ondasun eta jardueren merkataritzako ustiapena.

s) Kultur industrietako inbertsioetan parte hartzea, zuzenean nahiz merkataritzako sozietateen bitartez.

2. Bere xedeak hobeki betetzeko eta aitzineko atalean ezarriarekin bat, entitateak jarduera ekonomikoak, merkataritzakoak edo bertzelakoak egiten ahalko ditu, bere xedeekin ikustekorik badute, estatutu hauetan ezartzen diren baldintzetan.

8. artikulua.-Administrazio ahalmenak.

1. Bere eginkizunen barnean, entitateak administrazio ahalmen hauek izanen ditu:

a) Baimenak, lizentziak eta kontzesioak ematea.

b) Zehapen ahalmena, arauek aurreikusten dituzten kasuetan.

c) Diziplina ahalmena, funtzionarioei dagokienez, zerbitzutik behin betiko bereiztea salbu.

d) Diru-laguntzak ematea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta aplikatzen ahal den gainerako legerian aurreikusiarekin bat, baita bidezko juzgatzen diren sustapen ekintzak egitea ere.

e) Bere burua antolatzeko ahalmena, estatutu hauen eta Udalaren jarraibideen barnean.

f) Erregelamenduak egiteko ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez, Udalak ezarritako oinarrizko arauen baldintzetan, eta erregelamenduak egiteko ahalmena, orobat, entitatearen antolaketari, bere giza baliabideei eta haien lan baldintzei dagokienez, estatutuetan beretan zehazten direnak aparte utzita.

g) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko ahalmena.

h) Bere ondasunak eta atxikirik dituenak ikertu, mugatu eta berreskuratzea.

i) Bere administrazio egintzen zilegitasunaren eta bete beharraren presuntziorako, nahitaez betearazteko eta ofizioz berrikusteko ahalmena.

j) Bere ondasun eta eskubideen enbargaezintasuna, eta lehenespena eta lehentasuna izateko ahalmena, eta bertze prerrogatiba batzuk, legeak ezartzen dituen baldintzetan.

k) Zerga salbuespena, legeak ezartzen dituen baldintzetan.

l) Bertze edozein administrazio ahalmen, indarra duen araudiak enpresa entitate publikoen eskuetan berariaz jartzen baditu.

2. Estatutu hauek entitatearen zer organoren eskutan jartzen dituen, horiexek erabiliko dituzte ahalmen horiek.

III. KAPITULUA

Antolaketa eta funtzionamendua

9. artikulua.-Gobernu eta zuzendaritza organoak.

1. Entitatea ondoko gobernu eta zuzendaritza organoek gobernatuko dute:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Administrazio Kontseilua.

d) Zuzendari kudeatzailea.

2. Horiez gain, Batzorde Betearazle bat izanen da, entitatearen ohiko administrazioko kontuak kudeatzeko, estatutu hauetan ematen zaizkion eskudantziekin eta Administrazio Kontseiluak eta lehendakariak haren eskuetan uzten ahal dituen eskudantziekin bat. Lehendakariak eta Udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzak entitatearen Administrazio Kontseiluko kideen artean hautaturiko ordezkari batek osatuko dute. Erabakiak hartuko dira boto ponderatuaren bidez, Administrazio Kontseiluan dagoen ordezkaritzaren arabera, lehendakariak proposaturik Administrazio Kontseiluak ematen dituen arauei jarraikiz.

10. artikulua.-Lehendakaria nor eta haren eginkizunak.

1. Entitateko lehendakaria alkatea izanen da; bertzenaz, zinegotzi baten esku uzten ahal du.

2. Lehendakariaren eginkizunak:

a) Entitatearen ordezkaritza gorena izatea, klase guztietako pertsona eta entitateen aitzinean.

b) Zerbitzu guztien goi ikuskaritza egitea eta bere jarduera nola gauzatzen den zaintzea.

c) Entitatearen xedeak, estatutu hauek xedatzen dituztenak eta haiek garatzeko arauak betetzen direla begiratzea.

d) Administrazio Kontseiluari proposatzea entitatearen plan estrategikoaren onespena.

e) Administrazio Kontseiluan nahiz estatutu hauek aurreikusten dituzten gainerako organo kolegiatuetan, bilkuren deialdia egitea eta haietan buru egitea eta aplikatzekoak diren arauak aldiro interpretatzea.

f) Administrazio Kontseiluak eta Batzorde Betearazleak hartu behar dituzten erabakiak proposatzea, eta betetzen direla begiratzea.

g) Administrazio Kontseiluari entitatearen antolaketaren egitura proposatzea.

h) Administrazio Kontseiluari Kontseiluko idazkariaren izendapena eta kargugabetzea proposatzea, hala behar bada.

i) Zuzendari kudeatzailea izendatzea, eta Administrazio Kontseiluari horren berri ematea.

j) Gastuak eta kontratatu eta hitzarmenak onestea, entitatearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetako ohiko baliabideen %2 baino gehiago baina baliabide horien %10 baino gutiago direnean, baita kontzesioak ere, gehienez ere lau urte irauten dutenak.

k) Entitatearen interes eta ondasunak defendatu beharrez zuzendari kudeatzaileak paratzen dituen errekurtso judizial edo administratiboak eta ekintzak berrestea.

l) Bertze administrazio publikoekin eta haien mendeko enteekin lankidetza hitzarmenak sinatzea, entitatearen eginkizunen barnean, horrek ez badakar eskumenak bertze inoren esku uztea edo kudeatzeko gomendiorik egitea.

m) Estatutu hauek egozten dizkieten bertze eginkizunak, eta indarra duten xedapenek entitatearen eskutan uzten ahal dituztenak, bertze organo batzuei egozten ahal ez bazaizkie eta kudeaketa arruntari ez badagozkio.

3. Salbuespenez, atzerapenik izan ez dezaketen premia larrietan, Batzorde Betearazleari eta Administrazio Kontseiluaren eskumen diren erabakiak, eskuordetzen ahal direnetarik badira. Halakoetan, hartutako erabakien berri eman beharko die aipatu organoei, berrets ditzaten, egiten duten lehenbiziko bilkuran.

4. Lehendakariak egotzirik dituen eginkizunetan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari.

5. Lehendakariak ezin izanen ditu, inola ere, 2.a) eta 2.e) puntuetan ematen zaizkion eskudantziak bertze inoren eskuetan utzi.

11. artikulua.-Lehendakariordea.

Lehendakariak izendatuko du lehendakariordea, Administrazio Kontseiluko kide diren zinegotzien artean. Lehendakariaren ordez ariko da, Administrazio Kontseiluko lehendakari gisa, kanpoan edo eri denean edo legearen araberako bertze arrazoiren bat dagoenean.

12. artikulua.-Kideak.

Administrazio Kontseiluko kideak izanen dira lehendakaria eta 6tik 9ra bitarteko zinegotziak, Udaleko talde politikoen artean dagoen proportzionaltasunari begiraturik eta denak egonen direla bermaturik.

13. artikulua.-Kideen izendapena eta kargugabetzea.

Osoko Bilkurak izendatu eta kargugabetuko ditu Administrazio Kontseiluko kideak, antolamendu juridikoak ezarritako prozedurari jarraikiz, eta Udalbatza berritzearekin batera edo, bertzenaz, hutsuneren bat edo kargugabetzeren bat gertatzen den guztietan.

14. artikulua.-Eginkizunak eta egintzen nolakoa.

1. Administrazio Kontseiluari dagokio:

a) Estatutu hauetan aurreikusten ez duen orotan, Kontseiluaren beraren funtzionamendu arauak ematea eta, halakorik behar bada, barne araubiderako erregelamendua onestea.

b) Egoitzaren aldaketa.

c) Entitatearen plan estrategikoa onestea.

d) Lehendakariak proposaturik, entitatearen antolaketa egitura onestea eta Administrazio Kontseiluko idazkaria izendatzea eta kargugabetzea.

e) Negozioak, merkataritzako sozietate edo enpresak, funtsak, entitateak, fundazioak, elkarteak edo irabazi asmorik gabeko bertzelako pertsona juridikoak sortzea edo halakoetan parte hartzea onestea, eta orobat onestea haien estatutuak, hala behar badu.

f) Proposamenak onestea diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenaz eta langileen plantillaz eta, hala behar badu, eskumena duen udal organora igortzea, behin betiko onets ditzan.

g) Entitatearen balantzea, galera eta irabazien kontua eta urteko kudeaketaren eta emaitzen aplikazioaren gaineko txostena onestea.

h) Ondasun eta eskubideen inbentarioa onestea, izanik horiek bereak edo atxikiak.

i) Ondarearen besterentzea onestea.

j) Administrazio ahalmen hauen erabilpena:

Bere antolaketa egiteko ahalmena.

Zerbitzuen eta barne antolaketaren gaineko erregelamendu ahalmena.

k) Batzorde Betearazleak langilerik bidaltzea erabakiz gero, hura berrestea.

l) Batzorde Betearazleak egiten badu funtzionario atxiki bat zerbitzutik bereizteko proposamenik, hura onestea, 40. artikuluan erraten diren baldintzetan.

m) Kontsultarako eta partaidetzarako organoen sorrera onestea.

n) Estatutu hauek haren gain jartzen dituen bertzelako eginkizunak, eta gero ere indarra duen araudiak espresuki haren gain jartzen dituenak.

2. Administrazio Kontseiluak bere eskudantzietan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari, administrazio ahalmenetan aritzean emandakoak salbu, horien kontra gora jotzeko errekurtsoa para baitaiteke, alkateari zuzendua. Horien kontra, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, Administrazio Kontseiluari zuzendua.

15. artikulua.-Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Entitatearen funtzionamendu egokirako behar adina bilduko da Administrazio Kontseilua, eta bilkura arruntak gutienez ere urtean bitan eginez; horretarako, deialdia egin beharko du lehendakariak, bere kabuz edo, gutienez, kontseilariaren erdiek eskaturik egin ere.

2. Administrazio Kontseiluaren deialdiak, eraketa eta funtzionamendua eginen dira toki erakundeen araudiak organo kolegiatuen gainean dituen arauei, estatutu hauetako xedapenei eta estatutuen 14.1.a) artikuluan barne funtzionamendurako aipatzen dituen arauei jarraikiz. Modu osagarrian, Udalaren gobernu organo kolegiatuaren arauak aplikatuko dira.

3. Zuzendari kudeatzailea Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen bileretara joanen da, hizpidea duela baina botorik gabe. Organo horiei laguntza egokia eman beharrez, lehendakariak eguneko gai zerrendan sarturiko gaietan adituak diren pertsonak deitzen ahalko ditu, bilera horietan parte har dezaten, hizpidea dutela baina botorik gabe.

16. artikulua.-Batzorde Betearazlea.

1. Batzorde Betearazleari dagokio:

a) Entitatearen jarduketa programa eta haren aldaketak onestea.

b) Bertze administrazio publikoekin eta haien mendeko enteekin lankidetza hitzarmenak sinatzea, entitatearen eginkizunen barnean, eskumenak bertze inoren esku uztea edo kudeatzeko gomendiorik egitea ekartzen badute.

c) Entitateak eman behar dituen diru-laguntzak ematea.

d) Gastuak eta kontratatu eta hitzarmenak onestea, entitatearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetako ohiko baliabideen %10 baino gehiago direnean, baita kontzesioak ere, lau urte baino gehiagoko iraupena dutenak.

e) Zuzendari kudeatzaileak proposaturik, kontratu mugagabea duten langileak kontratatzeko oinarriak eta prozedura onestea.

f) Izendapenak berrestea, zuzendari kudeatzaileak entitatea egituratzen duten unitate organikoen zuzendaritza halako langile batzuei manatzen dienean.

g) Langileei lan arloko zehapenak xedatzea, baita horiek bidaltzea ere, baina halakoetan Administrazio Kontseiluak berretsi beharko du.

h) Administrazio ahalmen hauetan aritzea:

Diziplina ahalmena, funtzionario atxikiei dagokienez, zerbitzutik behin betiko bereiztea salbu; horren gainean proposamena egiten ahalko dio Administrazio Kontseiluari.

Zehapen ahalmena.

i) Estatutu hauek edo indarra duen araudiak ematen dizkioten gainerako eginkizunetan aritzea, eta orobat Administrazio Kontseiluak edo lehendakariak haren eskutan uzten dituztenak.

2. Batzorde Betearazleak bere eskudantzietan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari, administrazio ahalmenetan aritzean emandakoak salbu, horien kontra gora jotzeko errekurtsoa para baitaiteke, alkateari zuzendua. Horien kontra, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, Batzorde Betearazleari zuzendua.

17. artikulua.-Zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargugabetzea.

1. Zuzendari kudeatzailea zuzendaritza arruntaren organo gorena da eta haren izendapena eta kargugabetzea lehendakariari dagokio.

2. Zuzendari kudeatzailea zuzendaritzako langilea baita, lanpostua Administrazio Publikoetako karrerako funtzionario edo lan-kontratudun batek eddo sektore pribatuko profesional batek bete beharko du; batean ala bertzean goi mailako tituluduna izan beharko du, eta bigarrenean, lanbidean bortz urte baino gehiago ari izana. Betiere eskatuko da prestakuntza edo esperientzia berariazkoa kultur kudeaketan.

3. Zuzendari kudeatzailearen lanpostua hutsik dagoenean edo hura kanpoan, eri edo bidezko ezintasunak joa denean, entitateko zuzendaritzakoen artean lehendakariak hautatzen duenak ordezkatuko du, aitzineko atalean ezarritako baldintzak betetzen baditu.

18. artikulua.-Eginkizunak eta egintzen nolakoa.

1. Zuzendari kudeatzaileari eginkizun hauek dagozkio:

a) Entitatearen ordezkaritza, administrazio eta kudeaketa arruntari dagozkion ahalmenak egiazki erabiltzea, estatutu hauetan xedatuari jarraikiz. Ordezkaritza ahalmenak erabiliko dira lehendakaria eta lehendakariordea ez daudenean.

b) Egiten dituenen berri eta entitatearen kudeaketari dagozkion kontuen berri ematea Administrazio Kontseiluari, Batzorde Betearazleari eta lehendakariari.

c) Tenorez betearaztea Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen erabakiak, lehendakariaren ikuskapena ukatu gabe.

d) Entitatearen plan estrategikoa prestatzea eta entitateko lehendakariari aurkeztea.

e) Antolaketaren eta langileen egitura garatzea, Kontseiluak ezarritako irizpide orokorrekin bat.

f) Entitatea egituratu behar duten unitate organikoen zuzendaritza halako langile batzuei manatzen zaienean, horiek izendatzea, izendapena Batzorde Betearazleak berretsi behar baditu ere.

g) Zerbitzu, obra eta egoitza guztien buruzagitza gorena, bere gain harturik zuzendaritza, bulkada eta ikuskapena.

h) Langileak kontratatzea eta haien soldatak zehaztea, entitatean aplikatu beharreko erabakiekin eta hitzarmenarekin bat.

i) Ondare erantzukizunaren arloko erreklamazioak eta bide zibilera edo lan arlokora joan aitzineko erreklamazioak ebaztea.

j) Gastuak eta kontratu eta itunak onestea, entitatearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetako ohiko baliabideen %2 edo gutiago direnean.

k) Entitatearen eskubide eta interesen alde dagozkion ekintza eta errekurtso judizial nahiz administratiboak paratzea, hala arruntak nola bereziak, lehendakariak gero berretsi beharko baditu ere.

l) Estatutu hauek egozten dizkieten bertze eginkizunak, eta indarra duten xedapenek entitatearen eskutan uzten ahal dituztenak, bertze organo batzuei egozten ahal ez bazaizkie eta kudeaketa arruntari badagozkio.

m) Administrazio ahalmen hauetan aritzea:

Zuzenbide publikoko diru-sarreretan entitateari egozten zaizkionak biltzeko ahalmena.

Ondasunak ikertu, mugatu eta berreskuratzeko ahalmena.

Entitatearen jarduketa esparruaren barnean, tokatzen diren baimen, lizentziak eta kontzesio administratiboak emateko ahalmena

2. Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzietan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari, administrazio ahalmenetan aritzean emandakoak salbu, horien kontra gora jotzeko errekurtsoa para baitaiteke, entitateko lehendakariari zuzendua. Horien kontra, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, zuzendari kudeatzaileari zuzendua.

19. artikulua.-Fede publikoa eta lege aholkularitza.

Entitatea egituratzen duten gobernu organo pertsona bakar nahiz kolegiatuei fede publikoa eta lege aholkularitza eman behar zaizkienez, Administrazio Kontseiluak bertzerik erabaki ezik, eginkizun horiek Tuterako Udaleko idazkari nagusiari dagozkio; horiek modu eraginkorrean betetzeko beharrezkoa bada, bertze inoren eskutan uzten ahalko ditu.

20. artikulua.-Aholku batzordeak.

1. Aholku batzorde bat sortuko da, ebazpen ahalmenik gabea; hartan ordezkaritza izaten ahalko dute partikularrek eta zuzenbide publiko nahiz pribatuko erakundeek, entitatearen jarduerari loturik badaude.

2. Administrazio Kontseiluak izanen du, Batzorde Betearazleak proposaturik, hura sortzeko eskumena, baita bertze batzuk sortzeko ahalmena ere, egokia ikusten bada; halakoetan, haien osaera, eginkizunak eta antolaketa sistema zehaztu beharko ditu.

3. Sortzen diren batzordeek beren ordezkaria izanen dute Administrazio Kontseiluak, berek beren kideen artean hautaturik. Delako ordezkariak hizpidea duela baina botorik gabe parte hartuko du organo horren bilkuretan.

IV. KAPITULUA

Jardunbidea

21. artikulua.-Tresna eta bitartekoak.

Entitatea, bere zerbitzu eta jarduerak egiteko eta kudeatzeko tenorean, ondotik aipatzen diren tresna eta baliabideez baliatzen ahalko da.

22. artikulua.-Jarduera ekonomikoak.

Bere jarduera esparruan, entitateak klase orotako jarduera ekonomiko eta merkataritzakoak egiten ahalko ditu.

Horiek jarduera ekonomikoaren adar batekoak badira ekimen pribatuarekin lehian daudenak, orduan aitzinetik ireki eta onetsi beharko da ekimen publiko ekonomikoaren espedientea.

Espedientea irekitzea eta haren bulkada entitateari dagokio; haren Administrazio Kontseiluaren lana izanen da zuzendari kudeatzaileak egiten duen txostena onestea. Hura jendaurrean jarriko da eta alegazioen gaineko aburua agertuko da, eta gero Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio proposamena, behin betiko onets dezan.

23. artikulua.-Merkataritzako sozietateak eta bertze pertsona juridiko batzuk.

Eman zaizkion xedeak erdiesteko, entitateak merkataritzako sozietateak edo bertzelako entitateak sortzen ahalko ditu, hala nola batasunak, fundazioak, elkarteak edo irabazi asmorik gabeko bertzelako pertsona juridikoak, edo halakoetan parte hartzen ahalko du, betiere aitzinetik Udalak osoko bilkuran baimentzen badu eta kasu bakoitzean ezarria dagoen lege prozedurari segitzen bazaio.

Entitateak merkataritzako sozietateren bat sortzen badu bere jarduketa esparruaren batekin ikusteko duena, sozietatearen administrazioa organo kolegiatu baten eskutan izanen da, eta hango kideak izanen dira entitatearen Administrazio Kontseiluko une bakoitzeko kideak. Horretarako, Batzar orokorrak eginen du izendapena.

Entitatearen zuzendari kudeatzaileak sozietate bakoitzeko kudeaketa lanak eginen ditu; horretarako, sozietate bakoitzeko Administrazio Kontseiluak ahalmenak emanen dizkio, gutienez ere estatutu hauetan entitateari dagozkionetan egozten dizkien ahalmenen bezainbatekoak.

24. artikulua.-Lankidetza.

Entitateak, manaturik dituen eginkizunak hobeki betetzeko, klase orotako akordioak edo hitzarmenak ezartzen ahalko ditu, erakunde publiko eta pribatuekin, nazioko nahiz nazioartekoekin.

Akordio eta hitzarmenen esparruan, entitateak, delegazioz, eskumenak eskuratzen baditu edo kudeaketak manatzen bazaizkio, Udalak baimena eman beharko dio osoko bilkuran bilduta.

Bereziki, akordioak sinatzen ahalko ditu erakunde ofizial edo pribatuekin, bere jarduerarekin ikusteko duten funts, laguntza edo finantza baliabideak bideratu, kudeatu eta administratzeko.

25. artikulua.-Kontzesioak.

Bere ekipamendu edo jarduera zehatzak hobeki kudeatzeko, entitateak kontzesioaren figura erabiltzen ahalko du, bere bi aldaeratan: obra publikoa eta zerbitzu publikoaren kudeaketa.

26. artikulua.-Sustapena.

Entitateak, manaturik dituen eginkizunak hobeki betetzeko, diru-laguntzak ematen ahalko ditu, baita sustapena egiteko bideen artean komenigarri iruditzen zaizkionak erabili ere.

Jarduera horren esparruaz ariko da plan estrategiko bat, Administrazio Kontseiluak onetsi beharko duena, lehendakariak proposaturik.

V. KAPITULUA

Ondare araubidea

27. artikulua.-Entitatearen ondarea.

1. Ondare araubidea Nafarroako toki entitateen ondasunei buruzko araudian eta aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarria dago.

2. Hona zerk osatzen duen ondarea: bere ondasun eta eskubideak; udal titulartasuneko bertze batzuk, entitateari atxikitzea edo lagatzea erabaki bada edo etorkizunean erabakitzen bada, eta edozein pertsona edo entitatek egozten dizkienak.

3. Atxikiriko ondasun eta eskubideek dagokien jatorrizko kalifikazioa edukitzen segituko dute; entitateari gauza bakarra dagokio: horiek zaindu, hobetu eta erabiltzea atxikipenean zehazten diren xedeak betetzeko.

4. Entitateak bere esku izanen ditu Jabari pribatuko edo ondareko ondasun eta eskubideak, haien titularra bada.

28. artikulua.-Baliabide ekonomikoak.

1. Hona hemen entitatearen baliabide ekonomikoak:

a) Haren ondarea osatzen duten ondasun eta balioak.

b) Ondare horretatik heldu diren etekin eta errentak.

c) Udalaren aurrekontuko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenean atxikirik dauden kontu-sail berariazkoak.

d) Administrazio edo entitate publikoetatik heldu diren transferentzia arrunt edo kapitalekoak.

e) Bere eginkizunekin ikusteko duten zerbitzu mota guztiak egiteagatik eskuratzen ahal dituen diru-sarrerak.

f) Entitate publiko, pribatu eta partikularren dohaintza, legatu eta bertzelako ekarpenak, eta bereziki entitatearekin zuzenean ikusteko dutenenak.

g) Haren esku utz daitekeen beste edozein baliabide.

h) Entitatea zehapen ahalmenen titularra bada, ahalmen horiek erabiltzean etortzen diren diru-sarrerak.

29. artikulua.-Inbentarioa.

1. Entitateak inbentarioa eginen du eta hura eguneratua mantenduko, bertan sartuta bai bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak eta bere xedeak betetzeko atxiki zaizkion ondasunak; hura urtero igorri beharko zaio Udalari.

2. Inbentarioa urtero berretsiko da urte bakoitzeko abenduaren 31n, eta Administrazio Kontseiluak onetsi beharko du.

VI. KAPITULUA

Langileen araubidea

30. artikulua.-Langileak. Kudeaketa. Lansarien baldintzak.

1. Entitateko langileen plantilla hauek osatzen dute:

a) Tuterako Udaleko funtzionario edo lan-kontratudunen artean entitateari atxikitzen zaizkionak.

b) Entitateak berak kontratatzen dituen lan-kontratudunak.

c) Zuzendaritzako langileak, estatutu hauen 17. artikuluak aipatzen dituenak.

2. Langileen lansariak zehaztu edo aldatzean, Udalak horren gainean onesten dituen arauei jarraituko zaie, estatutu hauek ezartzen dituzten baldintzetan.

3. Entitateak, bere lan-kontratudunen kontratazioa, betetzea edo barne igoera egiten duenean, publikotasun, berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioei helduko die eta aplikatzekoak diren hautapen prozesuak eta legezko arauak erabiliko ditu, eta orobat behar diren deialdi publikoak.

4. Entitateari dagozkio giza baliabideak, bere langileak eta atxiki zaizkionak kudeatzeko ahalmen guztiak; hark aplikatu beharko ditu langileria arloan eskumena duen Alor edo Zinegotzigoak ematen dituen jarraibideak.

31. artikulua.-Entitateko langileen lan baldintzak.

1. Tuterako Udalean lan baldintzak direla-eta indarra duten akordioak aplikatuko zaizkie entitateko funtzionari nahiz lan-kontratudunei.

2. Betiere, Udaletik edo haren erakunde autonomoetako edozeinetatik entitatera edozein bide erabilita transferitu edo atxiki diren langile finko edo aldi baterakoei, lan-kontratudun nahiz funtzionarioei, aitortuko zaizkie aitzinetik Administrazio Publikoan egindako zerbitzuak, baita haien antzinatasuna, kategoriak, soldatak eta eskubide eskuratuak. Orobat, entitatean aritzea Administrazio Publikoan egindako lantzat hartuko da eta, beraz, aitzinatasun hori aitortuko zaie entitateko langileei.

32. artikulua.-Aldi baterako atxikipenak.

Lehendakariak aitzinetik eskatuta, Udalak aldi baterako atxikitzen ahalko ditu bere langileak, zerbitzu emankizunen bidez, enteko lanpostuetan ari daitezen.

Halaber, lehendakariak aitzinetik eskatuta, Udalak enteko eginkizunak eta lanak atxikitzen ahalko dizkie bere langileei, izanik horiek lanpostu batek berezkoak dituenak ala ez, horrek dakartzan ordainsariekin.

33. artikulua.-Kontrola.

Langileen arloan eskumena duen Alor edo Zinegotzigoak kontrol berariazkoak eginen ditu entitatearen gainean, langileen eta kudeaketaren gastuen bilakaeraz eta bere giza baliabideen kudeaketaz.

VII. KAPITULUA

Ekonomia eta finantza araubidea

34. artikulua.-Kontratazioaren araubidea.

Nafarroako Administrazio Publikoen kontratazioari buruzko araubideak entitate klase hauetarako zer ezartzen duen, harexeri jarraituko die entitateak kontratazioak egitean.

35. artikulua.-Finantza eragiketak.

Udalak aitzinetik baimena emanda, entitateak klase orotako finantza eragiketak egiten ahalko ditu; bereziki, kreditu edo mailegu eragiketa aktibo nahiz pasiboak hitzartzen ahalko ditu, Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian ezarriari jarraikiz eta urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetan aurreikusitako mugekin bat.

36. artikulua.-Araubide ekonomia eta kontabilitatearena.

Aurrekontuaz, ekonomia-finantzaz, kontabilitateaz, kontu hartzailetzaz, kontrol finantzarioaz eta eraginkortasunaren kontrolaz den bezainbatean, Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian zer dagoen ezarria, harexeri segituko dio entitateak.

Araudi hori toki erakundeen enpresa entitate publikoen gaineko araudi berariazkoa jasotzeko aldatzen ez den bitartean, aplikatuko da kapitala osorik toki entitatearena duten merkataritza sozietateei buruz xedaturik dagoena.

Ekitaldi ekonomikoak urtebete iraunen du eta urte bakoitzeko urtarrilaren lehenean hasiko da.

37. artikulua.-Tributuen araubidea.

Tuterako Udalari tributuen arloan zer araubide dagokion, horixe bera izanen du entitateak; salbuespen eta onura fiskal berak izanen ditu, aplikatzen ahal zaion araudiarekin bat.

38. artikulua.-Kontrolaren araubidea.

Udaleko Kontu Hartzailetza Orokorrak eginen du kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren kontrola, Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian ezartzen denari jarraikiz.

39. artikulua.-Diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenaren prestaketa.

Entitateak urtero eginen du bere diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, Udalak hurrengo ekitaldirako ekarpenaz bidaltzen dion aurrerapenetik abiatuta, eta Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian zehazten den egiturarekin. Entitatea merkataritza sozietate batzuen titularra baldin bada, haien diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenak sartuko dira diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenean.

Administrazio Kontseiluak onetsiko ditu diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenak, eta gero Udalari igorriko zaizkio urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspen orokorrean sar daitezen.

40. artikulua.-Urteko kontuak.

Urteko kontuak Administrazio Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, onets ditzan eta Udalari bidal diezazkion. Entitateko lehendakariak formulatuko ditu eta haien kontu emanen, aurrekontuei buruzko araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

VIII. KAPITULUA

Udalaren tutoretza ahalmenak

41. artikulua.-Tutoretza ahalmena.

1. Entitatearen gaineko tutoretza ahalmena udalari dagokio; gisa honetara erabiliko du:

Udalaren tutoretzak dakar Udalak osoko bilkuran onetsi behar izatea ondoko jarduketak:

a) Entitatearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena eta langileen plantilla, Udalaren aurrekontuarekin batera.

b) Kontuen balantzea eta urteko likidazioa.

c) Entitatearen diru-sarrera osatzen duten tasen zenbatekoaren onespena.

d) Bertzelako entitateen sorrera edo haietan parte hartzea.

e) Ekimen publikoaren erabilpena jarduera ekonomikoan.

f) Udala ez bertzeko Administrazio Publikoengandik, delegazioz, eskumenak eskuratzen baditu edo kudeaketak manatzen bazaizkio, haien onarpena.

g) Estatutu hauen aldaketa.

h) Udalak atxiki dituen funtzionarioei diziplina zehapenak ezartzea, zerbitzutik bereiztea badakar.

i) Lan hitzarmen kolektiboak.

j) Jesapen, kreditu, abal edo bertzelako bermeen kontratazioaren onespena, eta orobat bere xedeen zerbitzuko bertze edozein finantza tresna kontratatzea, diruzaintzako eragiketak kenduta.

k) Entitateko organoek beren langileen ordainsari baldintzak zehaztu eta aldatzeko arauak ezartzen dituenean.

42. artikulua.-Komunikazioa. Informazioa.

1. Udalaren Osoko Bilkurak gobernuaren kudeaketa fiskalizatu eta kontrolatzeko duen ahalmenaren barnean, udalkide guztiek dute entitatearen gaineko informazioa eta dokumentazioa eskuratzeko, Udalari dagokionez une bakoitzean indarra duen araudiaren baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Estatutuen aldaketa eta entitatea desegitea

43. artikulua.-Estatutuen aldaketa.

Estatutuak onesteko eskatzen ziren prozedura eta tramite berak erabiliko dira horiek aldatzeko.

44. artikulua.-Desegitea.

1. Entitatea desegiten ahalko da:

a) Udalak komenigarri ikusten duenean, zerbitzua kudeatzeko manera aldatzeagatik.

b) Udalak komenigarri ikusten duenean, zerbitzua kentzeagatik.

2. Udalak osoko bilkuran erabakiko du desegitea, entitatearen Administrazio Kontseiluak txostena eginda.

45. artikulua.-Entitatearen baliabideak nora.

1. Entitatea desegiten denean kudeaketa modua zuzeneko bertzelako kudeaketa modu batera aldatzeagatik, Udalak ezarriko du entitatearen baliabide eta obligazioak zer baldintzetan bereganatuko dituen kudeaketaren ardura hartzen duen pertsona juridikoak.

2. Entitatea desegiten denean zerbitzua kentzeagatik edo zeharkako kudeaketa modua hautatzeagatik, ondarea Udalbatzaren eskura itzuliko da, aktiboan eta pasiboan agertzen diren gehikuntza eta ekarpen guztiekin. Entitateko funtzionario nahiz lan-kontratudunak Udaleko edo haren meneko erakundeetako plantilla organikoan sartuko da.

Lehen xedapen gehigarria.

Lehendakariak bertzerik xedatzen ez duen bitartean, zuzendari kudeatzaile lanak eginen ditu entitate hau sortzean Castel-Ruiz erakunde autonomoan egiten zituen berberak; Tuterako Udaleko behin-behineko langile izaten segituko du, entitateari atxikia, eta estatutu hauek onestean zituen ordainsari eta baldintza berei eutsiko die, gero batean zuzenketak egiten ahalko baditu ere Udalean eguneratzeak egiten diren baldintza beretan.

Bigarren xedapen gehigarria.

1. Castel-Ruiz erakunde autonomoaren barnean bere eginkizunak betetzen dituzten funtzionario eta lan-kontratudunak entitate berrian atxikirik geldituko dira, eta jardunean segituko dute Tuterako Udalari dagokionez, eta haien egungo ordainsari eta lan baldintzei eutsiko diete, baita Udaleko langile guztiei aitortzen zaizkienei ere.

2. Orobat, Castel-Ruiz udal erakunde autonomoaren bilakaerak ukituriko gainerako lan-kontratudunak beren lanpostuetan geldituko dira, entitate berria sortzean zituzten baldintza beretan, harik eta behar diren hautapen prozesuak egin arte, entitate horren barne egitura zehaztu ondoan.

3. Gaurdaino posible egin ari denez erakunde autonomoetako eta Udaletako lan-kontratudun nahiz funtzionarioek lanpostuak betetzeko lekualdatze lehiaketetan berdintasun baldintzetan parte hartzea, aukera hori ente berrian ere mantenduko da, bai bere langileek haietan parte har dezaten, bai Udaleko gainerako langileek parte har dezaten enteko lanpostuetan.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Entitateko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, lehendakariordea eta kontseilukideak "Castel-Ruiz kultur etxea" erakunde autonomoko berak izanen dira, izendapen beharrik gabe.

Lehen xedapen iragankorra.

Entitate berria subrogatuko da bera eratzean indarra duten kontratu, hitzarmen eta gainerako tresna juridikoetan, "Castel-Ruiz kultur etxea" erakunde autonomoak bere jardueraren esparruan sinatu baditu.

Bigarren xedapen iragankorra.

Tuterako Udalaren antolaketa administratiboaren Erregelamenduan aurreikuspena dago egungo erakunde autonomoko Turismoaren eta Ospakizunen kudeaketa zentroak Udalaren berezko egitura sartzea; horren ondorioz, horiei dagokienez, entitate berria sortzean aldaketa horien aplikazio egiazkoari dagokionez zer erabakitzen den, harexeri segituko zaio.

Musika Eskolari dagokionez berdintsu jokatuko da, gaur egun erakunde autonomoaren mendean egonik, Udalaren egituran sartuko baita hura ere.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aitzin gertatzen diren egoera juridikoei aurretik indarra duen araudia aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: L0922276