122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2009 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak emana, Helduak Euskalduntzeko eta Alfabetatzeko Koordinakundearekin (AEK) sinaturiko kontratua suntsiarazten duena eta kontrataturiko zerbitzuak ordaintzearen desegokitasuna adierazten duena. Kontratu hori sinatu zen "Korrika"-ko kilometro bat erosteko eta bertan parte hartzeko, euskara eta euskararen ezagutza sustatzeko asmoz.

Euskarabidea erakunde autonomoaren eskumenen artean dago euskararen garapenerako programak eta jarduerak laguntzea eta sustatzea, eta euskaraz egiten diren kultura eta arte agerraldiak egiteko herritarren elkarteekin lankidetzan aritzea. Horiek horrela, Euskarabideak kontratua sinatu zuen 2009ko martxoaren 10ean Helduak Euskalduntzeko eta Alfabetatzeko Koordinakundearekin (AEK), 2009ko martxoaren 26aren eta apirilaren 5aren artean egin zen "Korrika"-en 386. kilometroa erosteko eta "erositako" kilometroan Institutuak parte hartzeko.

Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak martxoaren 30ean jakinarazi zuen Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuak bertan behera utziko zuela "Korrika"-ren antolatzaileekin izandako lankidetza oro, ikusi zelako euskara sustatzeko lasterketa horretan etakideak izateagatik zigorra betetzen ari diren terroristen aldeko eta Foru Komunitatearen errealitate instituzionalaren kontrako leloak oihukatu eta ikurrak erakutsi zirela.

386. kilometroaren kontratazioa laguntza kontratu administratibotzat jo zen. Horrek esan nahi du entitate kontratistaren betebehar nagusia dela ekitaldia eskainitako baldintzetan ematea, euskara sustatzeko tresna gisa antolatzea. Entitate kontratistak "Korrika"-ren kilometroa Euskarabidearen esku utzi badu ere, terroristen aldeko eta Foru Komunitatearen errealitate instituzionalaren kontrako leloak oihukatu eta ikurrak erakutsi zirenez, kontratuaren xede nagusia zena ez da bete, euskara sustatzea erdietsi beharrean euskararekiko traba bihurtu baita, eta beraz ezin uler daiteke kontratua Administrazioa asetzeko moduan bete denik, kontuan hartzen bada Korrikan parte hartzeak izaera instrumentala duela, eta zerbitzu horrek aintzat harturiko interes publikoarendako nahi zen helburutik urruntzea suposatu duela.

Arrazoi horrengatik, batetik, ulertu behar da kontratuaren betebehar nagusia ez dela bete. Hori kontratua suntsiarazteko arrazoia da, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 124.1.a) idatz-zatian xedaturikoaren arabera. Eta bestetik, ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 112. artikuluarekin bat, kontratistak ez du eskubiderik emandako zerbitzua ordaindua izan dakion, zerbitzu hori ez delako eman Foru Lege horretan berean eta kontratuan ezarritako baldintzen arabera. Horrek berarekin dakar kontratua suntsiaraztearen bidezkotasuna eta igorritako faktura ordaintzearen desegokitasuna.

Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 1eko 18/09 ebazpenaren bidez, aipaturiko ebazpena suntsiarazteko prozedurari hasiera eman zitzaion eta Helduak Alfabetatzeko eta Euskalduntzeko Koordinakundeari (AEK) 10 eguneko epea eman zitzaion egoki zerizkion alegazioak aurkezteko. Emandako epea iragan ondoren alegaziorik jaso ez denez, jadanik azaldu diren aurrekariak eta oinarriak kontuan harturik, bertan planteaturiko gaiak ebazteari ekitea dagokio orain.

Ondorioz, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 122.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eta Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence sortzen duen irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren 11.j) idatz-zatiak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT

Lehena.-Euskarabidea erakunde autonomoak eta Helduak Euskalduntzeko eta Alfabetatzeko Koordinakundeak (AEK) sinaturiko kontratua suntsiaraztea, kontratuaren xedea zen betebehar nagusia bete ez dela ikusi delako. Kontratu hori sinatu zen "Korrika"-ren kilometro bat erosteko eta bertan parte hartzeko, euskara eta euskararen ezagutza sustatzeko asmoz.

Bigarrena.-"Korrika" dela eta Euskarabideari emandako zerbitzuak ordaintzearen desegokitasuna adieraztea, zerbitzu horiek ez direlako eman kontratuan ezarritako baldintzen arabera, ezta kontratazioaren helburua errespetatuz ere.

Hirugarrena.-Ebazpen hau igortzea Euskarabidera, Programen Bulegora, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora eta berau jakinaraztea Helduak Euskalduntzeko eta Alfabetatzeko Koordinakundeari (AEK).

Laugarrena.-Ebazpen honek ez du bide administratiboa ixten, eta beronen kontra gora jotzeko helegitea jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 11n.-Euskarabideko Zuzendari Kudeatzailea, Xabier Azanza Arbizu.

Iragarkiaren kodea: F0922281