122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

461/2009 FORU AGINDUA, irailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak apirilaren 16an emandako 109/2007 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, LGENF-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez kudeatzen diren nekazaritzaren garapenerako laguntzei buruzkoak, neurri bat ezartzen du nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko.

Neurri hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak apirilaren 16an emandako 109/2007 Foru Aginduaren bidez aplikatzen da Nafarroan. Agindu horren bitartez, nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

Betebeharrak ez betetzea zer den argiago zehazteko eta ez-betetze horiek mailakatzeko, beharrezkoa da foru agindu hura aldatzea, Europar Batasunaren araudiaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren apirilaren 16ko 109/2007 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren apirilaren 16ko 109/2007 Foru Aginduaren 15. artikulua aldatzen da. Foru agindu horren bidez, nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

"15. artikulua. Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Espediente egoki baten bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita gezurrezko adierazpen bat egin duela, onarturiko laguntzak indargabetu, eta haiengatik pagaturiko zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe.

2. Lagatzaileak 7. artikuluko 1. eta 4. idatz-zatietan ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu, laguntzak itzuli beharko dira.

Horri dagokionez, lagapen-hartzailearen ukoa, desagerpena edo beste arrazoi bat dela kausa, lagatzaileak errentan utzi edo eskualdatu dituen lurrak jaso eta lagapen-hartzaile izateko baldintzak betetzen dituen beste pertsona bati eskualdatzen badizkio, eskualdaketa hori ez da ez-betetzetzat hartuko.

Lagatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio lurrak berreskuratu dituela eta justifikatu beharko du beste lagapen-hartzaile bati eskualdatu dizkiola.

Lagatzailea Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ofizioz egindako inskripzio baten bidez inskribatua baldin badago, ez da penalizaziorik izanen, betiere lagatzailea ez bada merkataritza helburuekin aritzen nekazaritza jardueran.

3. Nekazaritzako langileak 7. artikuluko 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu, laguntzak itzuli beharko dira.

4. Lagatzaileak 7. artikuluko 2. eta 4. idatz-zatietan ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu, arau hauek aplikatuko dira:

a) Eskualdaketa egiten denetik hasi eta hurrengo bost urteetan gutxienez, ustiategia nekazaritza jardueretarako erabiltzeko konpromisoa betetzen ez bada, lagatzaileak laguntzak galduko ditu, neurria kudeatzen duen unitateak ez-betetzea gertatu dela egiaztatzen duen egunetik.

b) Eskualdaketa egiten denetik hasi eta hurrengo bost urteetan gutxienez, ustiategian nekazaritzan aritu eta ogibide nagusia nekazaritza izateko konpromisoa betetzen ez bada, lagatzaileak laguntzak galduko ditu, neurria kudeatzen duen unitateak ez-betetzea gertatu dela egiaztatzen duen egunetik.

Ogibide nagusia nekazaritza izateari eskualdaketa egin eta hiru urte igaro ondoren uzten bazaio, ez da konpromisoaren ez-betetzetzat hartuko.

Ogibide nagusia nekazaritza izateari nekazaritzaren ondoriozko diru-sarrerak murrizteagatik uzten bazaio, ez da konpromisoaren ez-betetzetzat hartuko, betiere ekoizpenerako baliabideak (hektareak edo AzLUak) edo ustiategiaren egiturazko baliabideak murriztu ez badira.

c) Eskualdaketa egiten denetik bost urte igaro arte gutxienez, lagatzen diren lurrak, eskubideak edo kuotak ez eskualdatzeko konpromisoa betetzen ez bada, lagatzaileak laguntzak galduko ditu, neurria kudeatzen duen unitateak ez-betetzea gertatu dela egiaztatzen duen egunetik.

Eskualdaketa lagapen-hartzailea izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bati egiten bazaio edo lagatzen diren lurrak, eskubideak edo kuotak ez badira lagatzaileak guztira eskualdatutakoaren %20 baino gehiago, ez da konpromisoaren ez-betetzetzat hartuko.

d) Lagatzaile batek, laguntza emateko ebazpenaren ondotik, aukeratzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo horrelako batean sartzea bere ustiategi osoa edo zati bat ekarriz, eta horren barnean lagatzaileak eskualdatutako zatia baldin badago, ez da konpromisoaren ez-betetzetzat hartuko, lagapen-hartzaileak entitatean duen partaidetzak eskubidea ematen badio titularkide izateko eta enpresa kudeaketari buruzko erabakiak hartzeko.

Xedapen gehigarri bakarra

Foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie nekazaritza eta abeltzaintza lanak aldez aurretik uzteko laguntzak arautzen dituen ekainaren 19ko 227/2000 Foru Dekretuaren arabera onetsitako espedienteei eta, orobat, nekazaritza sektorean erretiro aurreratua hartzeko laguntzen Europar Batasunaren araubidea arautzen duen urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoei.

Azken xedapen bakarra

Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko irailaren 14an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0922645