122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51/2009 ERABAKIA, irailaren 3koa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak hartua, Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadunentzako beka baterako deialdia onesten duena, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan aritzeko.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Arau hori Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari aplikatzeak badu funtsik; izan ere, organo hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzen zaion araubide ekonomiko-finantzarioaren menpe dago, eta prestakuntza bekak ematea laguntza publiko bat ematea da, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontuaren kargura, eta, horrenbestez, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak beka bat emateko deialdi hau onetsi du, graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, arlo publikoan zein enpresa pribatuan dagoen eskariari erantzun ahal izateko.

2009ko irailaren 3an egindako bilkuran, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA

1. Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadunentzako beka baterako deialdia onestea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan aritzeko.

2. Deialdiko oinarriak onestea. Oinarri horiek erabaki honen eranskinean ageri dira.

3. 10.800 euroko gastua baimentzea, kontu-sail hauen kargura:

-1.800 euro 2009ko gastuen aurrekontuko "Beketarako transferentziak" izeneko 4809 kontu-sailaren kargura.

-9.000 euro, 2010eko aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura, betiere bi ekitaldi horietako aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago.

4. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko irailaren 3an.-Kontseiluburua, Ramón Bultó Llevat.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Sortzea.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak beka bat sortu du Kazetaritzako edo Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziadunentzat.

2. Aurrekontua.

Deialdi honetara 10.800 euro bideratu dira, honela banatuak: 1.800 euro, 2009ko gastuen aurrekontuko "Beketarako transferentziak" izeneko 4809 kontu-sailaren kargura, eta 9.000 euro, 2010eko aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura, bi ekitaldietako aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago betiere.

3. Iraupena.

Prestakuntza beka urtebeterako izanen da, 2009ko azaroaren 1etik 2010eko urriaren 30era arte. Zernahi dela, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak luzatzen ahalko du, hamabi hilabete arteko epeetarako; hasierako aldiak eta luzapenek hiru urte iraungo dute gehienez, denak batuta. Aukerabide hori urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan behar adinako kreditua izatearen menpe egonen da beti.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza beka 10.800 eurokoa izanen da urtebeterako. Diru hori hilero ordainduko da, 900 euro aldian, edo dagokion zatia, hala behar bada.

5. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekako prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

Aurreko baldintzak bete beharko dira prestakuntza bekak irauten duen bitartean.

6. Balorazio baremoa.

Ebaluazio Batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta merezimenduak kalifikatuko ditu baremo honen arabera:

a) Ikasketa espedientea: 5 puntu bitarte.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: 2 puntu bitarte.

c) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: 1,5 puntu bitarte.

d) Ingelesez, frantsesez eta euskaraz jakitea: 1,5 puntu bitarte.

Honako hau izanen da merezimenduak baloratzeko baremoa:

a) Ikasketa espedientea.

Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 5 puntuz baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kalifikazioa zehazten ez denean, "nahikoa" gisa baloratuko dira.

Ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk:

20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

c) Hizkuntzak.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik, 0,50 puntu bitarte, hizkuntza bakoitzarengatik.

7. Eskabideak eta frogagiriak.

Beka deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahal da.

Eskatzaileek jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dituzte Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan (Iruñeko Arrieta kalea, 8, 7. solairua) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean:

a) Prestakuntza bekaren eskaera, inprimaki normalizatuan egina. Inprimakiaren eredua Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan (Arrieta kalea, 8, 7. solairua, Iruña) edo www.consejoaudiovisualdenavarra.es web-orrian jaso daiteke.

b) Curriculum vitaea, ondokoak adieraziz: egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen gainerako merezimenduak. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena, eta orobat, karrera osoko batez besteko nota (zenbakitan).

d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotagiria edo NANaren fotokopia konpultsatua.

f) Deialdia baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

g) Deialdi honetako bosgarren oinarriko c) eta g) puntuetan zehaztutako betebeharrak betetzen direlako frogagiria.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

8. Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordearen eginkizuna honako hau izanen da: prestakuntza beken eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu, alegatutako merezimenduak aztertu eta ebazpen proposamena egitea. Honako hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Ramón Bultó Llevat jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko burua.

Ordezkoa: Balbino Bados Artiz jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruordea.

b) Batzordekidea: Borja Mora-Figueroa Monfort jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Pedro Lozano Bartolozzi jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea.

c) Idazkaria: David Chivite Pérez jauna, goi mailako tituluduna (kazetaria) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzura.

Ordezkoa: José María Domench jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea.

9. Beka ematea.

Organo eskudunak gehienez bi hilabete izanen ditu, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik, prestakuntza bekaren esleipena ebazteko. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik bi hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, administrazioaren isiltasunaz.

Ebazpenean beka eskuratu duen eskatzailearen izena jasoko da eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Prozeduraren gaineko ebazpena puntuaziorik altuena izan duelako onuradun denari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren egoitzan (Arrieta kalea, 8, 7. solairua, Iruña) jendaurrean jarriko da.

10. Jarduerak.

Bekaduna Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzu teknikoen begiraletza eta zuzendaritzapean arituko da. Astean hogeita hamar orduz arituko da gehienez.

Bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

11. Lanean hastea.

Hautatutako bekadunak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak adierazten dionean hasi beharko du lanean.

12. Bateragarritasuna.

Beka hau bateragarria da administrazio berak edo Espainiako nahiz atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek ematen dituzten beka edo diru-laguntzekin.

Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko beka edo diru-laguntza bateragarri bat baino gehiago metatzen baditu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 13.000 eurotik gorakoa izan urtean, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste diru-laguntzekin baturik.

13. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualerako dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

14. Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluarekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Kontseiluak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

15. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio, betiere hor ezarritakoa aplikagarria baldin bada, prestakuntza beken ezaugarrien arabera.

16. Gora jotzeko errekurtsoa.

Deialdiaren aurka, oinarrien aurka eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak deialdiaren gainean onesten dituen egintzen aurka honako errekurtso hauetakoren bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F0922311