1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
152/2009 FORU AGINDUA, irailaren 10ekoa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Iruñeko Udal Plana ZO-1/UI-I eta A-5/UI-I unitateetan aldatzeko espedientea, Iruñeko Udalak sustatua, behin betiko onesten duena.
Iruñeko Udalak, 2009ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea “Comarca I industrialdea” Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungitzea eta Iruñeko Udal Planean sartzea planaren egiturazko aldaketa baten bidez, eta hori egiteko izapideei hasiera ematea.
Udal planean sartu beharreko UPSaren eremuaren zatiak Iruñeko Udal Planean mugatuta dauden bi unitate hauetan dauden lurrak hartzen ditu: ZO-1/UI-I unitatea (UPSaren industrialdeko B, C eta D sektoreak), 722.251 m²-koa; eta A-5/UI-I unitatea (UPSko lurzoru urbanizaezineko A sektorekoa, azpiegituretarako erabilera duena, zehazki, A-15), 6.544 m²-koa.
Proposatzen den aldaketak ZO-1/UI-I unitatea ukitzen du. Horren ondorioz, hiru lurzoru finkatu gisa sailkaturik geldituko da, industriarako, merkataritzarako, bulegoetarako eta ekipamenduetarako erabilera izanen duena, eta horietako erabilera bakoitza kasuan kasuko lurzati osora heda liteke.
Aldaketaren determinazio xehekatuen artean hauek dira nabarmenenak: a) Lurzati gutxienekoa eta bakarra 1.500 m²-koa edo hortik gorakoa izatea proposatzen da, eta b) oraingo gehieneko altuera ez da aldatuko (10 metro, B+2), baina, produkzio prozesuari lotutako elementu nabarmengarrien kasuan, hortik gorakoak onartuko dira, baita 13 metrokoak ere (B+3) justifikatutako kasuetan, betiere gehieneko azalera eraikigarria gainditzen ez bada.
2009ko abuztuaren 10ean, Nafarroako Gobernuak, kontuan harturik, besteak beste, “Comarca I” UPSa Iruñeko Udal Planean sartzeko modua Iruñeko Udalak proposatzen duen bezala eginez gero Plan Sektorialaren edukia funtsean ez dela aldatzen, izan ere, haren determinazio gehien-gehienak gauzatu dira eta haren eremua gaur egun hiri lorzoru finkatua da –eta halaxe adierazi da tramitatzen ari den Udal Planaren aldaketan–, erabaki zuen “Comarca I” industrialdearen UPSa iraungitzea eta baimena ematea UPS horren edukia Iruñeko Udal Planean sartzeko, horren aldaketa baten bidez, deusetan galarazi gabe aldaketa-espediente honen ebazpenean ezartzen dena.
Ikusirik ekarritako dokumentazioa eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezkoa da Iruñeko Udal Plana ZO-1/UI-I eta A-5/UI-I unitateetan aldatzeko espedientea behin betiko onestea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Behin betiko onestea Iruñeko Udal Plana ZO-1/UI-I eta A-5/UI-I unitateetan aldatzeko espedientea, Iruñeko Udalak sustatua.
2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean. Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
3. Foru agindu hau jakinaraztea Iruñeko Udalari eta Enpresa Zuzendaritza Nagusiari eta Sociedad Estatal de Promoción y Equipamiento de Suelo (SEPES) sozietateari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko irailaren 10ean.–Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.
Iragarkiaren kodea: F0922573