120. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1779/2009 EBAZPENA, irailaren 2koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuak betetzeko borondatez parte hartzeko ohiz kanpoko prozedura zehazten duena, Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 8an emandako 60/2009 Foru Aginduari jarraikiz.

Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 8an emandako 60/2009 Foru Aginduak onetsi zuen zer arauren bidez kudeatu behar diren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak. Haren 12. artikuluak xedatzen du Giza Baliabideen Zerbitzuak zehaztuko duela izangaiei dei egitean erabili beharreko prozedura, dauden kontratazio beharrak asetzea helburu. Dei orokorra Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da.

Zenbait lanpostu huts betetzea eta hainbat irakasle ordeztea oso zaila gertatzen ari denez, eta kontuan harturik dei telefonikoek kasu hauetan ez dutela lanpostuak betetzeko orduan behar bezalako arintasuna bermatzen, zehaztu da izangaiei dei orokorra egiteko prozedura. Helburua da lanpostu horiek betetzeko erabilgarri izan daitekeen ohiz kanpoko sistema ezartzea eta ikasleek eta ikastetxeek irakasle kopuru egokia izateko duten eskubidea bermatzea.

Horren ondorioz, lanpostu horiek betetzeko dagoen premia kontuan hartuz, ebazpen honen helburua da zenbait lanpostu betetzeko irakasleak berehala eta modu arinean kontratatu ahal izateko prozedura zehaztu eta jendaurrean aditzera ematea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuak betetzeko borondatez parte hartzeko ohiz kanpoko prozedura zehaztea, Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 8an emandako 60/2009 Foru Aginduari jarraikiz.

2. Ohiz kanpoko prozedura honen bitartez beteko diren lanpostuak Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu, betetzeko zailtasuna eta destinoko ikastetxeetan izan daitezkeen egoera bereziak kontuan hartuz.

3. Lanpostuak betetzeko ohiz kanpoko prozedura honetan parte hartzeko izangaientzako deia, eskaintzen diren lanpostuak eta eskaerak aurkezteko epea Hezkuntza Departamentuko web orriaren bitartez iragarriko dira, www.pnte.cfnavarra.es.

4. Prozedura honetan bakarrik hartzen ahalko dute parte eskainitako lanpostuen espezialitate eta hizkuntzari dagozkien aldi baterako kontrataziorako zerrendetan dauden izangaiek.

Prozedura hau eratu da dei hauen ondorioetarako borondatezko eskaerako lanpostutzat hartzen direnak betetzeko. Horrela, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendetan dauden izangaiek bakarrik hartuko dute parte eskainitako lanpostuetako bat betetzeko interesik badute. Hortaz, ohiz kanpoko prozedura honetan parte hartzen ez duten izangaiak ez dira inongo zerrendatik baztertuak izanen eta bestelako lanpostuak eskainiko zaizkie.

5. Eskainitako lanpostuetan interesaturik dauden izangaiek eskaera aurkeztuko dute deian zehazten diren posta elektronikoen bitartez eta bertan aipatzen diren jarraibideekin bat.

Hori horrela izanik ere, izangai interesdunek eskaera zuzenean aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalean, izaera orokorreko dei bakoitzean ezartzen den epea bukatu baino lehen. Horretarako, eskaera interesdunak edo behar bezala kreditatutako pertsonak aurkeztuko dute eta Hezkuntza Departamentuko Langileriaren Kudeaketarako Atalean erregistratuko da.

Izangaiek eskaera bana aurkeztu beharko dute parte hartzen duten espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko. Izangaiak lanpostu baterako eskaera edo lanpostu batzuetarako edo espezialitate eta hizkuntza horretan eskainitako guztietarako egiten ahalko du. Eskaeran lanposturik aipatzen ez badu, ulertuko da dagozkion espezialitatean eta hizkuntzan eskainitako lanpostu guztietan hartzen duela parte, argitaraturik ageri den ordenean.

Tramiterako bakarrik onartuko dira deian zehazten den epearen barruan jasotzen diren eskaerak.

Prozedura honen bitartez bakarrik borondatez betetzekotzat hartutakoak eskainiko direla kontuan harturik, espezialitate eta hizkuntza bakoitzari dagozkien zerrendetan dauden izangaiek ez dute eskaerarik aurkezteko beharkizunik izanen eta, aurkeztuz gero, ulertuko da ez dutela lanpostuaren eskaera egiten.

Lanpostuak eskaintzen diren espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako eskaera, dena den, eskaera bakartzat hartuko da. Hortaz, espezialitate eta hizkuntza berean eskaera batzuk aurkezten badira, azken eskaerak aurrekoak deuseztuko ditu.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak eskainitako lanpostuak esleituko ditu, eskatzaileek eskatutako espezialitate eta hizkuntza bakoitzari dagozkien zerrendetan duten lehentasun ordenaren arabera eta lanpostu baten adjudikazio hartzaile suertatu diren izangaiekin sartuko da harremanetan, lanpostuan has daitezen.

Lanpostuen esleipena Hezkuntza Departamentuko web orrian argitaratuko da: www.pnte.cfnavarra.es..

7. Borondatezko prozeduran parte hartzeko eskaera aurkeztuz interesa azaltzen duten izangaiek eskatutako lanpostuari uko egiten badiote edo kontratua sinatzen ez badute, uko egin deneko irakasleen kidegoaren kontratazio zerrenda guztietatik baztertuak izanen dira eta dauden gainerako irakasleen kidegoen izangai zerrenda guztietan libre ez balira bezala agertuko dira ikasturte osoan.

8. Ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta interneteko helbide honetan argitaratzea: www.pnte.cfnavarra.es.,2009ko irailaren 4an.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2009ko irailaren 2an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F0922052