120. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

1131/2009 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Antsoaingo Udaleko lan akordio kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 8/2009-F).

2009ko ekainaren 26an, departamentu honetan sartu da "Antsoaingo Udala" entitatearen eta funtzionarioen ordezkariek 2009ko urtarrilaren 12an izenpeturiko dokumentazioa, enpresaren eta langileen ordezkariek izenpeturiko akordio kolektiboa erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko igorria. Akordio horretan udal horretako funtzionarioen lan baldintzak ezartzen dira, 2009tik 2012ra bitarteko denboraldirako.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua da Lan Hitzarmen Kolektiboen testua, baita abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan aipatzen diren akordio kolektiboak ere, erregistratu, gorde eta argitaratzeko eskumena duena, Estatuaren lan arloko eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Eginkizun haiek martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita daude. Horiek horrela, eta kontuan hartuta Hitzarmen kolektiboen erregistro eta gordailuei buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Antsoaingo Udala" entitatearen akordio kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri Negoziazio Batzordeari ematea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko uztailaren 30ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ANTSOAINGO UDALEKO ETA HAREN PATRONATUETAKO FUNTZIONARIOEN LAN BALDINTZEI BURUZKO AKORDIOA

I. titulua.-Hitzarmenaren xedea eta eremua.

1. artikulua. Akordio honen helburua da Antsoaingo Udalak eta haren patronatuek beren zerbitzuko langileekin dituzten harremanak arautzea.

2. artikulua. Akordio honek Antsoaingo Udalaren eta haren patronatuen zerbitzuko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak arautuko ditu.

3. artikulua. Akordio honek lau urte naturaleko indarraldia izanen du, alegia, 2009ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitarte izanen ditu ondorioak, eta 2011ko urtarrilaren 1ean berrikusiko da, aldeetako batek eskaturik.

Akordio hau automatikoki luzatuko da bertan jasotako gorabehera guztietan, harik eta beste bat sinatu arte, baldin eta aipatutako datarako akordio berririk lortu ez bada.

II. titulua.-Lanaldia, egutegiak, oporrak, lizentziak eta baimenak.

4. artikulua. Urteko lanaldia eta ordu konpentsazioak 624/1999 Foru Dekretuan zehazten direnak izanen dira. Testua 1. eranskinean ageri da.

Aparteko orduen konpentsazioa atseden denboraz ordezten ahalko da, interesdunak eskaturik, zerbitzuko beharrek horretarako aukera ematen badute: ordu bat eta berrogeita bost minutuko atsedenaldia lan egunetan egindako aparteko ordu bakoitzeko, eta bi ordu igandeetan, jaiegunetan edo asteko atseden egunetan egindako ordu bakoitzeko, urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuaren arabera.

5. artikulua. Lan egutegiak, bidezkoa denean, zerbitzuko arduradun bakoitzak aurkeztu beharko ditu, doakienekin ahalik eta adostasunik zabalena lortu eta gero, abenduaren 1a baino lehen, udalak onar dezan. Adostasunik lortu ez bada, udalak hartuko du erabakia.

Hamabost eguneko epean udalak erantzuten ez badu, egutegiak onartu direla esan nahiko du, eta urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.

Egutegiak prestatzerakoan kontuan hartuko dira bai Nafarroako Gobernuak ezarritako jaiegunak, bai Antsoaingo Udalak ezartzen dituenak. Lanaldian zehar gehienez ere 20 minutuko atsedenaldia izanen da. Lantokian bertan edo kanpoan egin ahal izanen da. Zerbitzu bakoitzaren arduradunek erabakiko dute atsedenaldia zer ordutan hartuko den, kontuan hartuz ez dagoela bulegoak langileren bat bertan izan gabe uzterik.

Atsedenaldi hori lantokitik kanpo egiten bada, hasieran eta lanpostura itzultzean fitxatu egin beharko da. Zerbitzu bakoitzaren arduradunaren erantzukizuna da arau hori zorrotz betetzea.

Udal Igerilekuen Zerbitzuari dagokionez, honako hau ezartzen da:

a.-Instalazioak itxita egonen dira abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean.

6. artikulua. Antsoaingo Udalaren eta haren patronatuen menpeko langileen opor, lizentzia eta baimenak 348/2000 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak izanen dira. Testua 2. eranskinean dago.

Oporrak hartzeko eskaerak, betiere, egun horietaz gozatzen hasi baino hogeita hamar lanegun lehenago aurkeztu beharko zaizkio zerbitzuko arduradunari, eta aurkezten direnetik lau egun igarota interesdunari ez bazaio adierazten ukatu egin zaizkiola, onartu egin direla ulertuko da. Ezezkoa emanez gero, arrazoiak eman beharko dira.

Oro har, zerbitzuaren eraginkortasuna helburu, ezin izanen dira oporretan batera egon zerbitzu bereko bi funtzionario baino gehiago, haur eskolan izan ezik, hor instalazioak itxita daudenean izaten baitira oporrak. Udaltzaingoaren kasuan, gutxieneko zerbitzuak ongi betetzen badira ematen ahalko dira oporrak.

Zerbitzu bereko hiru funtzionariok edo gehiagok batera hartu nahi badituzte oporrak, interesdunek gertaera horren berri izan eta zortzi laneguneko epean lortu beharko dute adostasuna. Epe hori bete eta adostasunik lortu ez bada, zerbitzu horretan antzinatasun jarraitu handiena duenak lehentasuna izanen du. Dena dela, eskubide horretaz ezin izanen da bi urtez segidan baliatu.

Baimen ordainduak emanen dira, behar den denborarako, langilearekin bizi diren lehen graduko ahaideei mediku espezialisten kontsultetara eta larrialdi zerbitzuetara laguntzeko. Osasun zerbitzuek behar bezala frogatu beharko dute hori.

7. artikulua. Legepeko zaintza dela-eta, langile batek zortzi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat -odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea- zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

III. titulua.-Ordainsariak eta plantilla organikoa.

8. artikulua. Oinarrizko ordainsariak (mailako soldata, gradua eta antzinatasuna) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat horretarako foru aginduan urtero ezartzen direnak izanen dira, Estatutuan (251/1993 Foru Dekretua) eta Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan (158/1984 Foru Dekretua) finkatutako irizpideen arabera.

Hala ere, administrazio araubideko kontratudunek, baldin eta funtzionarioei eskatzen zaien urte kopuru bera egin badute udalean, antzinatasunagatik dagokien ordainsaria jasoko dute. Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, interesdunak eskatu egin beharko du, eta eskakizun horiek betetzen dituela frogatu.

Langile finkoei, legeria indardunaren arabera, edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak onartuko zaizkio, graduak eta bosturtekoak esleitzerakoan.

9. artikulua. Antsoaingo Udalak erabaki du negoziazio mahai egokiarekin negoziatzea akordio honek dituen baliozko bi urteetako bakoitzean plantilla organikoa osatuko duten lanpostu guztiak, beren lansari osagarriekin eta gainerako baldintzekin, horrek akordioa lortzea ez badakar ere, eta beti eutsiko dio abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 80. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari.

10. artikulua. Txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten duten langileek eskubidea izanen dute 225/2002 Foru Dekretuak ezartzen dituen diru konpentsazioak jasotzeko. Testua 3. eranskin gisa erantsi zaio akordioari. Hitzarmen honen eraginpeko langileei osorik aplikatuko zaie, 3. artikuluan ezarritakoa salbu.

Jaiegunetan aritzen diren langileek mailaren araberako diru konpentsazioa izanen dute, eta zenbatekoa arau bidez ezarriko da.

Ondorio horietarako, jaiegunetako lantzat joko da larunbateko 14:00etatik asteleheneko 06:00ak arte egindakoa eta Antsoaingo Udalaren lan egutegian jaiegun direnetan egindakoa.

Jaieguneko lanari dagokion diru konpentsazioa bikoiztu eginen da urte bakoitzean lanean aritutako 25. jaiegunetik aurrera.

11. artikulua. Araudi indardunarekin bat, ezarritako beharkizunak betetzen dituzten funtzionarioek familia laguntza jasoko dute.

12. artikulua. Langile guztiek dute plantilla organikoan une bakoitzean daukaten lanpostuko ordainsariak jasotzeko eskubidea, baita aldi batez ari badira ere (oporretan direnen ordezkapenak, eritasun edo istripuarengatik bajan direnenak, lanpostu hutsa...). Dena dela, nahitaezkoa da ordainsari horri dagokion lanposturako izendatu edo kontratatua izana.

13. artikulua. Akordio honen ondoko foru arau batek oro har ezar daitezkeen lansari osagarrietako bat ezartzen badu, hitzarturikoak adinakoa edo txikiagoa bada, xurgatu eginen da, eta handiagoa bada, aldea eskuratuko da.

Horri dagokionez, Udaltzaingoa Foruzaingoarekin parekatuko da osagarrien baturari dagokionez, txikiagoak badira.

Udaltzainek 739 euroko ordainsari bakar bat izanen dute 2009ko martxoan, foruzainekin parekatzeko, 2008ko osagarrien atzerakinengatik.

14. artikulua. Akordio honen ondoko foru arau baten bidez maila-sailkapen berriak ezartzen badira, oro har, lanpostu batzuetarako, adostu diren lanpostuko osagarriak doitu eginen dira, esleitutako soldata-maila berriarekin parekatzeko.

IV. titulua.-Sarrera, lanpostuen hornidura eta karrera administratiboa.

15. artikulua. Langileak hautatzeko prozeduretan eta igoerakoetan, Antsoaingo Udalak foru araudi indarduna aplikatuko du.

16. artikulua. Oposizio-lehiaketa bidez betetzekoak diren plantilla organikoko lanpostuetan ezarri ahal izanen da, deialdiaren baremoaren barnean, aldi baterako langileek Udalaren zerbitzuan emandako denboraren balorazioa.

V. titulua.-Beste onura sozial batzuk.

17. artikulua. Antsoaingo Udalak, udal zerbitzuak kanpoko enpresekin kontratatzen dituenean, baremo osoaren %5 gehiago emanen die ordura arte zerbitzu horietan ari ziren udal langileak hartzeko konpromisoa azaltzen duten enpresei.

18. artikulua. Antsoaingo Udalak langileentzat sinatuak dituen heriotzeko, baliaezintasuneko eta istripuetako aseguru polizak eguneratuko ditu, akordio honetan 4. eranskin gisa gehitzen diren agirietan agertzen den moduan.

19. artikulua. Antsoaingo Udalak gidabaimena berritzeko gastuak ordainduko dizkie, baina ez, ordea, gestoriak kobratzen dituen komisioak eta zehapen errekargua, lanpostua dela-eta udalaren ibilgailuak erabili behar dituzten langile guztiei.

20. artikulua. Langile bakoitzak prestakuntzako 50 ordutarako eskubidea izanen du urtean, eta lanordu gisa hartuko dira baldin eta ikastaroak zuzeneko eta hurbileko lotura baldin badu lanbide jarduerarekin. Langilea ikastaroan den bitartean zerbitzuaren premiak norbaitek bete beharko ditu.

Urteko 50 orduko kopurutik kanpo gelditzen dira udalak sustatzen dituen ikastaroak.

Antsoaingo Udalak urtero 9.000 euro erabiliko ditu ohiko lanpostuekin zuzeneko eta hurbileko lotura duten prestakuntza gastuetarako edo Udalaren zuzendaritzarentzat hurbileko interesa dutenetarako; gastu horietan sartzen dira matrikula, bidaiak, materialak eta joan-etorriaren ondoriozko gastuak.

Antsoaingo Udalak baloratu eginen ditu eskaera guztiak eta interesgarrienei emanen die lehentasuna, betiere herritarrari ematen zaion zerbitzua hobetzea helburu.

Ikastaroetarako eskaerari ezezkoa ematen bazaio, arrazoiak emanen dira beti.

21. artikulua. Antsoaingo Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, hark esleitutako zerbitzuen ondoriozko egintzengatik edo ez-egiteengatik demandaren bat jartzen badiete.

VI. titulua.-Laneko segurtasuna eta osasuna.

22. artikulua. Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko legerian ezarritako segurtasun eta osasun arauak errespetatuko dira, eta aintzat hartuko dira bai Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak, bai Segurtasun eta Osasun Batzordeak adierazten dituzten neurriak.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen eduki osoa aplikatuko zaie Antsoaingo udaltzainei, salbu eta berezitasunagatik aplikaezinak diren jarduerei dagokiena, lege horren 3.2. artikuluan jasota dagoen moduan.

23. artikulua. Udaleko langileek beren lana egiteko beharrezkoak dituzten jantziak izateko eskubidea dute, 5. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Udako jantziak apirilean emanen dira eta negukoak urrian, urtero. Zerbitzu bakoitzeko buruak arduratuko dira jantziak emateaz.

Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.

Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzien eta materialen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatu ordez.

VII. titulua.-Euskara sustatzea.

24. artikulua. Udalak bere langileek euskara erabiltzea eta ikastea bultzatuko du.

Halaber, ikastaroetara joaten diren udal langileek konpromisoa hartu behar dute denbora hori ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.

VIII. titulua.-Eskubide sindikalak.

25. artikulua. Indarrean den araudian ezarritako parte-hartze sindikalerako eskubideak bermatuko dira.

Langileen ordezkariek eskubidea dute, lan orduetan, ordu sindikalak erabiliz, langileei informazioa emateko, betiere horrek ez baldin badu zerbitzuen funtzionamendu normala okertzen. Halaber, eskubidea dute udalaren areto eta gelak erabiltzeko, libre badaude, langileekin bilerak edo batzarrak egiteko, udalari garaiz eta modu egokian horren berri ematea beste betebeharrik gabe.

Langileen ordezkariek zilegi dute ordu sindikalak sindikatu bereko beste edozein ordezkariri laga edo metatzea, betiere aldez aurretik udalari jakinarazten bazaio.

Kreditu hori hiru hilabetean behin kontatuko da.

IX. titulua.-Langileen mugikortasuna.

26. artikulua. Arrazoi tekniko edo antolamenduzkoengatik udalaren ustez langile soberakina gertatzen bada, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuko 4.2 artikuluaren arabera jokatuko da, han arautzen baita erregelamenduen arabera langileen berrantolaketa deitzen dena.

X. titulua.-Osasun arrazoiengatik lanpostuz aldatzea.

27. artikulua. Ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuak (6. eranskina) xedatzen duenari jarraituko zaio, hark arautzen baitu Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura, Antsoaingo Udalerako behar bezala egokiturik eta une bakoitzean aplikatzeko legezkotasunaren aurkakoak ez badira.

XI. titulua.-Batzorde paritarioa eta akordioen interpretazioa.

28. artikulua. Batzorde paritario bat osatuko da, gutxienez udalaren hiru ordezkarirekin eta langileen beste hirurekin, eta akordio hau interpretatzean eta aplikatzean sor daitezkeen zalantzak konpontzea izanen da haren eginkizuna, eta, horrez gain, erabakiak hartzeko organo eskudunari aurretik planteatzen zaizkion errebindikazioei buruzko erabakiak hartzea.

XII. titulua.-Langileen beste eskubide eta betebehar batzuk.

29. artikulua. ''Mantentze-lan orokorren zerbitzuak'' "aparteko lanak edo presakoak" egiteko langileak behar dituenean, udalak ''zerbitzu anitzetako langileetako'' edozeini ezar diezaioke lan hori, lanean ari den leku edo zentroa edozein delarik ere.

30. artikulua. Lanpostua lortzeko proba fisikoak egin behar izan dituzten Antsoaingo Udaleko langileek udalaren kirol instalazioak (gimnasioa) erabiltzen ahalko dituzte, 08:00etatik 17:00ak bitarte.

31. artikulua. Zaintza lokalizatuak. Larrialdi planak.

Artikulu honetan ageri diren kopuruek urtero izanen dute igoera, udaleko funtzionarioen ordainsarien ehuneko bera aplikatuz.

Herritarrei beti eta berehala harrera egitea bermatzearren, udal zerbitzuek xedatzen ahalko dute Antsoaingo Udalaren zerbitzuko langileek zaintza lokalizatuak egitea.

1.-Udaleko langileek, 2009an zaintza lokalizatuan egiten duten ordu bakoitzeko, zenbateko hauek eskuratuko dituzte:

A maila 4,25 euro.

B maila 3,5 euro.

C maila 3 euro.

D eta E mailak 2,5 euro.

2.-Beharrezkoak diren langileak hasiera batean borondatez aterako dira Udaleko langileen artetik eta, ezarritako helburua lortzen ez bada, Udalak zehaztuko ditu pertsonak, eta horiek harremanetarako telefono zenbaki iraunkor bat eman beharko dute.

3.-Zaintza lokalizatua hasi eta gero, elur egunetako aparteko ordu gisa kobratuko dira, 0-4 orduko tarteetan (4 kobratuko dira) eta 4-8 ordukoetan (8 kobratuko dira), lanean aritzeko deitzen zaienean betiere.

4.-Udaltzaingoko buruak plana abiarazteko protokolo bat prestatuko du, eta bera izanen da abiarazi eta geldiaraziko duena.

5. Mantentze-lan orokorren arduraduna edo unean-unean hura ordezten duena zaintza lokalizatuan egonen da eten gabe, larrialdi plana abiarazita dagoen denboran.

6. Mantentze-lan orokorren arduradunak edo unean-unean hura ordezten duenak zaintza lokalizatuen txandak prestatuko ditu, 8-12 ordukoak, egokia iruditzen zaion moduan, eta larrialdi plan osoan egin beharreko ekintzak koordinatuko ditu.

32. artikulua. Antsoaingo Udaleko jarduneko langileei maileguak emateko 30.000 euroko funtsa ezarri da.

Dirua eman eta itzultzeko protokolo bat ezarriko da, eta bertan agertuko dira mailegua lortzeko bete beharreko badlintzak, mailegua emateko lehentasun hurrenkera, itzultzeko epeak eta eskatzen ahal diren interesak.

Honako batzorde hau sortuko da horretarako:

-Udalaren ordezkariak: Langileria Batzordeko burua eta Gizarte Zerbitzuen Batzordeko burua.

-Langileen ordezkariak: langileen bi ordezkari.

Urteren batean maileguen funts hori agortzen bada udaleko funtzionarioek aurkeztutako eskaeren kopurua dela-eta, hurrengo urtean handitzea negoziatuko da.

33. artikulua. Lan bilerak laneko denbora gisa zenbatuko dira zerbitzuko buruak edo arduradunak eskaturik egiten direnean.

Xedapen gehigarria

Akordio honek oinarri hartzen dituen foru arauen aipamenetan "Nafarroako Foru Komunitatea eta haren Gobernu Organoak" esaten denean, Antsoaingo Udalaren eta haren organo eskudunak aipatzen direla ulertu behar da.

Akordio honek jasotzen ez duen guztian, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginak eta gainerako xedapen osagarriek aginduko dute, eta baita Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioekin sinatutako akordioak ere, betiere Nafarroako gainerako administrazio publikoei aplikatzen ahal baldin bazaizkie.

Azken xedapena

Akordio hau lehentasunez aplikatzekoa da bertan araututako gaietan, iraganean gai horietan beretan udalak hartutako erabakien aldean, indarra duten xedapenen arabera lortutako eskubideak errespetatu eta bermatzea galarazi gabe.

Antsoainen, 2008ko abenduaren 17an.

4. ERANSKINA

Aseguruen polizak

  • Bizitzako aseguru poliza kolektiboa: 117-05.0437341.0
  • Kapital aseguratuak:
  • Heriotza: 30.000 euro.
  • Baliaezintasun osoa: 20.000 euro.
  • Erabateko baliaezintasuna: 10.000 euro.
  • Istripuetako aseguru poliza kolektiboa: 055-0580063486
  • 78 pertsonarendako asegurua.

Jarduera: Udaleko langileak (61 pertsona).

-Istripu baten ondoriozko heriotza: 75.220 euro.

-Lanerako ezintasun osoa: 60.000 euro.

-Lanerako erabateko ezintasuna: 75.220 euro.

Jarduera: Udaltzaingoa (17 pertsona).

-Istripu baten ondoriozko heriotza: 75.220 euro.

-Lanerako ezintasuna, baremoa: 75.220 euro.

-Lanerako erabateko ezintasuna: 75.220 euro.

5. ERANSKINA

Mantentze-lan orokorren zerbitzurako jantziak

Neguan:

-Anorak bat (bi urtean behin).

-Jertse edo polar bat.

-Txaleko bat.

-Bi atorra.

-Galtza pare bat.

-Txamarra edo izerditako bat.

-Zapata edo bota pare bat.

-Uretako jantzi bat (botak barne).

-Bi galtzerdi pare.

-Txano edo buru-beroki bat.

-Gerriko bat.

Udan:

-Bi atorra.

-Galtza pare bat.

-Jaka edo izerditako bat.

-Zapata/kirol-oinetako edo bota pare bat. Bi galtzerdi pare.

-Txano bat.

Langileen segurtasunarekin edo/eta osasunarekin (segurtasun oinetakoak, berokiak, etab.) zerikusia duen ekipamendua Osasun eta Segurtasun Batzordeak aztertu beharko luke, araudiaren arabera modelo egokienak zein diren finkatzeko. Halaber, urtero aurrekontu bat egin beharko litzateke proposaturiko modeloak erosteko.

Gainera, langile bakoitzari Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak lanpostuen ebaluazioaren arabera ezartzen dituen E.P.l.ak emanen zaizkio (norbera babesteko ekipoak alegia: betaurrekoak, eskularruak, txaleko islatzaileak, maskarak, etab.).

Udaltzainen jantziak

Udako jantziak urtero maiatzaren 1a baino lehen emanen zaizkie, eta negukoak urriaren 15a baino lehen.

Udan:

1. Mahuka motzeko bi polo islatzaile.

2. Udako bota pare bat.

3. Hiru galtzerdi pare.

4. Esku hartzeko bi galtza pare.

5. Udako txanoa (biseraduna).

6. Eskularruak.

7. Uretako galtza pare bat, bi urtean behin.

8. Udako zira bat, bi urtean behin.

9. Eguzkitarako betaurrekoak. Graduatuak izanen dira behar izanez gero.

Neguan:

1. Mahuka luzeko bi polo islatzaile.

2. Botak, bi urtean behin.

3. Hiru galtzerdi pare, negukoak.

4. Bi galtza pare.

5. Jantzi polar bat.

6. Anorak bat, bi urtean behin.

7. Eskularruak.

8. Buff bat.

9. Barruko arropa berogarria (goikoa eta behekoa).

Osagarriak:

Borra luzagarria, gerrikoa, pistola-zorroa, esku-burdinak, esku-argia, labana, spray-a, porra-euskarria, taloiak-eramatekoa eta eskularruak eramateko euskarria, bat udaltzain bakoitzeko, eta berriak emanen zaizkie epe horiek baino lehen hondatzen badira.

Igerilekuetako langileentzako jantziak

Udan:

1. Galtza pare bat.

2. Mahuka motzeko bi elastiko.

3. Zapata edo kirol-oinetako pare bat.

4. Izerditako bat.

5. Bi galtzerdi pare.

6. Txano bat.

Neguan:

1. Mahuka luzeko bi atorra edo elastiko.

2. Galtza pare bat.

3. Izerditako bat.

4. Bi galtzerdi pare.

5. Bota pare bat.

6. Artilezko txano bat.

7. Uretako jantzia, gomazko botak barne (hondatu arte).

8. Anorak bat, bi urtean behin.

9. Txaleko bat.

Kontrol postua:

1. Gona edo txandal galtzak, galtzen ordez.

2. Eskalapoiak, zapaten edo kirol-oinetakoen ordez.

Lorategietako langileentzako jantziak

Neguan:

1. Bota pare bat bi urtean behin, zola gogor irristagaitzekoa, plantilla eta altzairuzko muturrarekin eta urari eta hotzari aurre egiteko "simpatex'' motako babesarekin.

2. Zira osoa bi urtean behin, nylon bigunezkoa.

3. "Stihl'' motako galtza berde lodien pare bat, sasi-garbitzeko makinerako babesarekin.

4. Jantzi polar bat.

5. Kotoizko jaka bat, kanadiar estilokoa (oihanerakoa) bi urtean behin.

6. Poltsiko anitzeko txaleko bat bi urtean behin.

7. Txano berogarri bat bi urtean behin.

Udan:

1. Bi galtza pare berde, oihal mehekoak (txinatarrak), gerrialdean goma dutenak.

2. Mahuka motzeko hiru polo hori.

3. Eguzkitarako txano bat.

Janzkien iraupena ez da zorrotza (batzuek gehiago edo gutxiago iraun dezakete, urtero egiten den lanaren arabera).

Haur eskolako langileentzako jantziak

Honako hau eskatzen da:

-2003ko urterako jantzi eta oinetakoak erosteko baimena.

-2002. urteko 100 euroei bizitzaren kostua gehitzea.

-Aurreko urteetan bezala Deportes Zariquieguin erosteko baimena.

-Mantal berriak (garbitzaileentzat) eta kasulla-mantal berriak (sukaldarientzat).

Atezainarentzako jantziak

1. Bi uniforme (txaketilla eta galtzak).

2. Kirol-oinetako pare bat.

3. Beroki bat (jantzi polarra edo euritarako txamarra).

Udala garbitzen dutenentzako jantziak

1. Bi galtza pare eta bi kasaka (bata mahuka luzekoa eta bestea mahuka motzekoa) eta eskalapoi pare bat.

Iragarkiaren kodea: F0921640