120. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2187/2009 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, 2009-2010 kanpainan etxebizitzetako leihoak aldatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak, 2008ko otsailaren 26an, lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten 2008-2012rako, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko.

Hori horrela, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira, energiaren kontsumoa murrizteko eta intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) gutxitzeko. Besteak beste, diru-laguntzen deialdi hau eginen da, aurreko urteetan egindakoari jarraipena emateko.

Hauxe da berritasun nagusia: deialdi honetan etxebizitzetako baoen aldaketa bakarrik lagunduko da diruz (leihoak, balkoiko ateak eta sabai-leihoak), ez ordea beste zaharberritze mota batzuk. Ekainaren 15ean argitaratu zen Hirigintza eta Etxebizitzaren Arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko 6/2009 Foru Legea eta, horrekin, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko ematen dituen laguntzak handitu ziren, bereziki inguratzaile termikoari eta eragimen energetikoari dagokienez, eta hori dela-eta egin da murrizketa oraingoan.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, plan horri dagozkion diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen. Halaber, 2009ko abuztuaren 31ko Erabakiak baimena eman zuen Enpresako zuzendari nagusiak urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan, deialdi hori oneste aldera.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2009-2010 kanpainan etxebizitzetako leihoak aldatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 1.700.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuetako kontu-sail honen kargura (kontu-sail hori 2009ko gastuen aurrekontuetako kontu-sailaren baliokidea da): "Energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko 810003-81140-7800-425200 kontu-saila.

Funts horiek Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak emanen ditu 2010ean, azalpen zatian aipatutako hitzarmenari jarraikiz.

Halaber, 2009ko eta 2010eko ekitaldietan kontu-sailetan izaten ahal den dirua deialdiaren hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko irailaren 25ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

2009-2010 kanpainan etxebizitzetako leihoak aldatzeko diru-laguntzak emateko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza hauen helburua da oraingo etxebizitzen isolamendu termikoa hobetzea baoak aldatuz (leihoak, balkoietako ateak eta sabai-leihoak), energiaren kontsumoa murritz dadin berokuntzan eta hozte-sistemetan. Horrela, energiaren eragimena eta intentsitatea optimizatuko dira Nafarroan.

2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek hartzen ahalko dituzte diru-laguntza hauek: pertsona fisikoek, pertsona juridikoek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, toki entitateek, jabe elkarteek eta horiekin parekatzen diren guztiek, baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Erantzukizuneko aitorpen baten bidez ziurtatuko da hori, eta aitorpen horren eredua eskabidearekin batera eskuratzen ahalko da. Entitate publikoak betebehar orokor horietatik salbuetsiak daude.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Baoak aldatzea (leihoak, balkoietako ateak eta sabai-leihoak) lagundu daiteke diruz, betiere Nafarroako etxebizitzetan egiten bada eta baldintza hauek betetzen badira:

a) 1.500 eurotik gorakoa beharko du izan inbertsioak (BEZa kanpo).

b) 2008ko urriaren 16tik 2010eko ekainaren 30a bitarte (biak barne) egin beharko da inbertsioa.

c) Zur-lanak eta beirak aldatu beharko dira.

d) Metalezko zur-lanen kasuan, zubi termikoaren haustura izan behar dute (komeni da hausturaren lodiera 12 mm baino handiagoa izatea).

e) Beira berriek kristal bikoitza behar dute izan, bi beiren lodieraren batuerak 8 mm eginen du gutxienez (komeni da beiren lodierak desberdinak izatea), eta ganberaren lodiera 10 mm gutxienez.

f) Beirak emisibitate txikikoa behar du izan, eta/edo eguzki argia kontrolatzen duena. Ez da baldintza hori eskatuko 2008ko urriaren 16tik deialdi hau argitaratu bitarte egin diren inbertsioetan.

2. Gainerako jarduketak ez dira diruz lagunduko. Zehazki kanpoan geldituko dira:

-Zaharberritze handiago baten barnean aldatzea baoak, betiere Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko ematen dituen laguntzak jaso badira, Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak (EZABU) tramitaturik.

-Sarrerako ateak aldatzea.

-Balkoiak eta galeriak ixtea, edo balkoi eta galeria beiradunetako zur-lanak berritzea.

-Baoa txikitzea dakarten aldaketak, salbu Udalaren edo eskudun den teknikari baten txosten batek justifikatzen badu, bizigarritasuneko arauetara moldatzeko.

-Etxebizitzatako ez den eraikin bat edo zati bat eraldatzen bada etxebizitza gisa erabiltzeko, eraldaketa horren zati diren jarduketak.

3. Hauek dira diru-laguntzen zenbatekoak (3.000 euro gehienez):

a) Baoak beira normalarekin aldatzea (ez emisibitate txikikoak eta/edo eguzki argia kontrolatzen dutenak): 105 euro aldatutako baoaren m²ko.

b) Baoak aldatzea emisibitate txikiko eta/edo eguzki argia kontrolatzen duen beirarekin: 140 euro aldatutako baoaren m²ko.

4. oinarria. Eskaeren aurkezpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2009ko azaroaren 20an bukatuko da, bi egun horiek barne.

Eskaera Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña) edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaerak ereduaren arabera beteko dira. Hona hemen non atzeman daitezkeen:

-Nafarroako web orriaren laguntzen katalogoan.

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean).

-Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoetan (EZABU).

3. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen NANa edo IFK, pertsona juridikoa bada.

b) Aurrekontuaren fotokopia, edo fakturarena, obra egina baldin badago, eta hartan zehaztuko dira:

-Bao bakoitzaren neurriak (luzera eta zabalera).

-Zur-lan mota (aluminioa, PVCa, beste batzuk) eta, metalikoa denean, adierazi behar da zubi termikoaren hausturarik baduen.

-Beiren eta ganberaren lodierak.

-Emisibitate txikikoa eta/edo eguzki argia kontrolatzen duena bada, adierazi (bestela, normala dela ulertuko da).

c) Obra egina baldin badago, fakturekin batera ordainketen frogagiriak aurkez daitezke (bankuko agiriak edo ordainagiriak).

5. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskaerak ebaluatu eta diru-laguntza emateko eta, kasua bada, ordaintzeko proposamena eginen dio Enpresako zuzendari nagusiari. Proposamenean agertuko da onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela diru-laguntza jasotzeko.

Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

6. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Inbertsioa eginik, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, 2010eko ekainaren 31n beranduenez:

a) Baoen aldaketari dagozkion fakturen fotokopiak eta fakturen frogagiriak (bankuko agiriak edo ordainagiriak).

b) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia (jatorrizkoa) aurkeztu beharko da. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

c) Kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Frogagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta, kasua bada, Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak dira Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko ematen eta Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak (EZABU) tramitatzen dituen laguntzekin, baita toki entitateek (udalek edo kontzejuek) zaharberritzeko ematen dituztenekin ere.

Orobat, bateraezinak dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ondasun berberetarako ematen dituen beste edozein laguntzarekin ere.

9. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Administrazio Publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

10. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0923024