Iragarkia
120. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdi publikoa, laguntzak ematen dituena hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko
Iruñeko Udaleko jarduneko alkateak, 2009ko abuztuaren 27an, onetsi zuen hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak ematen dituen deialdi publikoa.
Iruñean, 2009ko irailaren 2an.-Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
HIRIKO ERABILERA PUBLIKOKO ESPAZIO PRIBATUAK BERRIZ URBANIZATZEKO LAGUNTZAK EMATEN DITUEN 2009KO DEIALDIA
Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko, diru-laguntzak emateko prozedura garatzea du helburu deialdi honek; betiere, lehia irekian eta hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan xedatuari jarraituz; ordenantza hori 2005eko maiatzaren 5eko osoko bilkuran onetsi zuen Udalak eta 2005eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 9an.
Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen orotan, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzari jarraikiko zaio zuzenean eta, bertzenaz, Iruñeko Udalaren diru-laguntzen ordenantza orokorrari. Ordenantza orokor hori 2005eko azaroaren 3ko osoko bilkuran onetsi zen, hasiera batean; inork ez zuen alegaziorik aurkeztu eta 2006ko otsailaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
1.-Aurrekontua.
Deialdi honi 700.000 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 41 43250 782020 kontu-sailaren kargura esleitu ere, eta honela xehakatua: * 2009an, 200.000,00 euro * 2010ean, 500.000,00 euro.
Erranak erran, eta 2/1995 Foru Legearen 224. artikuluan xedatuarekin bat, 2010ari dagokion gastuaren finantzaketa ekitaldi horretako aurrekontuan behar adina kreditu egokia izateak baldintzapetuko du.
Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontu babesgarriarena izanen da; hau da, obren guztirako aurrekontua, obren proiektua prestatzeko ordainsariak eta obren zuzendaritzakoak batuz ateratzen dena.
Ordenantza hau garatuz onesten diren deialdietan zenbateko aurrekontua zehazten den, horren araberako laguntzak emanen dira, eta betiere lehentasuna emanen zaie puntuaziorik hoberena lortzen duten proiektuei; horretarako, ordenantza honen 8. artikuluan finkatu dira irizpideak.
Balorazio Batzordeak diruz laguntzeko hautatzen dituen jarduketen zenbatekoak deialdi baterako aurrekontutik bideratutako baliabideak gainditzen baditu, eta bi proiektuk kalifikazio berdina badute edo proiektu batek bere diru-laguntza partez baizik eskuratzen ez badu, diru-laguntza hurrengo urteko aurrekontuaren kargura emateko proposamena egin ahalko dio Balorazio Batzordeak horretarako eskumena duen organoari.
Diru-laguntza emateko eskumena duen organoak hainbanaketara jo ahalko du diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean partitzeko.
2.-Helburua, baldintzak, diru-laguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.
Ordenantza honek jarduketa pribatuei diru-laguntzak ematea du helburu, haien bidez Iruñeko Udal Planak erabilera publikoko espazio pribatutzat jotzen dituenak berriz urbanizatzen badira; orobat, planeamenduaren arabera, partikularrek zaindu eta mantendu beharrekoei laguntzea.
Eraikuntzako elementuei baino ez zaie diru-laguntza emanen, iragazgaiztetik hasita (hura kanpo) azalera aldera.
Gisa honetako jarduketek ez dute diru-laguntzarik bilduko: espazio publikoen zoladura partzialek, hiri altzarien, lorategiko gaien eta arbolen ale batzuen ordezkapenek eta jarduketa partzialek egungo azpiegituretan.
Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:
a) Diru-laguntza jasotzeko behar den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.
b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.
c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.
d) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da.
f) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan; halaber, deialdietan eta ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
h) Behar bezala adieraztea diru-laguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo edonolako jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 18.5 artikuluan xedatuarekin bat.
i) Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan aipatutako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.
3.-Diru-laguntza eskatzeko beharkizunak eta haien frogabideak.
Baldintza orokorrak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nahiz jabe elkarteek eskatzen ahalko dituzte diru-laguntzak, baldin eta ez badaude debekatutako egoera batean; gainera, bertze baldintza hauek ere beteko dituzte:
a) Diru-laguntzaren xedeko lurraren titulartasuna modu frogagarrian erakustea.
b) Diru-laguntza zer lurretarako eskatzen den, haren kalifikazioa hiri-lurzorua izanen da Udal Planaren arabera diru-laguntza aurkezten den unean, eta proiektua bateragarria izanen da planeamenduaren aurreikuspenekin.
c) Jabe elkarteen kasuan, obrak egiteko erabakia hartua izan behar dute, eta ordezkari bat hautatua, eta portzentaje bat ezarria, jabe bakoitzak harekin obretan parte hartzeko.
d) Eskatzailea jabe elkartea edo pertsona fisikoa nahiz juridikoa bada, alta emana izatearen egiaztagiria eta zerga-betebehar guztiak beteak izatea Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko administrazio publikoekin, baita Gizarte Segurantzarekin ere.
e) Eskatzaileak ez du ezgaiturik egon behar administrazio publikoengandik laguntzak eta diru-laguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.
f) Guztira aurrekontu babesgarria gainditzen duten laguntzak edo diru-laguntzak ez izatea, edozein administraziok, entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek emanak; halakoak izanez gero, laguntza horien kontura guztira lortutako zenbatekoa adieraziko da.
4.-Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.
Diru-laguntzen prozedura bideratzeko organo eskuduna Balorazio Batzordea izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkien jarduketa guztiak eginen ditu, ofizioz, batzorde horrek.
Balorazio Batzordeak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.
Alkatetzari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.
Balorazio Batzordea honako kide hauek osatuko dute, guztiak ere Proiektu Estrategikoetako Alorrekoak:
-Mahaiburua: alorreko zinegotzi delegatua edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
-Mahaikideak: Alorreko zuzendaria edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
Alorreko idazkari teknikoa edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
Gaian eskumena duen udal teknikari bat, gutxienez, alorreko zinegotzi delegatuak izendatua Balorazio Batzordearen eraketa egiten denean.
-Idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez: alorreko legelaria edo hark, bere ordez jarduteko, izendatzen duena.
5.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskatzaileak sinatutako eskabidea aurkeztuko dute interesatuek.
Eskabideak aurkezteko epea berrogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren 6. artikuluan xedatuarekin bat. Deialdi honetako hirugarren eta zazpigarren oinarrietan aipatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira eskabideekin batera. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.
Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesatuari errekerimendua eginen zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, bertzenaz, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 12. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan adierazi bezala eman ere.
Eskabideak non aurkez daitezkeen: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Merkatuko karrika, 7-9), erregistro osagarrietan (Descalzos karrika, 72-2. solairua -Kultura Alorra-; San Saturnino karrika, 2-beheko solairua -Garapen Iraunkorreko Alorra-; Iratxeko monasterioaren karrika, 2-beheko solairua -Herritarren Segurtasuneko Alorra-; Armada etorbidea, 2-5. solairua -Hirigintza eta Etxebizitza Alorra-; Zapateria karrika, 40-beheko solairua -Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Kirol, eta Hezkuntza alorrak-, Eslava karrika, 1, beheko solairua -Hirigintza eta Etxebizitza Alorra-) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan zehaztutako lekuetan.
6.-Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorraren sarrera erregistroan eskabidea sartzen denetik aitzina, aurreko artikuluan xedatuagatik ere.
Balorazio Batzordeak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bertzenaz, ematen den epea bukatu bitarte.
Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.
7.-Eskaerarekin batean aurkeztu beharreko agiri eta argibideak.
Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzak frogatzeko dokumentuez gain:
a) Deialdi honekin batera doan ereduari lotutako eskabidea, betea.
b) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta haren izenean ordezkariren batek badihardu, haren egiaztagiriak.
c) Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.
d) Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena; kargetatik libre dagoela adierazi beharko du, eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela frogatuko.
e) Jabe elkarteen kasuan, haien erabakia obrak egiteko, diru-laguntzaren espedientea kudeatuko duen ordezkari bat izendatzeko eta jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.
f) Ukitutako herritarren zerrenda.
g) Erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita:
-Eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin dituen eginbeharrak beteak dituela dioena.
-Eskatzailea ez dagoela ezgaiturik administrazio publikoetatik laguntzak eta diru-laguntzak biltzeko, indarra duen legerian xedatuari jarraikiz.
h) Urbanizatzeko proiektu oinarrizkoa, teknikari eskudunak egina, honako hauez hornitua: obren aurrekontua, profesionalen ordainsarien zenbatekoa.
i) Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren gaineko argazki bidezko erreportajea.
j) Bankuaren ziurtagiria, diru-laguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzen duena.
Eskatzen diren dokumentuak Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek jada badituzte, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer erakunde edo bulegotan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla lau urte baino gehiago igaro behar.
Xedatutakoa gorabehera, Udalak edo bere erakunde autonomoek ezin badute dokumentua eskuratu, eskatzaileari galdetzen ahalko zaio aurkezteko edo, bertzenaz, dokumentuan erakusten diren beharkizunak bertze bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aurretik.
Laguntzaren ebazpen proposamena eman aurretik, artikulu honetako f) atalari lotu zaizkion eskatzaileei dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko zaie, aitorpenetan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzeko. Gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute, eta epea igaroz gero, eskaerak artxibatu eginen dira.
8.-Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Deialdi honetako eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
9.-Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.
Laguntza emateari buruzko ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari.
Laguntza ematen duen ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da; aipatuko dira deialdia, programa eta zer aurrekontu-kredituri lotuta dagoen, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua, salbu eta bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada 3.000 eurora iristen; izan ere, halakoetan, Udalaren iragarki-oholean jarriko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean laburpena bakarrik.
10.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.-Obren kosturako eta obren proiektua prestatzeko eta haien zuzendaritzako ordainsarietarako izanen dira diru-laguntzak. Eskatzaileak adierazitako kontura banku transferentzia eginez ordainduko da..
Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
2.-Deialdi honetan ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.
11.-Azpikontratazioa.
Diru-laguntza jasotzen duten jarduera guztiak azpikontratatzen ahal dira.
12.-Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.
Diru-laguntzak bateragarriak dira bertze edozein administrazio publikok edo pertsona fisiko edo juridikok -publiko nahiz pribatu- kontzeptu beragatik eman litzaketenekin. Eskatzaileak edo diru-laguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, diru-laguntzak, hobariak, etab. (Udalaren diru-laguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).
Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira; betiere, zilegi bada horren gainean Nafarroako Gobernuko organo eskudunak onesten dituen oinarri arau emaileei jarraikiz. Eskatzaileak edo diru-laguntzaren jasotzaileak Iruñeko Udalari adierazi beharko dio zenbatekoak diren obra berei ekiteko eskatu dituen edo eman zaizkion laguntzak, sorospenak, diru-laguntzak, hobariak, etab. (Udalaren diru-laguntza ordaindu aitzinetik nahiz ondoan).
Ez bakarka ez bertze administrazio publikoek edo pertsona fisiko nahiz juridikoek, publikoek nahiz pribatuek, ematen dituztenekin batera, laguntzen zenbateko osoak ez du aurrekontu babesgarritik goiti egiten ahal. Hala izanez gero, muga hartaraino murriztuko dira ordenantza hau aplikatuz Udalak ematen dituen laguntzak.
13.-Ordainketa.
Onuradunak honako hauek justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza:
a) Diru-laguntza jaso duen jarduera egin duela; egiaztapen lanak eginen dira, egungo legediarekin bat.
b) Egindako lana kontratistei ordaindu diela; horretarako, Udalaren diru-laguntza ordaintzeko eskaerarekin batera ordainketaren egiaztagiria ekarriko du: faktura, bankuan edo merkataritzako trafikoan ohikoa den bertze bidez batez dirua sartu izanaren gordekina.
Ziurtagiri bikoitiekin batera eginen da ordainketa; eta obrak bukatzen direnean, Udalaren zerbitzu teknikoek haiek ikuskatu ondoren; azken likidazioaren konturako ordainketen kontzeptuan, hartatik eginen baita kendura, transferentzia baten bidez onuradunaren kontu korrontera.
Hiru hilabeteko epea igaro baino lehen ordainduko dira ziurtagiriak, Udalaren zerbitzu teknikoek ziurtagiria jaulkitzen dutenetik kontatzen hasita.
Onuradunak hamar egun balioduneko epea izanen du, ziurtagiria ematen denetik aitzina, ziurtagiriari dagozkion fakturen kopia Udaleko erregistroan aurkezteko.
Behar bezala justifikatzen ez bada edo hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako 22 eta 24. artikuluetan aipatzen diren inguruabarren bat suertatzen bada, diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.
Ez da diru-laguntzarik ordaintzen ahalko onuradunak zorrak baditu bere tributu betebeharretan, Udalarekikoak eta Gizarte Segurantzarekikoak barne, edo zorduna baldin bada ebazpen bidezko ebazpen bat dela medio.
Dena dela, onuradunak Iruñeko Udalarekiko tributu betebeharretan zorrak baditu, hark ofizioz kitatzen ahalko ditu kobratzeko dauden zorrak, diru-laguntzak zor diren zenbatekoekin konpentsatuta.
14.-Justifikazioa.
1.-Onuradunek 60 eguneko epea izanen dute, obren bukaerari buruzko dokumentuak Udal honi aurkezteko, obren egileek obra ziurtagiriak jaulkitzen dituztenetik aitzina kontatzen hasita; horretarako, dokumentu hauek aurkeztuko dituzte:
a) Proiektuaren bukaerako txosten xehekatua, onuradunak sinatua, helburuak, egindako jarduera eta lortutako emaitzak deskribatuko dituena; diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua deskribatuko dira, baita bere funtsekin edo bertze diru-laguntzekin finantzatu direnak ere.
b) Obrako azken planoak paperean eta euskarri informatikoan.
c) Hartzailearen ziurtagiria, diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori aurkeztutako aurrekontu eta proiektuaren arabera bete dela dioena.
d) Obra bukaerako ziurtagiria, eta hartan, kontzeptuen arabera ordenatuta, egindako gastu guztiak, obra egiteko proiektuaren prestakuntzaren kostua eta haren zuzendaritzaren ordainsaria bereizita.
e) Hartzailearen ziurtagiria, Udalarenak izan gabe proiektuaren xede diren jarduerak finantzatu dituzten diru-laguntzen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatzen dituena, baita bertze diru-sarrera edo baliabideak ere.
2.-Organo eskudunak proiektua egiteko epeari eragiten dion aldaketa baimendu badu, proiektua egiteko hasiera batean aurreikusi ez bezalako data duten fakturak onartuko dira.
3.-Udalak fakturak eta egindako gastuak egiaztatzeko dokumentu guztiak eska ditzake; zerbitzu kudeatzaileak fotokopiatu eta konpultsatuko ditu, baita adostasuna emanen ere, eta gero interesdunei jatorrizkoak itzuliko dizkie. Dokumentu horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua entitate onuradunean gordailatuko dira, gutxienez ere lau urtean.
4.-Diru-laguntzak justifikatzeko epea eta, beraz, egiaztagiriak aurkeztekoa, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak aurkezteko epearen parekoa izanen da.
15.-Proiektuko aldaketak.
Aurreikusi gabeko inguruabarren ondorioz, proiektuan aldaketak sartzen ahalko dira; diru-laguntza kudeatzen duen alorrak balorazioa egin ondotik, organo eskudunak onetsi beharko ditu.
Aldaketa horiek aurrekontuak goititzea ekartzen badute, diru-laguntza ere goititzen ahalko da zenbateko berean.
Jarduketak harrapatzen duen espazio pribatutik hurbil udal titulartasuna duten lurzatietan Udalak beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak jaso beharko ditu proiektuak, jarduketa eremua behar bezala bururatua geldi dadin eta hari erantsitako espazioek behar bezalako koherentzia eta adostasuna izan dezaten. Lan hauek, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen barnean sartzen ez direnak, Udalak manatuko dizkio diru-laguntza jasotzen duten obren esleipen hartzaileari. Azken hori posible izan dadin, bermatu beharko da diru-laguntza jaso duenak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen II. liburuan aurreikusitako arau guztiak bete dituela, baita Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzako aurreikuspenak ere.
16.-Obra proiektua. Obrak gauzatzea. Onuradunen betebeharrak.
-Proiektua.
1.-Berriz urbanizatzeko proiektuarentzat Udalak adostasuna jakinarazita, eskatzaileak konpromisoa hartuko du gaian adituak diren teknikari talde baten esku uzteko erabilera publikoko eremu pribatua berriz urbanizatzeko obren exekuzio proiektuaren prestakuntza. Teknikari talde horri obren zuzendaritza ere emanen zaio.
Erabilera publikoko eremu publikoa berriz urbanizatzen denean, zorupean egin beharreko obrak ere jasoko dira proiektuan, halakorik egin behar bada, bertan dauden lokalak, etxabeak, garajeak eta trastegelak behar bezala funtzionatu dezaten eta indarra duen legeriari egokitu daitezen. Gastu hauek guztiak zorupearen jabeen bizkar izanen dira.
2.-Exekuzio proiektu hori prestatu bitartean, proiektu egileak eta eskatzaileak harreman zuzenean egonen dira Udalaren zerbitzu teknikoekin, Udalak berriz urbanizatu beharreko eremuaren diseinua, apaindura eta mantentze-lanak haien erabakiei egokitu daitezen.
Proiektuaren kostua diru-laguntzarako onetsitakoa baino gehiago bada, Udalaren aurrekontuari egokitu beharko zaio.
3.-Exekuzio proiektua 2 hilabetean prestatuko da, diru-laguntza jasoko dela jakinarazten denetik aurrera; gero Udalak onetsi beharko proiektua, obra lizentzia tramitatuko du eta, behar izanez gero, jarduera sailkatuaren lizentzia ere.
-Obrak gauzatzea eta onuradunaren betebeharrak.
1.-Udalak exekuzio proiektua onetsitakoan eta behar diren lizentziak eskuratutakoan, onuradunek, sustatzaile diren aldetik, konpromisoa hartuko dute berriz urbanizatzeko obrak kontratatu eta ordaintzeko; bistan dena, obra horiekin batera eginen dira lokal, etxabe, garaje eta trastegelak eta zorupeko gainerako gela edo instalazioak indarra duen legeriara egokitzeko obrak.
2.-Kontratazio horren aitzinetik, gisako jarduketetan esperientzia duten hiru etxegileren eskaintzak, gutxienez, aztertu beharko dituzte eskatzaileek; herri lana balitz eskatuko litzatekeen sailkapena gutxienez izan beharko luke obra egiten duen etxegilearen enpresak. Kontratista batez ere bere eskaintza ekonomikoari begiraturik hautatuko da; aukeraketan partaide izanen da, hizpidea eta botoa dituela, gaian aditua den udal teknikari bat, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrekoa, alor horretako zinegotzi delegatuak hautatua.
3.-Gisa berean, onuradunak konpromisoa hartuko du obren zuzendaritza fakultatiboa osatzen duten langile guztiak kontratatu eta ordaintzeko; obra horietan plaza urbanizatzeko obrak eta zorupean egin beharrekoak sartzen dira.
4.-Diru-laguntzaren urteko deialdiak zehazten duen epean hasiko dira obrak, eta obra lizentzia eta, hala behar badu, jarduera sailkatuarena eskuratutzat jotzen diren egunetik kontatuko da.
5.-Obra horiek Udala arruntik asebetetzeko maneran egin beharko dira eta halaberekoa izan beharko da haien emaitza; beraz, egin aitzin eta egin bitartean ere, delako obrak zuzentzen edo aldatzen ahalko dira Udalaren irizpideen arabera; betiere, kostua igotzen ez bada jabetzaren bizkar.
6.-Onuradunak 20 eguneko epea izanen du, berriz urbanizatzeko obrak burutu direla Udalari aditzera ematen dionetik, obra bukaerako dokumentazioa aurkezteko eta, hala behar badu, irekitzeko lizentzia eskatzeko. Udalaren teknikariek egiaztatuko dute hura onetsitako proiektuari eta berek emandako jarraibideei jarraikiz egin den; "obrak onartzeko aktan" agertaraziko da.
17.-Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.
Diru-laguntzaren onuraduna behartuta dago publizitate egokia egitera (agiri, informazio edo publizitate guztietan), jakin dadin diruz lagundutako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela. Betiere, obrak hasten direnetik aitzina, 4,00 x 2,00 neurriko kartela jarriko da. Bertan adieraziko da Iruñeko Udalak diruz lagundu duela obra.
18.-Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzara jo beharra.
Deialdi honek hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza garatzen du, eta, beraz, hara jo beharko da hemen adierazten ez den oro argitzeko. Era berean, diru-laguntzen ordenantza orokorra aplikatuko da, subsidiarioki.
19.-Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen aurka (administrazio bidea amaitzen baitu), eta haren oinarrien eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Ikus-onetsi juridikoa, Proiektu Estrategikoetako Alorreko legelaria, sinatua: Fco. Javier Vázquez Matilla.
Izena | NANa | ||||||||||||||||||||||
HELBIDEA | PK | ||||||||||||||||||||||
HERRIA | TELEFONOA | (EZABATU BEHAR EZ DENA) BERE IZENEAN EZ BADA, HAU ORDEZKATUZ [*] | |||||||||||||||||||||
Izena | NAN/IFK | ||||||||||||||||||||||
HELBIDEA | |||||||||||||||||||||||
PK | HERRIA | BANKUKO DATUAK Bete bakarrik ebazpenak eduki ekonomikoa baldin badu | |||||||||||||||||||||
TELEFONOA | ENTITATEA | BULEGOA | KD | KONTU ZENBAKIA | |||||||||||||||||||
AZALTZEN DUT:
1.-Hiriko erabilera publikoko espazio pribatuak berriz urbanizatzeko laguntzen deialdiaren berri izan dut, eta, han eskatzen diren baldintza betetzen baititut, onartzeko eskabidea aurkezten dut.
2.-Deialdiko 7. artikuluarekin bat, honako agiri hauek aurkezten ditut:
- Eskatzailea nor den frogatzen duten agiriak eta, ordezkariren batek jarduenez gero, harenak.
- Eskatzailearen identifikazio fiskaleko agiria.
- Jabetza erregistroaren ziurtagiria, berriz ere urbanizatu nahi den lurzoruaren jabetza egiaztatzen duena; kargetatik libre dagoela adierazi beharko du, eta dagozkion tributu obligazioak behar bezala likidatuak dituela frogatuko.
- Jabe elkarteen kasuan, haien erabakia obrak egiteko, diru-laguntzaren espedientea kudeatuko duen ordezkari bat izendatzeko eta jabe bakoitzak obra horietan zer portzentajez parte hartzen duen ezartzeko.
- Ukitutako herritarren zerrenda.
- Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskatzaileak Nafarroako nahiz Estatutuko tributuen arloan eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela, eta, indarra duen legeriari jarraikiz, ez dagoela ezgaiturik Administrazio Publikoaren laguntzak eta diru-laguntzak biltzeko.
- Urbanizatzeko proiektu oinarrizkoa, teknikari eskudunak egina, honako hauez hornitua: obren aurrekontua eta profesionalen ordainsarien zenbatekoa.
- Berriz urbanizatu beharreko espazio pribatuaren gaineko argazki bidezko erreportajea.
- Bankuaren ziurtagiria, diru-laguntza jasotzeko kontua eskatzailearen izenean dagoela frogatzen duena.
Iruñean, 2009ko .........aren ...........(e)an.
(ordezkatuaren sinadura edo zigilua) | (eskatzailearen sinadura) |
Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetako datu pertsonalak Administrazio honek dituen eskumenak baliatzean baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera jota (Merkatuko karrika, 79, 31001-Iruña).
[*] Norbaiten ordezkari gisa aritzean aurkeztu behar diren agiriak:
Pertsona fisikoa: pertsona ordezkatuaren NANaren fotokopia
Pertsona juridikoa: ordezkaritza frogatzen duen agiria
IRUÑEKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
Iragarkiaren kodea: L0921992
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
