1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
1416/2009 EBAZPENA, irailaren 7koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ekainaren 18an emandako 101/2009 Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena. Foru agindu horren bidez behin betiko onetsi zen Sesmako Udal Plana UR-9 exekuzio unitatean aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak, ekainaren 18an emandako 101/2009 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zuen Sesmako Udal Plana UR-9 exekuzio unitatean aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baldintza bat ezarri zuen, hots, aldaketaren testu bategin bat aurkeztea, foru agindu hartan berean adierazitako zuzenketak biltzen dituena.
Eskatutako testu bategina aurkeztu denez, eta kontuan hartuz Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman duela, bidezkoa da behin betiko onespenari buruzko foru agindu hori argitaratzea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ekainaren 18an emandako 101/2009 Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea. Horren bidez, behin betiko onetsi zen Sesmako Udal Plana UR-9 exekuzio unitatean aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua. Foru agindu haren testu osoa ebazpen honen eranskinean ageri da.
2. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
3. Ebazpen hau Sesmako Udalari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko irailaren 7an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.
ERANSKINA
"101/2009 FORU AGINDUA, 2009ko ekainaren 18koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Sesmako Udal Plana UR-9 exekuzio unitatean aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua, behin betiko onesten duena.
Sesmako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betiko onets dadin.
Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako txostena, bidezko da espediente hori behin betiko onestea, baina foru agindu honen xedapen zatian adierazitako determinazioak biltzen dituen testu bategina aurkeztu beharko da hiru hilabeteko epean.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Sesmako Udal Plana UR-9 exekuzio unitatean aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua, behin betiko onestea.
2. Baldintza hau ezartzea foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko: testu bategina aurkez dadila, determinazio egiturazkoak edo/eta xehakatuak berariaz finkatuko dituena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin bat.
3. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, legezkotasun kontrola onesteko egintza honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Eta onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
4. Foru agindu hau Sesmako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko ekainaren 18an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.
Iragarkiaren kodea: F0922114